Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Choderlos de Laclos (1741-1803)

 

Militar etsi eta gogaitu bat

Pierre-Ambroise Choderlos de Laclos 174leko urriaren 18an jaio zen Amiens-en.

Aita erregearen administrazioko idazkaria zuen. 1759an militar ikasketak hasi zituen.

1778an Frantziak atlantikoko uharteak eta kostaldea gotortu behar izan zituen ingelesen eraso arriskuari aurre egin ahal izateko ; Laclos kapitaina deitu zuten 1779an Aix uharteko gotorlekuko buruzagia izan zedin.

Baina itsasoan ingeles ontzirik ageri ez, Laclos gogotik aspertu bide zen eta idazten eman zituen hango ordu luzeak ; han izan zuten beraz sorrera Les liaisons dangereuses (Harreman arriskutsuak) liburuko lehenengo gutunek.

1788an Laclosek gudarostea aldi baterako utzi zuen eta politikari lotu zitzaion.

Orleanseko dukearen zerbitzura hasi zen lanean idazkari gisa, eta haren gerizan parte hartu zuen Laclosek Frantziako Iraultzan.

1789an Londresen erbesteratu behar izan zuen Orleanseko dukearekin eta 1790ean, Parisa itzulirik, jakobinoen klubean sartuzen. 1792an gudarostean sartu zen berriz, Gerra Ministerioko komisario izendatu zuten eta gudaroste iraultzailearen aurka borrokatu zen Valmy-ko guduan.

1792an Orleanseko dukea diputatu hautatu zuten, baina monarkia berriro aginpidean jarri eta bera errege izateko asmotan zebilela egotzirik hil zuten 1793ko azaroan. Laclos ere arriskuan egon zen, 1793an bi aldiz atxilotu zuten, Orleanseko dukearen alde azpijokoan ari izan zelakoan; heriotza zigorraren beldur izan zen hura ere, baina 1794an askatu egin zuten.

Gudarostean berriz sartzea eskatu zuen, baina uko egin zioten eta Hipoteken Idazkari Nagusi izendatu zuten eta lanpostu horretan jardun zuen gudarostean berriz onartu zuten arte. 1800ean, Bonapartek artileriako jeneral izendatu zuen eta Rhin-eko gudarostera bidali. Gero Italian borrokatu zen, eta 1803ko irailaren 5ean hil zen Tarenton, Napoli inguruan, disenteriak eta malariak jota.

 

Gutun bidezko nobela eta nobela libertinoa

XVIII. mendean gutun bidezko nobelak urrezko aroa izan zuen Frantzian, batez ere 1760 eta 1780 bitartean. Goraldi hori mende hartako gizartearen ispilu izan zen, izan ere, gutunak idazteko ohitura oso errotua zen gizarte hartako agintari, dirudun eta nobleziako jendeagan. Gizaldi hartan gizarte harremanek garrantzi handia zuten, eta, solaskideak elkarrengandik urrunduak ziren orduko, gutunak ordezkatzen zuen solasaldia . Gaurdaino gorde diren garai hartako benetako gutunek aski lekukotasun garbia ematen dute gutun haien literatur kalitateaz.

Gizarte harremanetarako kode estu eta zehatzak zituen gizatalde baten ispilu dira gutunak ; maiz gutunak ez zuen hartzaile bakarra izaten, lagunartean irakurtzeko xedez egina izaten zen, eta horretxek zekarren kalitate artistiko handia erakutsi nahia.

Gizarte ohitura horri jarraiki, XVIII. mendean gutun bidezko nobelak bilakaera luzea ezagutu zuen Frantzian ; ahots bakarreko gutunetatik, ahots anitzeko gutunetara.

Laclos izan zen hain zuzen genero horren baliabide guztiak maisu baten gisa erabiliz eta muturreraino eramanez maisu lan bat egitera iritsi zena. Asko dira gutun bidezko nobelak, baina La Nouvelle Heloi'se (1761, Heloise berria) da gutun bidezko nobelek eredutzat izan zuten nobela. Liburu horretan Rousseauk bikain erabili zituen genero horren baliabide anitzak, eta ahots, pertsonaia, doinu, estilo aniztasun hori ikasgai gertatu zitzaion Laclosi.

