Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aksianov, Vasili Pavlovitx

Sobietar idazlea (Kazan, 1932). Leningraden medikuntza ikasketak egin eta medikuntzan jardun zuen hainbat probintziatan eta Moskun. Irudimen handia eta hizkera arrunta erabiliz, ospe handia lortu zuen bere herrian, 1960 eta 1970eko hamarkadetako Moskuko gizarte bizitza islatzen duten ipuin eta nobelen egile gisa. Junost aldizkarian argitaratu zuen bere lehen eleberria, Izarretarako txartela, 1961ean liburu gisa berrargitaratu zena. Kritika zorrotzak jaso zituen kontserbadoreen aldetik, ezinegon politikoa gaitzat hartu eta, orduko gazteen erara, lagunarteko hizkera erabiltzen zuelako. Marokoko laranjak (1963) eta Ilargirako bidearen erdian (1966) ipuinetan ere agerian uzten du gizartean nagusitzen ari den atsekabea. Oso ezaguna da Aksianoven Kutxen desfalkua satira ere (1968). Bere herrialdeko egoera politikoa zela eta, Ameriketara alde behar izan zuen, eta hantxe argitaratu zituen Errekuntza (1980) eta Gure urrezko txatarra (1981) nobelak.