Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Albako Dukeak

Espainiako handiki leinua.  v  Alvarez de Toledo, Fadrique. Alba etxeko bigarren dukea (? - 1531). Fernando Katolikoaren lehengusua eta Gorteko zaldun gehienetakoa. 1512an Nafarroako erresuma konkistatu behar zuen gudaroste buru jarri zuen Errege-erregina Katolikoak. Albak Gasteizen ezarri zuen koartel nagusia, bere mendeko tropak Araba eta Errioxako lurraldeetan biltzen zituelarik. 1512ko uztailaren 21ean erasoari ekin zion eta lau egun geroago Iruñean sartu zen. Albak berak aurre egin zien Albreteko Joan (Johan) Nafarroako erregeak erresuma berreskuratzeko eginiko saioei. Doncesles alkaidea Nafarroako lehen erregeorde izendaturik, 1513. urtean Nafarroa utzi zuen Albak. 1519an Urrezko Toisoiaren zaldun izendatu zuten, Flandes eta Italian hainbat goi karguren ardura hartuz.  v  Alvarez de Toledo, Fernando. Alba etxeko hirugarren dukea. Espainiako jeneral eta politikoa (Piedrahita, 1507 - Lisboa, 1582). Karlos V.aren erreinaldiko gerra ekintzetan gazterik parte hartu izan ondoren, inperioaren gudalburua izan zen Mühlbergeko guduan (1547). Napoliko erregeorde izendaturik (1556), frantsesak Italiatik bota zituen eta Paulo IV. Aita Santuari nagusitu zitzaion. Filipe II.aren eta Frantziako Elisabeten arteko ezkontzarako negoziaketaren arduraduna izan zen (1559). Flandesen gudalburu eta gobernari (1567-1573) izan zen, eta zapalkuntza gogorra bideratu zuen: Matxinada Auzitegia (herriak Bloedraad, «odol auzitegia», deitua) ezarri eta milaka herio epai eman zituen, hala nola Hoorne eta Egmont konde katolikoenak, matxinadarekin elkar hartu izanaren salaketapean kondenatuak izan zirenak. Gudarostea mantendu ahal izateko ezarri zituen zerga astunek Holanda eta Zeelandako altxamendua eragin zuten, Wilhelm Nasauko, Orangeko Printzea horren buru zelarik. Indarrezko politikak porrot egitean, kargutik aldatzeko eskatu zion dukeak Filipe II.ari. Dukearen semea, gainera, erregearen borondatearen kontra ezkontzean, erregeak dukea gaitzetsi egin zuen. Berriro deitu zioten, alabaina, Portugalgo altxamendua zela-eta. Lisboan hil zen ekinaldi horren ostean.