Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Biosfera sistema gisa

Hazten ari den baso batean gertatzen den energia jarioaren diagrama orokorra. Lerroak benetan diren baino sinpleago irudikatu dira, diagrama ez zedin konplexuegia gerta.<br><br>Adibidez, landareen mantenuan xahututako 55 banakoak komunitate horretako zuhaitz guztiei dagozkie, baina eskema sinpleagoa izan zedin, puntu bakar batetik baletor bezala adierazi da energia.<br><br>

Bada eremu bat, mugatzen zaila, litosferak, eguratsak eta hidrosferak elkar ukitzen duten gunean, fenomeno biologikoak, hau da, bizitza, gertatzen eta hainbat modutara gauzatzen direna.

Biosfera deitzen den eremu horretan, ura, lurra eta airea hainbat modutara konbinatzen dira.

Biziak forma eta tankera asko hartzen ditu ugaritasun horretara egokitzeko, bai banako gisa, bai taldekaturik.

Horrela bada, izaki biziak kausazko antolamendu baten arabera sailkatzen dira.

Sailkapen horrek bi eragile mota ditu: lurra, ura eta airearekin loturiko baldintza fisikoak batetik, eta biziaren forma ezberdinen ?animalia edo landare moten nahiz mota multzoen? dinamikari berari dagozkionak, bestetik.

Izan ere, jakina da eguratseko fenomenoek, eta fenomeno hidrologikoek eta geomorfologikoek, nahiz eta bereizirik aztertzen diren, elkarri eragiten diotela eta horrenbestez sistema bat osatzen dutela.

Hau da, materia, energia eta informazio jarioek norabide orotan zeharkatzen duten sistema ireki bat osatzen dute.

Biosfera hiru horietan txertatzen den beste azpisistema bat baino ez da.Biogeografiak, beste hainbat zientziak bezalaxe, izaki biziak beren ingurunean aztertzea du helburu. Zehatzago, izaki biziak lur azalean banatuta nola dauden ikertzea da biogeografiaren xedea, eta banaketa hori eragiten duten arrazoiak azaltzea. Helburu aldi berean deskribatzaile eta esplikatibo hau erdiesteko kontuan hartu behar diren fenomenoak asko eta oso ugariak dira.

Horrexegatik, biogeografia zientzia askorekin dago lotua: geografia, botanika, zoologia, klimatologia eta edafologiarekin, esaterako.

Biogeografia sintesiko zientzia da, zalantzarik gabe: jakintzaren hainbat eremuk eskainitako datuetatik, organismoen banaketa azalduko duten zenbait lege orokor proposatzen du.

Bizia sortzen eta garatzen den lur azaleko eremua, hots, biosfera, ezagutzeko, izaki bizien eta izaki horien ingurunearen arteko harremanak aztertu behar ditu biogeografoak.

Hau da, izakiek baldintza klimatiko, edafiko eta biotikoekin dituzten harremanak hartu beharko ditu kontuan.

Dena den, ingurunea, berez, faktore erlatiboada, aztergai jakin baten azalpen zehatzaren bitartez bakarrik defini daitekeena: bakarka hartutako banakoa, mota bereko hainbat banakoren multzoa, nahiz mota desberdinetako banakoen multzoa. Are gehiago, ingurunearen ezaugarrien azterketak, ekologiaren azterketak ?ekologia esatean, izaki biziek bizi diren lekuarekin dituzten harremanak ikertzen dituen zientzia adierazi nahi bada?, ezin du besterik gabe azalpen osorik eskaini. Izan ere, izaki biziaren eta bere ingurunearen arteko harremanak elkarrekikoak dira, eta zaila baita asmatzen zein den eragile eta zein ondorio.

Horrek guztiak lehen esandakoa berresten du: baztertu egin behar dela izakiak eta inguruneak bereizten dituen ikuspuntua, eta, horren ordez, biosferaren irudi osoagoa proposatu, izaki biziek, lur azalak eta klimak osatzen duten sistema zabal gisa.

Ikuspuntu hori da ?ekosistema? kontzeptu modernoari dagokiona.

