Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Samuel Beckett (1906-1989)

Antzezlanengatik ezagunagoa bada ere, Samuel Beckett irlandarrak (1906- 1989) beste literatur generoak, hala nola, eleberria edo saiakera, maisutasun handiz landu zituen. Ezin esan komunikabideetan agertzea gustukoa zuenik, bizitza guztian ongi baino hobeki zaindu baitzuen bere intimitatea. Baina hori ez da, inondik ere, oztopo izan bere unibertso literarioaren aberastasun eta berritasuna gaurko irakurleenganaino iristeko.<br><br>

1906an Dublinen jaioa eta Trinity Co- Ilege ospetsuan ikasitakoa. Irakurzale amorratua, gaztetatik Dante eta literatura frantsesa, Proust bereziki, miretsi zituen. 1929an argitara eman zuen Dante... Bruno. Vico...

Joyce (1929) bere ondorengo lan batzuetan ; adibidez, More pricks than kicks (Ziztada gehiago kolpeak baino) edo Echo's hots and otherprecipitates (Ekoren hezurrak eta beste hauspeakin batzuk) kausi daitekeen Belacqua-ren sorburua da. Urtebete geroagokoa da, 1931koa hain zuzen, Proust-i buruz argitara eman den saiakerarik interesgarrienetakoa . Saiakera honetan bere obran garrantzi handia izango duten hiru alderdi garrantzitsu aztertzen ditu Beckettek : oroitzapenaren mekanismoaren garrantzia (Prousten Madeleine famatua), lehenengo pertsonan idaztearen ezintasuna eta artista modernoaren miseria.

1928an bere bizitzaren norabidea baldintzatuko zuen erabakia hartu zuen eta Parisera joan zen ingeles irakasle lanetan aritzera. Han ezagutu zituen A. Peron eta J. Joyce, eta azken honen Finnegan's wakeren Anna Livia Plurabelle zatia itzultzeari ekin zion P. Leon, E. Jolas eta besterekin.

Joycek Becketten bilakaera narratiboan izan duen itzala hasierako narrazio-lanetan handia izanik ere, helbuni eta poetika desberdinez idazten duten idazleak dira azkenean.

Ulysses-en sortzailea hitzen manipulatzaile aparta zen; Beckettek hitzen mugak ezabatu nahi ditu. Lehenengoa hizkuntzaren ahalmen estilistikoen ikerlari onenetakoa bilakatu zen; Beckettek hizkuntzaren beraren ahulezia eta ezintasunekin egin zuen topo.

Saiakera bikain hauen ostean, Becketten unibertso literarioa sendotuz eta aberastuz joan zen. "Formazio urteak" deitu zaien lehenengo urte hauetan, narraziozko nahiz beste generoetako lanak eman zituen argitara.Horien artean lehenengoetakoa 1930ean kaleratu zuen Whoroscope liburua. Hartan, idazle irlandarraren obretan maiz aurkituko den sarkasmoa edo heriotzaren gaiak eragindako obsesioa kausi daitezke.

1934an More pricks than kicks narrazio liburua argitaratu zuen. Izenburu probokatzaileaz gain, pertsonaia baztertuak eta amodio frustratuak kontatzen zituzten pasadizoak aurkitu zituen bertan irakurleak. T.S.

Eliot-en eragin nabarmena duen Echo's bones and otherprecipitates poema-liburua argitaratu ondoren, eta ingelesez idatzitako Murphy (1938) eta Watt (1942) nobelen ostean, frantsesa bihurtuko da egilearen hizkuntza literarioa. Hasi Premier amour (1945, Lehen maitasuna), Mercieret Camier (1946)... bezalako lanetatik eta Molloy (1951), Malone meurt (1951, Malone hiltzenda) eta L innommable-k (1953, Izendaezina) osatzen duten eleberri trilogia ezaguneraino, hizkuntza hautaketak estilo zehatz eta "pobreagoaren" aldeko apustua iradokitzen du. Esan daiteke urte hauetaraino daraman ibilbide narratiboak trilogia horrekin erdiesten duela bere punturik gorena.

Alabaina, hasieran esan dugun bezala, Beckett-ek osperik izan badu, bere antzezlanengatikizan da, eta batez ere, En attendant Godot (1952, Godoten zain) ezagunarengatik . 1953an Parisen estreinaturik,Critique eta hainbat aldizkari ospetsuren onespena izan zuen berehala. Arrakastaren ondorioz, Kafkarekin hasi eta Ionescorenganaino hedatzen den absurduaren literaturaren ildoan kokatu izan dute Beckett.

Urte batzuk geroago, 1954an, EEBBetan estreinatu zen Godoten zain eta ondoren, Londres eta Dublinen ere antzeztu zuten.

