Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Inperio otomandarraren sendotzea

Otomandar inperioko sultanaren gudarosteko banderadunak, 1513an.<br><br>

INPERIO OTOMANDARRAK INDAR HANDIA HARTU ZUEN ARO BERRIAREN HASIERAN, LURRALDE BERRIEN KONKISTARI ESKER, ETA EUROPAKO MENDEBALEKO HERRIENTZAT MEHATXU BIHURTU ZEN.Konstantinoplaren konkistaren ondoren (1453), berrantolaketa politiko eta militarra hasi zen turkiar inperioan; berrantolaketa horren bidez Turkiak indar handia hartu zuen Europan. Erdi Aroaz gero zabalkunde aldia bizi zuen inperio otomandarrak, eta bide horri jarraitu zion XVI. eta XVII. mendeetan ere. Herrialde ahaltsua zen, eta botere hori ez zuen herentzia bidez lortu, ez eta dinastia harremanetan oinarrituriko politika baten bidez edo ezkontza bidez ere, mendebaleko monarkia batzuek egin zuten bezala. Konkista militarren bidez eratu zuten turkiarrek beren inperio ahaltsua. Hiru norabide nagusitara bideratu zuten beren zabalkunde politika: Danubio ibaiaren arrora, Ekialde Hurbilera eta Mediterraneo ingurura.

 

Otomandarren lurraldearen zabalkunde aldiak

Hiru aldi nagusi bereizten dira otomandarren zabalkunde prozesuan: Lehenengo aldian, 1481. urte bitartekoan, turkiar inperioaren gudarostea Europako kontinentean sartu zen, Europako hego-ekialdetik, eta ia osorik konkistatu zuen Balkanetako penintsula: Grezia, Albania, orain gutxi arte Jugoslavia izan zenaren lurralde batzuk (Serbia, hain zuzen), Errumania eta Bulgaria hartu zituen.

Bigarren zabalkunde aldian, 1512-1520 bitartean, Selim I.a izan zen aginpidean, eta turkiar inperioak Asiako Ekialde Hurbila oso-osorik hartu zuen, Siria (1516), Palestina eta Egipto (1517) konkistatu ondoren; lurralde haiek garrantzi handia zuten, bai beren kokagune estrategikoagatik eta bai ekonomian zuten indarragatik.

Hirugarren aldia, azkenik, Soliman Handia sultan ospetsuaren garaia (1520-1566) izan zen. Hamahiru ahalegin militar egin zituen Solimanek, hamar Europan eta hiru Asian. Aginpidean egon zen lehenengo hiru urteetan Rodasko uhartea, Mediterraneo ekialdeko gune nagusietakoa, hartu zuen (1522). Aldi berean, Danubio arroan aurrera jarraitu zuen, Hungaria konkistatu zuen Mohacseko 1526ko guduan, eta Vienari setioa jarri zion 1529an. Gertaera horiek arrisku handikoak ziren Europako mendebaleko herrientzat.

Mediterraneo aldean hiru gerra egin zituen Solimanek (1538-1540, 1542-1544 eta 1551), Bizargorri kortsarioa buruzagi zela; Bizargorri Almirante Handi izendatu zuten1521ean Aljeria menderatu eta sultanaren esku utzi ondoren. Horren ondoren garai hartan nagusi ziren bi herrialdeen eraginpean, eta herrialde haien arteko borroken mende, gelditu zen Mediterraneo ingurua: Espainiako monarkia zegoen, batetik, Mediterraneo mendebalaren gaineko kontrola zuela, eta turkiar inperioa bestetik, ekialdeko eremuan nagusi.

Urte gutxian turkiarrek beren inperioa hiru kontinenteetara hedatu zutela esan daiteke, beraz: Asia, Europa eta Afrika. Horrela, inperio otomandarra garrantzi handiko inperioa izan zen ia XVIII. mendea arte, nahiz eta inperioaren zabalkunde gorena 1520-1530 bitartean iritsi zen, indar handiko herriekin topo egin baitzuen harrezkero: pertsiar monarkia zuen ekialdean, eta Karlos V.a enperadorearen inperioa mendebalean.

 

Turkiar inperioaren sorrera ahalbidetu zuten tresnak

Turkiar inperioa Europako monarkia autoritarioen modura antolatu zen. Estatu despotikoa zen, eta ez zegoen agintariaren borondateari eragozpenik jarriko zion inolako legerik. Sultana zen buruzagi goren eta nagusia, eta bere esku zituen aginpide politiko, militar eta erlijiosoa, aldi berean. Sultana buruzagi militarra zen, ordea, beste ezeren aurretik, gudarostea baitzen estatuaren muina. Meka eta Medina konkistatu ondoren, eta Selim I.ak Egipto hartu zuenez gero, kalifa eta iman tituluak hartu zituen sultanak, eta horrenbestez, hura zenmusulmanen buruzagi izpirituala eta Mahomaren ondorengoa ere.

