Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Afrika beltza

Kongoko estatuatxoa, 1650 ingurukoa.<br><br>

Antropologiak, hizkuntzalaritzak eta arkeologiak izan dituen aurrerapenei esker jakin ahak izan da Afrika Beltzean kolonien aurretik zeuden kulturei buruz gaur egun ezagutzen den guztia; ahozko iturriak dira beraz jakinbide nagusia, dokumentu idatziak oso bakanak baitira eta barreiatuta baitaude, daudenak: XI-XIV. mendeetako arabierazko lanak, arabiar idazleek XVII. mendean idatzi zituzten Sudango kronikak, kolonien garaiko dokumentazioa? Horregatik guztiagatik ahozko tradizioa oso baliagarria da Afrikako berri izateko, are gehiago kontuan hartuz gero hori dela Afrikako kulturen altxor aberatsenetako bat, haren bidez lotzen baitzaizkio haien iraganari, eta horri berorri esker izan dezakegu guk ere iragan haren berri.

Afrika Beltza Saharan hasten da berez, kontinente horretako iparraldea Mediterraneo aldeko islam zibilizazioaren baitan baitzegoen. 1500. urtean 25 bat milioi biztanle zituen, eta kopuru horrek ez zuen gora egin esklaboen salerosketa etengabearen eraginez.

Geografiazko eta kulturazko leku hori hiru zatitan bana daiteke: Sudan ingurua, Afrikako erdialdea, eta hegoaldeko eta sortaldeko aldea.

 

Sudango inperioak:

Sudan inguruko eremuan bi herri zeuden harremanetan: herri nomada arrazaz zuriak eta erlijioz musulmanak, eta herri sedentario animista arrazaz beltzak. Karabanen joan-etorriak sortu zuen lurralde hartanaberastasuna; karabana haiek urrearen eta gatzaren elkartrukean ibiltzen ziren eta esklabo beltzen salerosketan orobat, kontinenteko barnealdean harrapatzen baitzituzten eta Tripolin eta Alejandrian saltzen esklabo haiek, horretarako berariaz antolatutako merkataritza sareen bidez.

Sudango inguru hartako erakunde politiko iragankor haiek antzeko ezaugarriak zituzten: monarkia feudalak ziren, deszentralizatuak, erdi-jainkotzat zeukaten sultan bat buru zutenak. Inperio haietan aristokrazia zen nagusia, haren esku baitzeuden urrezko meatzeak, gatzaren salerosketa, eta merkataritza bideak. Inperio haiek goraldia izan zutenean, gudaroste handiak eratu zituzten eta gotorlekuak eraiki zituzten lurralde osoan barrena merkataritza bideak babespean edukitzeko, haien aginpidearen eta, beraz, haien antolamendu politikoaren oinarria baitziren. Hauek ziren sultanaren gortearen irabazpide nagusiak: uzten eta aziendaren gaineko zergak, merkataritza bideetan barrena joan-etorri zebilen urrea bahitzea, eta gerrako harrapakinak.

Ghanakoa izan zen inperio horietan lehena; VII. mendean sortu zen, Nigerreko ekialdearen eta gaur egun Mauritania esaten zaion lurraldeko mendebalaren artean zegoen kokatua, eta merkataritzari ezartzen zizkion zergak zituen aberaspide nagusia.

XI. mendearen erdialdean desagertu zen, Saharako mendebaletik etorritako herri nomaden erasoen ondorioz.

Ghanako inperioaren ondoren Maliko inperioa etorri zen. Sundiata Keitak sortu zuen XIII. mendean. Senegaleko mendebalean, Ganbian eta Niger Garaian zabaltzen zen, eta Niani zuen hiriburua ?Mandingetik hegoaldera zegoena?. Teghazzako gatz meatzeetako merkataritzak eta urrearenmerkataritza bideak mendean edukitzeak ?Niger ibai bidezko ibilbideak haien esku baitzeuden? ematen zioten inperio hari indarra, eta hura zuen bere ekonomiaren oinarria. Inperio hura XIV. mendean hasi zen gainbehera.

Maliko inperioaren ordez Shongaiko inperioa nagusitu zen. Gao zuen hiriburua, eta abenturazale batek -Somni Ali (1464- 1493)- sortu zuen, wadiez baliaturik ubide bat eraiki baitzuen, Walata eta Dechne lotzen zituela, eta hari esker bere esku izan zuen bazter haietako merkataritza. Hispaniar-marokoarrek hartu zuten mendean inperio hori, baina Marokoko sultanak berehala egin zuen atzera, sarraldi hark ez baitzizkion uste bezain etekin aberatsak ematen, eta horrek ekarri zuen inperio haren beheraldia. Tuaregak, peuleak eta banbarak barreiatu egin ziren, eta azken horiek erreinu bat eratu zuten Segun, Niger ibaiaren bihurgune handian.

 

Afrikako erdialdea

Beningo erresuma Sudandik hegoalderago sortu zen, yoruben herrialdean, eta hura izan zen kolonien aurreko garaian Afrikan hiri oinarri sendoa izan zuen erreinu bakarra. Benin zuen hiriburua, biztanle askoko hiria, lubakiz babestutako harresi handi bat zeukana.

Ekuatore inguruan bantu herriak bizi ziren barreiatuta, eta ehiza, arrantza eta burdin eta kobre meatzeak zituzten bizibide.

Laboregintzak garrantzi handia zuen, eta aurrerago artoa eta mandioka ere sartu zituzten.

