Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Balore-merkatua

Wall Street. New Yorkeko burtsa da gaur egun munduarentzako erreferentziazko balio merkatua.<br><br>

Ekonomia guztietan bi merkatu mota daude: • produktuen merkatua: ondasunak eta zerbitzuak • faktoreen merkatua: lana eta kapitala.Azken merkatu honen barruan finantza merkatua dago eta bertan finantza-aktiboak negoziatzen dira. Nolabait definitzeko, aktiboa daukagun eta aldatzeko balioa duen zerbait dela esan daiteke. Bestalde, finantza-aktiboa aktibo ukiezina (ez materiala) da eta gerora begira etekin ekonomikoa lortzeko eskubidean datza aktibo honen balioa.

 

Finantza-aktiboak

Finantza-aktibo batzuek jabegoa adierazten dute (enpresa bateko aktiboen zati baten jabe izateko eskubidea ematen dutenek) eta beste batzuek erakunde emaile batek (Estatua edo enpresa) bere jabearekin egindako zorra adierazten dute. Hauek dira garrantzitsuenak: • Akzio arruntak: (Errenta aldakorreko baloreak dira, euren urteko ordainsaria enpresaren emaitzen mende baitago).

Hauen jabeak dira enpresako benetako nagusiak, izan ere, egindako inbertsioaren truke eta akzio horien balioa handitzearen ondorioz, dibidenduak (akziodun bakoitzari banatzen zaion denboraldi bateko etekinen zati proportzionala) eta/edo kapital-irabaziak (finantza-aktiboarenerosketa prezioaren eta salmenta prezioaren arteko aldea) jasotzea espero dute. Alegia, gaur erosten badut akzio bat 400 pezetan eta hamabost egun barru saltzen badut 500 pezetan, kapitalaren irabazia 100 pezetakoa izango da. Horrez gain, akziodun bakoitzak boto eskubidea du enpresako Akziodunen Batzar Nagusian. Akziodun arruntek lehentasuna dute akzio berriak erosteko, hasieran enpresaren kapital sozialean (enpresa baten jabego tituluak) zuten proportzioari eutsi ahal izateko kapital horren zabalkuntzak egiten direnean. Hitz gutxitan esanda, akzio bat enpresa bateko zati baten jabego titulua da.

• Lehentasunezko akzioak: Akzio hauen jabeek lehentasuna dute akziodun arrunten ondoan, bai dibidenduak jasotzeko orduan, bai enpresa likidatzeko orduan.

• Obligazio edo bonoak: (Errenta finkoko baloreak dira, euren urteko ordainsaria ez baitago enpresaren emaitzen mende.

Hain zuzen ere, jaulkipena egiten denean, interes-tasa iraunkorra ezartzen zaie).

Enpresa edo gobernu batek jaulkitako tituluak dira. Bere jabeari aldian-aldian interesak ordaintzeko eta jaulkipenaren amortizazioaren epea amaitzen denean maileguaren tronkoa (mailegu-emaileak mailegariari hasieran emandako diru kopurua) itzultzeko promesa da. Obligazioak zorra dira jaulkitzen dituen enpresarentzat. Bono zaborra deitzen zaio kaudimen-gabezia izateko duten arrisku handiagatik errentagarritasun handia eskaintzen duten bono edo obligazioen jaulkipenari. Jaulkipenari eurobono deitzen zaio, egiten den estatuko dibisatan egiten ez denean. Esate baterako, Alemanian dolarretan egindako jaulkipenari.

• Amortizazio finantzarioa: Hilean, sei hilabetez behin edo urtean behin egin daitezkeen aldizkako ordainketen bitartez mailegariak egiten duen maileguaren itzultzea.

• Epe luzeko mailegua: Zorrerako finantza-tresna bat da eta hartzen duen pertsona edo erakundea behartu egiten du mailegua ematen duen pertsona edo erakundeari (inbertitzaileari) aldian-aldian (normalean hilean behin) interesak eta maileguaren zati bat ordaintzera.Finantza-aktiboen adibideak: BBV-ek (mailegu-emailea) zuri (mailegaria) ematen dizun kreditu pertsonala, Estatuak jaulkitako bost urterako bonoa, Telefonica S.A.-k jaulkitako obligazioa, Alemaniako Gobernuak jaulkitako bonoa, Repsol S.A.-k jaulkitako akzio arrunta.

