Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Literatura aroak

Latin literatura.

Inperioaren garaia I

Sugea Laokoonte eta bere semeak jaten ; Virgiliok «Eneidm» obran sartutako greziar mitoa.<br><br>

 

Poesia

 

Virgilio (K.a. 70-19)

Publio Virgilio Maron, Andesen (Mantuatik gertu) jaioa, nekazari familia bateko semea zen; Cremonan, Milanen, Erroman eta Napoliko epikurotar batekin ibili zen ikasle ; gero, Mezenasen eta Horazioren laguntza izan zuen Erroman. Virgiliok ez zuen oratoriarik ikasi ; jende aurrean aritzeko ez zuen balio, lotsatia baitzen oso. Behin hasi omen zen hitzaldi bat egiten, baina barregarri geratu, eta ez omen zen gehiago saiatu . Boteretik urrun ibili zen, filosofian eta poesian murgilduta. Jende aurrean batere arrakastarik ez bazuen ere, beragandik asko espero izan zen hasieratik.

Gurasoen lurrak konfiskatu zizkiotelarik, estatuak soldaduei ordain gisa emateko, Asinio Polion historialariak lurrak atzera Virgiliori itzultzea lortu zuen. Orduan, Augustok aginduta, Bucolica-k idatzi zituen, egloga deituriko hamar zatitan banatuak.

Artzain bizitza erakusten du, Teokritoren ereduari jarraituz. Pertsonaiak artzainak badira ere, horien azpian garai hartako literaturgileak erretratatzen dira. Virgiliok erakusten duen izadia idealizatua da, eta berak asmatzen du, dirudienez, Arkadia izeneko artzain lurralde zoriontsua (Peloponeson kokatzen du, mendi artean, baina ezaugarri italikoak ditu lekuak, greziarrak baino gehiago). Bucolica horiek osotasun handiz eginak daude, egitura zehatz eta simetrikoz, eta zenbaki magikoak erabiliz. Gero, Georgica-k idatzi zituen, hexametrotan, nekazaritzari buruz : zuhaitzak, abereak, erleak.... artzen ditu gai ; tartean kontakizunak sartzen ditu, Orfeoren mitoa adibidez. Hesiodo, Lukrezio, Varron... erabiltzen ditu eredutzat.

Bere bizitzako azken hamaika urteak fEneis ( hamabi liburukitan banatua) idazten eman zituen. Erromaren epopeia idatzi nahi izan zuen, jatorri mitologikotik abiatu eta lehen aldia, oraina eta etorkizuna bilduz . Eneasen (Troiatik etorririk, Erromafundatu zuen pertsonaia mitikoaren) istorioan oinarritu zen ; hexametrotan idatzi zuen, Homeroren pasarte anitz eredutzat hartuta. Lana amaiturik, baina gehiago biribildu nahian, Greziara joan zen, Eneasi buruzko istorioak egon zitezkeen lekuetara.

Gaisotu eta Italiara heltzean hil zen ; hil baino lehen, liburua sutara botatzeko agindu zuen, haina Augustok kontrako agindua emanik salbatu zen Virgilioren lana.

 

Horazio (K.a. 65-8)

Kinto Horazio Flako Venusiako liberto baten semea zen. Oktavianoren eta Antonioren aurka borrokatu zen errepublikazaleekin batera tribuno militar gisa. Baina Errepublikaren armadak hondoa jo eta, ihes egin behar izan zuen. Oktavianoren amnistia politikoarekin Erromara itzuli zen (K.a.

41. inguruan), eta aitak utzitako ondasunak konfiskatuak izan baitziren, kontuemaile gisa lan egin behar izan zuen administrazioan . Esperientzia mingots horren edo Siron napolitarraren irakatsien eraginez, Epikuroren doktrinarekin bat eginda, gizarte bizitzatik at bizi izan zen aldi hartan. K.a. 33an Mezenas ahaltsuak landetxe bat erregalatu zion Tibur-en : babesleku hartan idatzi zuen izadiaren eta aisiaren oihartzuna dakarren olerki anitz, eta maiz asko hara erretiratzen zen hiriko nahasmenetik ihesi. Mezenasen bidez Oktavio ezagutu zuen, eta idazkari gisa eraman nahi izan zuen, baina poetak ezezkoa eman zion bere bizimodu lasaitik urrutiratuko zuelakoan. K.a. 8an, Mezenas hil eta zenbait hilabetera zendu zen Horazio, eta Augustoren aginduz lagunaren ondoan lurperatu zuten.

