Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

albiar

izlag. eta iz. XII eta XIII. mendeetan Frantziako mendebaldean hedatu zen heresiaren aldekoez esaten da. Sakramentuen erabilera, gurtza eta hierarkia eklesiastikoa gaitzesten zituzten. Egoitza nagusia Albi hirian izan zuten, eta hortik datorkie izena. XII. mendeko lehen erdialdean Pedro de Bruis agertu zen Akitanian elizaren gehiegikerien kontra predikatuz, baina sermoi haiek zirela eta, bizirik erre zuten bertako biztanleek 1122an. Haren dizipulu izan zen Pedro de Balde merkatari aberatsak maisuaren dotrinekin segitu zuen sermoi neurtuagoetan; batez ere apaizek aberastasunak uztea, Aita Santuak munduko aginpideari uko egitea eta ebanjelioaren legeak oso osoan betetzea predikatzen zuten, hitz batean Jesu Kristo eta apostoluek izan zuten bizimodu apala izatea. Baldense izena hartu zuten; ziur zeuden beren dotrinak ez zirela heresiak eta Aita Santuari baimena eskatu zioten beren sermoiak emanez segitzeko. Elizak ez zituen begi onez ikusi eta orduan baldense deitutakoek manikeismoaren eta ekialdeko beste sekta batzuen dotrinak hartu zituzten. Horrela sortu zen albiarren sekta heretikoa. Izen hori hartu zuten Albin, Frantziako hegoaldean, ospatu zelako beraiek kondenatzeko kontzilio bat, 1176an. Baina elizak kondenatu arren, heresia zabaldu egin zen Languedoc, Proventza eta Frantziaren hegoaldean bai eta Italian, Belgraden eta Errumanian. Arrisku hori zela-eta, Alexandro III. Aita Santuak eskumikatu egin zituen denak 1179an egindako kontzilioan, baina honek ez zuen inolako eraginik izan heresiaren bilakaeran. Inozentzio III. Aita Santuak albiarren kontrako gurutzada aldarrikatu zuen, eta Arnaldo Amaldric, Zisterreko abadea eta Simon de Monfort zalduna jarri zituen armaden buruan. Albiarren kontrako gurutzatuen soldaduak 300.000 baino gehiago izan ziren; Tolosako Raimundo kondeak Erromara jo zuen Aita Santuari barkamena eskatzeko, eta eman ere eman zitzaion, oso baldintza iraingarriekin baina. Horrela Cominges eta Foiseko kondeekin eta Narbonako bizkondearekin batera gurutzatuen kontrako gerran aritzeko prestatu zen. Gurutzatuek Tolosa setiatu zuten baina Raimundo kondearen aliatuek irabazi egin zuten Aragoiko Petri II.a erregearen laguntzaz, azken hau albiarren defentsan baina bere mendekoen defentsan abiatu zen arren. Armada biek geroago Muret-en izan zuten erasoaldia eta bertan Petri II.a erregea hil egin zen, 1213ko irailaren 23an. Aita Santuak Benaventeko Petri kardinalea bidali zuen eskumikatuak elizara bihur zitezen; Raimundo kondeak men egin zuen baina Frantziako Luis VIII.aren babesaz Monforteko Simonek albiarrei hartutako lur guztiak bere eskuetara pasatzea eskatu zuenez, eta Raimundo kondeak hori onartu ez zuenez, gerrak aurrera segitu zuen. Monfort Tolosako setioan hil zen 1218an. Gerrak aurrera egin zuen Raimundo kondearen eta Hunberto Beaujeuren artean. Azkenik Parisen sinatu zen bakea 1224an. Bake itun horren bidez Raimundo kondea elizara itzuli zen, Languedoc Frantziaren lurralde izatera pasatu zen eta Proventza garaia Aita Santuaren jabetzakoa. Aurrera segitu nahi izan zuten albiarrak armen indarrez birrinduak izan ziren.