Tresna militar bikaina osatu zuten, konkistak aurrera eramateko ahalmena zuen gudaroste indartsu bat. Gudaroste horretan bereziki aipagarria zen infanteria, jenizaroez osatua. Jenizaroak borrokarako bereziki prestatutako gudariak ziren, haur kristauak gehienak, erlijio musulmanean hezi eta zeregin militarretarako trebatuak. Jenizaroen taldea zen turkiar gudarostearen zutabe nagusia. Infanteria jenizaroa 12.000 gudariz osatua zen Solimanen garaian, baina hurrengo mendean 200.000 soldadu izatera iritsi zen. Baina ez zen hori, halere, turkiar gudarostearen oinarri bakarra. Gerra ontzidi indartsua ere bazuen, Mediterraneoan erabili ohi ziren galera ontziez osatua, eta lurrean ez ezik, itsasoan ere nagusitasuna lortu zuten turkiarrek. Europako herrialde indartsuenek baliatu ez zuten arren, gudaroste hark bazuen, izan akats edo gabezia larri bat: armak, hain zuzen ere, edo armarik eza, hobeto esateko. Europako herrialdeek armen salerosketaren kontrol zorrotza egin izan balute, arazo larriak izango zituzketen turkiarrek, baina ez zuten halakorik egin.

Dena dela, turkiarrek ez zuten armarik baina bazituzten armagileak Europa mendebalean, eta turkiar ontzioletan ere Europatik eramandako adituak aritzen ziren, veneziar eta genoarrak batez ere.Turkiarrek lurraldearen antolaketaren egokierari ere begiratu zioten, eta beren inperio zabala probintzia edo administrazio barrutietan banatu zuten. Horrekin batera, politikaren deszentralizazioa bideratzeko prozesu bat hasi zuten. Finantzak eta ogasun publikoa antolatu ziren eta zerga sistema zorrotza ezarri zen, zabalkunde politika aurrera eramateak eragiten zituen gastu militarrak ordaintzeko. Turkiarren indar ekonomikoa hain zen handia ezen Espainiako Karlos V.ak lortzen zituen diru sarrerak halako bi eskuratzen baitzituen sultanak batzuetan. Mediterraneoaren ekialdea eta Ekialde Hurbila turkiarren esku gelditu zirelarik, bertan behera gelditu zen Asia eta Europa artean Mediterraneoan barrena karabana bideetatik egiten zen bizigarrien ohiko salerosketa. Merkataritza hura turkiarren kontrolpean gelditu zen zeharo.

Mendebaleko estatu modernoetan gertatzen zen bezala, turkiarrek ere aginpidearen zerbitzurako burokrazia bat antolatu zuten, eta funtzionarioak asko ugaldu ziren.

Sultan ahaltsuaren mendean visir handia zegoen, ospe handiko pertsonaia hura ere, lehen ministroaren modukoa. Visir handiak, beste ministro edo visir batzuekin batera, kontseilua edo Diwan delakoa osatzen zuen. Sultanarekin batera aritzen ziren, halaber, kanpo arazoetarako arduradun bat, gudarosteko taldeen buruak, ontzidiaren buruzagi gorena eta ulema edo lege gizonak, eta gobernu txiki baina eraginkorra osatzen zuten. Inperioko barruti handiak, esaterako, pacha izeneko agintarien esku zeuden.

Bestalde, inperioko lurralde guztietako legeak bateratzeko ahalegin handia egin zen, eta lege bildumak eman ziren argitara.

Estatuak inperioko lurraldeetako ordena eta segurtasuna bermatu zuen, eta horri esker egonkortasuna izan zen nagusi eta merkataritza eta ekonomia jarduera sendoa bideratzeko aukera eman zuen egonkortasun horrek. «Bake turkiarra» izena ematen zaio oreka horri.

Turkiarrek hiriburu politiko administratibo egonkor bat izendatu zuten: Estanbul (antzina Konstantinopla). Hiri oso handia zen garai hartan ohi zenerako, Europan biztanle gehien zituen hiria, eta garrantzi handiko merkataritza portua zuen, gainera.

 

«Ilargi erdiaren» inperioaren oparoaldia eta gainbehera

Turkiar inperioaren garai oparoena Solimanen agintaldia (1520-1566) izan zen.

XVI. mendearen azken urteetan gainbehera hasi zen inperioa, nahiz eta hurrengomendean ere indar handia izan zuten. Lepantoko guduaren ondoren (1571) hasi ziren gertatzen lehenengo aldaketak. Ez zen garrantzi handiko gudua izan, baina harrezkero asko baretu ziren hispaniarren eta turkiarren arteko tirabirak Mediterraneo inguruan.

Turkiak gero eta indar gutxiago zuen lurralde haietan. Izan ere, Lepantoko gudua galdu zutelarik, desagertu egin zen turkiar ontzidiaren garaitezintasunaren mitoa.

Hondamena iragartzen zuten gero eta aldaketa gehiago gertatu ziren, ondoko arazo hauen ondorioz, besteak beste: inperioaren zabaltasuna eta heterogeneotasuna, nekazaritzaren eta merkataritzaren gainbeheraren ondorioz sorturiko ekonomia krisia, Pertsiaren eta hungariarren kontrako gerrak, gudarostearen gainbehera, sultanen ezintasuna eta aginpide publikoaren gorabeherak.

XVII. mendearen lehen urteetan visir asko izan ziren bata bestearen atzetik eta Mohamed IV.aren heriotzaren ondoren (1603) dinastien artean sortu ziren liskarrak zirela-eta, Austriarekin hitzarmena sinatu behar izan zuten turkiarrek; hitzarmen harekin bertan behera gelditu zen austriarrek urtero turkiarrei ordaindu behar zieten zerga iraingarria. 1621ean Poloniarekin bakea sinatu zuten. Otomandarren lehen hondamen handia, lurrean, San Gotardoko guduan (1664) izan zen, Trantsilvaniaren kontrola eskuratzearren Austriarekin izandako guduan hain zuzen ere. Carlowitzeko bakearekin (1699) hasi zen, halere, lurrak galtzen, Balkanetan, Mediterraneoan, Danubio ibai arroan eta Ukrainan.