Horazioren lehen obrak SatircP eta Epodon Liber K. a. 40 eta 30. urte bitartean argitaratu ziren. Epodon Liber izenekoan garai hartako gorabeherak eta poetaren ezinegona islatzen dira. Satiretan, ordea, Luzilioren gaiak erabili zituen berriro : garai hartako ohiturei buruzko gogarteak eta moralarenarazoak, baina eguneroko bizitzaren zertzeladez zipriztinduak eta barrerako beti prest agertzen zela. Carmina (Odak), K.a. 23tik 13ra argitaratuak, Epodon Liber-ekin batera, latinoen lirikaren maisulanak dira. Obra konplexu horretan, formaren perfekzioa helburu duela, Safo, Alkeo edo Pindaro greziarren molde lirikoak sartzen ditu literatura latinoan. Bigarren pertsonan idatzitakoak dira eta gaiei dagokienez, bizitzaren ezdeusa, heriotza, amodioa eta edertasun poetikoa dira gogapenerako bide, beti ere ironia eta autokritikaz beteak. Amodioa eta egunekoaz gozatzeko gonbitea (carpe diem) dira Horazioren lirikaren gunea. Epistulce osatzen duten bi liburuetan eta Ad Pisones edo Ars poetica deituan, bere buruarekiko elkarrizketa bildua isuri eta epikureismoaren azalpena egiten du. Liburu horietan literatura latinoa ere eztabaidagai da.

Augustoren eskariz, Carmen sceculare kantu aberkoia ondu zuen (K.a. 17). Virgiliorekin batean poesia latinoaren buru, klasizismoaren eredutzat hartua izan zen eta oso irakurria antzinatearen amaiera arte. Horazioren zorroztasuna, oreka eta perfekzio nahia direla eta, Berpizkundean haren poesia Europako herrialde guztietan izan zen ezaguna.

 

Ovidio (K.a. 43-K.o. 17)

Publio Ovidio Nason goi mailako familia batean jaio zen. Aitak Erromara bidali zuen erretorika ikasketak egitera. Bidaldiak egin zituen Greziara, Anatoliara, Siziliara eta Egiptora greziar kulturaz jabetzeko. Garrantzi handirik ez zuten kargu publikoetan jardun zuen Erroman, baina kargu horiek berehala utzirik olerkia idazten hasi zen, eta horretan eman zuen bizitza osoa. Mesalaren literatura taldean ibili zen eta garai hartako idazle handiak ezagutu zituen : Horazio, Galo, Propertzio. K.o. 8. urtean Augusto enperadoreak erbestera bidali zuen ItsasoBeltzaren ertzean zegoen Tomis herrira (gaur egun Errumanian), eta haren liburuak liburutegi publikoetatik kentzea agindu zuen. Ez dago garbi zergatik zigortu zuten ; adituen ustez tarteko gertatu omen zen enperadorearen familiako eskandaluren batean ; beste batzuen ustez Augustori gaitzesgarria iruditu omen zitzaion Ars Amatoria olerki erotikoa.

Ovidioren lan nagusiak hauek dira : Amores (K.a. 20), amodiozko elegiak ; Heroidas, mitologiako eta historiako emakumeek maitaleei idatzitako fikziozko gutunak ; Medea, ospe handia izan zuen trajedia, gaur egun galdua ; Remedia Amoris (K.o. 1) ; ArsAmatoria (K.o. 1), erotismoari buruzkoa, hiru liburukitan argitaratua, Ovidioren lan nagusietako bat da ; Medicamina faciei feminece ; Fasti, Erromako egutegiko jaiak hilabetez hilabete azaltzen dituen, sei liburukitan argitaratua ; Metamorphoseon libri (K.o. 2), hexametrotan idatzitako poema epikoa, hamabost liburukitan argitaratua, greziar eta latin literaturan eta mitoetan oinarri harturik itxuraldaketari buruzko kontaerak azaltzen dituena, Ovidioren maisu lantzat jo izan dena ; Tristia (K.o. 9), erbestean gutun moduan idatzitako olerki autobiografikoak, bost liburukitan argitaratuak; Ibis (K.o. 11), etsai ezezagun bati erasotzen dion olerkia ; EpistulcP ex Ponto (K.o. 13), kexua adierazten duten gutunak, lau liburukitan. Ovidiok eragin handia izan zuen Erromako idazleengan ez ezik, baita Erdi Aroko eta Berpizkunde garaiko idazleengan ere.