Finantza-aktiboak finantza-merkatuetan trukatu edo negoziatzen dira.

Finantza-merkatuen eraginkortasuna hobetzen laguntzen duten faktoreen artean honako hauek aipa daitezke: • Merkatu horietan finantza-aktiboen truke edo transakzioak etengabe egitea.

• Negoziatutako finantza-aktibo ugari egotea.

• Tituluak (normalean burtsako baloreak) inbertitzaile askoren artean banatuta egotea.

• Neurrizko espekulazioa egotea. Espekulatzailea ahalik eta denbora gutxienean ahalik eta irabazi handiena lortzeko asmoz tituluak erosi eta saltzen dituen pertsona da eta horregatik arrisku handia izaten dute.

Finantza-merkatuen sailkapenak hainbat modutan egin daitezke, esate baterako, negoziatutako finantza eskubideak jaulki berriak diren ala lehen jaulkitako eskubideak trukatzen diren kontuan hartuz. Kasu honetan, negoziatutako finantza eskubideak jaulki berriak baldin badira, lehen mailako merkatua izango da eta lehen jaulkitako eskubideak trukatzen badira, aldiz, bigarren mailako merkatua.

 

Lehen mailako merkatua

Enpresa batek dirua behar duenean lantegia handitzeko, produktu berriak garatzeko edo beste negozio batzuk erosteko, kapital-zabalkuntza egin dezake eta horrek, akzio edo obligazioak jaulkitzea esan nahi du. Jaulkipenak akzioak erosteko aukera ematen die inbertitzaileei eta trukean, enpresaren zati baten jabe izango dira eta gerora begira enpresaren hazkuntzari etekina aterako diote. Espainiako kasuan, lehen merkatua Balore Merkatuen Batzorde Nazionalak kontrolatzen du eta honen egitekoa prezioen osaketa zuzena eta balore merkatuan gardentasun osoa egon dadin zaintzea da.

Enpresek inbertsio banku (Estatu Batuetako izena) edo negozio banku (Britainia Handiko izena) deituriko erakunde espezializatuen bitartez jaulkitzen dituzte tituluak (akzioak eta obligazioak). Espainian bi modu horietara deitzen zaie.

 

Bigarren mailako merkatu antolatua

Lehen mailako merkatuan jaulkitako akzio eta obligazioak bigarren mailako merkatuetan negoziatzen dira gero.

Ongien antolatutako bigarren mailako merkatuari balore merkatua edo balore burtsa deitzen zaio.Hauek dira balore merkatu edo balore burtsen egitekoak:

 

Inbertsio-fondoak

Inbertsio-fondoak partaide deituriko hainbat inbertitzaileren ondare komuna edo balore kartera dira.

Balore Merkatuko Batzorde Nazionala, Balore Merkatuaren Legeak sortutako erakundea da eta inbertsio kolektiboko erakundeen esparruan zeregin garrantzitsua du, erakunde hauek kontrolatu eta ikuskatzeko organo nagusia baita.

Inbertsio kolektiboko erakundeen garapen eta hedapen bizkorrak, eta batik bat inbertsio-fondoenak, tresna mota hauek gehitzea eragin du. Esate baterako, Diru Merkatuko Aktiboetako Inbertsio-Fondoak, Balore Higigarrietako Inbertsio-Fondoak, Estatuko zorreko Inbertsio-Fondoak eta abar aurki daitezke.

Merkatu Monetarioko Aktiboetako Inbertsio-Fondoak behartuta daude urte eta erdi baino gehiagoko batez besteko bizia ez duten aktiboen kartera edukitzera.

Gainera, kapitalaren %5 erabilgarria izan beharko dute legez. Honenbestez, epe laburreko fondoak dira eta likidezia handikoak.

