Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Islamiar higikundeak

Herrialde islamiar gehienetan eskubiderik gabe eta gizonezkoen mende bizi dira emakumeak.<br><br>

ISLAMA IKUSPEGI POLITIKO BATETIK AZTERTZEN DUTE GIZARTEA ALDATZEA ETA ISLAMIAR ESTATU BAT ERATZEA HELBURU.Munduan milioika pertsonek islama daukate ez bakarrik sinetsi beharreko erlijiotzat edo bizimodutzat, baita beren jardun politikoaren elementu nagusitzat ere. Islamiar askoren iritzian, oinarrizko islamaren printzipioetara, sortzezko testuetara, itzuli behar da gaur egungo gizartearen erronkak eta arazoak bideratzeko eta konpontzeko.

Baina islam fundamentalistaz hitz egitea ez da anbiguetatea baizik, nahasmenerako bidea: batetik interpretazio guztiz ere aldaketen kontrakoak, aginpide politikoaren zilegitasunaren aldekoak sortzen ditu (Saudi Arabia), bestetik musulman tradizioaren azterketa kritikoa egiten du eta gizartearen eta politikaren antolamendu berri bat egiten saiatzen da, Muhammad profetaren garaiko Medinako komunitatea harturik eredu.

Gaur egungo islamiar higikundeen ustez, ez da aski fededuna izatea, ez eta islamaren arauak legeetan zorrotz aplikatzera murriztea islama. Haientzat islama ideologia politiko bat da, bizitza osoa hartzen du bere baitan eta bakarkako eta taldekako ekintzetara deitzen ditu musulman guztiak.

Ikuspegi horrek islamaren historian eta bilakaeran ditu sustraiak, baina ahalegintzen da gaur egungo arazoei erantzuna ematen.

Islamismo zorrotz-zorrotzaren oinarriak, islamismo politikoarenak azken batean, nahiz herrialde bakoitzean berezitasunak eta izen desberdinak dituen eta maiz joera batzuk besteekin nahasten eta elkarren aurka borrokatzen diren, Hassan al-Bannak (1920 inguruan Anaia Musulmanak zeritzan elkartea antolatu zuena) eta Abu Ala al- Manwdudik (Pakistaneko Jama’at-i-islami taldearen sortzailea, 1941) jarri zituzten.

Bigarren higikunde horren arabera, politikaren eta islamiar estatuaren antolamenduak legearen adituen (ulemas) aginpidera makurtu beharra zeukan, herritarrak mendeko hutsak ziren, eta sistema moral zorrotz bat errespetatu behar zuten nahitaez.

Politika eta gizarte ekintzak bereizten ditu joera islamiar kontserbadoreak eta beste joera islamiar erradikalagoak, Sayyid Qotb pentsalariaren jarraitzaileak, islamiar sunnietan eta islamiar xii heterodoxoetan banatuak.Lehenengoek lehentasuna ematen diote islamaren jarduerak eguneroko bizitzan berriz sartzeari batetik (otoitzak, baraua, emakumeek aurpegian zapia jarri beharra eta emakumeak leku publikoetatik desagerraraztea), eta bestetik, gizarte laguntzari (topaleku, lagunarte, eskola, kooperatiba, eritegi eta errukizko elkarteen bidez). Gainera, behartzen dituzte gobernuak islamiar printzipioei buruz haiek egiten duten interpretazioa hitzez hitz aplikatzera, nahiz horren truke indarrean dagoen aginpidera egokitzeko eta beren jarrera kritikoa uzteko arriskuan egoten diren. Islamismo iraultzailearen ustez, borroka politiko zuzena egin behar da, indarkeriaz behar izanez gero, estatuen, musulman antolamendu ofizialen eta baita gizartearen zati baten kontra ere, ezjakina baita eta utzia baitu politika eta erlijio militantzia.

