Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Literatura

Diskurtsu lirikoa

Jan de Meung-en «Roman de la Rose» liburuaren orrialde bat. (XIVV mendea).<br><br>

Gizonaren subjetibotasuna, eta gizonak bere buruari eta inguruan duen munduari begiratzean sentitzen dituen sentimendu eta zirrarak adieraztea ezaugarritzat duen literatur generoa izendatzen du lirikak, jatorri grekoko hitzak. Hain zuzen ere, norberaren gogo aldartea adierazte hori eta »errealitate objetiboa barneratzea» edo »mundua eta nia» bateratzea izan da lirikotasunaren funtsa (W. Kaiser).

Sentimendu eta zirraren adierazpen poetikoa, bestalde, musikaren eta poesiaren jainko zen Apoloren ikur sinbolikoaz, liraz, lagunduriko kantu erako konposizio poetikoen bidez burutzen zen Greziako kulturan. Poesia lirikoak bi bide izan zituen Grezian : korala eta monodikoa. Lehena, liraz lagundurik, koru batek kantatzen zuen. Homerok berak koru lirika honen hainbat konposizio mota aipatzen ditu : himnoak, hiporkemak, eztei eresiak, etab.

Lirika mota hau erabiltzen zutenen artean, berriz, Simonides, Pindaro edo Bakilides ageri dira. Lirika korala bezala liraren laguntzaz kantatzen zen lirika monodikoari dagokionez, Anakreonte, Safo eta Altzeo dira ordezkaririk ezagunenak.

Lirika ez da, ordea, historikoki literatur genero bezala nahi bezain mugaturik agertzen poetika grekolatinoan. Aristotelesek eta Horaziok poetikari buruz idatzitako lanetan, adibidez, lirikotasunaren eta beronen adierazpen eremuaren definizio eta mugaketa zehatzaren hutsunea nabari da. Egia da gaur egun lirika generoaren barruan sardaitezkeen poema mota batzuk aipatzen direla (Aristotelesek ditiranboa aipatzen du ; Horaziok, aldiz, elegia eta satira), baina ez da genero gisa zehatz-mehatz definiturik agertzen, epika, trajedia edo komedia agertzen diren bezala. Kintilianoren obran, halere, aurrerapen bat sumatzen da lirika generoa zehazterakoan, Pindaro eta Simonides poeta epiko eta trajikoen taldetik kanpo sailkatzen dituelako. Nolanahi ere, idazle grekolatinoek literatur ikuspegitik begiraturik lirika generoa erabat definitu eta aipatzen ez badute ere, Grezia eta Erromako herri poesiaren tradizioan nahiz sorkuntza jasoan poema mota ugari agertzen da, beren gai, tonu eta ezaugarri formalengatik gaur egun mendebaldeko lirikaren poema eredu oinarrizkotzat jotzen direnen jatorrian daudenak : ditiranboa, gorespen edo panegirikoa, epinizioa, eztei eresia, epigrama, himnoa, oda, erosta, etab.

Erdi Aroan, oraindik zehaztugabe jarraitzen du genero honek, besteak beste, antzinako klasizismoaren genero nagusiak aspaldi desagertu zirelako. Garai hartan, Diomedesek (IV. m.) egindako genero banaketa irakasten zen : genus imitativum edo dramatikoa, genus enarrativum (kontakizunak, genealogiak, poema didaktikoak) eta genus commune delako hirukoa, azken honetan heroica species (Iliada eta Eneida) eta lyrica species (Arkiloko eta Horazio) sartzen zirelarik. Tradizio latino klasikotik datorren genero banaketa honek, halere, eragin txikia izan zuen Erdi Aroko literatursorkuntzan, hizkuntza erromanikoak pixkanaka sendotzen direlako eta latinaren erabilera maila jasoetarako, batez ere monasterio eta ikastetxeetarako, uzten delako.

Eremu honetan zenbait poema latinez idazten dira oraindik ere, batzuk erlijio sentimendu eta hunkiberatasun liriko handikoak (Stabat Mater, Dies irca, etab.), baita goliardoen kanta alaiak ere, ironia eta trufa askokoak; aipagarria da bi poema mota hauetan jadanik agertzen dela ondorengo lirikan garrantzi handikoa izango den osagai bat : errima. Herri poesia erromanikoan, berriz, forma liriko berriak sortzen dira tradizio klasikotik kanpo : adiskide kanta gailegoa, Gaztelako bilantzikoa, jartxa mozarabiarra, Proventzako refrain edo Frantzia iparraldeko refrains delakoak, etab. Proventzako trobalarien poesia ere aipatu tradiziotik kanpoko lirika mota lantzen hasten da, poema era berriak erabiliz : kanta, sirbentesa, pastorela, tenso edo eztabaida, etab.