Erreferentziatzat epe laburreko interes-tasak dituztenez, mota honetako fondoen balioak ez du aldaketa handirik izaten.

Bestalde, Balore Higigarrietako Inbertsio-Fondoek, urte eta erdi baino gehiagoko batez besteko bizia duten aktiboen kartera izan behar dute. Likidezia maila aurrekoen berbera da, baina epe luzeko interes-tasak dituztenez, inbertsio mota hauen balioak askoz aldaketa handiagoak izaten dituzte.

Balore Higigarrietako Inbertsio-Fondoen artean hainbat motatakoak aurki daitezke: • Errenta finkoko fondoak Errenta finkoko baloreak dituzte eta hiru urtetik bostera bitarteko bizia. Fondo hauen ezaugarri nagusia segurtasun handiago baten trukeko errentagarritasuna da (dirua ikustea).

• Errenta aldakorreko fondoak Fondo hauetan, karteraren %70 errenta aldakorreko tituluek osatzen dute (akzioak) eta %30 errenta finkoko tituluek. %70 errenta aldakorreko titulutan dagoenez eta hauek gorabehera handienak dituztenez, fondo hauek dira arriskutsuenak.

• Fondo nahasiak Batetik, errenta finkoko fondo nahasiak (karteraren %75 baino gehiago eta %100 baino gutxiago errenta finkoko titulutan inbertitzen dutenak) eta bestetik, errenta aldakorreko fondo nahasiak (karteraren %25 eta %75 bitartean errenta aldakorreko titulutan inbertitzen dutenak).• Dibisa fondoak Fondo hauen kasuan inbertsioa errenta finko nahiz aldakorreko baloretan egiten da eta aktiboak dibisatan izendatzen dira.

Fondtesoro deiturikoak (Estatuko zorreko inbertsio-fondoak) Altxor Publikoko baloreek (Altxorreko letrak eta Estatuko bonoak eta obligazioak) osatzen dituzten fondoak dira.

 

Merkatu eratorriak

Laurogeiko hamarraldiaren erditik aurrera, finantza merkatuak beste finantza tresna batzuk aukeratzen joan ziren: etorkizunekoen merkatuak eta aukera eta berrerosketa merkatuak, hau da, produktu eratorriak osatzen dituztenak. Horrela deitzen zaie, lehendik existitzen diren aktiboetan oinarrituz, hau da, obligazio, akzio eta dibisetan oinarrituz merkaturatzen diren finantza tresnak direlako. Interes-tasen aldaketek eta truke-tasek aktibo horien balioa alda dezakete eta aldaketa horiek izan dezaketen arriskuaren aurrean babesa eskaintzeko sortu ziren produktu eratorriak.Etorkizunekoen finantza kontratuetan eta eperako kontratuetan (forward), bi alderdiek ados jarri behar dute finantza aktibo jakin bat aurrez finkatutako prezioan eta etorkizuneko data jakin batean negoziatzeko.

Behin akordioa sinatuz gero, eroslea behartuta dago finantza-aktiboa erostera eta saltzailea, berriz, saltzera.

Adibidez, demagun Espainiako enpresa batek bi milioi dolar kostatzen den makina bat erosteko kontratua sinatu duela makina hori egiten duen lantegiarekin.

Kontratuan argi eta garbi adierazten da makinaren entrega eta ordainketa hiru hilabete barru egingo direla. Eman dezagun dolar baten gaur egungo trukea 140 pezetakoa dela, baina zein izango da hiru hilabete barru? Espainiako enpresa prest egongo litzateke gaur egungo truke-tasa ez aldatzeko, hau nahiko onuragarria delako, baina dibisen merkatuko gorabeherek ia segurtasun osoz aldaraziko dute dolarraren prezioa ezarritako egunerako. Hauxe da enpresaren aukeretako bat: erosketa etorkizunekoen finantza kontratu baten bitartez egitea. Horrela, dolar baten prezioa, adibidez, 142 pezetan finka dezakete hemendik hiru hilabeterako.

