Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Historiaurrea

Historiaurrearen kronologia eta ingurugiroa

Lehenengo afrikar hominidoak bizi izan ziren inguruneak bazuen gaur egungo Afrika mendebaleko sabanarekin nolabaiteko antza.<br><br>

Laugarren aroa planetaren historia geologikoa zatitzen den aldi handienetan azkena da. Alabaina, oso garrantzitsua da gizakiaren historiarentzat, izan ere, Laugarren aroan garatu baita osorik historia hori. Lehen gizakiak ekarriko dituen hominizazio prozesua, eta Homoaren ondorengo lorpen guztiak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak, azken bi milioi urte t’erditan egin dira (planetak 4.600 milioi urte ditu). Aski gauza ezagutzen dugu aldi horri buruz, eta nahitaezkoa da kronologia eta giroa sistematizatzea, giza lorpen paraleloen deskribapena egiten hasi aurretik.

XIX. mendearen erdialdea arte, ikusmolde erlijiosoaren mende zegoen gizakiak bere iraganaz zuen ideia oro. Darwinen eboluzioaren teoriak irauli egin zuen ikusmolde hori, gizakia beste animalien modura ikusten baitzuen, hau da, bere ingurunearekin loturik bilakatzen den izaki baten modura. Horrek esan nahi du azken mendean osatu dela Gizadiaren Historiaurreaz dakigun guztia, eta, hain zuzen ere, ahalegin handiak egin dira era guztietako ikerketa alorretan, eta metodologia berriak prestatu dira hain kronologia zaharrak aztertzeko. Metodologia horien artean, leku berezia hartzen dute Historiaurrearen oinarrizko hiru diziplinek: estratigrafiak, kronologiak eta tipologiak.Estratigrafia Lyellen lanarekin hasi zen eratzen, 1830eko hamarraldian. Laugarren aroko biltegi bateko geruza geologikoen denbora segidaren printzipioak, oinarriak ematen ditu bertan aurkituriko hondakinen kronologia eta ingurunea interpretatu ahal izateko. Interpretazio hori datazio absolutuaren beste tekniken mende dago; teknika horien artean Karbono 14arena da zabalduena, horri esker sailka baitaitezke denboranduela 35.000 eta 500 urte bitarteko hondakin organikoak. Baina, horrez gainera, beste metodo asko dago, bestelako material eta kronologien datazioa ematen dutenak (izan ere, ez dago aplikazio unibertsalik duen datazio absolutuko prozedurarik).

Badira kronologia erlatiboko beste metodo batzuk ere, aztergaiaren data zehatzik eman gabe, hurbileko datuak ematen dituztenak. Datu sail konplexuak ingurugiroeta kultura jakinetan kokatu ahal izateko metodoak dira, eta horien artean sailka daiteke tipologia bera. Oro har, palinologiak (sedimentuan txertatuta dauden polen fosilen azterketa), karpologiak (sedimentuan txertatuta orobat, haziak eta aleak), antrakologiak (ikatzak), arkeozoologiak (aztarnategian dauden fauna hondakinak), sedimentologiak (sedimentuen azterketak), eta abarrek, datu asko ematen dute azterturiko sedimentua jaulki zen uneko fauna, flora eta klimari buruz. Prozedura hauen bidez, kronologia sail luze baten barnean koka daiteke aztergaia, baina, horrez gainera, prozedura horiek datu guztiz baliagarriak ematen dituzte gizakia bizi izan zen inguruneaz, eta ustiatu ahal izan zituen baliapideez.

Hori guztia oinarri harturik, sekuentzia erlatiboak antolatu dira, bai giro segidak (Laugarren aroaren ezaugarria da hotzaldi gogorren –hormategiak– eta aldi epelagoen –izotzaldi artekoak– aldizkatzea), bai giro horiei dagozkien sailkapen kronologikoak barnean hartzen dituztenak. Sekuentzia horiek osatzeko diziplina desberdinak gurutzatzen dira, eta eskura dauden datazioen artetik, onarpen zabalena duten eta dudagabeko diren datazioak txertatzen dira, alegia, dudagabe direnak bai zientzia bakoitzak ematen duen informazioagatik, bai sekuentzia desberdinak alderatzean sortzen diren eskualdekako aldeengatik. Adibide bat jartzearren, Ipar Ameriketako azken pleistozenoaren kronologia absolutuak adierazten duenez, ia milaldi bateko desfasea du bere sekuentzian Europako izotzaldiko datazio zaharrenei buruz.

