Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Abbadie, Antoine Thompson d´

Zientzialari, bidaiari, etnografo eta hizkuntzalari euskaltzalea (Dublin, 1810 - Paris, 1897). Irlandan jaio bazen ere, aita Urrustoikoa zuen (Zuberoa). Zortzi urte zituelarik Frantziara itzuli zen bere familiarekin. Sorbonan zientzia eta geografia ikasketak egin ondoren, Brasile, (1835) eta Etiopian (1837-1848) barrena ibili zen, geografia, astronomia eta etnografia ikerketak egiten. Etiopiatik zientzia alor askotako material gaitza ekarri zuen, beraien artean 15.000 hitzetik gora dituen amarikera hizkuntzaren hiztegia (Catalogue raisonné de manuscrits éthiopiens). 1849. urtean itzuli zen Euskal Herrira, Hendaian finkatu zen eta Abadia jauregia eraikiarazi zuen. Zientzia helburu zehatzeko bidaiak egiten jarraitu zuen (Kairo, Atenas, Alexandria, etab.) bizitza osoan zehar. 1867an Parisko Zientzia Akademiako kide izendatua, 1892an erakunde bereko lehendakari hautatu zuten. 1853 urtean Euskal Jaiak eratu zituen Urruñan, euskal letren Pizkundean hain garrantzitsuak izan ziren Lore Jokoak barne zirelarik. Augustin Chahorekin lankidetzan Etudes grammaticales sur la langue euskarienne obra idatzi zuen. Euskal kulturaren hainbat idazlek —Darrigolek, Bonaparte printzeak, Intxauspek, Duvoisin kapitainak, Jose Manterolak, etab.— izan zuten haren eragina.