Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Afrodita

(Gr. Aphrodite) Mit. Maitasunaren eta ugalkortasunaren jainkosa Grezian, Venus erromatarrarekin berdindua. Jatorriz ekialdekoa, semitarren Astarterekin eta Hathor egiptoarrarekin zenbait ezaugarri kideko agertzen ditu. Gizakiei eta abereei ugalketarako sena ematen die, baina aldi berean grina bortitzak sortzen ditu. Zeusen eta Dionearen alaba edo, Hesiodoren arabera, Uranoren odolak ernalduriko itsas uhinen aparretik sortua. Hefaistoren emazte iruzurtia. Arerengandik Harmonia eta Heros izan zituen; Priapo Dionisorengandik, eta Hermafrodito Hermesekin elkartu ondoren. Adonisekin amodio gartsua bizi izan zuen eta Ankises troiar hilkorrarekin Eneas izan zuen. Troiako Gerraren hasieran ageri da eta Parisi laguntzen dio Helenaren bahiketan.  v  Tenplu ugari eskaini zitzaizkion. Poeta eta eskultoreentzat inspirazio iturburu oparoa izan da beti: Safo, Kalimako, Lisipo, Praxiteles, Eskopas.  v  Art. Ekialdeko artean biluzik zein jantzita agertzen da, eskuak bularretan estuturik edo altzoan dituela. Greziako artean, K.a. IV. mendetik aurrera batez ere, amodioaren eta edertasunaren jainkosa honen irudi ezin ederragoak egin zituzten. Erdi biluzik edo guztiz biluzik irudikatzen zuten. Ezagunak dira Kalimakoren Afrodita genitrix, Praxitelesena, Cnidokoa eta Lisiporen Afrodita Medicis deitua.