Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Benito Perez Galdos (1843-1920)

 

Galdos, eleberrigilea eta politikaria

Aurreneko aldiz XVII. mendeaz gero, espainiar literatura berriz ere Mendebaldeko literaturetan lehen mailan jartzea lortu zuen Galdosen obra zabalak. Esan daiteke, Honore de Balzac, Charles Dickens eta eleberrigile errusiarren parez pare, berak sortu zuela eleberri modernoa. Bere garaiko espainiar literaturagintzan, eleberrigintzan zehatzago, idazle bakarra dago zorroztasunean eta izpiritu kritikoan Galdosen parekoa, adiskide izan zuen Leopoldo Alas "Clarin" asturiarra hain zuzen.

Benito Perez Galdos XIX. mendeko Espainiaren erakuslea izan zen, bai bere literatura produkzioaren zorroztasunagatik, bai bere liburuetan agertu zuen errealitatearen zabalagatik. Narraziozko obra erraldoia egin zuen : 46 alez osatutako eleberri historikoen sail bat (Episodios nacionales), 31 eleberri argitaratuak, eta zenbait kontakizun labur ; horrez gainera, azken urteetan batez ere, antzerkirako lanak ere idatzi zituen ; haietako hogeita bi estreinatu ziren.

Galdosen liburu guztiek dute ezaugarri komun bat : errealitateari buruzko ardura.

Idazten hasi zenean ari zen desagertzen erromantizismoaren eragina. Hasiera-hasieratik sumatzen da Galdosen lanean objektibotasuna lortzeko eginahala. Hala, lehen eleberriek badituzte ezaugarri erromantiko batzuk (La fontana de oro, 1870 [Urrezko iturria]), baina, gertaeren marko historikosozialanabarmendu ahala, laster desagertuko ziren ezaugarri horiek. Idazle errealista izanik beraz, zenbait eleberri naturalistak dira, eta beste batzuek berriz, azkenekoekbereziki (Nazarin, 1895 ; Misericordia, 1897 [Errukia]), espiritualtasun berezi baten aldera egiten dute.

Benito Perez Galdos 1843an jaio zen Kanaria Handiko Las Palmasen, erdi klaseko familia aski aberats batean. Aitonaeuskal jatorrikoa zuen, eta Kanarietako Inkisizioaren idazkaria izan zen. Txikitatik izan zen Galdos literatura zalea, eta gaztetan irakurri zituen Cervantes, Quevedo, Victor Hugo eta Dumas. Bere jaioterrian hasi zen idazten, baina laster bidali zuten Madrilera Zuzenbidea ikastera. Han, izeba baten laguntzarekin, eta kazetari lanetan hasita -Dickens-en Pickwick Papers eleberriaren frantsesezko itzulpena argitaratu zuen egunkari batean-, eleberrigintza lantzen hasi zen. Ez zituen Zuzenbide ikasketak bukatu, eta, 1870tik aurrera, buru-belarri jardun zuen eleberriak idazten. Bizimodu normal-normala egin zuen, kontagintzan murgildua beti. Idazle aurrerazalea izan zen eta ideia politiko orobat aurrezaleak zituen.

Ideologiaz liberala zen, eta erraz sartu zen Errestaurazioak ekarri zuen joko politikoan ; 1886an, Sagastaren laguntzaz, diputatu izan zen; baina urte horietan beretan hasi zen bere garaiko politikagintzari buruzko ikusmolde kritiko bat agertzen, egunkarietako artikuluetan nahiz eleberrietan, harik eta Errestaurazioko egoera eta aktibismo politikoa erabat ukatu zituen arte. XX. mendean jada, errepublikar-sozialista aliantzako diputatu izan zen, eta 191ltik aurrera aliantza horren lehendakari gisa jardun zuen.

