Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Abiola, Moshood

Nigeriar enpresaburu eta politikaria (Abekouta, Ogun, 1937 - Nigeriako espetxe batean, 1998). Demokraziaren ikur eta Nigeriako erregimen militarrari aurka egin zion oposizioaren buruzagi garrantzitsuena izan zen. Nigeriako etnia garrantzitsuena den joruba etniaren buruzagia izan zen. Kontabilitate ikasketak egin zituen Glasgow-eko Unibertsitatean, Eskozian. Nigeriara itzulita, 33 urte zituela Telephone and Telegraph (ITT) multinazionalaren Nigeriako sukurtsalaren zuzendari izendatu zuten, eta Afrikarako eta Ekialde Hurbilerako lehendakariorde. Bere herriko enpresabururik boteretsuenetakoa izatera iritsi zen petrolioaren, merkataritza itsasketaren eta prentsaren esparruetan, eta negozio pribatuetan izan zuen arrakastagatik “Midas nigeriarra” izengoitia ipini zioten. Mezenas gisa ere aritu zen ikasketetarako beka ugari banatuz, eta, oro har, lan handia egin zuen bere dirua eta ezagutzak erabiliz arraza beltzeko gizon-emakumeen alde. 1978. urtean hasi zen politikagintzan, eta Alderdi Nazionalean kargu garrantzitsua izatera ere iritsi zen, baina alderdia eta politika utzi zituen Mohamed Buhari boterera eraman zuen 1983ko estatu kolpe militarraren aurretik. 1993. urtean itzuli zen berriro politikara Alderdi Sozialdemokratarekin, eta 1993ko ekainaren 12ko hauteskundeetan lehendakaritzarako hautagai izendatu zuten. Lehen datuen arabera, botoen ehuneko 80 lortu zuen Lagos-eko estatuan (biztanle gehien dituena), begiraleen esanetan 1960an independentzia iritsi zenez geroztik Nigerian egin diren hauteskunderik garbienetan; hala ere, hauteskunde batzordeak bertan behera utzi zituen bozketen emaitzak. 1994ko apirilean Abiolak lehendakari izateko zuen eskubidea aldarrikatu eta bere burua estatuburu izendatu zuen. Abacharen erregimenak traizioa leporatu eta kartzelatu egin zuen. 1998ko uztailaren 7an hil zen kartzelan, iturri ofizialen arabera bihotzekoak jota, familiaren esanetan, berriz, pozoiturik.