Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

G. Greene (1904-1991) L. Durrell (1912-1990) A. Burgess (1916-1993)

Graham Greene

 

Graham Greene

Graham Greene britainiar idazlea Berkhamsteden jaio zen, Hertfordshireko eskualdean, 1904an, eta Veveyn hil zen, Suitzan, 1991. urtean. Gaur egungo britainiar eleberrigintzako kontalari nagusietakoa da.

Greenek hainbat bidaia egin zituen, kazetari gisa lanean jardun zuen eta 11. Mundu Gerran britainiarren inteligentzia zerbitzuarentzat lan egin zuen. Jarduera horietatik atera zuen bere obretan moralarekin lotura duten gaien kontakizunak gertaera politiko jakin eta ezagunetan kokatzeko zaletasuna.

Graham Greenek gaur egungo ingeles eleberrigintzaren maisulantzat hartuak diren obrak idatzi ditu, besteak beste The Power and the Glory (1904, Boterea eta aintza), The Heart of the Matter (1948, Arazoaren muina) eta The End of the Affair (1950, Abenturaren amaiera). Hiru obra horietan erakutsi zuen lehenengoz Greenek gai erlijiosoekiko zaletasuna. 1926an katoliko egin zen, eta zenbait kritikok idazle «katolikoen» saileko idazletzat hartzen dute.

Hiru eleberri horietan ikerketa etiko eta erlijioso sakona egin zuen Greenek. Boterea eta aintza lanean apaiz batek bere inguruko giroari eta bere egoerari aurre nola egiten dion kontatzen du idazleak : apaiz mexikar mozkorti bat da protagonista, eta bere garaian bizi zen jazarpen antiklerikala islatzen du. Bigarrenean polizia zintzo baten bizitza kontatzen du : polizia horrek ezin gainditu ditu bere garazka moralak eta erlijiosoak, eta bere buruaz beste egiten du azkenean. Abenturaren amaiera eleberrian, berriz, emakume batek bere maitea bonbardaketa batean hila izan daitekeelako susmoa hartzen du, eta bere egunkarian Beste» baten presentzia agertzen hasten da, Jainko posible baten presentzia, zeinak hartzen baitu pixkanaka maitale hilezkorraten lekua.

Greenek idatzitako zenbait eleberri eraman dira, bestalde, zinemara, adibidez The Third Man (1950, Hirugarren gizona) eleberria,Our Man in Havana (1958, Habanako gure gizona) ipuinak eta The Quiet American (1955, Amerikar isila), Indotxinako gerrari buruzko eleberria. Oro har, 1950az geroko obretan erlijioari ordu arte emandako nagusitasuna politikak hartu zuen bere literaturan.

Greenen azken lanetan aipagarriak dira, besteak beste, Travels with my Haunt (1969, Bidaiak nire izebarekin), The Honorary Consul (1973, Ohorezko kontsula), The Human Factor (1978, Giza faktorea), Doctor Fisher of Geneva (1980, Genevako Fisher doktorea). Horien ezaugarri aipagarrienak ironia eta kazetaritzaren kontamoldeen kutsua dira. Giza faktorea espioitza eleberri bikainean (espioitza izan da Greenek gehien erabili duen gaietako bat) gizabanakoak interes politikoen jokoan duen garrantzia ikertu zuen.

Azkenik, A Sort of Life (1971, Bizitza moduko bat) autobiografia idatzi zuen, eta 1980. urtean osatu zuen lan hori Ways of Escape (Ihesbideak) izenburuko liburuarekin.

Dena dela, lan nagusi edo larri horiez gainera, beste kontakizun aipagarri batzuk idatzi zituen, egileak berak entertainments edo denbora pasa gisa aurkeztu zituenak : A Gun for Sale (Pistola bat salgai), 7he Ministry of Fear (1943, Beldurraren ministerioa), Brighton Rock (1938).

Greenek hunkigarritasuna eta ironia bateratu ohi ditu bere eleberrietan, eta kontakizun errealista eta, oro har, indarkeriazkoak idazten ditu. Gerra, espioitza, intriga eta polizia gaiak dira bere obretako gai nagusiak, eta gai horiek giro exotikoetan eta pertsonaia misteriotsu, ilun eta atsekabetuak protagonista direla azaltzen ditu.

