Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Albeniz, Isaac

Musikagile eta pianista espainiarra (Camprodo, 1860 - Kanbo, 1909). Aita Gasteizkoa zuen. Dohain handiko haurra, Bartzelonan musika ikasteari ekin zion eta gero, sei urterekin, Parisko Kontserbatorioan sartzeko azterketa gainditurik, ume bihurrikeria batek itxi zizkion hango ateak. 1869an familia Madrila aldatu zen eta 10 urterekin piano kontzertuak ematen zituen Gaztelan zehar. 1872 eta 1875ean Ameriketan jo zuen. Gero Bruselako Erregeren Kontserbatorioan jarraitu zituen ikasketak, eta bertako lehiaketan lehen saria eskuratu zuen (1879). Ondoren, Espainia eta Ameriketan zehar itzuliak egiten jarraitu zuen. Gero Paris, Londres eta Europako beste herrialdetan ibili zen eta Debussy, Dukas eta beste zenbait musikari frantses ezagutu zituen. Obra ugari utzi ditu eta egiazko estilo nazional espainolaren sortzailetzat jo daiteke. Ospea eman zioten zenbait obra: Pepita Jiménez, irri opera (1896); Catalonia, suite sinfonikoa (1899), Cuatro melodías, lagun frantsesen eragina erakusten dituzten liedak. Dena den, haren obretatik pianorako moldatu zituenak dira aintzat hartuenak: Rapsodia española, Piezas características, Suite española, Cantos de España, Iberia (1905-1908), etab.