Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Landareek behar dituzten elikagaiak

1. Taula: Oinarrizko elementuak eta kontzentrazio egokiak.<br>

LABURPENA: Landareek elementu inorganikoetatik sintetizatzen dituzte beren molekula organiko propioak, energia iturri gisa eguzkiaren argia erabiliz. Horretarako, eta bizitzeko behar dituzten betekizunetarako, oinarri-oinarrizko 16 elementu hartu behar izaten dituzte eguratsetik eta lurretik. Landare baten osagai nagusia -%85 gutxi gorabehera- ura da; gainerakoa -%15- mineralak dira. Karbonoa, hidrogenoa eta oxigenoa dira mineral nagusiak, landarearen pisu lehorraren %96, alegia. Beste 13 elementuak bi multzotan daude banatuta; landarearen ehunetan zer kopurutan agertzen diren, hala izango dira makroelikagaiak (nitrogenoa, potasioa, kaltzioa, magnesioa, fosforoa eta sufrea) edo mikroelikagaiak (kloroa, burdina, boroa, manganesoa, zinka, kobrea, molibdenoa).

 

Sarrera

Letxuga bat, azenario bat edo beste edozein landareren zati bat hartu eta berogailu batean jartzen bada 105°Ctan egun batez, azkenean geldituko den hondarrak landare horrek hasieran zuen pisuaren %15 izango du gutxi gorabehera. Alegia, landare horren %85 ura zen, eta ur hori lurrindu egin da.
Karbonoa, oxigenoa eta hidrogenoa dira gelditu den hondar horren osagai nagusiak - %96-, landareak airetik edo uretik hartu dituen hiru elementu horiek oinarri-oinarrizko gaiak dira karbono hidratoak, lipidoak, proteinak eta azido nukleikoak eratzeko.
Hiru elementu horiez gainera, materia kopuru txiki bat baizik ez da geratzen, landareak lurretik hartu dituen mineralez osatua.
Hondar horren azterketa kimikoa egiten bada, elementu asko agertuko dira, horietako batzuk ezin sumatuzko kopurutan. Landareak ezinbestekoak ditu elementu horietako batzuk, ezin baitu horiek gabe bizi; oinarrizko elementuak dira horiek. Beste elementu batzuk ordea ez dira oinarrizkoak, eta xurgatze mekanismoek elementu batzuek eta besteak ezin bereizi eta hautatu dituztelako ageri dira elementu horiek landarean.
Landarearen elementu jakin bat oinarrizkoa den ala ez den erabakitzeko, hiru irizpide daude. Lehenengoa, elementu hori gabe landareak bere ziklo biologikoa osorik egin dezakeen jakitea; bigarrena, elementu jakin horrek zeregin berezia izan behar du, alegia, beste elementu batek ezin du zeregin hori osorik bete; hirugarrena, elementu horrek zuzenean hartu behar duparte landarearen elikaduran, oinarrioinarrizko metabolito baten osagai gisa, edo bestela entzima baten funtzionamenduaren eragile gisa. Adibidez, klorofilamolekulak magnesioa du; landareak ez badu magnesiorik hartzen, ezingo du fotosintesia egin. Beraz magnesioa oinarrizko elementua da.Arestiko adibidean aipatu ditugun karbonoaz, hidrogenoaz eta oxigenoaz gainera, landare hura lehortu ondoren gelditu zen hondarrak 13 elementu mineral zeuzkan, elkarrengandik desberdinak, eta oso proportzio desberdinean; landareak beharrezkoak ditu elementu horiek, eta, beraz, 16koa da oinarrizko elementuen kopurua (1. taula).

 

Makroelikagaiak eta mikroelikagaiak

13 elementu mineralak bi multzotan daude banatuta; landarearen ehunetan zer kopurutan agertzen diren, hala izango dira mikroelikagaiak eta makroelikagaiak. Manganesoa, boroa, burdina, zinka, kobrea, kloroa eta molibdenoa mikroelikagaiak dira; arestiko adibidean, elementu horiek milioi bateko pisuan zati gutxi batzuen proportzioan agertzen dira. Nitrogenoa, fosforoa, potasioa, sufrea, kaltzioa eta magnesioa makroelikagaiak dira; kopuru nahiko handitan agertzen baitira, pisu lehorraren %0.1eko proportzioan gutxienez.
Landareak ioi gisa xurgatzen ditu mineral horiek guztiak, eta horregatik ioi mineral esaten zaie. Landarea modu egokian haziko bada, oinarrizko elementu guztiek proportzio egokian egon behar dute. Landareari ez zaio ezertarako balio horietako elementuren bat proportzio handiegian edukitzea, baldin eta beste elementuren bat falta bazaio; zeinahi dela ere behar bezainbateko kopurura iristen ez den elementua, elementu horretxek mugatuko du landarearen hazkundea. Elementu bat kopuru handiegian agertzeak kalte handiak egin diezazkioke landareari; mineral batzuetan oso aberatsak diren lurrek ez diete landareei behar bezala hazten uzten. Oso ezaguna da kaltzio ugari duten lurren kasua: landare askok ezin dute lur horietan hazi, eta horrexegatik kaltzifugoak esaten zaie; kaltzikolak esaten zaien landareak bakarrik haz daitezke lur kaltzioz aberats horietan.

