Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Acebes Paniagua, Ángel Jesús

Politikari espainiarra (Pajares de Adaja, Gaztela eta Leon, 1958). Zuzenbide-ikasketak egin zituen Salamancako unibertsitatean, eta legelari gisa jardun zuen denboraldi labur batez, bete-betean politikan sartu aurretik. Politikari gisa, Unión de Centro Democrático (UCD) alderdian eman zituen lehen urratsak. Alderdi hura desegin zenean, Alderdi Popularreko kide egin zen. 1987an Avilako udaleko zinegotzi hautatu zuten, eta Avilako alkate izan zen 1991 eta 1995 bitartean. Gainera, 1989 eta 1995 bitartean senatari izan zen Espainiako Senatuan. 1996an Alderdi Popularreko koordinatzaile nagusi hautatu zuten, eta urte horretan bertan Legebiltzarreko diputatu hautatu zuten lehen aldiz, Avilako probintziatik. Gero,  Jose Maria Aznar jaunaren lehendakaritzapean (1996-2004), garrantzi handiko karguak izan zituen: Administrazio Publikoetan ministro (1999ko urtarriletik 200ko martxo arte), Justizia ministro (2000ko martxotik 2002ko uztaila arte) eta Barne Ministro (2002ko uztailetik 2004ko martxoa arte). Barne ministro gisa, berriro ekin zion Zigor Kodearen erreformari, Adingabeen Legea eta Auzipetze Zibilaren Legea onartzea lortu zuen, eta gogor borrokatu zen ETAren inguruaren kontra. 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuen ondoko egunetan izan zuen jokabidea oso eztabaidatua izan zen. Izan ere, Espainiako hedabide batzuek eta nazioarteko guztiek atentatu haien egilea islamiar jatorriko terrorismoa izan zela zioten bitartean, Acebesek, hark ordezkatzen zuen alderdiaren babesarekin, ETAri egotzi zion atentatua. Alderdi Popularrak 2004ko hauteskunde orokorrak galdu zituenean, Alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten, eta kargu horri eutsi zion 2008. urtea arte.