Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Abs, Hermann J

Alemaniar bankaria (Bonn, 1901 - Bad Soden, 1994). Gaztetan musika eta matematika ikasteko asmoa azaldu bazuen ere, ikasketak utzi eta Bonn-eko banketxe judu batean hasi zen lanean. 1933-1935 urte bitartean Koloniako banketxe pribatu batean lan egin zuen eta aldi berean, gauez, zuzenbide ikasketak egin zituen unibertsitatean. 1935. urterako Berlingo Delbrück banketxeko kide zen. Bidaia ugari egin zituen eta hizkuntzak ikasi zituen. 1937an Deutsche Bank-eko zuzendaritza batzordeko kide zen Berlinen. Garrantzizko lana egin zuen Kreditanstalt für Wiederaufbau-en (Berreraikuntzarako kredituen erakundea), Marshall planaren kredituak bideratuz. Erakunde horretako lehendakari eta ohorezko lehendakari izan zen. 1957an Alemaniar Länder-etako Bankuaren sorreran parte hartu zuen, eta banku horretatik abiatuta eratu zen hain zuzen ere Bundesbank. Trebezia handiz negoziatu zituen alemaniar Reich-aren zorrak Londresekin. 1957an Deutsche Bank-eko lehendakari izan zen, eta 1967. urtetik aurrera banketxe horretako ikuskaritza batzordeko presidente. Robert Pferdemengesekin batera, Adenauer kantzilerraren finantza aholkulari nagusietako bat izan zen. Elkarte handietako hogeita hamar administrazio batzordetan baino gehiagotan lan egin du.