 

Makroelikagaiak

Nitrogenoa: landareek beharrezkoa dute nitrogenoa aminoazidoen, proteinen, azidonukleikoen, klorofilaren eta koentzimen osagarri gisa. Landareak katioi eran xurgatzen du nitrogenoa, amonio ioi gisa, edo anioi eran bestela, nitrato ioi gisa. Oso elementu garrantzitsua da hau hostoak behar bezala haz daitezen; nitrogeno eskasiak horitu edo argitu egiten ditu landarearen zati berdeak (klorosia, klorofila gutxi edukitzea, alegia) eta landarearen hazkundea moteltzen du; elementu hori asko mugitzen denez landarearen baitan, nitrogeno eskasia hosto zaharretan agertzen da lehendabizi. Landareak nitrogeno gehiegi baldin badauka, hostoak gehiegi hazten zaizkio, eta ez du fruiturik ematen. Nitrogenoa nitrato eta amonio gisa xurgatzen da, bakterioek materia organikoan egiten duten jardunaren ondorioz.
Nitrogenoa N gisa ugari (%70) baldin 2 badago ere eguratsean, landareen entzimek ez dute molekula horren hiru lotura kobalente indartsuak hausteko ahalmenik; bakterio batzuek bai ordea, eta NH4ra murrizten dute nitrogenoa; bakterio horietako batzuk landare askoren sustraietako noduluetan bizi dira, landareak bakterio horien “lanaz” baliatzen direlarik horrela. Elkarrekiko lotura horren ordainetan, bakterio horiek molekula organiko batzuk hartzen dituzte landaretik.
Potasioa: zelula barneko katioi nagusia da, oso zeregin garrantzitsua du zelulen betetasuna mantentzen, batez ere estomak ixten dituzten zelulena, eta estomaren irekitzeixte prozesuan parte har dezake batzuetan.
Entzima askok eta proteinen eta karbono hidratoen biosintesi bide askok (succinil CoA, ATPasa, pirubato kinasa, etab.) potasioa behar dute funtzionatzeko. Zeregin garrantzitsua du orobat azukreak floemanzehar garraiatzerakoan. Potasio eskasiak klorosia eragiten die landareei; klorosiak jotako landareen hostoak nabarrak izaten dira eta muturrak hilda izaten dituzte. Potasioa landare osoan barrena mugitzen denez, potasio eskasia hosto helduetan agertzen da lehenlehenik.
Kaltzioa: zelulako paretetako erdiko xaflaren garrantzi handiko osagaia da kaltzioa; hainbat entzimen kofaktorea da. Kaltzio eskasiak ezohiko hazkundea eta zatiketak eragiten ditu zeluletan, landarearen muturreko kimuak hil egiten dira, eta sustraien hazkundea ere moteldu egiten da.
Kaltzioa landarearen baitan mugitzen ez denez, kaltzio eskasiaren sintomak hosto helduetan agertzen dira lehendabizi.
Magnesioa: klorofila-molekularen zati bat da, eta behar-beharrezkoa da arnasketan, fotosintesian eta proteinen sintesian parte hartzen duten entzima askoren jardunerako; sustratu fosforilatuetan eragina duten ia entzima guztien kofaktore da, eta horrexegatik da garrantzitsua energia metabolizatzeko.
Magnesio urritasunak klorosi orbandua eragiten du. Urritasun horren sintomak hosto helduetan agertzen dira lehendabizi, magnesioa landarearen barnean mugitzen baita.
Fosforoa: azido nukleikoen, AMP-ren, ADP-ren, ATP-ren, NAD-en, NADP-en eta fosfolipidoen osagaia da, eta beharbeharrezkoa da beraz energia metabolizatzeko, anabolismorako eta herentziazko materialaren transferentzia egiteko. Landareak nahitaezkoa du fosforoa loreak eta fruituak izateko eta sustraiak garatzeko. Fosforo eskasiak hosto txiki berde ilunak, gorrixkak eta purpura kolorekoak sorrarazten ditu hostoetan eta zurtoinean; fosforoa landarearen baitan mugitzen denez, haren eskasiaren sintomak hosto zaharretan agertzen dira lehendabizi.
Sufrea: zisteina, zistina eta metionina aminoazidoen osagai denez, oinarri-oinarrizko gaia da orobat proteinen osagai gisa; hainbat sistema entzimatikoren kofaktore edo koentzima gisa diharduten tiaminan, biotinan eta A koentziman ere agertzen da.
Sufre eskasiak klorosia eragiten du hosto biguinetan eta kimuetan, eta sustraia ez da behar bezala hazten. Sufre eskasiaren sintomak nitrogeno eskasiaren sintomen oso antzekoak dira. Landarearen baitan batere mugitzen ez denez, eskasia horren sintomak hosto gazteetan agertzen dira lehendabizi.