Eleberri-trilogiarekin generoaren beraren mugetaraino iritsi ostean, antzezlanek nahiz irratirako gidoiek izugarrizko garrantzia hartu zuten bere bibliografian. Bide narratibo berriak ikertu nahiko ditu Beckettek eta genero desberdinen mugak gaindituz, hizkuntza plastiko desberdinekin jolasten ahaleginduko da. Garai hartakoak dira Textes pour nien (1955, Ezdeusetarako testuak), All that fall (1956, Erortzen den guztia), Fin de partie, Actes sans paroles (1957, jokaldi amaiera; Hitzik gabeko ekitaldia), From an abandoned work (1957, Utzitako lan batetik)... eta beste hainbat antzezlan. Guztietan, pertsonaiak izaki baztertuak dira, hiztun hutsak mundu absurdu batean etengabe hitz egitera kondenatuak.

Becketten antzelan hauetan soma daitekeen etsipenaren adibide bat aipatzekotan, Fin departie-ko lau pertsonaietatik hiru paralitikoak direla gogoratu besterik ez dago.

1961ean argitara eman zuen Comment c est (Nolakoa da) liburua, eleberri eta poesiaren arteko mugetan kokatutako lana da.

Handik aurrera, 1964an Buster Keaton-ekin egindako filmeaz gain, irratirako gidoiak eta antzezlanek osatuko dute bere produkzio gehiena. Ordukoak dira, literatura absurdu eta esperimentalaren arloan kokatzen diren zenbait lan, hala nola, Cascando (1963). G'omedie (1966), Teles mortes (1967, Buru hilak), Poemes (1968), Compagnie (1980), Mal vu, mal dit (1981, Gaizki ikusia, gaizki esana), Quoi ou (1984, Zer non)... eta abar.

1968az geroztik bere lan batzuen zuzendaritzaz ere arduratu zen Beckett, eta kultura handiko idazlea izanik, gogoko zituen margolariei buruzko iruzkinak (Tal Coat, Andre Masson, Bran Van Velde) edo idazle ezagunen itzulpenak ere (R. Pinget edo Eluard-enak, kasu) egin zituen. 1969an Nobel Saria eman zioten. Handik 20 urtera hil zen Parisen.

Becketten literaturgintzaren helburua zein izan zen laburki adierazi behar balitz hizkuntzaren mugetaraino egindako bidaia poetikotzat definituz hasi beharko genuke.

XX. mende hasieratik, Wittgenstein (filosofia), Loos (arkitektura), Schonberg (musika) edo Musil-en (literatura) lanetan iradoki zenez, hizkuntzak huts egiten digu munduarekin dugun erlazioa definitzen ahalegintzen garenean. Eleberrigintzan Flaubertekin hasi zen hizkuntza narratiboaren eraldatze eta berrikuntza prozesu honek Beckett-en trilogiarekin iritsi zuen goia.

Egile irlandarrak. idaztearen, hitz egitearen, inpotentzia irudikatu zigun Molloy edo Malone bezalako pertsonaia atormentatuekin . Bi Mundu Gerrak ezagutu ostean, bizitzaren absurdua bera, alderik ilunena.... esturatu zuen Beckettek. Horregatik dira bere fikziozko unibertsoak hain urratuak, hain hitsak... esperantza ororen hutsaltasuna bizi ondoren, literaturak herak geure buruaz hitz egiteko ere balio ez digulako.

Modu honetan ulertua, Becketten bilakaera literarioa ixiltasunera daraman bide luze gisara ere defini daiteke, bere azken lanetan, etengabe errepikatzen diren hitzek ez baitute isiluneak urratzea lortzen. Bilakaera literario horren gune nagusiak azaldu beharko balira hiru aldi edo bereiz daitezke irlandar honen literatur produkzioan.

 

Lehen aldia

Lehenengo aldian, 1945 bitarrean argitara emandako eleberriak biltzen dira. Ingelesez idazten zuen Beekettek eta adituek formazio-alditzat ere hartu izan dituzte hastapenetako urteok. Bertan agertuz joan ziren gerora nabarmenagoak izan ziren zenbait ezaugarri : pertsonaia bakartiak egoera oso berezietan, etsipen giroa... Becketten literatur mundu absurdua eratzen hasia zela esan daiteke. Aldi honetako argitalpenik aipagarrienak alurphr ( 1938) eta Watt (1942) nobelak dira.Murphy, izen bereko eleberriaren protagonista, eroetxe bateko langilea da eta emagaldu batekin ezkondu nahi du. Eleberriak aurrera egin ahala, gero eta gertuagokoak egingo zaizkio Murphyri eroetxeko gaixoak. Bigarren planu batean, Murphyren bila abiatutako pertsonaia-multzo baten ibilerak dira kontagai nobelan. Istorioaren amaiera benetan da harrigarria : protagonista gas-eztanda batean hiltzen da eta bere errautsak taberna batean sakabanatuta amaitzen dute. Watt-eko protagonista, berriz, etengabeko borrokan bizi da bere ingurunearekin. Hizkuntzak huts egiten dio eta ezin du aurrerapausorik eman.

Kontamolde nahiko tradizionalak erabili zituen Beckettek lehenengo lan hauetan.

