Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Victor Hugo (1802-1885)

Victor Hugo poeta, drama idazlea eta eleberrigilea izan zen. Bera da frantses idazleetan nagusia : Frantzian ez da inon falta haren izena duen kalerik edo plazarik. Politikaria ere izan zen, eta eraso egin zien Bonapartismoari eta autoritarismoari. Zahartuta hil zen (laurogeita hiru urte zituela), eta obra ikaragarri zabala osatu zuen. Lanerako ahalmen izugarria zeukan : bere lagunek ziotenez, prosazko hogei orri edo ehun lerro bertso ontzen zituen goizero-goizero . Prosaz eta bertsoz idatzi zuen beraz, eta adituek diotenez, hitz lauzko lanek, oro har, bertsozkoa esplikatzeko helburua dute. Obra erraldoi horretan genero guztiak sartzen dira ; maisu baten trebetasunaz darabil hizkuntza, eta irudimen handiz janzten du poesiarako etorria. Erretorika konplexuaz baliatuta, Hugoren irudiek itxura fantastikoa ematen diote errealitateari. Bestalde, erromantiko bete-betea izanik, sinetsirik zegoen jeinuari dagokion eginbehar moralaz, eta Ederrera zein Egiara iristeko gidaritzat hartzen zuen bere burua ; urrikia eta onginahia erakutsi zuen beti jende xumearenganako eta beginmea izadiarekiko. Aldi batez Euskal Herrian bizi izanzen, Pasai Donibanen, eta euskaraz poliki moldatzera ere iritsi omen zen. Euskal Herriaz gauza interesgarri asko kontatu zituen Pirinioak lanean.<br><br>

 

Frantses erromantiko handia

Victor(-Marie) Hugo Besancon-en jaio zen 1802. urtean. Aita armadako ofiziala zuen, eta bidaian eman zuen Hugok haurtzaroa, Korsikara eta Espainiara aitarekin, Parisa amarekin. Amak bultzatuta, txikitan hasi zen idazten, eta orobat sariak jasotzen : errege familiako poeta izendatu zuten, eta soldata moduko bat ere eman zioten. 1819an aldizkari bat sortu zuen, Le Conservateur Litteraire, eta 1822an argitaratu zuen lehen liburua, Odes etpoesies diverses (Zenbait oda eta poesia). Urte horretan bertan, bere ama hil ondoren, Adele Foucher-ekin ezkondu zen. Orduan hasi zen eleberriak idazten ere -Hans d Islande (1823, Hans Islandiakoa)-, odak -Nouvelles odes (1824, Oda berriak), eta artikuluak. Aitarekin zenbait urtez haserre egon ondoren, garai hartan adiskidetu ziren, eta orduantxe hasi zen Hugo erromantizismoaren buruzagi gisa agertzen.Joera berri hori Bur Hargal eleberrian ageri da -Santo Domingoko beltzen matxinada bati buruzkoa da-, eta Odes et Ballades liburuan (1826, Odak eta baladak) ; bertan, aurreneko aldiz, Napoleonen irudia gogoratzen du egileak. Alabaina, antzerki lan batean agertu zen argien Hugoren joera erromantikoa, Cronwell-en (1827). Aurreneko drama historiko erromantikoa izateaz gainera, egileak hitzaurrean agertzen du literaturaren historiaren filosofia, eta drama -eta gizon modernoaren dramarako zaletasuna- definitzeko saio bat ; kontrasteetan oinarritua egonik, bizitzaren irudia baita drama Hugorentzat. Neurri batean esperimentalak dira garai honetako lanak ; era berean, nabarmena dute Sortaldearen erakarmena -garai hartan arkeologoek, margolariek (Delacroix) zabaldua-, Les Orientales-ekin (1828) gorena jotzen duena.