Generoei buruzko dotrina klasikoa Berpizkundean berreskuratzen da eta orduantxe finkatzen da behin betirako genero lirikoaren izena, S. Minturnoren obran (LA rte poetica, 1564). Hala ere, ez zuen zehaztasun handirik izan, eta epika edo dramatikaren muga zehatzetatik kanpo gelditzen ziren mota guztiak sartzen ziren multzo horretan . Sasoi honetan, tradizio klasikoaren molde liriko batzuk eguneratu (oda, egloga, himnoa, elegia, epigrama, etab.), eta beste berri batzuk sortu edo sendotzen dira (kanta petrarkista, sonetoa, madrigala,etab.). Berpizkundeko lirikaren maisu handiaz gain (Petrarka, XIV. m.), genero hori lantzen duten poeta bikainak agertzen dira XVI eta XVII. mendeetan : Sannazaro, Ben Jonson, Shakespeare, San Juan de la Cruz, Lope de Vega, Gongora, Quevedo, etab.

Garai neoklasikoan, hausnarketa teorikoak nahiz literatur sorkuntzak gertutik jarraitzen dituzte grekolatinoen ereduak.

Erromantizismora eta, batez ere, Hegelen Estetikara iritsi beharko da literatur generoen barruan lirikaren mugaketa zehatzagoa aurkitzeko. Hegelentzat, epikari dagokiona baino gizadiaren aldi aurreratuagoan lortzen den gizonaren autokontzientziaren espresioa adierazi ohi du lirikak. Epika guretzat arrotza den ekintza bat kontatzean sentitzen dugun plazerragatik sortzen bada, lirikak, aldiz, gure sentimenduen adierazpenean sentitu eta ikusten duguna adierazi beharrari erantzuten dio. Adierazpen lirikoan, poetaren helburu nagusia ez da kanpoko ekintza edo errealitateen mundua, gizabanakoa bera eta beronen egoera baizik ; baita espirituak bere poz, harridura, nahigabe, sentsazio eta iritzi subjektiboen bidez bere buruaz kontzientzia hartzeko duen era ere. Epika herrien hasierako aroekin loturik badago, lirika, berriz, gizakia bere sentimendu eta zirrarak adierazteko gai den garai guztietan gara daiteke.

Gogoeta teorikotik literatur sorkuntzara igaroz gero, munduaren irudiari, eta poetak bere buruaz eta mundu horrekiko loturez duen kontzientziari eragiten dien aldaketa sakona sumatzen da Erromantizismoan . Ilustrazio garaian nagusi den mundu ikuskera unibertso estatikoaren harmonia eta arrazoizko ordenarena bada ere, Frantziako Iraultza eta Erromantizismoaz geroztik, errealitate historiko berri eta gatazkatsuarekin bat datorren ikusmolde dialektikoak egiten du aurrera. Mundua arazoz bete eta arrotza bilakatzen da, korapilatsuak direlarik, halaber, gizonak bere buruarekin eta gizartearekin dituen harremanak, gizarte horretan arrotz eta baztertua sentitzen delako. Testuinguni honetan, ez da harritzekoa poeta erromantikoak introkspeziorako joera izatea, eta nagusiki poesia lirikoaren hainbat era lantzea, bertan aurkako errealitatetik ihes egin eta ihesbide nostalgikoa fantasian, ametsetan eta gauza misteriotsu, exotiko eta antzinakoetan bilatu nahia sumatzen delarik. Lirika lantzen duten olerkari erromantiko handiak dira, besteak beste, Byron, Coleridge, Shelley, Keats, V. Hugo, Lamartine, Vigny, Schiller, Pushkin, Leopardi, Espronceda eta Becquer.

XX. mendean eta literatur generoei buruzko hausnarketa teorikoaren esparruan, garrantzi berezia hartzen dute Errusiako formalisten ikerketek. Ikerketa hauen artean, R. Jakobsonenak ere garrantzi handia izan du, generoen berezitasunak hizkuntzfuntzioekin eta gramatika arloko hiru pertsonekin lotzen dituelako. Ikuspegi honetatik, lirikaren ezaugarriak dira bere adierazpenak lehen pertsonan egitea (epikak hirugarren pertsona eta dramatikak bigarrena erabiltzen baitituzte) eta emozio funtzio adierazkorraren gailentasuna (epikan funtzio erreferentziala da nagusi, eta dramatikan funtzio konatiboa) ; beraz, sarri agertzen dira harridura molde, bokatibo eta interjekzioak, olerkariaren gogo aldarte, sentimendu eta zirraren adierazpide gisa.

Baina testu lirikoetan adierazkortasuna nagusi izateak ez du esan nahi beste diskurtso era batzuk, deskripzioa eta kontakizuna esate baterako, baztertzen direnik ; hauek, hala ere, poetaren subjetibotasuna adieraztearen mende egon ohi dira. Beste formalista batek, B. Tomatxevskik, azpimarratzen duenez, narraziorako arrazoiak bitxiak izan ohi dira poesia lirikoan. Askoz ohikoagoak dira emozio sailetan garatu ohi diren arrazoi estatikoak.

