Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Europa Erdialdea eta Balkanak gerra hotzaren garaian

SESBren tankeak Budapesten sartzen Hungariako 1956ko matxinada zapaltzeko.<br><br>

II. Mundu gerraren ondoren Sobiet Batasunaren kontrolpean gelditutako Europa erdialdeko eta Balkanetako eremua babesgarri gisa erabili zuen Sobiet Batasunak, 1808an edo 1941ean jasan zituenen tankerako erasoak galarazteko babesgarri gisa hain zuzen ere. Horrela, bada, lurralde haietako estatuek burujabetza galdu zuten eta Sobiet Batasunaren mende gelditu ziren.

Sobiet Batasunak herrialde haiekin izan zuen jarrerak bi ezaugarri nagusi ditu. Batetik, sobietar ereduaren arabera antolatu zituen politika, ekonomia eta gudarostea. Bestetik, bere kontrolpeko herrialdeetan tirabirak sortu zirenean indarra erabili zuen bere nagusitasuna iraunarazteko. Bi zeregin horietarako beste bi egitura handi erabili zituen: Elkarren laguntza ekonomikorako Kontseilua (ELEK), batetik, sobietarren kontrolpeko herriek ezinbestean bete beharreko hainbat arau ekonomiko ezarri zituena, eta bestetik, Varsoviako hitzarmena, alor militarrean gauza bera egin zuena. Kontrol militarrari dagokionez, esan beharra dago sobietarren gudarostea 1990eko hamarraldia arte egon zela Alemaniako Errepublika Demokratikoan, Polonian, Txekoslovakian eta Hungarian.

Balkanetako lurraldeetan, dena dela, Sobiet Batasunak jarrera moderatuagoa edo toleranteagoa hartu zuen. Horren erakusgarri da, besteak beste, garai batean Sobiet Batasunaren aliatu izandako bi estatuk ?Jugoslavia eta Albania? Sobiet Batasunaren bloketik atera eta beste bide bat hartzeko aukera izana. Errumaniak ere ez zuen Sobiet Batasunarekiko halako mendekotasunik izan kanpo harremanetan, eta Varsoviako hitzarmenak ezarri nahi zituen zenbait irizpide baztertu zituen. Bi kasu horietan beste herri batzuekin baino jarrera toleranteagoa hartzeko arrazoia oso garbia da: II. Mundu gerraz gero eratu ziren bi bloke militar ahaltsuenak zeintzuk ziren kontuan harturik, Balkanek ez zuten bi bloke haien arteko gatazken gertaleku izateko halako arriskurik.

 

Sobietar blokearen osaera

II. MUNDU GERRAREN ONDOREN EUROPA ERDIALDEKO ETA BALKANETAKO EREMU HANDI BATEN GAINEKO KONTROLA ESKURATU ZUEN SOBIET BATASUNAKII. Mundu gerraren amaieran sobietar gudarosteak Europa erdialdeko eta Balkanetako zenbait herrialde Alemaniaren mendetik askatu zituen, eta Yaltako hitzarmenaren bidez Sobiet Batasunaren eraginpean gelditu ziren Alemaniako ekialdea, Polonia, Txekoslovakia, Hungaria, Errumania eta Bulgaria. Beste bi herrialderi ?Jugoslavia eta Albania? zalantzazko egoera egokitu zitzaien eragin guneen banaketan.

Moskuk bere babeserako ezkutu gisa erabili nahi zituen herri haiek hasiera-hasieratik, 1941ean Hitlerrek Sobiet Batasunari egin zion erasoaren antzeko egoerarik berriro gerta ez zedin. Erasoen beldur zen, eta ez zitzaion horretarako arrazoirik falta,gainera, gero eta harreman kaskagarragoak baitzituen mendebalean bere aliatu izandako herrialdeekin eta, batez ere, Estatu Batuekin. Bere mendeko herrietan sobietar gudarostearen presentzia ziurtatzearren, herrialde haietako alderdi komunisten esku jarri nahi izan zituen gobernuak, eta zapalkuntza gogorra erabili zuen horretarako.

Herrialde bakarra gelditu zen, hasieran behintzat, Sobiet Batasunaren zapalkuntzatik aske: Jugoslavia.

