Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Adam, Theo

Alemaniar abeslaria, baxua (Dresden, 1926). Bere jaioterriko elizako koruan hasi zituen musika ikasketak, 10 urte zituela. Lehen Mundu Gerraren ondoren Alemaniako Errepublika Demokratikoa izango zen partean gelditu zen, eta eskola maisu bezala lan egiten zuen bitartean, Rudof Dittrichekin jarraitu zuen kantua ikasten. Hogeita hiru urte besterik ez zituela kantatu zuen lehen aldiz bere hiriko opera antzokian. Gero Alemania Federalean Hans Knappertsbuchek baritono heroikoen errepertorioari ekitea gomendatu zion, eta arrakasta handia izan zuen Wagnerren pertsonaiak interpretatuz, hala nola Parsifaleko Amfortas, Nibelungoen Eraztuna laneko Wotan, edota Holandar alderraia obrako protagonista. 1952. urtean hasi eta urtero parte hartu izan du Bayreutheko Wagnerren jaialdian; ospe handia hartu zuen Wagnerren interprete gisa. Arrakasta handia izan du baxu bufo paperetan, eta baita XX. mendeko operetan ere, Alban Bergen Wozzecken, Cehraren Baalen eta Sutermeisteren Berenger Erregean, besteak beste. Bere errepertorioan ditu, gainera, Mozarten Don Giovanniko protagonista, Verdiren Don Carlo-ko Filipe II, Beethovenen Fidelioko Don Pizarro, Weberren Der Freischützeko Caspar, Schuberten opera urrietako batzuk, eta abar. 1972. urtetik aurrera, interprete jarduna gutxitu ahala, eszena zuzendari bezala ere aritu izan da.