Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Europa Baturantz

Europako Erkidegoaren bandera.<br><br>

EUROPA BATUAREN AMETSA, HORRA GERRAONDOKO EUROPAREN ERRONKA GARRANTZITSUENETARIKO BAT. ERA HORRETARA EUROPA SAIATU ZEN BESTE BORROKA BATI ITZURTZEN, LANKIDETZA ETA ELKARREKIKO MENDETASUNA DIRELA BIDE, BAI ETA KONTINENTE ZAHARRA MUNDU GERO ETA LEHIAKORRAGO BATEAN TXERTATZEN ERE.Kalergi austriar kondeak 1923an Europako Estatu Batuen bere egitasmoa zirriborratu eta 1929an bi politikarik, Briand frantsesak eta Stressemen alemanak, Nazioen Elkartean gauza bera egin zutenetik, gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan zen Europa batzeko xede hura. Europak, alabaina, gerra izugarri suntsitzailea jasan behar izan zuen berriro Europa Batuaren egitasmoari heldu aurretik, gatazka haren ondorioz biztanleek eta ekonomiak jasan behar izan zuten hondamenetik ateratzeko irtenbide gisa. Egiteko horretan Estatu Batuen laguntza bildu zuten, “etsai gorriaren” beldur baitziren. Churchill lehendakariak Zurich-en egin zuen hitzaldian (1946) esandakoa benetako iragarpena izan zen: kontinente zaharra berreraikitzeko, Frantziak eta Alemaniak helburu beraren inguruan elkar hartu beharko zuten, XIX. mendeaz geroztik bi herrialde horiek gatazkan eduki zituen ezinikusia bazterturik. Hori egia bihurtu zuen Erromako Itunak, 1957ko martxoaren 25ean sinatuak. Modu horretara sortu zen EEE. Partaideak: Alemania, Frantzia, Italia, Belgika, Holanda eta Luxenburgo. Une hartatik, soziala baino areago ekonomiaren alorrekoa zen egitasmo hura iman gisakoa gertatu zen Europako gainerako lurraldeentzat.

1973an etorri zen lehen zabaltzea, hasiera itxaropentsu baten ondoren: Erresuma Batua, Irlanda eta Danimarka. Aurreko horiei, eta gorabehera askoren ondoren, Grezia erantsi zitzaien 1981n, bai eta bost urte geroago, 1986an, Espainia eta Portugal. 1995ean Austria, Suedia eta Finlandia erantsirik, hamabosten Europa osatu zen. Europaren eraikuntza prozesu honek, gorabeherekin baina inolako atzera itzultzerik gabe, Europa batu eta solidarioagoa ekarri du, aberatsa ekonomiaren aldetik, presentzia handiagokoa munduan eta, batez ere, eredua ezarri du munduan gertatzen ari diren antzeko prozesuentzat.

 

Aurretikoak

BIGARREN MUNDU GERRA AMAITZEAN EUROPA AHULTASUN HANDIAN ZEGOEN. GERRAK ONDORIO LATZAK EKARRI ZIZKION JENDEARI, KONTINENTE IA OSOA SUNTSITURIK ZEGOEN, ETA EKONOMIA KINKA LARRIAN ZEN, BEREZIKI ALEMANIAN.Modu horretara iritsia zuen munduko politikaren erdigunea izandako Europa hark hondamena, gerraren ondorio handiegirik nozitu ez zuten Estatu Batuen mesedetan.

Beste potentzia bat sortzen ari zen kontinentean: Stalinen Sobiet Batasuna. Testuinguru horretan –ordurako gerra hotza nagusitua zen–, Estatu Batuak berehala ohartu ziren Mendebaleko Europa indarberritu eta bizkortu beharra zeukatela, Errusia sozialistak aurrera egin ez zezan. Hala hasi zen zuzpertzen Mendebaleko Europa, Estatu Batuek Europako ekonomia berreraikitzeko sortu zituzten egitasmo berezien laguntzaz (Marshall Plana). Europako estatugizonek erabaki zuten elkar lanerako formularen bat aurkitu beharra zegoela kontinentea seguruagoa eta ekonomiaren aldetik indartsuagoa izan zedin. Eginkizun hura ez zen erraza, iraganeko zauriak ez baitziren oraino guztiz sendatuak. Alderdi ekonomikoaizan zen errazena lankidetza politika hura abiarazterakoan, eta, hartara, 1950ean Frantziako kanpo arazoetarako ministroak proposamen bat eman zuen aditzera: Frantziak eta Alemaniak elkar harturik ekoiztu eta saldu zitzatela beren ikatz eta altzairu baliabideak, eta beste herrialdeek ere izan zezatela hitzarmen hartan parte hartzeko aukera. Urtebete geroago (1951) CECA (Ikatz eta Altzairuaren Europako Elkartea) izenekoa osatu zuten hainbat herrialdek: Frantzia, Alemania, Italia, Belgika, Holanda eta Luxenburgok. Hurrengo urtean (1952), CED (Defentsarako Europako Elkartea) delakoa sortu zuten herrialde horiek berek.