Dena dela, gertaerak eta gizabanakoak beti agertzen dira goreneko borondate baten tresna gisa ; horrela, ongiaren eta gaizkiaren, bertutearen eta bizioaren arteko borrokaren gertaleku gisa agertzen da mundua, baina horren guztiaren gainetik agertzen da, beti, gizakiaren salbazioa. Zenbait kritikok eleberrigile katolikoak» deitura eman dien talde bateko kide litzateke aldehorretatik Graham Greene, lehen esan bezala, Anthony Burgess eta Durrellekin batera.

Bere obran alegoria, errealismoa eta kritika nahasten dira, eta gaizkiaren eta ustelkeriaren gaiek trataera berezia dute. Horrek ez du esan nahi Greenek munduaren ikuspegi idealizatua ematen duenik ; aitzitik, indarkeriaz, gaiztakeriaz beteriko mundu bat agertzen du, eta mundu horretan egitandiak egiteko indarra ateratzen du gizakiak, baina gizaki arruntak, ez heroiak. Bestalde, Graham Greenek urruntasun, autokontrol eta zuhurtasun intelektual handia erakusten du, bere idazkeran eta moralitatean.

 

Lawrence Durrell

George Lawrence Durrel irlandar idazlea Darjeelingen jaio zen, Indian, 1912an, eta Sommiersen, Frantzian, hil zen 1990. urtean.

Olerkigile, eleberrigile eta saiakera idazle gisa nabarmendu zen. Hamazazpi urte zituela bertan behera utzi zituen ikasketak, eta 1930 ingurutik aurrera hainbat lanbidetan jardun zuen. Garaitsu hartan eman zituen argitara bere lehen olerkiak : Quaint Fragment (Jatorriko pasartea, 1931), Ballad of Slow Decay (1931, Gainbehera mantsoaren balada), Ten Poems (1932, Hamar olerki).

Durrel Korfura bidaiatu zen, besteak beste. 1937an, Parisen zela Henry Miller ezagutu zuen. Handik Londresa itzuli zelarik, bi eleberri idatzi zuen, arrakasta handirik lortu ez zutenak, eta 1938an The Black Book (Liburu beltza) argitaratu zuen Parisen ; obra bitxia eta sailkatzen zaila da, katarsi liriko moduko bat, lausoa. Gerra hasi zenean, Greziara aldatu zen, Korfura. Geroago Kairora aldatu zen eta Alexandriara ondoren. Alexandria izan zen hain zuzen ere Durrellen inspirazio iturri nagusia, Korfurekin batera.

Hantxe kokatzen da bere obrarik ezagunena, Alexandriako laukotea eleberri saila.Bere maisulana idatzi bitartean olerkiak idazten eta argitaratzen jarraitu zuen : A Private Country (1943, Herrialde pribatu bat), Cities, Plains and People (1946, Hiriak, planoak eta jendeak), On Seeming to Presume (1948), Deus loti (1950). Garaitsu hartan jenero berri bat, bidaia kontakizunena, lantzen hasi zen, Mediterraneo inguruko bidaietan oinarrituak bereziki : Korfuri buruzkoa da Prospero's Cell (1945), Kretari buruzkoa da Cefalu (1947) eta Rodan lekutua Reflections on a Marine Venus ( 1953, Venus itsastarraren isla). Olerki-eleberri arteko obrak dira eta lekuak, paisajeak eta pertsonaiak irudikatzeko dohain berezia erakutsi zuen haietan egileak.

Hurrengo urteetan argitaratu zuen, lehen esan bezala, bere obra nagusia, Alexandriako laukotea. Sail hori osatzen dute Justine (1957), Balthazar (1958), Mountolice (1958) eta Clea (1960) eleberriek. Egipton dago kokatua eta maitasun, politika eta perbertsiozko istorio bat kontatzen du, baina lau ikuspegi desberdinetatik begiratuta.

Ikuspegi aniztasun hori erabiltzearen helburua egiaren erlatibotasuna azpimarratzea zen, eta horrekin katera, giza izatea behatzailearen begiradaren araberakoa dela adieraztea . Alexandriako tetralogia horrek berrikuntza handia ekarri zuen, birtuosismoari dagokionez ; klima sentsual eta ankerra adierazi zuen, gainbehera datorren gizarte bat oinarri harturik eta oro har lirismoa, dotorezia eta lausotasuna nagusitzen da.

