Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Antzinako Egipto: Inperio Berritik Mazedoniarren konkista arte

Tutankhamonen giza formako bigarren sarkofagoa.<br><br>Zur urreztatua. Inperio Berria, XVIII. dinastia.<br><br>

Inperio Berriko faraonak konkistatzaileak izan ziren batez ere, eta haien mendeko lurren antolatzaile trebeak. Guda ekinaldietan beretu zituzten hurrenez hurren Siriako eta Palestinako zati handi bat, behartu zituzten beren aurkari handi batzuk beren nagusitasuna onartzera (Mitani, Babilonia, Asiria, Hati), eta hitzarmenen eta merkataritzazko harremanen bidez eratu zuten sare bizi bat Ekialde Hurbil osoan barrena. Orobat hartu zuten mendean Sudanen zati handi bat, eta mertzenarioen eta balio handiko gaien (urrea batez ere) erreserba ezin agortuzko bihurtu zuten, era hartara eutsi ahal izan ziotelarik beren kanpo politikari. Hala ere, Siria mendean nork hartuko hititen inperioarekin izan zituzten borrokek gerra luze eta nekagarri bat jarri zuen abian, eta ez zen gerra hura bukatu harik eta zein bere eraginpeko eremutan lurralde hura banatu ez zuten arte, eta Asiriaren goraldi mehatxuzkoa gelditu nahirik elkarri laguntzeko hitzarmen bat sinatu ez zuten arte.

Inperioaren barnean tenpluak ziren erregeen ekonomia gune nagusiak. Tenplu bakoitzak lur, artalde, langile eta ibai ontzidi ugari zituen, eta oro har haien esku zegoen herrialde osoko aberastasunen zati handiena. Erregeez gainera, bazen gizarte talde berezi bat, nemehu, jabetza handiak zituena eta aberastasun iturria administraziotik kanpo zuena. Herritarren bizi baldintzak, aitzitik, gero eta okerragoak ziren, eta estatuarentzat gatibu lanak egitera behartuta zeudenen ihesak sarritan agertzen dira garai hartako dokumentuetan. Aldi berean, tenpluak faraonengandik gero eta burujabeagoak ziren, metatuak zituzten aberastasun handiei eta beren merkataritza harreman sareari esker. Horrek guztiak, eta gainera monarkiak bizi zuen krisiak ?aldi hartan faraon asko egon baitzen aginpidean, denbora laburrean ordea? estatua ahuldu zuen, kanpoaldean eginiko konkisten galera ekarri zuen, eta bi aginpide eremutan banatu zuen Egipto: bata, hegoaldean, Karnakeko tenpluak kontrolatua, eta bestea iparraldean, faraon dinastia ahul baten agintepean.

K.a. 1000 urtetik 650era estatua deseginez joan zen gero eta gehiago, Libiako gizaldeak infiltratu baitziren eta estatu txikiak sortu baitzituzten Deltan eta Egipto erdialdean. Sudaneko herritarrak, bestalde, faraonek utzitako aginte hutsuneaz baliatu ziren Egiptoko gobernuaren mendetasunetik askatzeko, nubiar estatu bat sortzeko (Kush) eta Egipto zatitu eta ahuldu hartan esku hartzeko. Gerora Kusheko erregeek Egipto mendean hartu zuten, eta gogor lehiatu ziren Siria eta Palestina konkistatzen.

Nubiarren hedatze aldi hari Asiriak, hura baitzen eremu hartako potentzia nagusia, indarrez erantzun zion, eta horrenbestez Egipto konkistatu zuen, nubiarrak beren sorlekuraino atzerarazi zituen, eta egiptoar gobernadoreak jarri zituen han asiriarren aginpidearen ordezkari gisa eta nubiarren aurka kontra-aginte moduko bat era zezaten.

Gobernadore horietako batek, Psametikok, Saiseko gobernadoreak, Egiptoko aginpidea hartzea lortu zuen urraska-urraska, faraon izendatu zuen gero bere burua asiriar inperioa desagertua zela baliaturik, eta itzuli zion azkenik Egiptori duela mende asko galdua zuen batasuna eta Mediterraneo ekialdean izan zuen eragina. Ahalegin handiak egin bazituen ere Saisen dinastiak Egiptoren burujabetzari eusteko, handikmende betera pertsiar inperio ahaltsuak Egipto azpiratu zuen. Tarteka independentzia aldi laburrak izan zituen arren, azkenerako Egipto akemenestarren inperioko probintzia soil bat izan zen. Egoera hori aurkitu zuen Alexandro Handiak Egiptora iritsi zenean. Haren ondorengoek, Ptolomeoren dinastiak, Mediterraneoko potentzia handi bihurtu zuten Egipto, baina faraonen kultura pixkanaka-pixkanaka baztertu zuen Egipton aginpidea hartu zuen dinastia berriaren greziar joerak.

