Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Akitania

Erromatarrek (Augusto) Galia banatu zuten lau lurraldeetarik bat. Mugak: Poitu, iparraldean; Garona ibaia, ekialdean; Pirinioak, hegoaldean eta Bizkaiko Golkoa, mendebaldean. Erromatarren kolonizazio garaian honako herriok aipatzen ziren lurralde zabal hartako biztanleen artean: ausci (Auch), tarusates (Tartas), tarbelii (Akize), sibuzates (Saubusse), benearnenses (Biarno), bigerriones (Tarbe), elusates (Eauze), boates (Bordele), garites (Garona), onessii (Louchon), convenae (Saint-Bertrand-de-Commingues), consorani (Cousserans), tarusci (Ariège), aturienses (Aire), vasates (Basadois), sotiates (Soz), cocosates (Cocosa), lactorales (Lectoure) eta tolosates (Tolosa). Aurkitu diren hizkuntz aztarnen arabera, akitaniarren hizkuntza euskararen ahaide hurbila bide zen. Honenbestean, euskarak gorde dituen aztarna zaharrenak, latinez idatziriko Akitaniako hilarrietan aurkituriko hainbat idazki izan litezke, euskarak neke handirik gabe argi ditzakeenak bestalde (Mitxelena). Erromatarrek berek (Strabon, Cesar) bereizten dituzte akitaniarrak galiarrengandik, hizkuntza, erakunde eta legeak desberdinak dituztela esanez eta Pirinioez bestaldeko herriekin dituzten antzekotasunak eta harremanak azpimarratuz.    
 v  Historia. Datu zehatzik ez dagoen arren, gauza jakina da Akitania monarkia zela erromatarrek hartu aurretik (Cesar, De Bello Gallico). Konkistatu ondoan, Inperioaren antolakuntza berriak Loira ertzeraino eraman zituen Akitaniaren mugak, akitaniarrak eta galiarrak probintzia berean sartuz. Bi herri desberdin hauen arteko gatazkek etenik ezagutzen ez zutenez, Erromako aginpideak hirutan banatzea onartu zuen IV. mendearen hasieran: Aquitania prima (Avaricum: Bourges), Aquitania segunda (Burdigala: Bordele) eta Aquitania tertia edo Novempopulania (Lugdunum Convenarum: Saint-Bertrand-de-Commingues. Ausci: Auch, gero), jatorrizko lurraldea hartzen zuena, alegia. Erromatarren indar militarra arras gutxitu zen garai horretan, kohorte bakarra zegoen lurralde osoan, Lapurdum hirian (Baiona), hain zuzen. 406. urtetik aurrera, Hispaniako bidean zihoazela, Akitaniatik igaro ziren suebo, alano eta bandaloen inbasioen ondotik, bisigodoak azaldu ziren, Inperioaren ordenaren zaintzaile gisa, Akitaniako Tolosa eta Bordele hartuz. 419. urtean Tolosan egokitu eta erreinu godo berria sortu zuten. Novempopulania hasieran erreinu honetatik kanpora geratu bazen ere, 461. urtean konkistatu zuten. Bisigodoen agintea 507. urtean bukatu zen, Klovis buru zuten frankoak Alarikoren osteei nagusitu ondoan (Vouillé). Galtzapen honen ondoan Toledo aldera bildu ziren bisigodo guztiak, erromatarren garaiko Galia frankoen eskuetan utziz, eta bat eginda agertzen diren bi aldeetako eusko-akitaniarrek beregaintasunari etsi zioten, godoek eta frankoek, ipar eta mendebaldeetatik batera nahiz banaka egindako eraso etengabeei aurre eginik. 601. urtean Gaskoniako Dukerria sortu zuten frankoek, eta Pirinioez iparraldeko eusko-akitaniarrak duke franko baten mende gelditu ziren. Godoekiko guduek eta euskaldunen altxamenduek frankoen boterea ahuldu ondoan, Akitania berriz ere beregain geratu zen, baina Euskal Herria eta Akitania dukerri banatan bereizirik. Banaketa honek baldintzatu du behin betikoz enbor beretik sorturiko bi herri hauen geroa. Bisigodoen erreinua suntsitu zuten arabiarren sarrera ezin galeraziz (arabiarren Bordeleko garaipena) eusko-akitaniarrek frankoen laguntza eskatu eta hauek, Karlos Martell gidari, parte hartu zuten arabiarren aurkako gerran, eta musulmanak gibelerarazi (ez ziren gehiago Pirinioez goiti joango) Poitierseko gudua irabazi ondoan (732) Akitania eta Baskonia lurraldeen burujabetasunaren truke. Euskaldunek, Karlomagnoren gudarostearen aurka, irabazi zuten Orreagako gudu famatua (778ko abuztuaren 15ean) testuinguru honetan ulertu behar da. 824. urtetik aurrera bi zati bereizi ziren Akitaniako lurraldean: Dukerria, Garona eta Aturri ibaien artean, eta Konderria, Aturri ibai ertzetik Pirinioetara. Pepin I.a Akitaniako erregeak frankoen inperio osoaren alde egindako zituen liskarrek Akitanian sorturiko egonezinaz baliatuta, euskaldunek erabateko askatasuna lortu zuten eta akitaniar eta frankoengandik erabat lokabe geratu ziren. Akitaniak, frankoen elkarren arteko tirabirez baliatuta, erreinuaren antzeko boterea hartu zuen X. mendean, Baskonia edo Gaskoniako Dukerria ere hartuz (1058). 1154. urtetik aurrera, Ingalaterrako erregea Akitaniako dukea (Lapurdi eta Zuberoako dukea, Ipar Euskal Herriari dagokionez) ere izan zen, Henrike II.a Plantagenet eta Akitaniako Leonor ezkondu ondoan. Ingalaterrako eta Frantziako koroak gutiziatu zuten lurraldea izanik, Akitanian jabego gatazka ugari izan ziren: Karlos VII.ak konkistatu zuen azkeneko aldiz Frantziarentzat, Castillongo gudua irabazi ondoan (1453).