Talde kontserbadoreen etsaitasunak oztopatu egin zion Nobel sarirako hautagaitza, eta 1897 arte eragotzi zion Espainiako Errege Akademian sartzea. Sarrerako ekitaldian hitzaldi garrantzitsu bat egin zuen,La sociedad presente tomo materia novelable (Gaurko gizarte eleberriko gai modura), eleberriari buruz zuen ikusmoldearen agergarria.

Galdosen bizitzako azken urteak nahiko gogorrak izan ziren, arazo ekonomiko larriak izateaz gainera, itsutu egin baitzen.

Madrilen hil zen, 1920. urtean.

 

Galdosen obra

Galdosen obra, esan den bezala, izugarri zabala da. Hasteko, Episodios nacionales deituriko eleberri saila idatzi zuen, hogei eleberriz osatua, eta espainiar gizartearen sustrai historikoen ikerketa dena (1873-1879). Bi sailetan banatzen dira eleberriak : lehenengoak Gabriel Aracil cadiztar gaztea du ia liburu guztien protagonista, eta espainiar abertzaleen borroka kontatzen da, inbasore frantsesen kontra. Abertzaletasunaren goraipatze horrek arrakasta handia eman zion ; alabaina, bigarren sailean (1875-1879) interpretazio liberala da nagusi : Salvador Mosalud da, gazte frantsestua, akzioko gizona eta liberalismoaren zalea, Fernando VII.aren garaiari buruzko sail honen protagonista. Mendearen hondarrean, 1898an hasita, 1912 arte, sailari jarraitu zion eta beste hogeita sei liburu argitaratu zituen, Zumalakarregirekin hasita.

Galdosek arretaz jarraitu zuen bere eleberrietan, eta xehetasunez deskribatu, Madrilgo hiriaren zabalkundea. Hala, Madrilgo hiri modernoaren sorreraren lekukotasuna utzi zuen, Balzac-ek eta Dickens-ek, hurrenez hurren, Pariskoa eta Londreskoa utzi zuten bezala. Orobat ikertu zituen estamentuak eta ogibideak, bere pertsonaien barrena aztertu zuen eta baita deskribatu ere ia psikiatriak oraintsu ikertu dituen arazo eta sindromeak. Ikerlari bat bezalaxe arituzen Galdos bere pertsonaiak eta haien eguneroko bizimodua aztertzen : etxebizitzen egoera, bizitzeko moduak, higienearen nolakotasuna, entretenimenduak, handitasunaren irrika eta gorenera heldu nahia, hori guztia eta gehiago maisutasunez agertzen asmatu zuen.

Gorago esan bezala, antzerkia ere landu zuen; ez da harritzekoa pertsonaien elkarrizketen maisutasuna ezaugarri nagusietakoa duen eleberrigile batengan. Hala ere, ez zituen kalitate handiko antzerti lanak egin, nahiz eta gai interesgarrikoak izan eta helburu berriztatzailez idatzi zituen. Bere antzerti lanetako batzuek arrakasta handia izan zuten, baina arrakasta hori gehiago zor zaio aurkezturiko gaien interes politikoari obren kalitateari berari baino. Bestalde, gutun asko idatzi zuen, oso interesgarriak bere eleberrien sorreraren prozesua ulertzeko . Galdosen obra zabala beraz eredu argia da nobela zer den ulertzeko, ez nobelaren paradigmatzat hartuta, nobelaren eginbidearen erakusgarri gisa baizik.

 

Lehen garaiko eleberriak

Galdosen lehen aldiko lanek nobela historikoaren alde egiten dute, beti ere irudi edo pertsonaia bereziak azpimarratuz.

Egoera objektibo batean pertsonaia batzuetan gatazkatsuak ageri dira, erromatizismoaren kutsua dutenak, -Doña Perfecta, La familia de Leon Roch (Leon Roch-en familia), Gloria eta Marianela-, baina banakoari dagokiona eta taldeari dagokiona bateratuz, zentzu bera baitute azkenean. Alabaina, historiaren eta eleberriaren aldizkatze horretan, egilea heldutasunaren gailurrera iritsi zenean, kontagintzaren autonomia gailendu zitzaion historiari.