 

Inperio Berriaren bukaerako ustelkeria

Faraonen administrazioa desegiteak Inperio Berriaren bukaerako krisia ekarri zuen, ahaltsuen eta mendekoen arteko babes harremanak eta ustelkeria nagusitu baitziren Egiptoko agintari nagusien jardueran. Papiro multzo oso handi batean Inperio Berriaren amaierako hilobi-lapur batzuen auzipetzeen aktak daude bilduta. Lapurrek akta horietan esaten zutenez, ez zuten lapurretan aritzerik, estatuko maila gorenetaraino iristen zen gaizkide sare zabal-zabal baten laguntzaz ez bazen. Gaizkide horien artean baziren, batetik, apaizak, hilobi eta tenpluetan zer gauza zeuden haiek esaten baitzuten, eta haien laguntza behar-beharrezkoa baitzen gauza haiek lapurtzeko; bestetik, hilobi-tenpluak zaintzeko ardura zuten soldadu eta funtzionarioak; horrez gainera, metalezko objektu lapurtuak (urrezko edo kobrezko xaflak, balio handiko ontziak edo bestelako tresnak) susmorik gabe haiekin salesosketan ibili ahal izateko pieza bihurtzen zituzten eskulangileak; eta, azkenik, estatuko funtzionarioak eta goi mailako agintariak, lapurrei ez ikusiarena egiten baitzieten, aldez aurretik hitz hartutako diru kopuru jakin baten truke edo lapurtutakoaren zati baten truke. Badirudi garai hartako bisirrak edo lehen ministroak ere lapurreta haietan tarteko izaten zirela. Era askotako produktuen kontuen berri ematen duten beste papiro batzuen arabera, kontu haietan ba omen ziren ?hutsegiteak?, era hartara inbentarioaren ardura zuen eskribauak laboreak edo merkatuan sal zitezkeen beste gai batzuk oparo eskuratzen baitzituen bere etekinerako. Azkenik, papiroetan orobat ageri dira erregeen hilobiak prestatzeko ardura zuten eskulangileek egin zituzten grebak, soldata gisa eman behar zitzaizkien produktuak haien nagusiek berentzat gordetzen zituztelako. Eta oso maiz gertatzen zen baita ere estatuarentzat gatibu lanak egitera behartuta zeuden nekazariak goi mailako funtzionario baten zerbitzura lan egin behar izatea azkenik. Horrek guztiak Inperio Berriaren hondamena ekarri zuen.

 

Literatura

Egiptoko literaturak biztanleriaren oso kopuru urri bat zuen hartzaile (gizonezkoen %1 inguru), irakurtzen eta idazten zekitenak eta administrazioaren zerbitzura zeudenak, alegia. Literatura lanek garrantzi handiko eginkizun didaktikoa zuten beraz, eskribau berrien prestakuntzarako erabiltzen zirenez, Egiptoko gizartearen eliteko balio etiko eta ideologikoen sistema transmititzen baitzuten. Gorde diren obren zati bat jakinduriak dira, funtzionario batek bai bere nagusien eta bai bere mendekoen aurrean zer nolako jokabidea izan behar zuen deskribatzen zuten etikazko arauen bildumak, alegia; dokumentu horiek hilobi pribatuetan aurkitu ziren, hilobiaren jabearen izaera eta ontasunak goraipatzen zituzten biografia idealizatuetan.

Beste lan batzuk genero ezkorrari dagozkio, krisi eta hondamen garaietan estatua desagertzeak dakarren kaosa eta desordena deskribatzen baitute. Azkenik, beste obra konplexuago batzuek, Nekazari ele-ederra adibidez, xehetasun handiz deskribatzen dute estatuaren ordezkariek bere mendekoen aurrean izan behar zuten jokabidea. Obra horiek eduki morala zutenez eta aldi berean baliagarritasunezkoak zirenez, mendez mende iraun dute. Ezer gutxi dakigu ordea herri kulturaz edo ahozkoaz edo gobernuko zirkulu ofizialetatik kanpo landutako literaturaz.

Oro har literatura ez zegoen balioetsia, eta atsotitzak, lan satirikoak edo sailkatzen batere errazak ez diren lan batzuk izan ezik, ez da beste ezer gorde garai hartako literaturatik, eta uste izatekoa da horrenbestez Egiptoko literatura estatuaren zerbitzura zegoela.

