Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Euskal Autonomia Erkidegoko Parlamenturako hauteskunde sistema

1979an Autonomi Estatutua onartu zen Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Lurralde Historikoetarako, eta, harekin batera, egitura instituzional bat sortu. Egitura instituzional horren barruan, Eusko Legebiltzarra ?zeinak ahalmen legegilea baitu, bere aurrekontuak onartzen baititu eta Eusko Jaurlaritzaren lana kontrolatzen baitu? da Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek hautatutako ordezkarien egoitza. Autonomia Estatutuko lehen kapituluko bigarren tituluan ezarri zen, funtsean, Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak egiteko prozedura, nahiz eta prozedura horrek legezko garapen batzuk izan dituen geroago.

Hemezortzi urtetik gorako eta erroldan sarturik dauden herritar guztiek dute botoa emateko eskubidea. Boto bakarrekoa da bozkatze prozedura, eta hautagaitza, berriz,itxia eta blokeatua. Hauteskunde barrutiak bat datoz Lurralde Historikoekin; plurinominalak dira, eta magnitude berekoak: 25 aulki banatzen dira haietako bakoitzean.

Ordezkaritza proportzionaleko irizpideei jarraituz egiaztatzen da hauteskundea barruti bakoitzean, eta D?Hondten metodoaren arabera banatzen dira aulkiak. Bestalde, emandako boto guztien %5eko maila ezartzen da barruti bakoitzean, aulkien banaketan sartu ahal izateko.

1998ko urriaren 25ean Eusko Legebiltzarrerako egin ziren hauteskundeen emaitzetatik abiaturik, hona, ondorengo taulan, Gipuzkoan egin zen aulkien banaketa. Lehenik, emandako boto guztien %5 iritsi ez duten hautagaitzak kentzen dira banaketatik.

Hala, IU-EBk lortutako 18.634 botoak ez dira aulkien banaketan sartzen, boto guztien%4,6 baizik ez baitira. Gero, hautagaitzen boto kopuruak hartu, eta D?Hondten zatitzaile sailaz zatitzen dira bata bestearen ondoren.

Azkenean, zatiketetan ateratako kozienteen konparazioz (handienetik txikienera) banatzen dira aulkiak. Hala, EHri egokitzen diote lehen aulkia, eta azkenekoa, EAri.

Esana dugunez, ordezkaritza mailan, hau da, aulkitan izaten du eragina hauteskunde sistemaren nolakotasunak. Gure adibidean, esate baterako, esanguratsua da nola IU-EBk Gipuzkoan lortutako 18.634 botoek ez duten ordezkaritzarik eskuratzen, nahiz eta azken 7 aulkiak boto kopuru txikiagoei banatu zaizkien (19. aulkia = 17.645 boto).

Hauteskunde langaren gauza da hori, noski.

Gainera, hauteskunde formula bat ala bestea aukeratu, aulkiak banatzeko, ez da kontu neutrala; beste formula proportzional bat (adb., hauteskunde kozientea) erabiliz, aulkien banaketa desberdina zatekeen.

Baina Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde sistemak bi modutan erasaten dio proportzionaltasunari: batetik, biztanle kopuru oso desberdinak dituzten hiru barrutien magnitudeak berdinduz, eta, bestetik (askoz esanguratsuago baita), aukera politiko inportanteenen inplantazio desberdinaz.

Oso erraza da sistemaren proportzionaltasun handiagoa edo txikiagoa neurtzea: aski da aukera politiko bakoitzak bereganatutako aulkien boto kostua (aulkiak/botoak) kalkulatzea. Aulkiak honela banatu ziren: EAJ-PNV (21), PP (16), EH (14), PSE-EE (14), EA (6), IU-EB (2), UA (2). EAJ-PNVren botoak alderdi horren aulkiez zatitzen baditugu, aterako zaigu alderdi horren aulki bakoitzaren batezbesteko kostua 16.569 boto izan zela. Hona, ondoren, handienetik txikienera sailkaturik, zenbat boto kostatu zaion alderdi bakoitzari aulki bat: IU-EB (35.418), EA (18.050), EAJ-PNV (16.569), EH (15.947), PP (15.661), PSE-EE (15.615), UA (7.861).