Islamiar higikundeek era askotako jendea biltzen dute, behartsuak gehienbat, baina baita burgesia txikiko jendea, intelektualak, ikasleak eta teknikariak ere, hirietako gizaldeak alegia, beren herrialdeetako ekonomia kapitalismo pribatu edo estatuarenean sartzearen ondorioz sortu den krisiak bizi mailaz apaldu baititu, eta iritsi nahi zuten aginpide politikoa ukatu baitzaie. Modernizazioaren aurkako erreakzio bat baino, islamiar higikundeak gehiago dira modernizazio bidegabe, indibidualista, gainbehera etorria, materialista eta xahutxaile baten ondorioa, herriak kontsumo gizarte mendebaleko ohiturak hartuarekin identifikatzen baitu, eta ez baita goi mailako jendearen onerako eta gehiengoaren kalterako baizik.

Hala ere, 1960ko hamarraldiaz geroztik ia islamiar higikunde guztiak islamismo berri fundamentalista batera lerratu izan dira: ideologia, gizartea eta ekonomia aldatzeko egitasmoak bertan behera utziak izan dira ohitura jakin batzuk zorrotz baino zorrotzago indarrez ezartzeko egitasmo puritano, formalista eta zurrunen alde. Saudi Arabia, Pakistan eta Pertsiar Golkoko Emirerrien diru laguntzak indar handia eman die islamaren joera erradikal horiei, eta haiei esker ari dira gaur egun musulman gizarteak berriz islamiartzen.

 

Islamiar higikundeen goraldiaren nondiknorakoa

ISLAM OFIZIALAK INDARREAN DAUDEN AGINPIDEEKIN IZAN DUEN HARREMANA, ETA IDEOLOGIA NAZIONALISTA, LIBERAL ETA SOZIALISTEK ETA HAIEN EKONOMIA ETA POLITIKA ANTOLAMENDUEK ARABIAR-MUSULMAN ESTATUETAN IZAN DUTEN PORROTA IZAN DIRA ISLAMIAR HIGIKUNDEEN GORALDIA BULTZATU DUTEN ARRAZOIETAKO BATZUK.XIX. mendean islama izan zen kolonialismoaren aurkako borrokaren indar nagusia islamiar kultura zuten herrialdeetan. Neokolonialismoak eta herrialde bakoitzean zeinek bere independentzia iritsi ondoren sortu ziren eliteek ezarri zituzten aurrerabide ereduek, izan kapitalistak edo sozialistak, ez zituzten gizarte horietako arazo nagusiak konpondu: gosea, etxebizitza, autonomia ekonomikoa, baliabide naturaletatik ateratako irabazien banaketa zuzena eta bidezkoa, hezkuntza… Gero eta desberdintasun gehiago dago gizartean, eta landatik hirirako emigrazio desordenatu eta saldokakoak gizarte antolamendu tradizionala desegin du; islamak ordea erroerrotua dirau gizarte zibilean.

Errejimen autoritario eta ustelduen demokratizazioa ere konpondu gabeko auzia da oraindik; hiritarrek debekatua dute politikan libre parte hartzea, eta gobernuek azpijokoz erabiltzen dituzte sindikatu eta herri erakundeak. Badira, horretaz gainera, beste arazo larri batzuk: Estatu Batuen nagusitasuna Ekialde Hurbilean, mendebaleko herrialde batzuek hidrokarburoak eta azpiegiturak bere mende edukitzeko duten lehia, gerra etengabeak eta lurraldekako zatiketa –maiz kanpotik bultzatua–, palestinarren arazoari konponbide zuzenik ez ematea… Arazo horiek guztiek sortu duten kezkak eta ezinegonak gaizkitu du herrialde haien egoera. Meskita eztabaida politikorako leku bihurtu da erlijio egoitza bezainbat, handik kanpo ez baitago iritzi politikoa adierazteko aukerarik; herrialde horietako herritarrek, beraz, beren nortasunaren babeslekutzat daukate islama.

 

Xiismoa

XIISMOA DA ISLAMAREN JOERA DISIDENTE NAGUSIA; GUTXIENGO BATENA, MISTIKOA ETA MILITANTEA DA.Profeta hil ondoren musulmanen gidaritza (umma) norentzat ote zen erabakitzeak sorrarazi zuen xiismoaren eta sunnismoaren edo islamaren joera nagusiaren arteko bereizketa.

