Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

akupuntura

iz. Med. Gorputzaren zenbait leku jakinetan orratz meheak sartuz egiten den sendabidea. Txinako ohiko medikuntzaren terapeutika da. Organismoaren puntu jakin batzuetan orratz finak sartzen dira azal azpiko ehunetan, hezurrak eta tendoiak kaltetu gabe. Medikuntza txinoa filosofiarekin oso loturik dago eta gizakiaren kontzepzio globala du; organoen azalpenez gain arimarenak ere kontuan hartzen ditu beraz. Eskema anatomiko txinoaren arabera «King» edo meridiano izeneko hamabi bidek zeharkatzen dute gorputza; bide hauek organo desberdinen arteko lotura dira eta odola dabil horietatik, norabide bakarrean. Odola «pneuma» edo bizi energiak bultzatzen du. Hamabi meridiano horien artetik seik «Yang» izaera dute, gorputz ataletan sortu eta horien kanpoaldetik igotzen dira. Beste seiek ostera «Yin» izaera dute, enborrean sortu eta gorputz ataletarantz doaz horien barnealdetik. Txinatarren mundu ikuskeraren arabera bi indar kontrajarri daude bai izadian eta bai gizakiarengan, eta indar bi horien arteko orekak mantentzen du giza organismoa osasuntsu. Yang indarra positiboa da, bultzatzailea, hipertentsiboa eta pizgarria; Yin indarra bestetik, negatiboa da, geldiarazlea, lasaigarria eta hipotentsiboa. Goian aipatutako hamabi meridianoez gain, bi lerro daude erdian, bata indar fisiko, moral eta intelektualaren gidaria, eta bestea gorputzaren behealdeko organoen funtzioak gidatzen dituena. Pneuma edo bizi energiaren zirkulazio txarrak, bestelako organoak eragiten ditu eta horrela sortzen dira eritasunak. Puntu jakinetan orratzak jarriz zirkulazio oreka berrezartzen da eta eritasuna sendatu egiten da. Bi orratz mota erabiltzen dira, urrezkoak eta zilarrezkoak. Urrezkoek Yang eragin pizgarria dute eta zilarrezkoek Yin eragin lasaigarria. Gaur egun, bai Txinan eta bai Mendebaldean, altzairu herdoilgaitzeko orratzak erabiltzen dira. Akupunturaren eragin onuragarria azaltzeko ematen diren azalpenen artean, hurrengo hau da hedatuena: orratzaren ziztadak narritadura eragiten du, azalaren, odol bideen, giharren eta tendoien nerbio bukaerek hori sumatu eta burmuinera igortzen dute informazioa eta handik aginduak bidaltzen dira organo jakinetara. Akupuntura oso antzinakoa da, Kristo aurreko VI. mendean hasi baitzen. Kontakizunek diotenez Fu Si enperadorea izan zen aitzindaria. Wang-Wei sendagile txinatarrak, 1027. urtean, brontzezko bi gizaki eskultura egin zituen eta bertan 600 puntutxo zulatu, hasieran aipatu hamabi meridianoen arabera. Mende batzuk geroago (1280-1368 bitartean) bi bide berri, lehen aipatutako erdiko biak, erantsi zituen Hu Tie-ping medikuak, eta 693 puntu ezarri zituen. Harrez gero sistema hori erabiltzen da baina 100 baino ez dira oinarrizkotzat jotako puntuak, eta gainerakoak lagungarriak dira.