Hala eta guztiz ere, metodologiaren mesedetan, ezinbestekoa da oinarrizko hiru osagai horien azterketa bereizia egitea, etaazterketa hori hurrenkera arrazional baten arabera antolatzea. Hasteko, izaki bizia hartu beharko du biogeografoak lehenik kontuan, horixe baita bere eremuko gune nagusia.

Ondoren, landaredia hartuko da aztergai.

Izan ere, landarediak, espazioan egonkorra edo finkoa den heinean, hobeto txertatzen ditu inguruneko eragileak, eta, horren ondorioz, landareen ezaugarriak aztertuz oso erraza da ezaugarri eta baldintza ekologiko homogeneoak edo bertsuak dituzten eremuak ezagutzea eta bereiztea.

Hortik aurrera, eta biotopoak definiturik, badago faunaren azterketari heltzerik, ondoren lur azalarenari eta, azkenik, klimarenari.

Azterketa honetan biosferaren zati jakin bat baino ez da landuko: lehorreko eremua (geure bizitza gertatzen den eremua, bestalde).

Ez da ahaztu behar, halere, itsas ingurunearen garrantzia bai hedadurari, bai biologiari dagokiona; era berean, aire ingurunea, lehorraren eta itsasoaren arteko bitartekaritza eginez, bizitzeko, elikatzeko eta, zenbait animaliarentzat, higitzeko eremu ere bada.

Lehorreko edozein gunetan agertzen dira izaki biziak. Batzuk begi hutsez ikus daitezke, beste batzuk ez hain erraz, eta badira beste zenbait gure zentzumenen bitartez atzeman ez ditzakegunak. Hasteko, biogeografoak hautemangarri direnak aukeratu beharko ditu bere azterketarako. Horien artean badira zenbait espazioan aski egonkorrak direnak, eta paisajearen itxuran garrantzi handia dutenak: landareak. Animaliek ez dute oro har eragin handirik izaten paisajean, baita ornodunak bakarrik kontuan hartuta ere: higikortasuna dela-eta, nekez dira deskribapenetan baliagarri. Halere, sistemaren osagai dira, eta ez da ahaztu behar badutela eraginik sistema horren nolakotasunean eta jardunbidean eragiten dutela. Nolanahi ere, landareen multzoak osatzen du ikerketa biogeografikoaren oinarri nagusia. Izan ere, bizitzaren sistema piramide baten moduan dago antolatua, eta piramide horren oinarrian, bizitzaren lehen ekoizle, landareak daude. Izan ere, landareek bakarrik baitute, zenbait mikroorganismok izan ezik, funtzio klorofilikoaren bitartez inorganikoa dena organiko bihurtzeko ahalmena. Horrexegatik bada, landareek osatzen dute elikaduraren katearen lehen maila.

Piramidearen oinarrian dagoen lehen maila honen gainean animalia belarjaleak daude, eta horien gainean haragijaleak. Hori da oinarrizko sailkapen edo antolamendua; dena den, alboetan ere badira beste maila edo multzo, nekrofagoak edo suntsitzaileak adibidez, materiaren zikloa osatzen dutenak.

Halaber, kontuan hartu behar dira begi hutsez ezin atzeman diren baina funtsezko zereginak betetzen dituzten hainbatizaki: adibidez, nitrogenoa beretu eta finkatzen duten bakterioak eta bestelako mikroorganismoak. Horiek ere garrantzi handikoak dira, bizi sistemaren oinarrian bertan baitaude beren ardurapean dituzten hainbat prozesu biokimiko.

Izaki biziek ingurune fisiko eta biologikoko osagaiekin zernolako harremanak dituzten aztertzea izan da ekologiaren azter eremua. Funtsean, bi ingurune horietan egokitzeko eta elikatzeko, eguzki energia erabiliz, izakiek garatzen dituzten mekanismoak dira harreman horien oinarria. Eta antolamendu jakin batez osaturiko bizi multzoak dira ekologoek ekosistema deitu ohi dutena. Multzo horien errealitate funtzionala energiaren eta materiaren joan-etorrien arabera neurtu izan ohi da; era berean, neur daiteke biomasa ere, hau da, espazio eta denbora banako jakin batean dagoen edo ekoizten den masa.