657. urtean Muawiya Siriako gobernadoreak buruzagitzatik bota zuen, Mekako aristokrazia zaharraren laguntzaz, Ali laugarren kalifa eta Mahomaren suhia. Aliren jarraitzaileek (shia) haren ondorengoen eskubideen alde egin zuten: gidari espiritual gailenak (imam) eta musulmanen aldiko buruzagiak Aliren eta, beraz, Mahomaren ondorengo zuzena behar zuen izan.

Jainkoaren gorentasuna herriarenean islatzen da, eta herriaren gidaritza imamari dagokio, pertsona zintzo eta jakintsu goiargiz bete bati. Liskar eta borroka asko izan zen sunnien eta xiien artean, azken horiek kalifa ofizialen politikaren aurkakoak baitziren eta gero eta zapalduago baitzeuden. 680an Aliren seme eta hirugarren imam Husseini lepoa moztu zioten. Aliren eta Husseinen martirioek garrantzi handia dute xiismoaren mitologian, pasioa, sufrimendua eta bekatuen ordaina oso baitira aintzat hartuak xiismoaren baitan.

Xiien dotrinak aginpide ohiz kanpokoa eta hutsezina ematen die imamei, profetaren ondorengoei, alegia, eta haiengan dago gorpuztua politika eta erlijio gidaritza. Xiismoa luzaroan esetsia izan baita, bere ideiei eta bere erlijio bizitzari gogor eutsi behar izan baitio, eta kanpotik ere ekarri ideologikoak izan baititu, hala du bere baitan agerikoa denaren eta ezkutuan dagoenaren ezagueraren arteko kontrakotasun bat. Hala bada, xiismoak garrantzi handia ematen dio ezagueran eta gogoetan oinarritutako interpretatzeko ahaleginari.

Imamen ondorengotza lerroa azken imamean etenda geratu zen. Zer imam hartzen duten gidaritzat, hala bereizten dira elkarrengandik xiismoaren baitako talde ugariak: zaidiarrak, ismailiarrak edo septimanoak (zazpigarren imamaren aipamenez) eta Mohamed hamabigarren imamaren aldekoak, eta beste joera asko (drusoak, alauiarrak…). Hamabigarrenaren aldekoak gehiengoa dira, batez ere Iranen, Libanon eta Iraken. Imamak bizirik dirau, baina desagertua dago: mesianismo berezi bat da hori, eta «ongia Jainkoak gidatua» (mahdi) da izatasuna ematen dion irudia, haren itzulera salbamenezkoak bakearen, zuzenbidearen eta egiaren garaipena ekarriko baitu. Hura gabe egon behar izan duten aldian xiiek gogor egin diote kontra aginpideari, baina haietako batzuk nahiagoizan dute aginpidearekin elkarlanean aritu, iraun ahal izateko. XVI. mendean safawien dinastiak Hamabigarrenaren aldekoen xiismoa beretu eta erabili zuen Irango erlijio ofizial gisa estatua errazago menderatu ahal izateko horrela, baina hala eta guztiz ere erlijio gizon xiiek beregaintasunari eta kritikatzeko eskubideari eutsi zioten. 1979ko iraultzak islamiar estatu bat ekarri zuen Iranera, politika egin eta kontrolatzearen alde zeuden mollah xiien gidaritzapean.

Xiiak biztanle musulmanen %10 dira; 100 milioi fededun, alegia, Iranen, Libanon, Iraken, Afganistanen, Indian, Pakistanen, Yemengo iparraldean, Arabiako eta Pertsiako Golkoan eta Turkian.

 

Irango iraultza

JENDE OSTE HANDIA, GAZTEAK ETA EMAKUMEAK BATEZ ERE, ALDAKETA ETA BERRIKUNTZA ESKE ARI ZAIO ISLAM POLITIKO XIIARI.1979ko otsailean Iran islamiar errepublika bihurtu zen, urte batzuk lehenago sortua zen uhin iraultzaileak Pahlavi sha eta haren gobernua aginpidetik bota ondoren.