Beraz, etorkizunekoen kontratua, aktibo baten zatia (azpiko aktiboa) etorkizuneko data jakin batean eta bi alderdiek adostutako prezioan erosi edo saltzeko akordioa dela esan daiteke.

Bi alderdiak daude etorkizunekoen kontratua betetzera behartuta. Etorkizunekoen kontratu bateko saltzailea behartuta dagosinatutako finantza-aktiboa entregatzera eta eroslea behartuta dago hartzera.

Etorkizunekoen kontratuak merkatu antolatuetan negoziatzen dira, esate baterako, Espainiako Etorkizunekoen Finantza Merkatuan.

Merkatu honek bi egoitza ditu, bata Madrilen, errenta aldakorreko finantza aktiboen gaineko etorkizunekoena, eta bestea Bartzelonan, errenta finkoko finantza aktiboen gaineko etorkizunekoena. Bestalde, eperako kontratuak (etorkizunekoen kontratuen oso antzekoak), OTC (Over the Counter) izeneko merkatuetan negoziatzen dira, hau da, antolatu gabeko bigarren mailako merkatuetan. Horixe da bien arteko desberdintasun nagusia.Bestalde, aukeren kontratuek euren jabeari finantza-aktibo bat prezio eta epe jakin batean erosi edo saltzeko eskubidea ematen diote, baina ez dute behartzen.

Erosleak saltzaileari diru kopuru bat ematen dionean (prima), aukera gauzatzeko edo ez gauzatzeko eskubidea hartzen du. Eskubide hori gauzatu nahi badu, erabakitako prezioa ordaindu eta aktiboaren jabe bihurtuko da. Ordaintzen badu, hasierako diru kopurua (prima) galduko du, baina horixe da izan dezakeen galera bakarra.

Erosleak aukera onartzen duenean, hau da, prima jasotzen duenean, eroslearen erabakiak errespetatzera behartuta dago.

Haren konpromisoa tinkoa da eta atzera bota ezin dena. Laburbilduta, zera esan daiteke, aukeren kontratuetan eroslea aseguratuta geratzen dela, aukera hori aldekoa bada bakarrik erabiltzen baitu eta bestalde, saltzailea dela aseguratzailea, merkatuaren eboluzioari aurre egin behar diona.Berrerosketek (swaps) ez dute inolako kontraturik eta bi alderdiek egindako akordioaren arabera moldatzen dira. Horregatik, finantza antolaketarik ezerako apusturik handiena da eta aktibo batzuk beste batzuekin trukatzeko prest dagoen edonork parte hartzeko aukera ematen du. Eragiketa hauek edozein truke mota egiteko aukera ematen dute interes-tasei, obligazioei eta dibisei dagokienez eta akordioa egiten dutenek, eurek erabakitako baldintzetan trukatzen dituzte aktiboak.

 

Eskaintza publikoak

Erosteko Eskaintza Publikoak balore-merkatuko eragiketak dira. Eragiketa hauen bitartez, pertsona edo erakunde batek kotizatutako sozietate baten akzio batzuk edo denak prezio jakin batean erostea eskaintzen du. OPA baten helburua kotizatutako sozietatearen kontrola lortzea izan ohi da.

Saltzeko Eskaintza Publikoa inbertitzaileei egiten zaien eskaintza da. Eskaintza honen bitartez, kotizatutako edo kotizatu gabeko sozietate bateko akzio kopuru bat saldu nahi izaten da. Saltzeko Eskaintza Publikoa egiten duenak saldu egin nahi du eta edozein inbertitzailek erakuts dezake akziook erosteko gogoa.

 

Finantza burbuila

Informatika, mikroelektronika eta telekomunikazioen esparruetan egin den aurrerapen teknikoak, informazioa sortu, gorde, prozesatu eta transmititzeko ahalmen izugarria ekarri du. Aurrerapen horiek aplikazio handia izan dute etxeko eta nazioarteko finantza-jardueren esparruan,izan ere, merkatuetan parte hartzen duten agenteei posible egin die informazio mordoa jaso eta bat-batean eta era elkarreragilean munduko edozein txokotara transmititu daitezkeen aldi bereko eragiketak gauzatzea.