Nekazaritzari esker biztanle kopuru handia elika zitekeen, eta han izan zuten sorrera Lualaba haraneko erreinuak.

Luba erreinua (XV. mendea) herri multzo elkartu probintziatan banatu batek eratzen zuen, luba erregearen agintepean.

Buruzagi guztiak leinu berekoak ziren. Erreinu hartako aginpideak odolaren tasun sakratua zuen oinarri; tasun hori gizonen bidezkoa zen eta naturaz gaindiko agintea ematen zien buruzagiei. Luba erreinua Indiako ozeanorantz hedatu zen, baina zenbat eta zabalago, orduan eta batasun gutxiago zuen, eta pixkanaka-pixkanaka sakabanatuz joan zen.

Lunda inperioak XVII. eta XVIII. mendeetan izan zuen goraldia Sabaren eta Angolaren arteko lurraldean; hango gatz eta kobre baliabideak kontrolatzen zituen, eta aberastu egin ziren Zambeze Beherean kokatuta zeuden portugaldarrekin zituzten merkataritza harremanei esker. Kuba erreinua XVI. mendean sortu zen, Lulua eta Sankuru artean; hango erregeak erabateko aginpidea zuen, jainkozkoa; erreinu hark, Lunda inperioak bezala, gatzaren eta kobrearen merkataritzaren kontrola zuen irabazpide nagusia.Kongoko erreinua edo Manikongokoa, lurraldez gehien hedatu zen aldian (XV-XVI. mendeak) Kongo Beheretik Kwanza ibairaino zegoen zabaldua, iparretik hegora, eta Kwango ibaitik Atlantikoko kostaldera, ekialdetik mendebalera.

Erreinu hori europarrak iritsi aurretik existitzen bazen ere, europarrak iritsi ondoren jakin izan da haren berri zehatzagoa.

Kongoko erregeek oso harreman onak izan zituzten europarrekin portulgadarrak 1482an hara iritsi ziren orduko; 1491n Kongoko erregea bataiatu ere egin zen, Joan I.a izenez. Haren seme Emanuel I.ak Europako joerak eta administrazioaren antolamendua kopiatu zituen, baina Afrikako ohitura eta tradizio askori eutsi zien. Erreinu horretan garrantzi handia izanzuen esklaboen salerosketak; Ngolatik ekartzen zituzten ?gaurko Angola? eta Mpindako portuan, Zaire ibaiaren bokalean, merkaturatzen zituzten.

 

Afrikako hegoaldea eta ekialdea

Afrikako ekialdean, Egipto Garaian eta Abisiniako mendialdean, bazen kristau erreinu bat ?Etiopia?; hango biztanleak beltzak, kamitak eta semitak ziren, komunitate koptoetan edo monofisitetan zeuden antolatuta; Negus zuten buruzagi, Erdi Aroaz geroztik Preste Juan mitikoaren berdintzat hartu izan zena. Negusak aginpide ahula zuen jaun feudal gisa agintzen zuten errege basailuen eta agintarien (Ras) gainean. Gorteko goi mailako karugak herentzia bidezkoak ziren, eta esku handiko familia multzo txiki batek zeuzkan ondare gisa beretuta. Erregeak ez zuen egoitza finkorik, Aksumen koroatzen zuten, eta Eguberri, Pazko eta Santa Kurutze egunetan baizik ez zen agertzen herriaren aurrean.

XIV. eta XVI. mendeetan gero eta musulman gehiagok hartu zuen bizilekua bazter haietan, arabiarren eta turkiar musulmanen eraginez. Turkiarrek gogor erasotzen ziotelarik, Cristobal de Gamaren espedizioak salbatu zuen Abisiniako erreinua 1541ean, eta laguntza hari esker Klaudio Negusak (1540-1559) berriz antolatu ahal izan zuen bai gudarostea eta bai erresuma,suntsitu egin baitzuten eta erlijio irizpideen arabera zatitu iparraldetik etorri ziren islamiarrek.

Hegoaldean Monomotapa erreinua da aipagarria; Zambeze Behereko lurraldean zegoen, eta shonak bizi ziren han, bantu talde bat; haien buruzagiak ?Monomotapak? eman zion izena XV. mendean sortu zen antolamendu politikoari; haren ondorengoaren agintaldian Sofalako eskualderantzat hedatu zen erreinu hura. Ekialdeko kostalde hartan zibilizazio distiratsu bat izan zen; arabiarren eragina izan zuen, bitartekoak baitziren Afrikako ekialdearen eta Asiaren artean. Monomotapa erreinua eratu zen garaian, europarren eta asiarren eskariari erantzun beharrak itsasbideko merkataritza indartu zuen, Mongoliako Inperioaren gainbeherak Turkestan zeharkatzen zuten lehorreko merkataritza bideen beheraldia ekarri baitzuen.

Lurralde hartako aberastasunak ikusita, europarrek uste izan zuten Sabako erreginaren herrialde Biblian aipatua zela hura.

Shona herria salerosketan ari izan zen Sofalako arabiarrekin, Zimbaweko meatzeetako urrea eta kobrea, eta marfila saltzen zieten kotoizko ehunen, burdinezko tresnen eta perlen truke. 1505ean portugaldarrak gotorlekuak eraiki zituzten Sofalan, Kiloan eta Mozambiken, eta haien iturriei esker jakin ahal izan da kultura horren berri. 1607 inguruan portugaldarrek guztiz beretu zuten erresuma hura, baina kolonizazioa ustel atera zen, urre meatzeek ez baitzuten uste zen etekinik ematen.