 

Akhenaton eta erlijio erreforma

XVIII dinastiako Amenofis IV.a faraonak, Akhenaton ere esaten ziotenak, erlijio erreforma garrantzi handiko baina iragankor bat egin zuen bere erreinaldia bitartean. Inperio Berriaren hasieratik Amon jainkoa izan zen berriz estatuaren jainko zaindaria, eta haren apaizek ondasun multzo handi-handia metatu zuten. Nolanahi ere, apaizak estatuaren administrazioaren baitan zeuden, eta beraz ezin da esan aurkakotasunik zegoenik tenpluaren eta jauregiaren artean, edo ?elizaren? eta estatuaren artean. Testuinguru horretan, Akhenatonek erabaki erradikal batzuk hartu zituen: ordu arte zeuden jainkoen gurtza guztiak ezeztatu zituen; jainko berri bat ezarri zuen, Aton, eguzkidiskoa; arte eta literatura arau berri bat sortu zuen erregearen ideologia berriaren adierazpide; eta erresumako hiriburua basamortuko leku inoiz erabili gabe batean ezarri zuen: Tell el-Amarna-n. Eztabaida bizia sortzen dute oraindik erabaki haien zer-nolakoek: ameslari erlijioso baten edo mistiko baten egintza?, edo erabateko absolutismorako joera? Dena den, Akhenatonen erreformaren ernamuina aldez aurreko erreinaldietan zegoen, eguzki-diskoa Egipton oso zabaldu zenean, asiatarren konkisten eraginez.

Baliteke Akhenatonek haren mendeko egiptoarrentzat eta asiatarrentzat kosmologia eta erlijio sistema komun bat ezarri nahi izatea, Mediterraneo ekialdean oso zabalduta zeuden kultura ereduak baliaturik.

Edo bestela faraonen eginkizuna indartu nahiko zuen, sor zitekeen edozein kontrabotere indargabetzeko ?tenpluak eta tenpluen mende zeuden langileak?. Akhenaton hil zenean, haren erreforma iraungi egin zen, haren ondorengoek ezeztatu egin baitzuten, indarrean jarri baitzituzten ordu arteko jainkoen gurtzak, eta hiriburu izatea kendu baitzioten Tell el-Amarnari. HarrezkeroztikAkhenaton errege fedegabe gisa gelditu zen egiptoarren oroimenean.

 

Funtzionarioak, nekazariak eta ?libreak?

Egiptoko gizarte egitura hiru talde nagusik eratzen zuten. Batetik, funtzionarioak eta jauregiko nobleak; administrazioan lan egiteak berak ematen zien aberastasuna eta gizarte maila, eta multzo horretan zeuden bai probintzietako gobernadoreak eta bai eskribau soilak. Multzo horren baitan zeuden ustez biztanleen %1etik %5era bitarte.

Haiek ziren literaturazko kontakizunetako protagonistak, eta haien ideologia eta lana oso ondo ezagutzen dira, haiek egin baitzituzten gaurdaino iraun duten idazkunak eta monumentuak. Bestetik, nekazariak eta eskulangileak zeuden; haiek izango ziren Egiptoko gizarteko gehiengoa, eta haien bizi baldintzak oso gogorrak izan behar zuten, ondorio hori atera dute behintzat hilerrietako gorpuzkinak aztertu dituztenek.

Lan gogorrak egitera behartuak zeuden, zergak eta tasak ordaindu behar zizkioten estatuari, eta nekez iraun zezaketen bizirik, bizi baldintza latz haietatik ezin ihes eginik.

Monarkiaren gainbehera arte, eta haren zerga eta bortxazko antolamendua ezereztu zen arte, alegia, ez zen biztanleen bizi maila hobetu, hilerrien azterketaren arabera; orduan hasi baitziren jateko hobea izaten, hileta-eskaintza aberatsagoak izaten, bizi itxaropen handiagoa izaten, etab. Azkenik, bazen nekazari aberats samarren eta lurjabe txikien (nejdés, nemehu) klase bat, Egiptoko dokumentazioan tarteka aipatua; ez ziren administrazioaren baitakoak, baina landako gizaldeen buruzagi gisakoak ziren, itxuraz, eta bitarteko gisa aritzen ziren horien eta faraonen ordezkarien artean. Batzuek ondasun handiak zituzten, eta ezurteetan etekina ateratzen zuten haien bizilagun behartsuagoen pobretzetik, lurrak galtzen baitzituzten horiek azkenerako edo mendetasunean erortzen nedje edo nemehuek ematen zizkieten maileguak itzuli ezinez.