Sobietarren nagusitasuna zela-eta, Europa erdialdeko eta Balkanetako lurraldeentzat oso urte gogorrak izan ziren II. Mundu gerra ondoko urteak. Sobiet Batasunak gerra ondoren kalte ordain handiak kobratu zizkien, industria asko sobietar lurretara eramanez, esaterako. Ondoren, 1949an, ELEK erakundea sortu zen; «merkatu komun» gisako egitura bat zen, baina Moskuk bere mesederako erabili zuen. Eta azkenik, 1955ean, Varsoviako hitzarmena, Sobiet Batasuna buru zuen aliantza militarra, sinatu zen.

 

Atzerrian egindako erasoak

SOBIET BATASUNAK EUROPA ERDIALDEKO BERE ALIATUEN KONTRAKO ERASO MILITARRAK EGIN ZITUEN BERE NAGUSITASUNA KOLOKAN IKUSI ZUENEROSobiet Batasunak alderdi komunistak erabili zituen bere aliatuen kontrako tresna nagusi gisa; izan ere, erabateko kontrola ezartzen zien bere mendeko herrialdeetako alderdi komunistei. Baina bazuen beste tresna oso eraginkor bat: eraso militarrak egiten zituen bere kontroletik askatzeko ahaleginak sumatzen zituen guneetan.

Horrela bada, bere aliatuen kontrako lehenengo eraso militarra 1953an egin zuen, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren kontra, Berlingo langileen matxinada bat zapaltzeko. 1956. urtean Hungarian esku hartu zuen sobietar gudarosteak, eta Txekoslovakian 1968an. Poloniako 1980- 1981eko krisian ez zen sobietar gudarostea zuzenean sartu gerra legea ezarri zelako.

Azkenik, Berlingo krisiaren ondorioz hiria zatituko zuen harresi bat eraiki zen 1960ko hamarraldiaren hasieran, eta harresiaren eraikuntza ere Sobiet Batasunaren esku hartzearen ondorio gisa har daiteke.Sobietar gudarosteak zein herrialdetan esku hartu zuen ikuste hutsarekin garbi gelditzen da Sobiet Batasunak Varsoviako hitzarmenaren «iparraldeari» eraso ziola gogorren, hain zuzen ere mendebaleko herrialdeekin gatazka sortuz gero gatazkaren gertaleku izateko arrisku gehien zuen eremuari.

Hegoaldeari dagokionez, Balkanei dagokienez alegia, jarrera bigunagoa izan zuen, galdua baitzuten behinola izandako garrantzi geoestrategikoa.

Zenbait herrialdetan, Hungarian eta Txekoslovakian adibidez, alderdi agintarietatik bereizitako zenbait taldek Sobiet Batasunaren eraginpetik askatzeko ahalegina egin zuten ?Nagy Hungarian, eta Dubcek Txekoslovakian?.

Bestalde, erasoa edo esku hartzea ez zen kasu guztietan talde beraren bitartez egin: Alemaniako Errepublika Demokratikoan eta Hungarian, esaterako, sobietar gudarosteak esku hartu zuen zuzenean; Txekoslovakian, berriz, Varsoviako hitzarmenari egokitu zitzaion erasoa egitea, eta Polonian poloniar gudarostea bera izan zen protagonista. Dena dela, eraso guztien ondoren laguntza ekonomikoak emanez kalteak konpontzeko ahalegina egin zuen Sobiet Batasunak. Gai honi dagokionez, aipatzekoa da Stalin hil ondoren Sobiet Batasunak bere aliatuekin zituen harreman ekonomikoak asko hobetu zirela.

 

Sobiet Batasunak ezarritako errejimenak

SOBIETARREN ERAGIN GUNEETAN «DEMOKRAZIA HERRITARRAK» EZARRI ZIREN, ETA LEKUAN LEKUKO ZENBAIT BEREZITASUN GORDE ZITUZTEN ARREN, SOBIETAR ERREJIMENAREN KOPIA HUTSAK IZAN ZIREN, ORO HAR, EKONOMIARI ETA POLITIKARI DAGOKIONEZII. Mundu gerraren ondoren Sobiet Batasunak bere eragin guneetan ezarri zituen errejimenek arazo larriak izan zituzten herritarren onespena lortzeko, sobietar gudarostearen esku hartzeari esker ezarriak baitziren.

Horrez gainera «demokrazia herritarrek» zailtasunak zituzten diskurtsu nazionalista erabiltzeko, sobietarrekiko mendekotasuna zela eta.