Gutun bidezko literaturaren gailurra izateaz gainera, Laclosen liburuak nobela libertinoaren ekarria biltzen du. Alderdi batzuetan antzematen zen zilegitasunaren eta aldi berean Antzinako Aroaren moralarekin eta erlijioarekin etenik egin ez zuen gizarte hark oso kontuan hartzen zituen debekuen arteko tirabira ongarri emankorra izan zen literatura libertinoarentzat. Genero horrek debekuak behar baititu ; aisiarako denbora eta dirua baduen eta lan egiteko beharrik ez duen jendea behar du ; eta behar ditu orobat elkarri gaizki esaka eta elkarren zelatan ibiltzea zeregin nagusi zuten eta XVIII.mendeko goi mailako gizarteak hain maite zituen lagunarte eta bilkura haiek. Pertsonaien tipologia jakin bat, gertakizun multzo bat eta estilo zehatz bat da genero horren ezaugarri nagusia. Genero libertinoaren estilo baliabideak (ahalik gehiena iradokiz ahalik gutxiena esatea, esan gabe ulertutakoak, hitz jokoak, esanahi bikuneko perpausak, antitesiak) Laclosek beste estilo desberdinekin nahastu zituen, errejistro eta doinu aniztasuna emanez bere obrari.

 

Harreman arriskutsuak

Laclos 1779an hasi zen Harreman arriskutsuak idazten, Aix uhartean egon zen bitartean, eta 1781ean bukatu zuen, agintari militarrek eman zioten sei hilabeteko oporraldia bitartean, liburu horrek emango ziolakoan gerrak ukatzen zion aintza. Tillyko kondeak bere Oroitzapen Liburuan ematen digu Laclosen asmoen eta iritzien herri, Laclosek herak esan zizkion hitzen bidez : ...inork entzungo ez zituen hil eresi batzuk ondu eta irakurleen eta neronen onerako sekula inprimatuko ez diren neurtitzak idatzi ondoren, eta ez aitzinamendu handirik ez omen handirik ekarriko zidan lanbide bat ikasi ondoren, ohiko bidetik aterako zen liburu bat idaztea erabaki nuen, zarata handia egingo zuen liburu bat, ni hil ondoren haren oihartzunak lurraren gainean iraun zezan , Harreman arriskutsuak beraz militar etsi eta gogaitu baten obra anbizio handikoa da, 1782an argitaratua, Durand argitaratzailearen etxean, lau liburukitan. Lehenengo argitaraldia 2.000 alekoa izan zen eta berehala agortu zen. Handik gutxira, Durand jaunak heste argitaraldi bat egin zuen.

1782ko urte hartan bertan, jatorrizko argitaraldiaz eta bigarren argitaraldi zuzenduaz bestalde, liburuak heste zazpi argitaraldi izan zituen. 1784tik 1796ra, Laclos bizi zelarik alegia, beste hamabi argitaraldi egin ziren, haina Laclosek arestian aipatutako lehenengo biak baizik ez zituen onartu, eta beste guztiak gaitzetsi. Berehala nobela horrek sekulako arrakasta izan zuen eta eskandalu handia sortu ; haren oihartzunak zeharo gainditu zuen Laclosen itxaropena.

Eta agintariek haren aurka hartu zituzten neurriek areagotu baizik ez zuten egin liburuaren ospea.

Harreman arriskutsuak nobela psikologikoen obra aitzindaria da, gutun bidezko nobelen eta literatura libertinoaren ekarria bildu zituen, eta, intriga eta azpijokoa ardatz harturik, XVIII. mendeko emakumeen egoera salatu zuen, eta gizon-emakumeen arteko aginpidezko harremanetan sakondu. Nobela horren alderdi batzuk aipatuko dira segidan.Gaizkiaren eta azpijokoaren gaia -XVIII.. endeko nobelagintzan maiz agertzen dena- da Laclosek landu zuen alderdietako bat, bere pertsonaia nagusien kidetasun misteriotsuak elkarrekin egindako txikizioak dira nobela horren oinarria, ez dira ordea txikizio fisikoak, psikologikoak baizik, baina hargatik maiz eragiten dute biktimen etsipena, lur jotzea eta heriotza. XVIII. mendeak, Argien eta Arrazoiaren mendeak, oso kontuan hartua zuen orobat eromenaren arazoa, eta interes horren lekukotasuna ageri da nobela honetan ere.