Gehienetan hirugarren pertsona erabiliz, narratzaile orojakile baten ahotan kontatzen dira istoria hauek.

Bigarren aldiranzko hira Mercier et Camier nobelarekin hasi zela esan daiteke.

Narratzailea oraindik ere orojakile den arren, eszenek garrantzi handiagoa dute eta bere antzezlanetan agertuko ziren zenbait elementu, Godot bera kasu, azaldu ziren lehenengoz.

 

Bigarren aldia

Premier amour eleberriarekin aldaketa narratiboa gauzatzen hasi zen. Pertsonaiak narratzaile bihurtu zituen egileak eta mundu subjektiboagoranzko bira ematen hasi zen. Aldi honetako eleberririk aipagarrienak, ezpairik gabe, Molloy, Malone rneurt eta L -innomable-k osatzen duten trilogiakoak dira.

Frantsesa bilakatu zen Becketten hizkuntza literarioa, eta hautapen linguistiko honen oinarrian estilo neutroagoa erabiltzeko desioa zegoen. Kontamolde barroko edo estetizista urotik itzuriz, gero eta gehiago aldendu zen joyce-ren prosa landu eta aberatsetik .

Trilogiari dagokionez, badira zenbait ezaugarri azpimarratzea merezi dutenak.

Batetik, eleberriok "kontatzen" dituzten istorioei dagokiena. Hirurak irakurtzen dituena berehala ohartzen da badela progresiorik lehenengotik azkeneraino, eleberriotako istorioak gero eta ahulagoak baitira. Alegia, L "innommable-n ez dela apenas — istorio" dei daitekeen ezer kontatzen, kontaketaren ezintasuna bera ez bada.

Bestalde, pertsonaiei dagokienez ere, bilakaera aipagarria ematen dela esango genuke, pertsonaien gizakitasunak desagertuz edo ahulduz baitoaz. Molloy makulu batzuei esker ibiltzen bada bizikleta baten laguntzaz, Malone mugitu ezin daitekeen pertsonaia da, hilzorian dagoena, hortzgabea eta helburu funtsezkotzat istorioak kontatzea duena. Trilogiako azken nobelaren kasuan, izenburuak berak iradokitzen duen hezala, izenda ezin daitekeen zerbaiten aurrean gaude. Hitz egiten duen izakia dela besterik ezin daiteke esan.

Berdin mintzo gintezke trilogiako eleberrien denbora-espazio arteko loturez edo narratzailearen ahotsari dagokion alderdiaz.

Zehazgabetasuna eta kontaketaren beraren ezintasuna dira, behin eta berriro, eleberriok osatzen duten unibertso literarioaren ezaugarririk berezkoenak.

 

Hirugarren aldia

Hirugarren aldian, Samuel Beckettek ez zuen apenas eleberririk kaleratu eta antzerkia, irrati gidoiak, zinema, kritika-lanak ... izan ziren nagusi haren literatur produkzioan. Testu labur eta zatikakoak gehienak.

Comment cest 1961ean eman zuen argitara . Bakardade izugarria, izakion bakartasun erabatekoa dira nobela itxurako honen hari tematiko nagusiak. Aurreko lanetan argitara emandako obsesioen ildotik, pertsonaia "ni" esaten ahalegintzen da, modu horretan, "zu" bat, bere izatea ziurtatuko dion irakurle/entzule bat erdietsiko duelakoan. Erantzunak bilatzen ditu obra honetan Beckettek, gizakiaren bakardade eta desolamendu sentimenduei irteera eman nahian. Horregatik, zail da nobela honetan ere istorio jakinik kontatzen zaigula baieztatzea, zailtasun handiz lotzen baitira elkarren artean ahots ahul eta etena barneratzen duten sekuentzia narratibo desberdinak.

Kontatu baino gehiago, iradoki egin nahi du idazleak testu honetan, izatearen dimentsio tragikoa maisutasunez irudikatuz.

Pavesas (Ilaunak) titulupean gaztelaniaz argitara eman ziren antzezlan eta irratitelebistarako lan bilduman ikusten denez, lehenengo lanetik, All that Fall, azkeneraino, Catastrophe(1984), hiru hamarraldi pasa ziren baina hari tematikoak berdinak dira oraindik : heriotza, hutsunea, bakardadea, ixiltasuna... En attendant Godot ezagunaren arrakastaren ondoren, idazle irlandarrak obsesio berdinen inguruan idazten jarraitu zuen, etengabe kateatzen diren testu zatietan bere unibertso narratiboaren elementu funtsezkoenak deuseztatzen. Trajediaren eta fartsaren artean, bere pertsonaiek esperoan jarraitzen dute, zeri itxaroten dioten jakin gabe, etengabe esperoan. Guztia da izendaezina, denbora izan ezik edo bere azken lanetako argi zuri intentsua izan ezik. Gaurtik begiratuta, oraindik ere, izugarria da Becketten lan hauek gugan eragiten duten asaldua.