1960ko hamarraldiaren amaieran 7he Revolt of Aphrodite (Afroditaren iraultza) obra idatzi zuen, Tunc (1968) eta Nunquam (1970) eleberriez osatua, eta Millerrekiko gutun trukea ere plazaratu zuen A Private Correspondance ( 1963, Gutun pribatuak) izenburuarekin . Afroditaren iraultza-n dena dela, ez zuen erakutsi Alexandriako laukotea-n erakutsi zuen adierazgarritasun bikaina ; bai ordea azken urteetako obra nagusietan,Avignongo boskotea sailean. Alexandriako laukotea-n hartu zuen bide beretik idatzi zuen sail hori eta ondoko eleberriek osatua da : Monsieur, or, the Prince of Darkness (1974, Monsieur, edo Ilunarenprintzea), Livia ; or, BuriedAlive (1978, Livia, edo bizirik lurperatua), Constance; or Solitary Practices (1982, Constance, edo bakar jarduerak), Sebastian; or, Ruling Passions (1983, Sebastian, edo grina gailenak) eta Quinx; or, the Ripper's Tale (1985, Bosgarrena, edo tripa-urratzailearen kontakizuna). Avignongo boskotea sailak II. Mundu gerraren hasieran Avignongo etxe katean elkartzen diren lagun talde baten historia kontatzen du, eta ikerketa psikologikoa egiten du lagun haien arteko harremanetatik abiaturik.

 

Anthony Burgess

Anthony Burgess, jaiotza izenez John Burgess Wilson, Manchesterren jaio zen 1916an, eta 1993an hil zen. Kazetaritza eta kritika lanak egin ditu eta ingeles eleberrigintzaren arazo nagusiak nabarmendu ditu bere kontakizunetan. Kritikaren alorrean aipagarria du Joyceri egindako sarrera bat, Here Comes Everyhody (1965), haina eleberrigile gisa da ezaguna, batez ere.

Burgessek Greenen joerari jarraitu zion, haina idazle katolikoen sailean sar daitekeen arren, Burgessen kasuan askoz ere konplexuagoa eta liskartsuagoa izan zen idazlearen eta katolizismoaren arteko harremana. Izan ere, ez zen erlijio praktikantea, eta oso eszeptiko agertu zen, pesimista eta ezkor.

Kontakizunaren teknikarekiko kezka gehien agertu duten gaur egungo idazle britainiarretako bat da, bestalde. Kontakizunaren teknikaren alorrean egindako ekarpenari dagokionez 1960. urte inguruan idatzitako obrak ditu bereziki aipagarriak, Burgessek : Beds in the East (1959, Ekialdeko oheak), The Wanting Seed (1962, Grinaren hazia), A Vision of Battlements ( 1965, Hormen ikuspegia), etab. Baina A Clockwork Orange ( 1962, Laranja mekanikoa) izan zen bere obrarik ezagunena. Obra horretako protagonista gazte amoral, dibertigarri eta adimen argiko bat da, musikazale amorratua, Beethovenen zale amorratua zehazkiagoa (Burgess bera musikologoa zen) ; gizarte izutu eta ustel batean gaizkia eta bizioa dira protagonistaren xedeak, eta gazte hori berriro hezteko ahaleginaren arrakastarik eza islatzen du. Laranja mekanikoaren lorpen nagusia teknikaren eta argumentuaren artean egileak lortu zuen batasuna izan zen ; argumentua oso bortitza da, indarkeriaz betea, eta ideia hori adierazteko adierazkortasun handiko hizkera erabili zuen Burgessek. S. Kubrikek zinemara eraman zuen eleberri hau, eta ahantzi ezinezko filma egin zuen.

Beste obra batzuetan, dena den, hizkuntza oparoegia, dotoreegia erabili izan zuen, kritiko batzuen arabera. Obra aipagarriak dira, alde horretatik, MF (1971) obra esperimentala, ikerketa estrukturalistetan oinarritua ; eta Earthly Powers (1980, Lurreko indarrak), zeinetan nabarmendu baitzuen zihilizaio modernoaren perbertsioa.