Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Abravanel, Maurice

Orkestra zuzendari amerikarra (Tesalonika, Grezia, 1903 - Salt Lake City, Utah, 1993). Utahko Orkestra Sinfonikoaren musika zuzendaria izan zen 30 urte baino gehiagoz, eta obra ugari eta goraipatuak grabatu zituen haren buru zela. Greziako espainiar-portugaldar jatorriko sefardi familia batean jaio zen, baina Suitzan hazi zen. Medikuntza ikasketak utzi, eta musika ikasteari lotu zitzaion. 1922an, Berlina joan, eta interpretazioa eta konposizioa ikasi zituen han, Kurt Weillen gidaritzapean. Handik bi urtera hasi zen orkestra zuzendari gisa. 1933an ihesi joan zen Alemaniatik, eta, Parisen, musika zuzendari lanean aritu zen George Balanchinesen Les Ballets-entzat. 1936an Estatu Batuetara joan zen, eta New Yorkeko Metropolitan Operaren historiako zuzendari gazteena bilakatu zen. Garai hartan, hainbat antzerki musikal zuzendu zuen Broadwayn, Weill bere irakasle ohiaren batzuk barne. 1947an, Utahko Sinfonikoaren musika zuzendari eta orkestra zuzendari jarri zen, eta 1979 arte eutsi zien postu horiei. Abravanelen gidaritzapean ospe handia bereganatu zuen orkestra horrek. Utahko Sinfonikotik erretiratu ondoren, Massachusettseko Tanglewoodeko Berkshire Music Center-ekin aritu zen lanean. 1991n Arteetako Nazio domina eman zioten.