Azken elkarte horrek, ordea, bi urte besterik ez zuen iraun, 1954an Frantziako Batzarrak ez baitzuen Ituna berretsi, Alemania berriz armatzen hasi izana auzi bihurturik.

Erakunde hura UEO (Mendebaleko Europako Batasuna) bihurtu zen eta, Aliantza Atlantikoarekin (OTAN) batera, batze prozesu hura kontrolatu zuen. Itxarobide handirik gabeko aurretiko horren ondoren, CECA Messina-n (Italia) bildu zen urtebete geroago (1955); bilera hartan Spaak belgiar ministroa buru zuen batzordeak batasun ekonomiko eta nuklearrari buruzko txosten bat egiteko agindua jaso zuen.

 

EEE: ibili dabilen errealitate bat

SPAAK BATZORDEAREN TXOSTENAK EUROPAKO ERKIDEGOEN ITUN ERATZAILEEN SINADURA EKARRI ZUEN 1957KO MARTXOAREN 25EAN. ERA HORRETARA, ERAKUNDE-EGITURA BERRI BAT SORTU ZEN EUROPA BATU BAT IRISTEKO XEDEAREKIN.Hiru komunitatek osatzen zuten Europaren etorkizuna gobernatu behar zuen egitasmo hura: CECA, EURATOM (energia atomikorako erakundea) eta EEE (Europako Ekonomia Elkartea), baina azken izen horrekin ezagutzen du jendeak egitasmo hori. Ikatz eta Altzairuaren Komunitateko sei herrialdeak izan ziren horren sortzaileak. Itun horien hitzaurreak helburu hauek aipatzen zituen: herrien arteko batasun estua sortzea, pertsonen zirkulazio askea, politika fiskal eta ekonomiko komuna; alegia, elkarterako eta erakunde-egitura komunerako oinarriak ziren haiek. Erakunde-egitura haren osagaiak hauek ziren: Batzarra (Parlamentu gisakoa), ministroen kontseilua, Batzorde bat, Justizia Auzitegia eta Ekonomia eta Gizarte Batzordea.

Ekimen horren kontrako erantzuna elkarte hartatik kanpo geratua zen herrialde batetik etorri zen. Izan ere, Britainia Handiak, EEEren aurkako jarrera gisa, 1959an EFTA izenekoa sortu zuen Suedia, Suitza, Norvegia, Danimarka eta Portugalekin batera.

Handik harat, EEEk aurrerabide handia izan zuen ekonomiaren aldetik berpizten ari zen Europa hartan. EEE sortu eta lehen aldiz zabaldu bitarteko (1957-1973) balantzea guztiz argigarria da. Estatu kideen arteko muga zergak deuseztu ziren, kanpo tarifa komuna ezarri zuten, urteko batez besteko hazkundea 5,5ekoa izan zen, lankidetza itunak sinatu ziren, eta hiru komunitateen arteko batasun instituzionala lortu zuten. Horrenbestez, Haga-ko goi bileran (1970), Britainia Handiari EEEn sartzen uztea erabaki zuten (Frantziak bi aldiz jarria zion betoa 1963an eta 1967an). Beraz, herrialde hori, Danimarka eta Irlandako Errepublikarekin batera, elkarte horretan sartu zen 1973ko urtarrilaren 1ean. Ekonomia eta diru batasuna sakontzea eta Europako Parlamentua –lehengo Batzarra benetako organo legegile bihurtua– indartzea onarturik geratu ziren goreneko bilera hartan bertan.

 

