Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Literatura

Literaturaren baliabideak: adinarekin berritzen

Pieabia: «L'eil cacodylate».<br><br>

Mezua hartzeko prozesua desautomatizatu egiten dutelako dira literaturaren baliabideak baliabide. Izan ere, hizkuntzak, kodeak, esan beharrekoak modu orokorlauz esateko joera du. Esateko modu orokor-lau horretan, esanahia automatikoki hartzen du mezu-hartzaileak, aldez aurretik kodetuta dago-eta esanahi hori.

Esapide poetikoak "literarioak, azken batean" hautsi egiten du automatismo hori, hitzez-hitz esaten denaren eta benetan adierazi nahi denaren arteko distantziamenduz, eta, hein handi batean, baliabide poetikoerretorikoen bidez lortzen du hori. Hizkuntzaren esateko modu orokor-lauari esateko modu bakan-betea, poetikoa kontrajartzen dio.

Asko teorizatu izan da desautomatizazioaren ondorioez. Esapide orokor-lauak informazio-trukerako baino ez duela balio esan izan da. Esapide bakan-betearen bidez, baliabideen bidez, berriz, bizipen zuzen bat izateko irudipena sortzen zaio hartzaileari . Izan ere, esapide bakan-beteak behartu egiten baitu hartzailea benetako esanahia bere kabuz bilatzera, esaten zaiona hitzez-hitz hartzeak ez bailuke inolako zentzurik.

Arrozte edo urruntze eragina esan izan zaio baliabideen bidez lortzen den horri.

Pragmatikak, berriz, Grice-ren eskutik, komunikazioaren elkarlan-printzipioaren "edo haren ondorio diren arauren baten" hausturan ikusten du baliabideen mekanismoaren funtsa.

Demagun, adibidez, tautologia : Umea beti ume. Hori entzuten duenak adarra jotzen ari zaizkiola pentsatu behar lukeesaldia hitzez-hitz interpretatuz gero. Griceren kantitate-araua hautsiko luke hiztunak hori esatean horixe baino esan nahi ez balu, hizketa-ekintzetan ekarpenen bat egitea agintzen baitu arauak. Hartzaileak, bestalde, konfiantza du igorlearengan ; ez du uste, printzipioz, adarra jotzeko asmoz ari zaionik. Hala, beraz, hitzez-hitz zentzurik ez lukeen esaldi horrentzako zentzu bila hasten da. Aurkitzen dionean, aurkikuntza berea dela irudituko zaio, eta komunikazioa, horrenbestez, sendoturik geratzen da.

Hitzez-hitz esaten denaren eta adierazi nahi denaren arteko distantziak egiten du, beraz, baliabidea baliabide. Distantzia horrek, bestalde, nola halako originaltasun maila bat eskatzen dio baliabide izan nahi duen esapideari.

Originaltasun oso eta betea, ordea, teoria hutsa baino ez da : noiz erabili ote zuen euskal hiztunen batek estrainekoz adarra jo esamoldea "iseka egin" adierazteko? Ezin inola ere jakin. Erlatiboki ulertu behar da, beraz, originaltasuna. Hots, testuinguruaren eta komunikazio-egoeraren arabera . Auditorio batentzat ohikoa dena arrotz, original izan daiteke beste auditorio batentzat. Genero batean ohikoa dena guztiz originala izan daiteke beste genero batean. Originaltasun erabatekoa gabe, originaltasun erlatibo hori bilatu behar da baliabideetan, eta originaltasun erlatibo hori estuki lotuta dago komunikazio-ekintzaren zertzaileen aldez aurreko jakintza partekatuarekin, egoerarekin, erabilera-usadioekin eta testuinguruaren gainerako elementuekin .Esanari indarra eman nahi diotelako erabiltzen dituzte hiztunek baliabideak, eta horrexegatik sortu ere sortzen dituzte etengabe baliabide berriak. Arrakasta izan nahi dute beren hizketa-ekintzetan, eta badakite, sentitzen dute esateko modu arautu, orokor-laua ez dela horretarako aski.

Zera da komunikazio-arrakasta : hiztunak zuen xedea lortzea, xede hori hartzailearengan nola edo halako emozioren bat sorraraztea delarik jeneralean. Baliabide literarioak direla esan dugu, bestalde, arrakasta horren giltza.

Esapideren batek arrakasta lortzen duenean, berriz, hedatu egiten da berehala.

Alegia, beste hiztunek, hizkuntz komunitateak bere egiten du, eta erabiltzen. Zer gertatzen zaio, ordea, baliabide bati, behin eta berriz erabiltzen denean? Higatu egiten dela.

Edo, nahiago baldin bada, fosildu, lexikalizatu egiten da, baliabide izateari utzirik.

Borgesek zioen bezala, maitearen hortzei "perla" deitu zien lehen hiztunak poeta bikaina behar zuen izan. Gaur egun maitearen hortzei "perla" deitzen dienak, berriz, erremediorik gabeko leloa.

Arrakastan bertan dute, beraz, baliabideek beren heriotza. Tropoetan "eta tropo izatetik gertuen dauden figuretan (hiperbolean, onomatopeietan eta hitz-jokoetan, adibidez) ikus daiteke argien baliabideen fosiltze prozesu hori, zeinaren buruan behiala baliabide bizia izandakoa fosil huts bilakatzen den. Hizkuntza guztiak daude behiala baliabide bizi izandako horrelako hitz eta esapidez beteak. Izan ere, lexikoa berritzeko eta esparru berriak irabazteko ez baitu hizkuntzak baliabideena beste biderik. Are gehiago, hitzen polisemia bera ere fosiltze prozesu honen ondorio da, hein handi batean. Ikus, horretaz "eta bereziki metafora fosilduez", katakresia.