1960ko eta 1970eko hamarraldietan areagotu zen errejimen haren izate diktadurazkoa: oso gogor zapaltzen zuen oposizioa; zeharo makurtua zegoen Estatu Batuen interesetara, zaindari lanak egiten zituen Pertsiar Golkoan besteren zerbitzuko; herrialde kapitalista bihurtua zuen Iran, petrolioaren industria, azpiegiturak eta merkataritza atzerriko enpresen esku zeuden utziak, sharen gortean etxekotua zegoen burgesia handiaren gidaritzapean. Kapitalismoak ustez ekarri behar zuen zaharberritzeak ez zuen aitzitik baserriaren desegitea, hirigintza neurririk gabe haztea eta industrietako langileak, nekazariak eta bazarretako merkatari txikiak pobreago bihurtzea baizik lortu.

Ikasleak eta langileak –haietako asko Tudeh alderdi komunistaren edo islamiar erakunde sozializatzaileen aldekoak ziren–, burgesiako kide liberalenak, bazarretako merkatari gehienak eta «mollahak» (hierarkian maila apala duten elizgizonak) izan ziren iraultzaren eragileak. Islama izan zen shak zapaltzerik izan ez zuen gizarte zibileko indar bakarra eta hala bihurtu zen iraultzaren oinarri ideologiko nagusi eta haren sortzaile eta bultzatzaile. Gizarte protesta hark Ali Shariati soziologoa, erlijiogizon baten semea, izan zuen eragile nagusietako bat, Khomeini bera baino gehiago.

Shariatiren mezuak eragin handia izan zuen Iranen, islama, eta bereziki xiismoa, indar iraultzaile gisa aurkeztu baitzuen, indar nazionalista,hirugarren munduaren aldeko eta mendebaleko inperialismoaren aurkako; gizartea aztertzerakoan marxismoaren ideia nagusi batzuk beretu zituen, eta ekintza politikoa eta erlijioaren berrikuntza izan zituen ardatz Muhammad profetaren eta musulman komunitatearen hasierako garaietako garbitasuna harturik eredu. Baina islamiar errepublika aginpidean ezarri zen orduko, berehala islamiar higikundearen joerarik kontserbadoreena nagusitu zen, eta lehia handiz baztertu zituen bai erlijio tradizionalaren aldekoak, ez baitzuen haien ustean islamismoak politikarekin nahastu behar, eta bai ezkerra, hala laikoa nola islamiarra, erlijioaren aldetik irekiagoa eta gizartean aldaketak egiteko zalea baitzen.

Khomeini hilez geroztikako urteetan joera guztien arteko elkar hartzeen eta kontra egiteen sare korapilatsu bat izan da Irango politikaren ezaugarri nagusia. Alii Jamenei iraultzaren gidari berri eta atzerakoiak batetik, eta funtzionario eta teknokrata bihurturik apaiz xii askok esku handia duten estatuko burokraziaren maratila guztiak bere esku dituen Hachemi Rafsanyani lehendakari hautatuak bestetik elkar hartu izanak oztopo handiak jarri dizkio islamiar kritikoen gobernurako bideari, haiek izan zirelarik lehenak errejimenaren liberalizazioa eskatzen, Montazeri ayatollaha gaur egun bere egoitzan zainpean dagoena gidari zutela.

Jamenei eta Rasfanyani liberalismo ekonomikoaren aldekoak dira, baina liberalizazio hori aplikatzeak arazo handiak sortu ditu: kanpo zorra 30.000 milioi dolarrekoa da; oinarri-oinarrizko salgaien prezioak igotzen ari dira; industria petrolio esportazioen mende dago eta zaharkitua gelditu da, eta merkataritza Estatu Batuek aginduriko blokeoaren mende dago. Ez da inongo erreforma ekonomikorik egin, eta aberatsen eta behartsuen arteko desberdintasunak gehiagotu egin dira, irabazi gehienak islamiar fundazioek eta aginpidean dauden politikoek eskuratzen dituztela. Gizartearen ezinegonak eta asalduak matxinada asko sorrarazi ditu, bai gobernuak gogor zapaldu ere.