Lehen garai honetako eleberriak sarritan dira egilearen iritziaren adierazgarri ; tesiko nobelak dira, eta, horrexegatik, murriztua dute autonomia artistikoa. Izan ere, une horietan, egilearen kezka nagusia, ardura inportanteena, bere herrikideen konponezina zen, Independentziako gerraren ondorioak banatuak utzi baitzituzten. Eleberri hauen gai nagusia, azken finean, fanatismo katolikoaren eta tolerantzia liberalaren arteko kontrakotasuna da, eta bere garaiko polemika intelektual gogorra jasotzen dute. Leon Roch-ek, nolanahi ere, kontamolde berri bat iragartzen du, aurreko eleberrietako gertaleku irudizkoak bazterturik bere garaiko Madril erreala hautatzen baitu bere istorioak kokatzeko, ondorengo obretan ere agertuko diren pertsonaiekin .

 

Bigarren garaiko eleberriak

La desheredada ( 1881, Herentziaz gabetua), Clarinek espainiar lehen eleberritzat hartua, europar kontagintzak, frantsesak bereziki, XIX. mendean zehar sortu zuen eredu errealista-naturalistaren adibide betea da. Eleberri honetan maisutasunez baliatzen ditu egileak tresna formalak, kontalari orojakilearen jarduna eta pertsonaien barne ikuspegia, gutun, egunkari eta antzerkiko elkarrizketekin konbinaturik. Espainiako lehen eleberri modernoa da, Galdosen "eleberri garaikide" deritzanetan lehena . Sail hau madrildar gizartearen panorama bikaina da, Balzac-en la Comedie Humaine-ren parekoa. Eleberri ezezagunenak -El doctor Centeno ( 1883), Tormento eta La de Bringas ( 1884koak biak), hurrenez hurrenekoak dira kronologiaz, eta nobela bateko bigarren mailako pertsonaiak ondorengoaren protagonista izatera igarotzen dira. Dena den, Fortunata y Jacinta da (1886-18887) garai honetako obra nagusia, eta orobat Galdosen obra osoaren bilduma eta gailurra ; "emakume esposatuen bi istorio" du azpititulua, eta XIX. mendeko pertsonaien bilduma bizi-bizia da. Beste eleberri batzuetan fisiologiari buruzko ardurak -ohikoa naturalismoan-, barne azterketa psikologikoaren bidetik, kontagintzaren beste ikusmolde bat dakar, Miau eleberrian (1888) agerikoa.

 

Azken obrak

1889an, La incognita (Ezezaguna) eta Realidad (Errealitatea) obrekin, esperimentalismo formalaren froga argi bat eman zuen Galdosek : bi nobela hauek argumentu eta pertsonaia berak dituzte, baina kontagintzaren perspektibak (lehen pertsona eta elkarrizketa, hurrenez hurren), desberdin egiten ditu. Urteotako Galdosen eleberriek Europako kulturetan oro har bizi zen eredu errealista-naturalistaren krisia eta kontagintzaren bide berrien bilaketa ageri dute.

Galdosek, bilaketa horretan, azterketa psikologikoa, dramatizazioa eta Tolstoirengandik gertu dagoen espiritualtasun bat erabili zituen. Angel Guerra (1890-1891), Tristana (1892), Nazarin (1895), Alma (1895) eta Misericordia (1897) eleberrietan argi dago kontakizunaren berritze nahi hori, era berean gorago aipaturiko Episodios nacionaleseko azken sailean ere ageri dena, garai honetako baita. El caballero encantado (l9O9), "ipuin erreal... sinesgaitza", alegia alegoriko bat da, erradikalismo politikoa adierazten duena, eta errealismoa erabat baztertzen duena.