Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Abejo, M Rosalina

Filipinetako musikagile, zuzendari eta pianista (Tagoloan, Ekialdeko Misamis, 1922 - Fremont, Kalifornia, 1991). Manilan egin zituen musika ikasketak, eta hango Emakumeen Unibertsitatean jaso zuen maistra titulua 1957an. Gero, Estatu Batuetan, musika eta konposizio ikasketak egin zituen Ohion eta Washingtongo Unibertsitate Katolikoan. 1968tik 1970era, zuzendaritza eta pianoa ikasi zituen Erroman. Parisera ere joan zen, Nadia Boulanger-ekin lan egitera. 1977an Filipinetatik Kaliforniako Fremont-era joan zen, eta han Kristau Komunitateko Nazioarteko Ahizpen kide izan zen. Bera izan zen Aita Santuarengandik orkestra sinfonikoak zuzentzeko baimena jaso zuen lehen moja. Gero Kansasko Unibertsitatean eta Kentuckyko San Pio Mintegian irakaslea izan zen. Filipinetan, berriz, Cagayan de Oro eta Davao hirietako orkestra sinfonikoak sortu zituen. Sinfoniak, kontzertuak, erlijio kantak, kantatak, koartetoak, oktetoak eta beste hainbat eta hainbat musika lan ondu zituen.