Azpimarratu da jada Laugarren aroko ingurugiroaren ezaugarri nagusia izotzaldien (eurialdiak Tropiko bitarteetan) eta izotzaldi artekoen aldizkatzea dela. Ipar hemisferioari dagokio batez ere eguratsaren gertaera hori, baina jatorria ez da oraindik behar bezala ezagutzen. Izotzaldietan asko zabaldu ziren (iparreko hemisferioan 50° latituderaino jaitsi ziren) polo inguruko lur izoztuak, eta orobat eremu alpinoetatik jaitsitako hormategi kontinentalak. Izotzaldi horietan, bestalde, izan ziren bolada gogorragoak (estadioak) eta epelagoak (estadio artekoak).

Dirudienez, eskala txikiagoko mugimendu termikorik ere (gorabehera epelak edo hotzak) izan zen, eta, hala, aldi horiek xeheago azter daitezke. Eta ezin da ahaztu, jakina, Laugarren aro osoan zehar urtaroak ere bereizten zirela urte astronomiko bakoitzean, gaur egun gertatzen den bezala. Alabaina, oso zaila da mundu guztiko eskualdeetan bi milioi urte luze horietan gertaturikoaren erregistro zehatz bat egitea, eta, hortaz, saihetsezinak dira eskualde batetik besterako desfaseak.

 

Pleistozenoa eta Holozenoa

Planeta osoari buruz, guztiz onartua dago Laugarren aroan bi aldi luze izan zirela hurrenez hurren: pleistozenoa, aipaturiko klima gorabeherak gertatu zirena, eta holozenoa, azken izotzaldia bukatzean hasi zena.

Hirugarren aroaren (pliozenoaren) bukaeraren eta Laugarrenaren (pleistozenoaren) hasieraren arteko muga ez da zehatza; egileen irizpideen arabera, badira 2,5 eta 1,8 milioi urteko aldeak ere. Oro har, lehen aldia hiru aldi ondoz ondokoetan banatzen da: behe pleistozenoa (2,4/1,8tik 0,7 milioi urtera), erdi pleistozenoa (0,7 milioitik 130.000 urtera) eta goi pleistozenoa (130.000-10.000 urte). Aldi horretan, hainbat izotzaldi izan ziren (gutxienez, lau luzeak izan ziren); izotzaldi horien izenak hartzen duten eskualdetako sekuentziaren araberakoak dira (Gunz, Mindel, Riss eta Würm, sekuentzia alpinoan; Elster, Holstein, Saale eta Vistula Ipar Europan; Nebraska, Kansas, Illinois eta Wisconsin Ipar Ameriketan, etab.). Prozesu horretan ikusten da, halaber, gero eta laburragoak zirela izotzaldiak, eta garai hatako ingurugiroak gero eta antz handiagoa zuela gaurkoarekin.

Pleistozenoa aldi bero eta heze batekin hasi zen (Villafrancakoa), zeinean bazirauten oraindik Pliozenoko animalia eta landare motek. Alabaina, laster hasi zen lehen izotzaldia, eta hasi ziren sortzen eguraldi gogorrenera ohituriko animaliak, kasu batzuetan, baita biotopo guztiz hotzekoak ere (Artikoko azeria, jatuna, mamuta, errinozero iletsua, musketa idia, etab.). Pleistozeno ertainak izotzaldiaren ezaugarriak izan zituen, eta goi mailako pleistozenoan, berriz (kulturaren ikuspuntutik erdiko eta goiko Paleolitosaren baliokide izan zena), animaliek eta landareek galduak zituzten Villafrancako ezaugarri oro.