Gertaera biogeografikoetan noiz behinkako fenomenoek une jakin batzuetan duten eragina aztergai interesgarria izango da zenbaitetan, esate baterako, komunitate biologiko batek eremu sortu berri eta hortaz inorganiko batean bizigunea hartzen duenean; hala adibidez, bolkanismoakozeanoan uharte bat sorrarazten duenean, edo labak edota errautsek esparruren bat estaltzen dutenean; edota itsasertzeko eremuetan, itsasoak atzera egin eta lur zati bat agerian uzten duenean, edo harea higikorren pilaketa arindu, eta kolonizazio berri bat has daitekeenean, eta abar. Horrelakoak denboraldi aski luze baten abiapuntu izaten dira, eta denboraldi horretan egiten da, aldika aldika, prozesu luze batean zehar, kolonizazio biologikoa. Aldi bakoitza hurrengoaren abiapuntu izaten da, baldin eta aurreramendu biologikoa, hau da, ondorengotza, bidera dezakeen ingurunea sortzeko eta finkatzeko ahalmena badu. Prozesu hori egoera jakin bateraino luzatuko da, eta egoera horretan komunitate biologikoak eskaintzen zaizkien baliabide guzti-guztiak ustiatuko ditu. Komunitate hori izango da delako eremuko ahalmen biologikoaren adierazpen gorena; egoera ideal horri ?klimax egoera? deritzo. Gertaera horien ezagutzak badu alderdi praktikorik, zeren, gizakiak askotan klimax eremuak edo klimax aurrekoak suntsitzen dituelarik, ezagutza horri esker berregin ahal izango baititu, edo jakingo baitu erregresio mekanismoak jarriko ote diren abian.

 

Izaki bizien egungo banaketa

Izaki bizien egungo banaketa eta, ondorioz, animalia nahiz landare mota bakoitza bizi den eremuko ezaugarriak (kokalekua, itxura, hedadura, etab.), bi faktore motaren aurreko nahiz garai bereko eraginaren ondorio dira: barne faktoreak edo organismoen baitakoak, eta kanpo faktoreak edo bizi diren inguruneari dagozkionak.

 

Barne faktoreak

Taxon berri bat (elkarren artean berdintzen eta besterengandik bereizten dituen organismoen ezaugarri banakoa) Lurreko guneren batean agertzen denean, taxon horren berezko ahalmenen arabera zabalduko da, hau da, bere osaera genetikoaren arabera. Ahalmen horiek, funtsean, hiru eratakoak dira: hedatzeko gaitasuna, zabaltasun ekologikoa eta bilakaera ahalmena.Hedatzeko gaitasuna.

Mota baten hedatzea, hasteko, ugaltzeko eta barreiatzeko ahalmenaren araberakoa da. Barreiadura ahalmena organismoek edo organismoen parteren batek (haziek, adibidez) ahalik eta urrutiena higitzeko duten gaitasuna da. Ugalketari dagokionez, landareetan, hazien ekoizpena ale bakan batzuena edota askorena izan daiteke (orkideek, adibidez, milaka hazi ematen dituzte urtean). Dena den, ez dago harreman zuzenik biosferan kopuru horien eta motek izaten duten hedaduraren artean; izan ere, hazi kopuruak ez du berez ugaltzeko ahalmena adierazten, eta garrantzi handia du horretan motaren banakoen bataz besteko bizi luzerak ere.

Barreiadura hainbat prozeduraren bitartez gertatzen da, organismoak eginkizun aktiboa nahiz pasiboa izan dezake-eta. Barreiadura aktiboa animalien artean gertatzen da bereziki, animaliak, definizioz, higitu egiten baitira: badira ohiko joan-etorriak, bai migrazio handi nahiz txikien ondoriozkoak.

Hainbat landareren kasuan ere aktiboa da barreiadura: zuzenean, haziak urrutira jaurtitzen dituen fruituaren leherketarenbitartez, edo zeharka, jatorrizko organismoaren inguruan banako berri bat sorraraziko duten organoak ekoizturik; azken horri aire estoloien bidezko ugalketa esaten zaio, eta marrubietan gertatzen da adibidez, edota lurpeko errizomen bidezkoa, iratzea eta abarrena.