 

Historiaren poesia

Borbondarren monarkiaren azken urtean argitaratu zuen Hugok, heriotza zigorraren kontra, Les Derniers jours d'un condemne (1829, Kondenatu baten azkeneko egunak), sozialismo utopikora jotzen duen dotrina morala harturik abiapuntutzat. Antzerkian ere bide horrixe heldu zion, hausnarketa politiko-historikoari alegia, zentsurak debekatuko zuen Marion de Lorme-rekin (1829). Antzerki instituzionalaren kontra, klasikoen errepikatzea baitzuen helburua, Hernani drama ondu zuen Hugok (1830) ; lehen emanaldian, Hugok irabazi zuen erromantiko gazteen eta klasikozale tradizionalisten arteko gudu literarioa. Alabaina, lanaren arrakasta gehiago etorri zen, argumentutik baino, bertsoaren soinu eta indarretik. Dena den, Hernani-z geroztik, erromantiko gazteen belaunaldi batek beretu zuen Comedie Francaise-ko talde kontserbadorearen feudoa.

1830. urtea oso inportantea izan zen Hugorentzat, gauza asko gertatu baitziren : Luis Feliperen estatu kolpea -haren aldekoa zen idazlea-; emaztearengandik urrundu zen ; Notre-Dame de Paris hasi zen idazten (hurrengo urtean argitaratuko zen). Eleberri hau konkordun batek eta apaiz batek maite duten neska eder baten istorioa da, Esmeraldarena ; baina aldi berean da Pariseko erdiguneko katedralaren istorio bizia.

Obraren asmoa, hain zuzen ere, paper eta harri azpian ezkututarik dauden mitoak irakurlearen irudimenean piztea da, hiriko monumentuen arima agerian ipintzea. Poesia idazten jarraitu zuen : Feuilles dautomne (1831, Udazkeneko orriak), Les Chants du crepuscule (1835, Ilunabarreko kantuak),bere barneko bizikizunak eta politikoak aldizkatzen dituena, eta orobat antzerkia, historikoa gehienbat: Le Roi samuse (1832, Erregea jostatzen ari) -lan horren operako bertsioa da Verdiren Rigoletto-, Lucrece Borgia (1883), Angelo, tyran de Padoue (1835, Angelo, Paduako tiranoa) eta Ruy Blas (1838).

 

Poeta morala

Bitartean, etengabe lantzen zuen Hugok poesia morala. ClaudeGzzezrxobran ( 1834), gizon batek miseriatik gillotinara egindako ibilbidea agertzen da, babesgabeei laguntzen dien eta biktima errugabeak irensten dituen gizarte bati buruzko hausnarrean.

Bere ezkontza erdi desegina zegoelarik, antzezle gazte bati lotu zitzaion, juliette Drouet (hil arte izango zuen lagun leiala). Maitasun horren ondorio da Les Voix interieures bilduma lirikoa (1837, Barne ahotsak). Les Ravons et les ombres (1840, Errainuak eta itzalak) liburuak erakusten du nola hizkuntza poetaren bizitzaren berridazketa den, moral sozial baten oinarriak agertzen dituena aldi berean. Edozein gertaerak aurkitzen zuen Hugorengan oihartzuna : Napoleonen errautsak itzuli zirenean Le Retour de l Empereur (1840, Enperadorean itzulera) idatzi zuen ; Le Rhin (1842) lanean agertu zuen Julietterekin Rhin ibaian barna egin zuen bidaia.

Alaba maiteena, Leopoldine, istripu batean itota hil izana (1843), eta Les Burgraves obraren porrota (1842), aipatzen dira, oro har, Hugoren bizitzaren beheraldi baten eta poesia utzi izanaren arrazoitzat. Hala ere, politikagintzan jarraitu zuen bete-betean, eta baita Akademiako lanetan ere. Izan ere, Hugoren literaturaren arrakastak 184lean lortu zuen ezagutza ofiziala, hiru saioren ondoren Academie Francaise-n onartu baitzuten, eta 1845ean berriz Pareen Ganberako kide egin zuten. Alabaina, berehala sortuko zizkion arazoak bere pentsamolde politiko eta sozialak, 1848ko iraultzaren ondoren.

