Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Langile mugimendua eta sozialismoa

Karl Marx bere langelan.<br><br>

Industria Iraultzak hainbat aldakuntza eragin zituen bai gizartean, bai ekonomian. Aldakuntza horien ondorioz, gero eta jende gehiagorentzat bizibidea ateratzeko bide bakarra, diru sari baten truke lan egitea zen. Ordu arte, hirian lan egin edo baserrian lan egin, lan harremanen ezaugarri nagusia jaunekiko, ekoizleekiko edo gremioekiko mendekotasuna zen; iraultzaren ondoren, ordea, langileak legez askeak baziren ere, ez zuten gizarte babesa lortzeko ez baliabiderik, ezta mekanismorik ere. Industrializazioaren eta ekonomia liberalaren lehenengo urteetako babesgabetasunak batetik, eta bizitza baldintzen txirotasunak bestetik, biziki kezkatu zituen gutxiengo ilustratua, burgesak edo aristokratak. XIX. mendearen erdialdean –“industralizazioaren sorterrian”, Britainiar Uharteetan alegia, askoz ere lehenago– langileak elkarteetan biltzen hasi ziren.

1848an, Marx eta Engelsen Manifestu Komunista argitaratu zen urtean hain zuzen, aldi berri bat hasi zen: ordu arte aurrez aurre zeuden klase gizartea batetik, eta bestetik, gizarte burgesa; urte hartatik aurrera, berriz, buruz buru jarri ziren jabeak eta langileak.

Langile askok ontzat hartu zituzten berdinzaleen proposamenak: Marx eta Engelsen sozialismoarenak, eta Proudhon eta Bakuninen anarkismoarenak. Horien eskakizunek, langile mugimendu antolatuarenak eta adar sozialista desberdinen eskakizunek langileen Internazionalean, Langileen Elkarte Internazionalean, bildu ziren elkarrengana.

Internazionala 1876an desegin bazen ere, elkarte hura izan zen sindikatuen edo alderdi sozialisten bidez langile mugimenduaren oinarria XIX. mendearen azken laurdenean eta XX. mendearen lehen hamarraldietan.

 

Lehenengo sozialismoa

Askatasuna, Berdintasuna eta Anaikortasuna trilogia izan zen Frantziako Iraultzaren oinarria; baina trilogia hark ondorioz ekarri zuen askatasunak eta berdintasun formalak elkarrengandik urrunarazi zituen herritarrak eta langileak, eta eskubide politikoak eta sozialak.

Frantziako Iraultzaren bukaeran, “sans culotte” erradikalenek, Babeuf eta beste iraultzaile batzuk gidari zituztela –Berdinen konspirazioa (1796)–, egoera haren kontrako iritzia agertu zuten. Haien ondoren, sozialista utopikoek –aristokratak edo burgesak, hala nola Saint Simon, Fourier, Cabet edo Owenek– zenbait proposamen egin zituzten ekonomia liberalak eta kapitalismoak sortutako desberdintasunak gainditzeko.

Kooperatiben, komunen eta falansterioen bidez, hainbat gizarte egitura diseinatu zituzten elkar ondo etor zitezen interes pribatua batetik, eta bestetik, taldearena.

Sozialista utopikoek ez zuten proposatzen iraultza egitea, negatibotzat hartzen zuten errealitatea gainditzea baizik. Haien igualitarismoa ez zen komunista: ez zuten jabetza desagertzea eskatzen, jabetza hori berdintasunez banatzea baizik. Adierazpen hori sozialismoaren jatorrizko adierazpena zen, eta horren analisiak etorkizuneko sozialismoaren oinarria erakusten zuen: baldintza materialak aldatzea, berdintasunean eta harmonian bizitzeko gai izango zen gizadia sor zedin.

Baina ideia eta errealitate horiekin batera, ordu arte mendeko artisau zirenek, baina babesa zutelarik, eta ordutik aurrera legearen arabera proletario aske zinerek, baina babesik gabeak, aurre egin behar izan zioten errealitate berri haren alderdi materialari, makinari alegia. XIX. mendearen hasieran –hiru alditan: 1811-1812, 1814 eta 1816–, Ingalaterraren erdialdean eta iparraldean (Midlans, Yorkshire, Cheshire eta Lancashire) makinak deusezteko mugimendua sortu zen: ludismoa. Ingalaterratik barrena beste herrialdeetara zabaldu zen higikunde hura. Makinaren kontrako eraso haren bidez, lan harreman berria salatzen zen, langilea produkzioaren atal soila bihurtzen zuen harremana alegia: harreman berri hark baliogabe uzten zituen langilearen giza baldintza eta lan espezializazioa, gutxitzen zuen lana, eta langabezia sortzen zuen. Bestalde, ordu arteko errealitate egituratua eta organikoa deusezten zuen, eta beste lanbideetako pertsonak, emakumeak eta umeak, elkarren lehian aritzera bultzatzen zituen.

