Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Indarkeria politikoa: kausak, ondorioak

Indarkeria beti dabil politikaren inguruan mehatxuka. Politikak gauza jakintzat ematen duen bezala baliabideen banaketa desorekatuak interes gatazkak ekarriko dituela, –hertsatzea eta legezkotasuna batzean sortzen diren botere harremanen bitartez konpontzen dira gatazka horiek–, indarkeria beti prest dago boterearen hertsatzearen eta haren legeztatze sozialaren arteko lotura akasdunetan gertatzen diren pitzatuetatik irteteko. Zenbat eta zilegitasun gutxiago izan, hainbat eta indarzaleago boterea.

Legezkotasunak huts egiten duenean agertzen da indarkeria: dela menderakuntza–legezkotasunik gabea eta, beraz, onespenik gabea– mingarri zaiolako banakoari edo subjektu kolektiboari, dela kalte egitean datzalako. Indarkeria politikoaren bigarren adierazpen hau honela definitzen du Nieburg-ek: “Desantolatzeko edo kalte egiteko ekintzak dira, zeinen helburuek, biktimek eta ondorioek besteen portaera aldarazi nahi baitute, sistema politiko-sozialean eragina duen elkarrekintzaren bidez”.

Gizarte modernoetan legezkotasunaren adierazpen funtsezkoa zuzenbidezko araua da, eta arau hori hainbat abeniko demokratikorekin identifikatzen da: ezaugarritzatberdintasun formala, alderdi aniztasuna eta gehiengoaren gobernua dituen demokrazia ordezkatzailea errespetatzea; estatuaren arbitrariotasunaren mende ez dagoen giza eskubideen esparrua babestuta egotea.

Indarkeria politikoa abeniko horiek baztertzen dituzten eta zuzenbidezko ez diren estatu batzuetan agertzen da; alegia, estatu autoritario eta totalitarioetan.

Autoritarismoen sorrera historikoa elite politikoek masek partaidetza politiko handiagoa eskatutakoan emandako erantzunean dago, estatuaren integrazioaren lehen fasea burutu eta gero; eskari horiek aintzakotzat hartu ordez –sufragioa eta ordezkaritza erak zabalduz–, eliteek masak indarrez desmobilizatuz erreakzionatu zuten.

Totalitarismoak ideokraziak dira, alderdi ideologikoaren autonomotzearen adierazpen muturrekoak: «benetako» ideologiaren jabe den taldeak aldatu egiten du estatuaren boterea, eta gizarte zibila ideia corpus baten mende jartzeko tresna bihurtzen du (arrazen hautespenaren legea, materialismo historikoaren legeak), eta bera jartzen da ideia horien interprete bakar. Boterea puntu bakar batean kontzentratzeari eta gizartea guztiz atomizatzeari esker, totalitarismoak bere logika gogor erabatekoa –Hanna Arendt-ek deskribatua– gauzatzen du.

Baina badira estatuaren indarkeriaren beste bi sorburu, berdin dio estatua demokratikoa izan ala ez: gizarte bazterketatik datorrena, eta estatu-nazioa eraikitzearen ondorio dena.

Estatuaren aparatu berezituek egiten duten indarkeriak bere geografia du, geografia bikoitza, soziala eta lurraldezkoa; estatu aparatuen indarkeria ez da agertzen ez sentitzen bi erdiguneek –estatu-nazioaren erdigune politikoak eta gizarte hierarkiaren gainak– bat egiten duten puntuan; aldiz, taldeak zenbat eta gehiago aldendu gizarte erpinetik, edo zenbat eta periferikoagoak izan ikuspuntu etniko-nazionaletik, hainbat gogorrago sentitzen dituzte haren erasoak.

Beraz, estatuaren indarkeria espezializatua gehien jasaten duten taldeak bi ezaugarriok batzen dituztenak dira: estatus sozio-ekonomiko apala eta lurralde periferizazio nabarmena.

Estatu demokratikoetan, elite ekonomiko, kultural eta burokratiko horien interes eta pribilejioak babesten dituzte bereziki estatuaren aparatu hertsatzaileek; gizarte sail baztertuetatik –»apatikoak» edo partaidetza urrikoak direnenetatik– babestu ere (horren adierazgarri da, esate baterako, polizia nola ikusten duten batetik New Englandeko goi klaseetako biztanleek eta bestetik New Yorkeko Bronx eta Harlem barrutietakoek).