Teknologia berri hauek izugarri murrizten dituzte informazio eta transakzio kostuak eta aldi berean, munduko merkatu eta nazio guztietan egiten diren jarduera orokorrenganako eragiketa ahalmen handiagoa eta kontrol zabala eskaintzen dituzte. Zenbait finantza-produktu eta eragiketa berri komunikazio teknologia berriak sortu direlako baizik ez dira izan posible. Izan ere, teknologia hauek bizkorrak eta zehatzak dira eta negoziaketa lekuetatik urrun egon arren, berdin-berdin egin daitezke eragiketak.

Teknologia berriak agertzean, nazioarteko finantza-merkatuetan nabarmendu den lehenengo ezaugarria kopuruen handitasuna da. Hirurogeita hamarreko hamarraldiaren bigarren erdian hasitako garapenaren ondoren, merkatu hauek hurrengo bi hamarraldietan lortu dituzten emaitzak guztiz pentsaezinak ziren.

Erabiltzen diren kopuruak erotzeko modukoak dira eta finantza-merkatuetan hainbat modalitatetan dagoen fondo eskaintza ikaragarria (ia mugagabea) erakusten dute. Hain kopuru handiak dira, non, nazioarteko merkataritza, munduko erreserben maila edo nazio garrantzitsuenetako Barne Produktu Gordina bezain funtsezkoak diren aldagai ekonomikoen balioa txikiagotu egiten dute.

Nazioarteko enpresa handiek mekanismo eta baliabide propioak dituzte atzerrian merkataritza-transakzioak eta inbertsioak egin ahal izateko behar dituzten dibisak bankuei eskatu gabe lortzeko. Korporazio hauek, diru desberdinak erabiltzen dituzten herrialdeetan dauden euren eskumendeko enpresen likidezia modu zentralizatuan kudeatzen dutenez, dibisak eskaintzeko ahalmena ere badute.

Horrela ulertzen da dibisa trukeak egunero izaten duen kopuru ikaragarria (1,2 bilioi dolar baino gehiago egunean). Hirurogeita hamarreko hamarraldiaren amaieratik, eta are gehiago laurogeiko hamarraldiaren erdi ingurutik aurrera, dibisa trukearen hain hazkuntza bizkorraren arrazoiak guztiz espekulatiboak izan dira gehienetan.

Izan ere, eragiketa gehienen helburua, moneten erosketa prezioaren eta salmenta prezioaren arteko aldean oinarritutako irabaziak lortzea da.

Epe laburrera edo luzera diru bakoitzak izango duen balioari buruzko ziurgabetasunak sortzen duen giroan, nazioarteko korporazio handiek, bankuek eta beste finantza-enpresa batzuek eskura nahiz epeka (forward) ordaintzeko eragiketak egin ditzakete mozkin handiak lortuz. Hauxe da nazioarteko finantza-merkatuei izaera espekulatiboa ematen diena.

Dibisa merkatuak ez du araudi zorrotzik eta ekonomia konbentzionalaren ikuspegitik “merkatu perfektu”-tzat jotzen direnetatik oso hurbil dauden eragiketa inguruneak hartzen ditu (ikusi Merkatua): faktoreen mugikortasun osoa, prezioen malgutasun osoa eta informazio zabala parte hartzen duten agenteen esku. Horrek baldintza onuragarriak eragiten ditu, esate baterako, bizkortasuna, oparotasuna eta transakzioen kostuak merkatzea. Baina kasu honetan ere, ikuspegi ortodoxo horrek adierazten duena baino dezentez konplexuago dela erakusten du errealitateak, izan ere, hark, merkatuaren izaera espekulatiboa eragiketa kopuru mugatua egitera murrizten du eta baldintza ekonomikoen aldaketetara etengabe egokitzeko eraginkortasun eta malgutasun seinale gisa aurkezten du aldakortasuna.