Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Henry James (1843-1916)

Henry James (1843-1916) New Yorken jaio bazen ere, Europa, eta bereziki Britainia Handia, izan zuen bigarren aberria. Bere lagun handiak izan ziren R.L.Stevenson eta R.Kipling-en antzera, bulkadaka idazten zuen Jamesek, eta, horregatik, ez da inondik ere harritzekoa bere bibliografia benetan oparoa izatea. Argitara emandako lanen artean, 20 eleberri baino gehiago, 100 ipuinetik gora, 12 antzezlan, 6 bidaia-kronika liburu, 3 autobiografia eta 10 saiakera-liburu konta daitezke. Horiez guztiez gain, Henry Jamesek igorritako milaka gutun ezagutzen dira.

Zertzelada biografikoei dagokienez, kultura handiko familia batean sortu zela azpimarratu behar da. Jamesen aita, izen bereko filosofo-teologoa, Swedenborg-en jarraitzailea izan zen eta heziketa kosmopolita eta inkonformista ematen ahalegindu zen bere bost seme-alabei. Horietako bat, William James psikologo-filosofo ezaguna Henryren anaia izan zen. Henryren aitarentzat heziketarik egokienak, askea, zabala, erlijio nahiz sistema politiko jakin batekin loturarik gabekoa behar zuen izan.

Hori lortzeko, benetan lagungarri suertatu zitzaizkion familiarekin Europarantz egin zituen bidaiak eta egonaldiak. Joan-etorri guztiotan Henry gaztearen irakurzaletasuna sendotuz joan zen.

Zuzenbide ikasketak utzi ondoren, hogeita bat urte zituela, literaturgintzan jardutea erabaki zuen Jamesek. Hasieran ipuingintza eta kritikagintza landu bazituen ere, nobelagintzan lortu zituen emaitzarik interesgarrienak . 1872an Europara joan zen bizitzera, Parisera. Han ezagutu zituen I.

Turgeniev, F. Flaubert, E. Zola, G. de Maupassant, A. Daudet eta beste. Turgenievengandik ikasi zuen pertsonaien psikologian oinarritutako nobelak egituratzen ; errealista frantsesengandik, berriz, gertakarien deskribapen zehatzak egiten.

1875etik aurrera, Londresen hartu zuen bizitokia, eta han, A. Tennyson, George Eliot, R. Browning, J. Conrad, R.L. Stevensoneta R. Kiplingekin harremanetan jarri zen. Ordukoak dira The Passionate Pilgrim (1871, Pilgrim erromesa) ipuin bilduma eta Roderick Hudson (1876) nobela.

1875-1900 artean bere narrazio, kritikalan eta antzerki gehienak idatzi bazituen ere, gaurko kritikariek gehien estimatzen dituzten nobelak geroagokoak dira : The Wings of Dove (1902, Usoaren hegoak), The Ambassadors (1903, Enbaxadoreak) eta 7-be Golden Bowl (1904, Urrezko ontzia). 1916an hil zen, britainiar hiritar egin ondoren. Amaitu gahe utzitako lanen artean The Ivory Tower (Bolizko dorrea) eta 7-be Sense of the Past (Iraganaren sentzua) nobelak eta bere autobiografiaren hirugarren alea geratu ziren.

Lehenago esan den hezala, narratibazko lanek eman zioten osperik handiena Jamesi.

Adituek esandakoei jarraituz, hiru epe bereiz daitezke Jamesen bilakaera narratiboan.

 

Lehen aldia

Aldi honetak eleberri gehienak molde errealistan idatziak dira, egilearen beraren biografian oinarrituak, eta Europatik Ipar Ameriketara egin zituen bidaien ondoriotzat hartzekoak. Itsasoaz haraindiko eta honaindiko kulturen desberdintasuna aztertzen du Jamesek nobela hauetan. Sail honetan nabari dira Roderick Hudson (1875), The American (1877, Amerikarra), The Europeans (1878, Europarrak, Irene Aldasorok itzulia), Daisy Miller (1878) eta beste.

Eleberriotan guztiotan irudikatzen diren gizarteak arras dira desberdinak. Batetik, Ipar Ameriketako gizartea, berdintasunean eta askatasunean sinesten duena, inozoa batzuetan . Bestetik, europar gizartea, tradizio historikoak itoa. Bi kulturen eten hori The portrait of a Lady (1881, Dama baten erretratua) izeneko nobelan ezin hobeto adierazten da.

 

Bigarren aldia

1881-1901 bitarteko urteetan molde desberdineko nobelak eta antzezlanak idatzi zituen Jamesek. Azken hauek arrakasta handi-handirik ez bazuten ere, elkarrizketaren teknika eta eszenen antolaketa lantzeko baliagarriak izan zitzaizkion egileari. Orduan lortutako trebetasunari esker, pertsonaien izaera eta pentsamoldea elkarrizketa biziz testuratzen ikasi zuen egileak.

Narraziozko lanei dagokienez, hasieran gizarte-erreformaz eta ideologia iraultzaileaz mintzo ziren bi nobela luze eman zituen argitara : The Bostonians (1886, Bostondarrak) eta The Princess Casamassima (1886, Casamassima printzesa). Geroagoko nobeletan, 1895etik aurrera argitara emandakoetan, artistaren eta gizartearen arteko harremanak edo naturaz gaindiko gertakariak izan zituen hizpide : What Maisie Knew (1897, Maisiek zekiena) eta The Turn of the Screw (Koxka bat estuago, J. Urteagak itzulia) eleberri bikainak esaten ari garenaren bi adibide egoki dira. Helduen eta haurren arteko mugak, izumena eta azterketa psikologikoa, irakurlearen jakinmina eta gertakarien dosifikazio narratiboa Jamesen nobela horietako osagai funtsezkoak dira.