Oso ondo ezagutzen da Goi Paleolitosari dagokiona (goi Pleistozenoaren azken partea da Goi Paleolitosa), eta aski argi daude orduko klimaren eta ingurugiroaren gorabeherak.

Goi Paleolitosak hartzen dituen 25 milaldietan, badirudi bereiz daitezkeela izotzaldi betea eta berandukoa, hau da, izotzaldi alpinoaren Würms izotzaldiaren azken estadioak. Horien artean, bigarren mailako ingurugiro gorabeherak izan zituzten hamabi fase ere bereizi dituzte sedimentologoek, eta palinologiak, berriz, gorabehera hotz eta epel gehiago bereizi ditu. Nolanahi ere, hau guztia uneotan ari dira aztertzen, eta datozen urteetan aldaketa handiak izan daitezke zentzu batean edo bestean (nahasiagotze edo errazte aldera).Duela 10.000 bat urte, hobera egin zuen garbi-garbi eguraldiak. Gizakion historia Laugarren aroaren azken aldi horretakoa dela-eta, holozeno deitu izan zaio azken aldi horri, baina hala ere ez dakigu zehaztasunez noraino gauden izotzaldi arteko aldi batean, eta ez izotzaldi baten amaieran. Izan ere, giroaren aldetik ezin esan daiteke aldi homogeneoa denik, Europako Historiaurreko kulturak azterturik ikusten denez (Mesolitos, Neolitos, Kalkolitos, Brontze aroa eta Burdin aroa), egoerak desberdinak izan baitziren kultura horietan.

Holozenoa, oro har, izotzaldi arteko alditzat jo daiteke, zeinean aldi hotzak ez diren inoiz pleistozenokoak bezain gogorrak.

BP 10.000tik 6.000raino (BP: before present, gure egunak baino lehenago) pixkanapixkana berotu egin ziren itsasoko urak eta baita kontinenteen gainaldeak ere, eta berotze horrek latitude eta mendialde garaiagoetara bultzatu zituen klima hotzeko animalia eta landare motak. Prozesu hori Europa Mendebaleko Mesolitosaren aldi berean gertatu zen, eta bere baitan hartzen ditu boreal aurreko klima aldia, boreala eta Atlantikokoa. Azken horren amaiera oso hezea eta gurea baino askoz beroagoa izan zen (gailur klimatiko esaten zaio). Aldi horretan zabaldu ziren gehien basoak Mendebaleko Europan; baina zabalkuntza eten egin zen neurri batean Mundu Zaharrean, Neolitoseko lehen gizataldeen ekonomiajardunaren ondorioz (Kalkolitos aroan zegoen ordurako gizakia beste eskualde batzuetan).

Une horretatik aurrera, ingurugiroaren erregistro arkeobotaniko eta arkeozoologikoak eraldatu egingo ditu gizakiaren eraginak, gizakiak aldatu egin baitzuen bere onurarako oreka ekologikoa, baso eta oihanetan soilune handiak zabalduz, animalia eta landare mota berriak eta exotikoak ekarriz, eta ekonomia jardunak ukitu gabeko gainerako baliapide naturalen harrapaketa sistematizatuz.

Ezaugarri horiek are nabarmenagoak egin dira 3.500 BP (gailur klimatikoaren amaiera) eta aro aldaketaren arteko aldian, gero eta lehorragoa den ingurune batean, eta erosioak zuhaitzak galarazten dituen eskualdeetan, Indiako azpikontinentean adibidez.

Galera horiek Subboreal eta Subatlantiko sekuentzia klasikoan gertatzen dira, espezialista batzuek Kultura Estepa izendatu duten ingurunean, ikusirik zenbateko eragina duen ingurune naturalean. Aro berrian sartzeko unean (Mendebaleko Europan, Historian), oso nabarmena da gizonak paisajean duen eragina, eta gero eta presio handiagoa jasango du bi milalditan zehar.

Artifizialki eragin den negutegi efektuak poloko eskualdeak eta hormategiak atzerarazi dituelarik, eta geratzen den landarediak ezin duelarik lehengo galera orekatu, gaur egun ezagutzen den krisi ekologikoa da crescendo horren gailurra.