«Demokrazia herritarrek» sobietar errejimena antzeratzen zuten alor gehienetan. Beraz, alderdi bakarreko eredua erabili zuten ?nahiz eta Polonian edo Alemaniako Errepublika Demokratikoan alderdi anitzeko errejimena zegoen teorian?; plangintza zentralizatuetan oinarritu zen ekonomia eta gudarosteko koadroak sobietar eskoletan prestatzen ziren. Baina erakundeez eta gizarte harremanez gainera beste alor batzuetan ere nabarmendu zen sobietarren eragina, hainbesteraino ezen 1970eko hamarraldian Sobiet Batasuna krisian sartu zeneankrisian sartu baitziren, orobat, Europa erdialdea eta Balkanetako lurraldeak.

Dena dela, herrialde bakoitzak gorde zituen ezaugarri propio batzuk, gutxi badira ere. ELEK delakoa ezarri zen arren, adibidez, herrialde guztietako ekonomiak ez zuen bilakaera berdin-berdina izan: Alemaniako Errepublika Demokratikoa, Polonia, Txekoslovakia eta Hungaria estatu industrializatuak izan ziren ELEK sortu ondoren ere, eta Errumanian eta Bulgarian, aldiz, nekazaritzan oinarritua zen ekonomia. Ekonomiaren berezitasunei dagokienez aipatzekoa da, halaber, Poloniako eta Hungariako nekazaritzan jarduera pribatuak indar handia izan zuela. Bestalde, herrialde bakoitzak arazo nazional propioak izan zituen, adibidez turkiarrena Bulgarian, hungariarrena Errumanian edo mugako herrietakoa Polonian. Gizarte arazoak ere ez ziren berberak toki guztietan, eta horren erakusgarritzat har daiteke 1980ko hamarraldian Polonian sortu zen Solidarnosc sindikatua, adibidez. Azkenik, desberdintasunak izan ziren, orobat, kanpo politikan; alor horretan aipagarria izan zen Errumaniaren kanpo politika, askotan Moskuren aginduetatik aldendu baitzen, Ceaucescuk errejimen gogorra ezarri zuen arren.

 

Jugoslaviaren eta Albaniaren disidentzia

BALKANETAKO BI ESTATU ?JUGOSLAVIA ETA ALBANIA? SOBIETAR MENDEKOTASUNETIK ASKE GELDITU ZIREN; LEHENENGOA EZ ZEN SOBIETARREN ALDERA LERRATU ETA BIGARRENAK HARREMAN ESTUA IZAN ZUEN MAOREN TXINAREKINLehen aipatu diren herrialdeetan ez bezala, II. Mundu gerra amaitu ondoren Jugoslavian eta Albanian bertako gerrilla mugimenduaren jarduerari esker ezarri ziren errejimen sozialistak. Horri eta bi estatu horiek gainerakoek baino garrantzi geoestrategiko txikiagoa izanari esker gero eta gehiago bereizi ziren Sobiet Batasunetik.

Jugoslavia 1940ko hamarraldian aldendu zen gehien Sobiet Batasunetik. Jrushchoven garaian Moskurekiko harremanak normalizatu egin ziren arren, Jugoslaviako errejimena ez zen sartu ez bloke batean eta ez bestean, eta kanpo harremanetan politika burujabea egin zuen. Jugoslaviak, Tito karisma handiko agintaria buru zuela, egitura federala hartu zuen, Sobiet Batasunarekin aliaturiko herrialdeek ez bezala, eta oso eredu berezia osatu zuen; izan ere, alde batetik deszentralizaziorako joera eta nazio gatazkak nabarmentzen ziren, baina bestetik alderdi bakarren kontrolpean zegoen errejimena.

Ekonomian ere politikakoen antzerako kontraesanak gertatu ziren, autogestioanoinarrituriko formulak eta plagintza zetralizatua bilatzen zutenak erabili baitziren aldi berean.

Dena dela, Jugoslaviako eredu federalari esker sobietarrek beren mendean zituzten herrialdeetan baino gizarte irekiagoa eratu zen Jugoslavian. Aipatu beharra dago, hala ere, 1980an Tito hil ondoren asko larritu zela Jugoslaviaren egoera, elite nazionalen istiluen ondorioz, besteak beste.

Albaniari dagokionez, berriz, Jrushchoven garaian Sobiet Batasunarekin hainbat istilu izan zituen, albaniarrek errejimen «errebisionistatzat» baitzuten errejimen sobietarra; horren ondorioz Albania sobietarren bloketik atera zen eta Txinarenari lotu zitzaion.

Albania inguruko herrietatik bakartuta gelditu zen eta eredu ekonomiko oso gogorra ezarri zuen; azkenean Enver Hoxharen garaian Txinarekiko harremanak ere eten egin zituen Albaniak.