 

Mikroelikagaiak

Kloroa: beharrezkoa da ioien orekarako, zelulen mintzaren ahalmena mantentzeko eta fotosintesiaren bidez oxigenoa sortzeko.
Lagungarria da sustraien hazkundean. Kloroeskasiak oso hosto txikiak sorrarazten ditu eta landarea oso motel hazten da. Hostoek klorofila gutxi izaten dute, eta batzuetan nekrosiak izaten dituzte, marroi bihurtzen direlarik (zimeldu egiten dira).
Burdina: klorofilaren sintesian parte hartzen du, eta fotosintesiaren eta arnasketaren garraio sistema elektronikoan parte hartzen duten gai batzuen osagaia da (ferredoxina, zitokromos, zitokromo oxidasa, peroxidasa, katalasa). Landarearen %75ak gutxi gorabehera kloroplastoekin du zerikusia, eta horrek argi adierazten du zer nolako garrantzia duen burdinak fotosintesian.
Burdin eskasiak oso klorosi berezi bat sortzen du, zainarteko klorosia deritzana, hostoetako zainen artean agertzen baita, gazteenetan gehienbat.
Boroa: landarea loratzen denean, polena ernaltzen denean, landareak fruituak ematen dituenean, zelulen zatiketan, nitrogenoaren metabolismoan eta hormonen higiduran parte hartzen du. Boro eskasiaren eraginez, muturreko kimuak hil egiten dira,hostoak gizendu eta kurbatu egiten dira eta erraz hausten dira. Bigarren mailako ondorio gisa, landareak bakterio infekzioak izaten ditu.
Manganesoa: klorofilaren sintesian parte hartzen du eta entzima askoren koentzima gisa dihardu oxidazioaren metabolismoan.
Manganeso eskasiak klorosiak berezkoa duen horitze nabar bat eragiten du; hostoek itxura zurixka hartzen dute gero eta erori egiten dira azkenik. Sintoma horiek hosto gazteetan agertzen dira lehendabizi.
Zinka: beharrezkoa da triptofano aminoazidoa sintetizatzeko; aminoazido horretatik auxinak sortzen dira, zinkik gabe ezin da beraz auxinarik sortu. Zinka beharrezkoa da orobat DNA polimerasen koentzima gisa.
Zink eskasiaren eraginez hosto eta zurtoin txikiak sortzen zaizkio landareari; sustraiak ohi ez bezalakoak izaten dira, eta landareak zainarteko klorosia izaten du. Landare osoa txikitu egiten da.
Kobrea: karbohidratoen eta proteinen metabolismoan parte hartzen duten entzimenosagai bat da. Kobre eskasiak proteina gutxi sintetizatzea ekartzen du eta klorosia sortzen du. Hostoak bihurrituta ager daitezke, zati batzuk hilda dituztela. Kimuak eta muturreko hostoak hil egiten dira.
Molibdenoa: nitratoa murrizten duten bakterioek molibdenoa behar izaten dute entzima desnitrifikatzaileen eta nitrifikatzaileen osagai gisa. Landareak beste nitrogeno iturri bat baldin badu, orduan ez du molibdenoaren beharrik. Molibdenoa beharbeharrezko gaia da sustraietan egoten den nitrato reduktasa sortzeko, horri esker landareak nitratoa erabiltzen baitu nitrogenoaren iturri gisa; nolanahi ere, amoniakoa nitrogeno iturri gisa xurgatzen duten landareek ez dute molibdenoaren premiarik.
Molibdenorik ezak nitrogeno eskasia eragiten du, landareen kolorea argitu egiten da, hostoak kiribildu egiten dira eta orban horiak agertzen zaizkie. Loratzea moteldu egiten da, eta loreak erori egiten dira fruiturik eman aurretik.