Euroesklerosia

LEHEN ALDIZ ZABALDU ETA KIDE BERRIAK ONARTU ONDOREN, EEEK 252 MILIOI BIZTANLE ZITUEN ETABIGARREN MUNDUKO POTENTZIA EKONOMIKOA BILAKATU ZEN, ESTATU BATUEN ONDOREN, BAINA ALDI BEREAN ALDI ILUNENETAKO BAT BIZI IZAN ZUEN.EEEn beste herrialde batzuk sartu zirenean, auzitan hasi ziren alde batetik Erkidego hura merkataritza askeko gune soila izatea nahi zutenek (Britainia Handia), eta bestetik, batasun ekonomikoaz gainera, batasun estuagoa egin gogo zutenek. Europar egitasmoaren nolakotasunaren inguruko liskar haiek ekonomiak behera egin zuen garai batean gertatu ziren –1973ko petrolioaren lehen krisian–. Krisi hark gogor jo zituen zenbait herrialde, Alemaniako Errepublika Federala adibidez. Erresuma Batuko gobernuak, hasiera-hasieratik, EEEren finantzazioa beste modu batera antolatzeko xedea hartu zuen, herrialde horrek elkarteko kutxari egiten zion diru ekarpena jartzen zuen bereziki auzitan. Dublinen egindako Europako Kontseiluaren bileran (1975) britainiarren diru ekarria aldatzea erabaki zuten, eta Commonwealtheko nekazaritza produktuei abantaila batzuk eskaintzea orobat. Hala, Wilson-en gobernu laboristak erabaki hura erreferendumera eraman zuen, eta baiezko erantzuna jaso zuen. Margaret Thatcher aginpidera iritsirik (1979), britainiar agintarien jarrera are gogorragoa izan zen. Hala bada, beste britainiar batek, Churchillek, behiala esan bezala, Frantzia-Alemania bikoteak hartu beharko zuen bere gain Europa aurrera eramateko lana. Parisko Kontseiluan (1974), Kontseilu hura bera erakunde bihurtzeaz gain, Europako Parlamenturako lehen hauteskundeak egitea erabaki zuten –1979an sufragio unibertsal zuzenez egitekoak–.

Urtebete lehenago, Kontseiluaren beste bilera batean, Europako Diru Sistema abian jartzea erabakia zen; 1979ko martxoan sartu zen indarrean, haren helburu nagusia europar dirua –ECU– sortzea izanik. Bigarren zabaltzea ere aldi horretakoa da: Grezia izan zen EEEko hamargarren bazkidea(1981). Modu horretara Europako Elkartea egitasmo ekonomiko hutsa ari zen bilakatzen elkarte politikoa baino areago, ezin baitzitekeen aurrera egin estatuek zeinek bere burujabetasunaren zati bat interes komunen alde uztea zekarten gaietan. Horrek Europako Elkartearen bilakaera atzeratu zuen, eta lehen kritikak ekarri zizkion proiektu hura ekonomiak kutsatuegi eta hiritarrarengandik urrunegi antzematen zutenen aldetik.

 

Beste bultzada bat

1985EAN JACQUES DELORS EUROPAKO BATZORDEKO LEHENDAKARI IZENDATZEAK USTE OSOA PIZTU ZUEN ETA BULTZADA HANDIA EMAN ZION MOLDE POLITIKO BERRIRIK EZEAN AGORTZEN ARI ZEN PROIEKTU HARI.Luxenburgon 1985eko abenduan egindako Kontseiluak hartu zuen arazo horri buruzko erabaki garrantzitsuena. Europako Akta Bakarrak hauxe aurreikusten zuen: “barne merkatu bakar eta osatua sortzea, salgaien mugimendurako murrizketarik gabea, eta oztopoak kentzea orobat pertsonak eta salgaiak libre ibili ahal izan daitezen…”.

Barne merkatu bakar horri abiatzeko epea ere jarri zitzaion: 1992ko urtarrila.

Aldaketa hori, 1957ko Erromako Itunetatik garrantzitsuena, hamabi estatu kideek berretsi zuten (Espainia eta Portugal 1986ko urtarrilean sartu ziren elkartean). Gainera, Akta Bakarrak bestelako berritasunik ekarri zuen: Lehen Instantziako Auzitegi bat sortzea, Kontseiluan gehiengo kualifikatuen bidezko sistema ezartzea, Parlamentuari aginpide handiagoa ematea, Ekonomia eta Diru Batasuna helburutzat ezartzea, eta kanpo polika komunerako lehen jarraipideak markatzea. Europa eraikitzeko prozesua ez zegoen ordurako soil-soilik gobernuen esku, beste gizarte eragile batzuk ere –hala nola sindikatuak eta enpresa buruak– hartzen baitzituen bere baitan, merkatu bakarra helburu.

Harrezkeroztik, EEEren etorkizuna zela eta, areagotu egin zen federalisten etakonfederalisten arteko eztabaida. 1990eko apirilean, Berlingo harresia erori (1989) eta Alemania batu (1999ko urrian) ondoren, Kohlek eta Mitterrandek lehen aldiz erabili zuten Europako Batasuna izena frantziarrek eta alemaniarrek elkarrekin egindako adierazpen batean. 1990eko abenduan Erroman hasi ziren batasun politikoa eta batasun ekonomikoa ezartzeko prestalanak; alor bakoitzak bere batzorde berezia zuen arren, EEEko estatuen arteko batasun estuagoa eratzea zen lan haien helburua. Horien guztien ondorioz, ezarririk gertatu ziren bai Ekonomia eta Diru Batasuna (UEM) eta bai Batasunaren Ituna (Maastricht-eko Ituna).

Horrenbestez, aldi berri bat abiatu zen laster hamabosten Europa izan behar zuen hartan: munduko lehen merkataritza potentzia sortua zen.