Ikus dezagun nola gertatzen den prozesua . Demagun, adibidez, norbaiti "koldar" deitzeko "oilo" deitzen diogula. Bereberea du, gaur egungo hiztunentzat, "oilo" hitzak esanahi hori. Ez dago esaterik, beraz, baliabide bizia denik esapide horren oinarrian dagoen metafora. Baina egin dezagun ahalegintxo bat, eta saia gaitezen imajinatzen norbaiti "koldar" esateko "oilo" erabili zeneko lehen aldia, estreinekoa. Hi haiz, hi, oiloa! esaldia balizko lehen aldi hartan entzun zuen entzuleak jakingo zuen, noski, entzuten ari zen hura ez zezakeela hitzez-hitz har. Halako batean, testuinguruaren eta egoeraren laguntzaz oiloen ezaugarrietan "koldar" aurkiturik, "oilo" esatean "koldar" esan nahi ziotela aterako zuen kontu. Jakin, jakingo zuen, beraz, "koldar" esaten ari zitzaizkiola, haina, esapidea hain ezohiko, hain esanahitik urrun izanik, ezin izango zuen "oilo" hitzaren esanahi hitzez-hitzezkoa guztiz burutik kendu, eta honelako zerbait etorriko zitzaion gogobegietara : Hitzez-hitzezko esanahiaren eta adierazi nahi denaren (esanahi figuratuaren) arteko distantziak sortzen duen tentsio horrek egiten du baliabidea baliabide. Distantziarik, tentsiorik izan dadin, ordea, bi aldeek behar dute bizirik, indarrean.

Norbaiti "koldar" deitzeko "oilo" erabiltzea gustagarri gertatu zen, itxura denez, euskal hiztunen artean, eta hegaztia adierazteko adina erabiltzen hasi ziren "koldar"adieran. Erabiliaren erabiliz, hitzaren hitzezhitzezko zentzua, "oilo/hegazti"arena, lausotzen, atzentzen, desagertzen joan zen.

Azkenerako, norbaiti "oilo" deitzean, "koldar" baino ez dugu aditzen, inori ez zaio hegaztiaren irudirik gogo-begietaratzen.

Horra hor behiala metafora bizia izandako hitza hiztegiko sarrera soil bihurtua.

Metaforekin bezala gertatzen da beste baliabide batzuekin ere. Baserritar batek herrogei buru dituela esaten duenean (sinekdokea) inori ez zaio gogoratzen buru solteez, gorputzik gabekoez ari denik. Badakigu barrez lehertu zela dioena (hiperbolea) ez zela zinez lehertu, eta "sekulako barreak" egin zituela esan nahi digula. Badakigu kosta ahala kosta ogia irabazi nahi duela dioenak (metonimia) ez duela ogia irabazi nahi, dagokion soldata baino. Erabakia hartu baino lehen ondo hausnartu nahi dugula diogunean ez zaigu hausnarrean dabilen ganaduaren irudirik etortzen, zeharo galdu da esapideon hitzez-hitzezko alderdia hiztunon oharmenetik. Aldeetako bat galdurik, ez dago inolako distantziarik, ez dago tentsiorik. Fosilduta daude, utzi diote baliabide bizi izateari.

Fosildu egin dira, baina sortu zireneko prozedura hor dago, lotan bada ere. Eta lotan bada ere hor dagoenez, esnatu egin liteke : biziberritu, atzera berriz behiala izandako indarra berreskuratuz.

Baliabideak biziberritzeko, aski da fosiltzeko egin zuten bidearen kontrako bidea egitea. Baliabidearen hitzez-hitzezko esanahia galtzea dela esan dugu dela fosiltzea . Hala fosildua biziberritzeko, beraz, aski izango da hitzez-hitzezko esanahi hori, erabiliaren erabiliz higatuz eta ostenduz joan den hori, berriro bistaratzea.

Horretarako aski da esapidea hitzez-hitz "serio" hartzea, edo serio hartzen dela itxura egitea. Hartara, hitzez-hitzezko alderdi hori berriro agertuko da hartzailearen oharmenean, aspaldi galdutako barne-distantzia eta tentsioa emanez berriro baliabideari.

Erantzun aurretik kontua sakon hausnartu behar duela dioenari, adibidez, horretarako ukulura joatea hobe duela erantzun dakioke. Barrez lehertu zela esaten duenari, berriz, nahiko osorik ikusten dugula erantzun diezaiokegu. Berrogei buru dituela dioen baserritarrari ganaduen gainerako gorputz-atalak non dituen galdetu diezaioke norbaitek (komedian behintzat, benetako baserritar bati hobe horrelakorik ez galdetu).

Hainbat eta hainbat txiste, iragarki eta lagunarteko txantxa baliabide fosilduak biziberrituz osatuak dira, besterik gabe.

Komedietan beste hainbeste.

Baliabideak biziberritzea ez da, ordea, erregistro eta genero komiko eta umorezkoetan bakarrik erabiltzen, maizenik horrelakoetan erabiltzen bada ere. Erabil liteke erregistro lirikoetan, eta erabil liteke dialektikan . Internetaren alde onak eta laudorioak entzuten aspertu den batek aski du, eztabaidan ari dela, Sarearen saretasuna bistaratzea . Sarearena bainoago amaraunarena hartzen diola traza esan dezake, adibidez, eta, biziberritutako metafora hori hedatuz, armiarma-sare horretan ere ez dela berdin armiarma izan edo euli izan ; sarean zabalduena, hala ere, armiarmaren bertsioa dela, eta berak beste bat eman nahi lukeela.