 

Erbestealdia

IL Errepublika sortu ondoren (1948) -errepublikarren alde egin zuen Hugok-, Luis Napoleonek (Napoleon III.a) estatu kolpea jo zuenean, 1851n, alde egin behar izan zuen idazleak Frantziatik ; izan ere, berriro heldu zion miseriaren gaineko eta sufragio unibertsalaren eta prentsa askatasunaren aldeko bere diskurtsu zaharrari ; lehengo errejimenaren ukoa matxinada bihurtu zen estatu kolpearen aurrean. Frantziatik alde eginda, Belgikan erbesteratu zen aurrena, eta Ingalaterran gero. Frantziatik urrun, Hugok barregarri jarri zuen enperadorea Napoleon le Petit obran (1852, Napoleon txikia), eta babesa eta dieta eskaini zien errepublikar abertzale eta erbesteratuei.

Les Chatiments (1853, Zigorrak) obra gogorra da, diktadorearen bortizkeriari bortizkeriaz erantzuten diona. Obra horren ondorengoan, Les Contemplations (1856), aurrekoaren bide beretik, giza patu oro beretzen duen morala bihurtzen da idazkera, barne bizitzaren adierazpen eta memoriaren dimentsio mitikoaren kosmologia.

 

Les misèrubles.

Komuna

La Legende des siècles idazten ari zela (Mendeetako elezaharra), Hugok berriz hartu zituen Misères (Miseriak) titulupean bilduak zeuzkan zirriborroak, LesMiserables izango zen eleberria osatzeko (Miserableak).

Argitaratu zenean, 1862an, izugarrizko arrakasta izan zuen, era guztietako irakurleen artean gainera ; sekulako ospea eman zion, Frantzian ez ezik, baita atzerrian ere, segituan itzuli baitzen kanpoko hizkuntzetara.

Miserableak Pariseko mundu ezkutuan gertatzen da, eta detektibe istorio bateko suspentsea du ; Frantziako historiaren zati bat ere bada, Errestauraziotik Luis Felipe arte.

Liburu honen arrakastak irakurle kopuru zabal baten mundu ikuskera adierazten du, Hugoren espiritualtasunean jokabide moral baten oinarria aurkitu baitzuten, eta haren fantasian beren irudimeneko mamuak. Les Travailleurs de la mer eleberrian bere mezua osatu zuen (1866, Itsasoko langileak) : horixe da dudarik gabe Hugoren lanik poetikoena eta osatuena, irudi fantastiko eta surrealetan oparoa. Proletarioen egoera gero eta gehiago da Hugoren eleberrigintzaren ardatza, eta idazlea gero eta gehiago aurkitzen da halabeharraren mende (itsasoaren, izadiaren halabeharraren mende), eta orobat gizakiaren bihotzean beti nagusitzen den halabeharraren mende.

Erbestea, Hugok betiko zela uste zuena, bat-batean amaitu zen 1870ean. Napoleon III.aren abdikazioarekin, Parisa itzuli zen idazlea. Sekulako harrera egin zioten, eta sinbolo baten balioa hartu zuen. Pariseko Komuna eta ondorengo zapalkuntza, gai historikoa eta mitikoa bihurtu ziren L Anee terrible obran (1872, Urte izugarria), hain zuzen ere Frantzia atzerakoiak gutxiesten zuen artean. Komuneroen matxinada izan zen halaber, zeharka bada ere, Quatrevingt-Treize eleberriaren inspirazio iturri (1894, Laurogeita hamairu) : gaia Frantziako Iraultza eta Vendee-ko zapalkuntza da, Hugoren aitak parte hartu zuena.

 

Azken urteak

Hil arte (1885) jarraitu zuen Hugok poesia idazten. 1883an amaitu zuen Mendeetako elezaharra. Bertan epopeia mitologiko handi baten moduan lantzen da historia, Genesitik hasi eta XX. mendearen hasiera arte, sinbolo ugarirekin, aipamen metafisiko, erlijioso eta kulturazkoekin ; hizkera eta erritmo baliabide oparoez dago idatzia, ikuspuntu fantastiko guztiz indartsu batez.

Ezaugarri horiek ematen diote Hugori modernotasuna . Azken egunak arte joan zen Senatuko biltzarretara (han komuneroi amnistia ematearen alde borrokatu zen, besteak beste) eta Akademiara. 83 urte zituela hil zen, Parisen. Frantziako poeta nazionala bihurtuta, hileta nazionala egin zioten, Garaipen Arkuan ipini zuten zerraldoa eta Pantheon-en hilobiratu zuten.