Greba garaian nagusiari indar egiteko modua ere izan zen ludismoa. Ehundegiak deuseztearen kontra Ingalaterran onartu zenlege baten bidez (1812), zigor gogorrak ezarri zitzaien ludistei; azkenean, milaka soldaduz osatutako gudaroste batek garaitu zituen ludistak.

Langileen eskubide politikoak eta sozialak betetzeko eskakizunak Britainiar Uharteetan egin ziren lehenik, herrialde hartan baitzegoen industralizazioa aurreratuena, eta hantxe ikusten baitziren garbien gizarte liberalaren kontraesanak.

1832ko Reform Bill-en ondoren (boto eskubidea eman zien erdi mailako sektoreei), popularrak oraindik ere bazterturik zeuden politikan, eta 1838an, azkenik, Herriaren Gutuna idatzi zuten Londresen. Gutun hartan egiten ziren eskakizunak hauek ziren: batetik, sufragio unibertsala, eta, bestetik, herriak politikan parte hartze handiagoa izatea, hala hobetuko baitziren, haien ustetan, herriaren bizitzeko baldintzak.

Kartistek William Lovett edo Feargus O´Connor buru zituztela, milioika sinadura bildu zituzten (hiru alditan, 1839, 1842 eta 1848an), Parlamentuari beren eskubideak bete zitezen eskatzeko. Sinadura haiek bildu ziren garai berean manifestazio eta greba ugari izan zen. Egoera aldatu ahala, kartismoaren izaera ere aldatu, eta poliki-poliki langile eskakizunen adierazpen soila bihurtu zen. Egile batek esan bezala, “langileen lehenengo alderdia” izan zen. Europako beste herrialdeetan gizartearen erradikalizazioa errepublikazaleengan nabarmendu zen. Errepublikazaleak ere eskubide politikoen aldekoak ziren; eta haien ustez, eskubide haiek betetzen zirenean sortuko zen langileak babesean edukiko zituen gizarte eta ekonomia egoera berria.

 

Marxistak eta anarkistak

Sozialismo modernoaren “aita fundatzaileak” Karl Marx eta Mikhail Bakunin izan ziren, eta horiek dira, hain zuzen, sozialismoan hasiera-hasieratik bereizi ziren bi familia handien ordezkariak, alegia, sozialismo marxistaren eta sozialismo libertarioaren edo anarkismoaren ordezkariak, hurrenez hurren.

Hauek dira sozialismoaren bi adar horien arteko desberdintasun nagusiak: antolamendu eredua, politikaren ideia eta Estatuaren zeregina. Sozialista marxisten iritziz, langileen antolamenduak zentralizatua izan behar zuen, eta irtenbide eraginkorrak bilatu behar zituen batez ere. Anarkistak, aldiz, egitura federal, malgu eta librearen aldekoak ziren, lekuan lekuko baldintzetara egokitzeko gai izango zen egituraren aldekoak. Batzuen eta besteen diskurtsuak ere elkarren oso desberdinak ziren egituraz: sozialismo marxistak pentsamendu egitura itxia eta oso koherentea osatzeko joera zuen; anarkismoan, berriz, alde handia zegoen egile baten edo beste baten idatzien artean, baina zenbaitetan kontraesanak ere ikus zitekeen arren, kontraesan horiek guztiak ideia nagusi batean elkartzen dira: askatasuna eta esperimentazio librea.

Manifestu Komunista argitaratu zenetik bertatik, bi bide hartu zituzten marxistek politikan: iraultzailea batetik, eta, bestetik, legezkoa. Bigarren bideak erakundeak (alderdi politikoak) osatzera behartu zituen, eta haien bidez parte hartu zuten hauteskundeetan lehenbizi, eta legebiltzarrean ondoren. Anarkistek uste osoa zuten bigarren bide hori ez zela egokia, sozialistek iraultzarako zuten indarra ahituko zuela eta etsaien logika politikoaz kutsatuko zirela.