Tomachevski aipatu dugunez, kritiko honek bere gogoetetan azaltzen ditu lirikak gainerako literatur generoekin loturik dituen ezaugarri batzuk. Arrazoi estatikoen maiztasun handiago honetatik dator, adibidez, narrazio generoarekin alderaturik poesia lirikoak duen ezaugarri nabarmenetako bat : gaiaren iraunkortasunarena. Gai hori, hainbat aldaketa eta asoziazioren bitartez garatzen da, gai horretan bertan bat egiten duten zeharreko arrazoiak sartuz edo lotura berriak ezarriz. Bat egite hori, ordea, ez da bide normalez egiten, testu liriko batean ez baita egokia, genero didaktikoan bezala, gogoeta edo teoria diskurtso bat egitea, bere eginkizuna ez delako ezaupideak zabaltzea.

Arrazoi multzo bat da gehienbat, eta arrazoi horien bitartez garatzen da gaia, mailaka edo era errepikagarrian agertu ohi diren emozio sailetan.

Tomachevskiren arabera, subjektua eta objektua bereizten dituen mugaren berariazko zalantza da lirikaren beste ezaugarri bat.

Olerkariak bere aldartearen mugimenduak bailiran hitz egiten du kanpoko gertaerez, bere barruko zirrarak kanpoko irudiekin nahasiz. Honek, batzuetan, izadiaren pertsonifikazioa ekarri ohi du, izaki bizigabe eta adimengabeei sentimendu eta adimen ahalmena ematen zaielarik. Garai guztietako poeta handiengan ageri da izadiaren ikuspegi liriko hau.

Narratibak eta dramak duten dinamismoaren aurrean poesiak izan ohi duen kontenplaziozko eitea da literatur kritikak a- dierazitako lirikaren beste ezaugarri bat.

Badirudi behin eta berriro erabiltzen duen irudiak, sentipenak, oroimenak edo ideiak bere baitan bildurik eta bereganaturik duela olerkaria.

Dena den, literatur teoriaren hainbat eskolek (Formalismoa, Estilistika, New Criticism, etab.) XX. mendean egindako ikerketek ez ezik, poeta handien (Valery, Eliot, Salinas, Guillen, Alonso, etab) gogoeta teorikoek ere -beren literatur sorkuntzak emandako esperientzia poetikoan oinarriturik-, lagundu izan dute gertakari lirikoa gehiago argitzen. Honi errealismorako joera duen literatur hizkuntza tradizionalarekin halako haustura bat ekarri duten adierazpide poetiko berrien agerpena gehitu behar zaio, eta ulermen zaileko iradokizun, sinbolo eta konnotazio metaforikoez beteriko diskurtso poetiko berriaren sormena, bertan nabariak direlarik hitz poetikoaren xarma eta musikaltasuna. Haustura hori Erromantizismo ondorengo aldian hasi zuten Baudelaire, Rimbaud, Mallarme eta Espainiako eta Hego Ameriketako modernistengan (R. Dario, J.R. Jimenez, A. eta M.

Machado, etab.) eragina izan zuten Frantziako parnasiano eta sinbolistek.

Aipaturiko haustura eta adierazpide liriko berrien sorkuntza, abangoardiako mugimenduen (Kreazionismoa, Kubismoa, Dadaismoa, Espresionismoa, Futurismoa, Imaginismoa, Surrealismoa eta Ultraismoa) ordezkari diren olerkariengan agertzen da era bizi eta biribilenean. Hauen artean, aipagarrienak dira Marinetti, Maiakovski, Huidobro, J. Larrea, Apollinaire, E. Pound, A. Breton, G. Diego, R. Alberti, F.G. Lorca, etab.

Haustura horren ondoren sortutako lirikaren ezaugarriei dagokienez, H. Friedrichek alderdi adierazgarrienetako batzuk azpimarratzen ditu. Lehen-lehenik kanpoko munduaren zatiketa. Kanpoko mundu horren osagaiak xehatu, eta hortik bildutako materialak arimaren barne-barruan bakarrik aurki daitezkeen legeen arabera antolaturik mundu berri bat sortzeko ahalmena aitortzen dio Baudelairek fantasia poetikoari.

Baudelaire eta Rimbauden ezaugarri honekin bat ez datorren beste bat azaltzen dute Mallarme, Verlaine, J.R. Jimenez, J. Guillen eta beste batzuek osatzen duten joerak, gauzen muinera gerturatzen den poesia huts edo garbia baita hauen helburua. Honekin loturik daude joera poetiko honekin uztarturiko beste bi ezaugarri ere : intelektualismoa (P. Valeryren arabera, poemak adimenaren festa izan behar luke) eta gizatasuna kentzea . E.A. Poeren ustez, berriz, hizkuntza poetikoaren izaera magiko eta iradokitzailea bultzatzea da lirika modernoaren beste ezaugarrietako bat. Eta horrekin batera, Friedrichek beste ezaugarri hauek ere aipatzen ditu : poesia alogiko edo ametsaren poesia (Rimbaud eta Lautreamontekin ez ezik, okultismoarekin zer ikusia duena, eta Dadaismoak defendatzen zuena), umorismoaren eta absurduaren erabilera, iluntasuna, hermetismoa, etab. Iluntasunari dagokionez, Friedrichek Espainiako poesia modernoaren ezaugarri berezietako bat dela uste du, bertako tradizio poetikoarekin bat datorrena.