 

Lukano (39-65)

Marko Anneo Lukano, Cordoban jaioa, Senekaren iloba zen. Jaioberritan Erromara eraman zuten, eta hantxe hasi zituen lehen ikasketak. Geroztik ikasketak Atenasen egin zituen. Senekak Neronen gortean sartu zuen, eta poeta ospetsu egin zen. Gero, Neronek bekaitza hartu zion, eta idaztea debekatu ; alabaina Lukanok berearekin jarraitu zuen. Bere buruaz beste egin zuen hogeita bost urte zituela. Amaitu gaberik utzi zuen Bellum civile izeneko poema epikoa, Virgilioren ereduaren kontrakoa, eta Pharsalia titulupean Zesar eta Ponpeioren arteko gerraz eginiko hamar liburu. Lukanok mitologia sarea alde batera uzten du, eta gertakizun historikoari heltzen dio zuzen-zuzenean .

 

Fedro (K.a. 10-K.o. 50)

Fedro Trazian jaio zen. Mutiko zela preso hartu zuten eta Erromara eraman zuten esklabo ; Augustok liberto egin zuen. Fabula liburuak osorik latinera itzuli zituen lehenengo idazlea izan zen. Esoporen zenbait greziar fabula ianbo bertsoetara egokitu zituen askatasun osoz. Gainerakoan, Fedroren estiloa pobrea zen irudi poetikoei zegokienez, eta bere epiteto gehienak konbentzionalak ziren. Irakasbide morala izaten dute fabulek; batzuetan aipamen politikoak ere egiten ditu ausardiaz. Pertsonaia nagusiak animaliak agertzen zituzten fabulak oso ospetsuak egin ziren bai Europan bai ekialdean. XVIII. mendean, Fedroren hirurogeita lau fabula biltzen zituen eskuizkribua aurkitu zen Parman. Ondoren, Vatikanon beste eskuizkribu bat aurkitu zen, eta 1831n argitaratu zen. Eta gero, beste hogeita hamar fabula berri aurkitu ziren Fedrok berak idatzitako moduan, ianbo bertsoetan hain zuzen.

 

Martzial (40-104)

Marko Valerio Martzial, latin literaturako epigramagilerik handiena eta zorrotzena izan zen. Bilbilisen jaioa (Calatayud inguruan), gaztetan Erromara joan zen. Han lagunak egin zituen agintarien artean, eta eroso bizi izan zen. Agintariak aurka jarri zitzaizkionean, bere herrira itzuli zen. Mila konposiziotik gora idatzi zituen. Edozein gertakizun edo aitzakia aski zuen Martzialek epigrama labur eta zorrotz bat osatzeko.

Eguneroko gertaerei loturiko poesia landu zuen, beraz. Bere lanetan Erromako gizartea, eta bere garaiko ohiturarik eta grinarik lotsagarrienak agertzen dira, denak mingainean trabarik gabe jaulkirik.

 

Juvenal (50?-140?)

Dezimo Junio Juvenal Erromako poeta satiriko ospetsuena izan zen. Europako mendebaleko hizkuntza askotara igaro da hark idatzitako sententzia ugari, panem et circenses (ogia eta zirkua», herri xehearen nahikeria adierazten duen esapidea) eta mens sana in corpore sano («gogo garbia gorputz garbian», gizabanakoaren orekaren neurria adierazten duen gogoeta) esapideak besteren artean. Domiziano enperadorearen administrazioan leku bat ukatu ziotela, eta satira bat idatzi zuen berrogei urte inguru zituela gortearen inguruko lagunkeriaren aurka ; Egipto aldera erbesteratu behar izan zuen, eta jabetza guztiak galdu zituen. Domiziano hil ondoren (96), Erromara itzuli eta hango aberatsek eskainitako babesari esker bizi izan zen hil arte. Berrogei urte zituela hasi zen Satirak idazten, hamasei satira bost liburutan banatuak. Lehen satirek garai hartako bizioak hartzen dituzte gaitzat eta azkenekoetan moralismoa nagusitzen da. Antzinako Erromaren handitasuna, bizi zuen garaiko ustelkeriaren aldera, goraipatu zuen behin eta berriro bere idatzietan . Juvenalen Satirak inspirazio iturri handia gertatu ziren ondoko garaietan eta Giovanni Bocaccio italiarra, Jonathan Swift irlandarra eta Samuel Johnson ingelesa daude haren jarraitzaileen artean.