Estatuari dagokionez, bai marxistak bai anarkistak estatua deuseztearen aldekoak baziren ere, lehenengoen ustetan iraultza egiteko estatuaren aparatua konkistatu behar zen lehenbizi, eta ondoren, trantsizioko aldian, estatutik bertatik burgesia deuseztu eta oinarrizko egiturak aldatuko zituen boterea ezarri behar zen –proletarioen diktadura–, gizarte sozialista osatu ahal izateko. Anarkistak, aldiz, estatua deuseztearen aldekoak ziren, trantsizioko aldi iraultzailerik eta iraultzaren instrumentalizaziorik izan gabe. Batzuen eta besteen artean bazen beste desberdintasun bat: anarkistek erro-errotik baztertzen zuten aginpidea; marxistentzat, aldiz, baztertze hori gogoetaren ondorioa da, eta azken buruan, garrantzi handiagoko beste zenbait gairen mende jar daiteke (politika, ekonomia…).

 

Langileen internazionala. Komuna

Langileen Elkarte Internazionala 1864an osatu zen Londresko St. Martin´s Hallen.

Elkarte hartan hainbat langile erakunde bildu zen, helburu bakarrarekin; helburu hura esapide honetan laburtzen da: “Langileen askatasuna langileen beren betekizuna da”.

Marxek idatzi zuen Elkartearen sorrera manifestua.

Sortu zen unetik bertatik Kontseilu Orokor batek koordinatzen zituen herrialde batzuetan eta besteetan egiten ziren jardunak.

Hala ere, Internazionalaren eragina estatuek eta gobernuek uste zutena baino ahulagoa izan zen, haien ustetan hirurogei eta hirurogeita hamar hamarraldietan izan ziren higikunde iraultzaile guztien antolatzaile izan baitzen Internazionala.

Iraultzaren beldurrak Parisko Komunan izan zuen goreneko unea (1871). Frantziak Prusiaren kontra galdu ondoren, Parisko langileak eta popularrak matxinatu eta mendean hartu zuten hiria. Thiersen osteak, Bismarcken baimenarekin, odolez ito zuen Komuna: 17.000 lagun hil ziren eta 47.000 lagun epaitu zituzten. Une hartatik aurrera zorrotz jokatu zuten gobernuek Internazionalen kontra.

Internazionalaren barruan, bestalde, nabarmen gelditu ziren Marxen eta Bakuninen arteko desberdintasunak. Internazionalak lehenengoaren estrategia onartu zuen: alderdi politikoak sortzea, bai legearen eremuan eta baita iraultzaren eremuan ere aritu ahal izateko. 1872an, Hagako Kongresuan, bitan banatu zen Internazionala. Banaketa horrek lehenbizi, eta gobernuen erasoek ondoren, Internazionala desegitea ekarri zuten ondorioz (1876). Une hartatik aurrera, marxistak eta anarkistak zein bere bidetik ibili ziren eta bi familia sozialista handitan banatuta gelditu zen langile mugimendua.

 

Sindikalismoa eta langile alderdiak

Langile mugimenduaren lehenengo agerraldiek mutualismoarekin eta sorospen elkarteekin izan zuten lotura. Elkarte haiek babesa ematen zieten langileei gaixotzen zirenean, lana derrigorrez utzi behar zutenean edo greba zenean. Horrez gainera, langile batek istripu bat izaten zuenean edo hiltzen zenean babesa ematen zitzaien haren senideei.

Ondoren lanbide elkarteak sortu ziren, antzinako gremioen egituran oinarrituta hasieran.

Lanbide elkarteen helburua, batetik, lanaren prezioa eta baldintzak kontrolatzea zen, eta, bestetik, baldintza haiek zehaztea.

Lehenengo elkarteak Ingalaterran sortu ziren, Trade Unions izenarekin, eta herrialde horretan ezarri zituzten hain zuzen elkarte horien kontrako lehenengo legeak. Lege haiek Cominations Acts izeneko legea ekarri zuten ondorioz (1800): langile elkarte guztiak legez kanpokoak ziren. Hori bera gertatu zen Frantzian Le Chapelier legearekin (1791), eta baita beste hainbat herrialdetan ere.

Dena dela, hasierako sindikalismo hura ekintza askatasunaren eta klandestinitatearen artean aritu zen. XIX. mendearen erdialdean, langile elkarte nazionalak sortu ziren hainbat herrialdetan, esate baterako Alemanian edo, aurretik baina jarraipenik gabe, Britainia Handian. Langile alderdiak XIX. mendeko hirurogeigarren hamarralditik aurrera sortu ziren. 1863an Lasallek Alemaniako Langileen Elkarte Orokorra sortu zuen. 1875ean Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata eratu zen; 1880an sortu zen Frantzian eta Danimarkan; 1884an Holandan, eta handik urtebetera Belgikan. Espainian, 1879an Pablo Iglesiasek sortu zuen alderdi sozialista (PSOE).