Estatu-nazioak Gizarte eta Erkidego Nazionalak eraikitzeak ere prozesu kaltegarriak sorrarazten ditu hainbat subjektu etatalde jakinentzat, eta hauek onartzen ez dituztenean, indarkeria politiko bihurtzen dira.

Estatua periferian sartzeak kaltetu egin zituen historikoki Erregimen Zaharrari lotutako bizimodua zuten taldeak, eta taldeon erreakzioa, batzuetan, mugimendu legitimista armatuak eratzea izan zen. Lurraldearen integrazio politikoa bereziki hertsatzailea izan daiteke berriki deskolonizatutako estatu batzuetan, bertako gizarteak bertikalak, heterogeneoak eta zentrifugoak direnean.

Horrek estatuaren bateratzea, talde etniko jakin batzuen diskriminazioa –edo ageriko jazarpena– ekar dezake, beste talde batzuen eraginez edo estatuaren erdiguneak bultzatuta. Orobat, masen integrazio politikoaren krisi asko kanpoan ekintza inperialistak eginez edo gehiengoak gutxiengoei jazartzearen bidez konpondu nahi izan dira.

Merkatu harremanak orokortu aurretik izandako metaketa kapitalistak nekazari eta eskulangileak langile soil bihurtzea eskatzen du, haiei lurren jabetza eta lanabesak kenduz.

Merkatua bateratzeak, bestalde, erdigune bat edo gehiago eta zenbait periferia agertzea dakar, eta horrekin batera barne kolonialismoak eta, desberdintasun etnikoak diren lekuetan, lanaren kultur banaketak.

Industria gizartera autoritarismoaren bidetik iritsi diren estatuetan –Stalinen Sobietar Batasuna, Hirugarren Munduko gizarteak–, indarkeria handia erabili behar izan da; 30eko hamarraldiko SESBean, nekazaritzako soberakinak industriarako sortu beharrak lurren derrigorrezko kolektibizazioa ekarri zuen, eta kulak asko (landako lurjabe txikiak) sarraskitzea.

Erkidegoa sozializazio eta akulturazio nazionalezko prozesuen bidez sortzeak kultur bazterketak eragin ditu historikoki, eta gizarte talde baztertuen eta lurralde jakin batzuetako hizkuntz taldeen diskriminazioa.

Hizkuntz taldeok diglosiapean etafamiliako kapital pedagogikoa baliogabetuta geratu dira. Talde etniko-hizkuntzazkoek zenbateraino urrunduta egon erdigune nazionalaren kulturatik, taldeon bereizgarrien estereotipia negatiboaren hainbat gradu agertu dira.

Estatuen arteko gerrak indarkeria trukeak dira. Locke-k zioen estatuen arteko harremanak ez direla sartzen gizarte kontratuaren barrutian, baizik eta Izadi egoeraren barrutian. Horrek esan nahi du indarkeriaren eta legezkotasunaren arteko lotura askatuta geratzen dela harremanotan (Nazioarteak Aro Modernotik aurrera beretzat onartu dituen zuzenbide arauak binomio horren ordezko eskas eta desegokia izan dira. Horren frogagarri da XX. mendeko mundu erakunde handiek –Nazioen Elkarteak eta Nazio Batuen Erakundeak– izan duten eraginkortasun urria, bakea zaintzerakoan).

Giza izpirituaren fruitu handi horrek, etika unibertsalak, kontzepzio tribalera atzera egiten du gerra egoeretan, eta morala taldearen ezaugarri bihurtzen da; taldearen barruan arau etikoak erabiltzen dira, baina talde etsaiarekin ez. Munduko armada guztien trebatze militarra soldaduen ekintzak egintza erreflexu huts bihurtzera zuzenduta dago, aginduak mekanikoki obeditzera eta borrokarako gaitasuna desbideratu edo urri dezakeen ekimen oro ezabatzera, eta zera du xede, aldez aurretik sortzea soldaduek, etsaia suntsitzeko makina gisa, gudu zelaian erakutsi beharko dituzten tasunak.

Schmitt-ek dioenez, estatuari dagokio erabakitzea zein den lagun eta zein etsai; estatuak bakarrik dauka ius belli delakoa, etsaitzat jotakoa borrokatzeko aukera; izan ere, berak bakarrik gauza dezake indarkeria ekintza ezin handiago hori, hots, gizakien biziaren eta heriotzaren gain erabakitzea (non eta ez duen beste talderen batek, estatuaren funtsa mimetizatuz, betekizun hori bereganatzen).