 

Azken urteak

Bere azken urteetan, 1909-1916 bitartean, idatzi zituen Jamesek aurreko bi nobelekin batera kritikariek gehien estimatzen dituzten lanak : The Wings of Dove (1902, Usoaren hegoak), The Ambassadors (1903, Enbaxadoreak) eta The Golden Bowl (1904, Urrezko ontzia). Nobela psikologikotzat har daitezkeen hauetan sakontasun handiko pertsonaiak sortu zituen iparramerikar idazle honek.

 

Ezaugarriak

Jamesen eleberrigintzaren hari tematiko nagusia bizitzaren aurrean sortzen diren galdera moralek eta emozioek osatzen dute.

Idazle honentzat, eleberriak bizitzaren aurrean dauzkagun harridurak argitu nahi ditu, bizitza ulertzen laguntzen digu. Hori lortzeko, pertsonaien psikologian sakontzen du Jamesek eta obserbazio hutsa gaindituz, kontzientzia baten bilakaera deskribatzen ahalegintzen da. Horregatik, ez zaio ustez argia eta deskribagarria den errealitatea kontatzea interesatzen, eta nobela errealistarentzat hori bazen helburu nagusia, Jamesentzat beha daitekeen errealitateaz haratago joatean dago koxka, errealitateak gugan eragiten duen ilusioaren azterketan.

Bere nobeletan aurki daitezkeen sakontasun eta deskribapen psikologiko iradokitzaileak izan dira, hain justu, geroago barne bakarrizketa landuko zuten egile ezagunen akuilu. Joycek, Richardsonek edo Woolfek aitortu zuten moduan, pertsonaien barne munduan arakatzen duen nobelagintzak asko zor dio H. Jamesi.

Esandakoaz gain, Jamesen bilakaera narratiboan erraza da errealismotik estilo formalistagora doan ibilbidea zedarritzea.

Adituen iritziz, ingelesek iradokizunerako eta abstrakziorako duen ahalmena frogatu zuen egile honek, eta azken emaitza landuegia izateak ez zuen gehiegi ardura. Izan ere, Jamesek oso era aristokratikoan ulertzen zuen literaturgintza. Berdin zitzaion gutxiengo batentzat idaztea edo oso modu selektiboan jokatzea, kontua berritzea zen, nobelagintza tradizionalari bizkar ematea.

Nobelagintzaren berrikuntzari buruzko kezka hori Jamesen kritika lanetan ikus daiteke. 1907-1909 artean bere nobelei egin zizkien Critical Prefaces (Hitzaurre kritikoak) direlakoetan ikuspuntuaren auzia izan zen, ezbairik gabe, iparramerikar egile hau gehien arduratu zuen alderdi teknikoa. Ikuspuntuaren garrantzia azaltzean 7 -be House of Fiction (Fikziozko etxea) irudia darabil The Portrait of a Lady nobelari egindako hitzaurrean : etxearen leihoetan pertsonaia desberdinak kanpoko gertaera bati begira daude. Bakoitza bestearengandik desberdina den heinean, eta kokaleku guztiak ere berdinak ez diren neurrian, gauza desberdinak ikusten dituzte.

Esandakoaz gain, The Art of Fiction (1884, Fikzioaren antzea) artikuluan nobelagintzak literaturan duen garrantziaz eta lekuaz mintzo da James. Artikulu horretan esaten duenez, tradizio victoriarretik ihes egin nahi du, Dickensek eta Thackerayk nobelaren formaz zuten kontzeptua naiftzat hartzen baitu. Jamesentzat norberak bizitzaz duen inpresioa da nobela, eta horregatik, inpresio hori sinesgarriagoa izandadin, narratzaileak pertsonaia baten ikuspuntutik kontatu behar du istorioa. "Kontzientzia gunea"-k narratzaile orojakilea baztertzen du, eta guk errealitatea gure begien bidez antzematen dugun bezala, nobelako pertsonaiak bere begien bidez sumatu behar du errealitatea.

Horren arabera, errealismoa ez dago nobelaren gaian bertan, tratamendu berezi batean baizik. Rene Wellekek dioen modura, Jamesekin errealismo kontzeptua aldatu egiten da, eta hemendik aurrera, XIX.. endeko nobelagintzaren ezaugarri zen narratzaile guztiahaldunak zuen jarrera boteretsua sinesgaitza suertatuko zaio irakurleari.

Objektibotasunaren izenean, desagertzea eskatuko zaio narratzaileari, eta hori onartuz,kontateknika desberdinen artean showing (erakustea) telling (esatea) baino egokiagotzat joko da. Azken batean, Flauberten nobelagintza hobetsi egingo da, eta ez Balzac, Dickens,... eta hainbatena. Henry Jamesen teorien defendatzaile sutsuena P. Lubbock kritikaria izan zen bere The Craft of Fiction (1921, Fikzioaren ofizioa) liburuan.

Edozein modutan delarik ere, Jamesentzat nobelak erakarri egin behar du irakurlea, entretenitu eta dibertitu. Horretarako, kontzientzia-gune baten inguruan antolatutako istorioa testuratuko du narratzaileak, eta bizikizun ezkutuenak ongi dosifikatzen ahaleginduko da. Modu honetan jokatuz, hasieratik bertatik ziurtatuta dauka egileak istorioa irakurtzen diharduenaren arreta.