Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

akropoli

iz. Antzinako Grezian, hiri gainean kokaturiko gotorlekua. Zenbait hiritakoak ospetsuak ziren: Atenas, Argos, Korinto (Akrokorinto), Mizenas, Tebas (Kadmeia) eta Tirinto.  v  Atenasko Akropolia. Hiri gaineko ordokian kokatua, 165 metro inguruko altueran. Gotorleku batek, K.a. 2000. urtetik jadanik, errege jauregiak eta gurtza tokiak biltzen zituen. Pisistratoren garaian (K.a. VI. m.) eraikuntzez eta estatuez hornitua, 480. urtean persiarrek suntsitu zuten. K.a. VI. mendean ez zen gotorlekua dagoeneko, erlijiogunea baizik. Periklesen garaian Fidiasen zuzendaritzapean eraikitako eraikuntza klasikoak ospetsuak dira: Atenea Nike, Partenon (Iktinok eta Kalikratek egina), Propileoak (Mnesiklek eraikia), Erekteon. Monumentu hauek galera handiak jasan dituzte inbasioen ondorioz, veneziarrek Atenas setiatu zutenean batez ere. Partenonaren alde bat suntsiturik geratu zen turkiarren bolbora biltegi bat lehertzean (1687). Bertatik hartutako gauza asko Londresko British Museum delakoan daude.