Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Adcock, Fleur

Zeelandaberritar olerkaria (Papakura, 1934). Bost urte zituela bere herrialdea utzi eta Ingalaterrara joan zen, eta han egin zituen ikasketak, aitak irakasten zuen ikastetxeetan. Zeelanda Berrira itzuli zenean, bertako Victoria Unibertsitatean lizentziatu eta 1958-1963 bitartean irakasle eta liburuzain lanak egin zituen. Zeelanda Berriko bizimoduarekin atsekabeturik, Ingalaterrara itzuli eta, Kanpo Arazoetako ministerio eta Commonwealth erakundeen liburutegian, laguntzaile postuan lan egin zuen 1979 arte. Urte horretan, idazte lanari buru-belarri heltzea erabaki zuen. Zeelanda Berriko Wellingtonen argitaratu zuen bere lehen poema liburua, Urakanaren begia (1964), zeinaren zati bat Londresen berrargitaratu zen Tigreak titulupean (1967). Liburu hauetan jadanik finkaturik agertzen da Adcocken estilo argi, ironiko eta lasaia. Estilo horixe erabili du, orobat, gai sozial, politiko eta pertsonalak azaltzeko, hain harrera ona izan duen Bideratua (1977) liburuaren kasuan bezala. Ustekabeko liburuan (1986), haurtzaroari eta gizonei buruzko olerki bikainak idatzi zituen; Aldi baterako eremua liburuan berriz (1991), etxeko gaietatik hasi eta egungo gatazka politikoetarainoko era guztietako arazoak azaltzen ditu, besteak beste, energia nuklearraren aurka eta ekologiaren alde agertuz. Adcocken zehaztasunak, ironiak eta garraztasunak guztiz atsegina eta irakurgarria bilakatzen dute bere poesia. 1983an bere Olerki Hautatuak argitaratu ziren.