Harreman arriskutsuak nobelan erlijioaren itzala nonahi nabari da : erlijio katolikoko sakramentu batzuen, eta batez ere erlijiozko mintzairaren aipamena eta eragina . Ez bakarrik erlijioari atxikiak ageri diren pertsonaietan, baita libertinoengan ere, eta askoz harrigarriagoa eta eragingarriagoa da libertinoek erlijiozko mintzairaz egiten duten erabilera, deboziozko mintzairaren imitazioa, heren asmoen arabera trebe erabiltzeko . Nobelaren izenburuak berak ere deboziozko mintzairaren aipua dakar. Politikaren erretorika oraindik nagusitu ez zen garai hartan, galderak, errepikazioak eta sermoien erretorikak berezko dituen gisa horretako baliabideak Laclosek ezin hobeki erabili zituen. Kontuan hartzekoak dira baita ere aitortzaren eta oliadurako sakramentuaren aipamen garbiak. Aitortzak eragina du gertakarien bilakaeran, eta pertsonaia batzuek berariaz erabiltzen dute beren probetxurako. Nobela horren oinarria den gutun bidezko harremana bera ere etengabeko aitortza baten gisara uler liteke. Erlijioari dagokionez, nobela honek kritika zorrotza egiten dio orobat erlijioa ardatz zuten garai hartako ohiturei eta batez ere emakumeen heziketari. Ironiaz eta erlijiozko mintzaira bere gisara erabiliz eta irauliz, Laclosek gogor kritikatu zuen erlijioaren itzala gailendua zitzaion eta, Frantziako Iraultzaren bezperan, gainbeheran zegoen gizarte hura, nahiz batzuetan erreparatua zion eta men egin zion mintzaira horren edertasunari.

Idazketa hera da nobela honetako pertsonaiak definitu eta gorpuzten dituena. Gutun bidezko nobela bat denez, pertsonaiek idatzi egiten dute, eta norberaren idazkeraren eta besteen idazkeraren arteko tirabirak, estiloak alegia, definitzen du pertsonaia bakoitza, idazketaren bidez kontatzen diren gertakariek, gogoetek eta asmoek bezainbat. Idazketarik ezak, egileak batzuetan ohartarazten duenez halako eta halako gutuna errepikazioaren beldurrez edo interesgarria ez delakoan ez argitaratu izanak, nahiz gutun hori existitzen den eta pertsonaiek aintzat hartua duten, irakurlearen jakinmina akuilatzen du eta zehatz adierazita ez dauden gertaerak eta irtenbideak iradokitzen dizkio. Zentzu horretan, aipagarria da irakurlea konplize eginik, Laclosen nobelak duen gaurkotasuna eta modernotasuna.

Azpimarratzekoa da nobela horretan gutuna bera gertakizun bat dela eta hondamena dakarrela behin baino gehiagotan. Gutuna berez da arriskutsua, norbaiti adierazi nahi zaion baina beste norbaiti ezkutatu nahi zaion zerbaiten froga. Gutuna hilgarria da gainera. Nobela horretan gutun diktatu asko dago eta horrek baliabideak ematen dizkio idazleari ; gutuna irakur lezake gutuna bidalia izan ez zaion beste norbaitek ere, eta gutunaren sinatzailea ez da beti izaten gutuna idatzi duen pertsona bera.

Pertsonaia arketipoak sortu bainoago, Laclosek idazketa arketipoak sortu zituen, eta, jakina, idaztankera horien arteko nahasketa egin zuen. Estiloen arteko kontrasteak edo errepikazioak efektu bereziak sortzen ditu, eta horretarako Laclosek bikain erabili zuen gutunen hurrenkera edo ordenamendua .

Azkenik, nobela honetako guztiz pertsonaia arauz kanpoko bat dago aipatu beharra : Merteuileko markesa ; nobela osoan zehar hura da beti gertakizunen eragile eta sortzaile, eta jokabide hori ez dator inondik ere bat XVIII. mendeko gizarteak emakumeari utzia zion rolarekin (puntu honi dagokionez argigarria da Merteuileko markesak LXXXI. gutunean bere bizitzaz, bere pentsaeraz eta bere arauez egiten duen kontaketa) .