Barreiatze pasiboan, kanpo elementuek garraiatzen dituzte banakoak edo diasporak (landareen barreiadura organoak oro har ?haziak, fruituak, ernamuinak, landare zatiak nahiz landare osoak? izendatzeko erabiltzen da diaspora hitza).Zabaltasun ekologikoa.

Mota sortu berriak, zenbat eta zabaltasun handiagoa izan barreiadura ahalmenarekin batera, orduan eta errazago hedatzen dira, zabaltasun horri esker aurrera egiten baitu barreiatu den lekuetan. Inguruneko eragileen (eragile klimatiko, edafiko, eta abarren) muturreko bi balio jakinen artean bakarrik bizi daiteke mota bat. Zenbat eta urrunago egon elkarrengandik bi balio horiek, orduan eta errazago egokituko da delako mota baldintza ekologikoetara eta, hortaz, esparru zabalagoetan bizi ahal izangoda. Halakoetan, eremuak ezarritako baldintzen araberako ezaugarri morfologiko eta funtzionalak izango dituzte esparru horren barruan bizi diren banakoek. Horrela, bada, mota bereko banakoen itxura, neurria, hostoen ezaugarriak eta abar, ezberdinak izango dira eremuko argi kopuruaren arabera, garaieraren arabera, eta abar. Banakoen ingurugiroko moldaera ez herentziazkoak, itzulgarriak, dira beraz halakoak.

Bilakaera ahalmena.

Taxon batek ingurune berriak kolonizatzeko duen ahalmena aldatu egiten da denboran zehar, izaki multzoen (hots, elkarren artean geneak truka ditzaketen mota bereko banako multzoen) osaera genetikoa hainbat eragileren mende dagoelako. Honen adibide dira geneen edo kromosomen mutazioak edo aldaketa eten eta bat-batekoak, edota genotipo ezberdinetako (ezaugarri herentziazkoen multzoetako) banakoen artean gertatzen diren hibridazio edo gurutzatzeak. Inguruneak halakoetan hautapen funtzioa betetzen du, gene konbinazio sortu berrien multzotik okerren egokitutako genotipoak desagerrarazten baititu.

Aldaketa genetikoarekin eta hautapen ekologikoarekin batera izaki multzoen bakartzea gertatzen bada, ingurunearekin harmonia estuagoan bizi diren eta egokiagoak diren tipoak eratuko dira.

 

Kanpoko faktoreak

Lehenago edo geroago, taxonaren eremu hedatzeak inguruneko faktoreren batek ezarririko oztopoekin topo egingo du.

Horregatik, alde batera utzirik gizakiaren eraginpekoa, hedapen gaitasunaren eta zabaltasun ekologikoaren arabera posible litzatekeena baino mugatuagoa izaten da taxon gehienek betetzen duten esparrua.

Era askotakoak dira izaki bizien kolonizazio eremuak hedatzea oztopatzen duten kanpoko faktoreak. Horietako batzuk geografikoak izaten dira: mendilerro, ozeano edo ibai batek bidea ixtea, adibidez.

Beste batzuk berriz klimatikoak dira, hala, ur edo tenperatura baldintzak desegokiak izatea. Eragile edafikoek ere izaten dira, motaren errotzea eragozten duen sustratua adibidez. Eta azkenik, kontuan hartu behar da faktore biotikoen eragina ere: bizkarroiak edo harrapariak agertzea; ura, elikagaiak edo argia lortzeko taxon aurkariak azaltzea? Gizakiaren parte hartzea ere aipatu behar da; izan ere, ehizaren, arrantzaren bitartez, edo taxon batek beharrezkoak dituen motak deseginez, gizakiak taxon baten eremua mugatu, atzerarazi eta are desagerrarazi dezake; baina era berean, laboreen, animalia hazkuntzaren, girotzearen eta antzekoen bidez, taxonak zabaltzen ere lagun dezake.