Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Aire masak eta fronteak

Tanta hotz bat nola eratzen den: 1) Mendebaleko haizeak eta haize zurrusta, zirkulazio indize altuarekin.<br><br>2) Haize zurrustaren uhindura eta mendebaleko korronte orokorra; ibar zabal bat eratzen da.<br><br>3) Ibarra sakontzen da eta goiko latitudeetako aire hotza arian-arian hegoaldera jaisten da.<br><br>4) Ibarra itxita geratzen da eta tanta hotza aire beroz inguratuta geratzen da; haize zurrustak iparralderanzko norabidea hartzen du.<br><br>

Lur gainean, eguratsean, aire jario handiak higitzen dira, nahiko uniformeak eta iraunkorrak: zirkulazio orokorra edo lehen mailakoa osatzen dute. Horien gainean, badira etengabe aldatzen diren meteorologia sistema higikor eta iragankorrak. Sistema horiek, eremu txikiagoa hartzen dutelarik, bigarren mailako zirkulazioa deritzana osatzen dute: perturbazio handiak eragiten dituzte eguratsean, azpian egokitzen zaizkien lurraldeetako eguraldi aldaketen sorburu direnak.

Sistema horien jokabidea aztertzea, eta nolako eguraldi aldaketak eragiten dituzten jakitea izan dira meteorologiaren kezka nagusietakoak: horretarako sortu ziren, hain zuzen, lurretiko eta airetiko behaketa sareak, behar-beharrezkoak direnak klimaren nondik norakoak ezagutu ahal izateko, eguraldiaren mapetan oinarriturik eguratsa zertan den berehala eta zehatz-mehatz adierazten baitute.Aire masak hedadura handiko aire bolumenak dira, maila horizontalean ezaugarri fisiko berdinak (batez ere, tenperatura eta hezetasuna) dituztenak. Horizontalean ehunka edo milaka kilometro koadro hartzen dituzte, eta bertikalean hainbat kilometroko lodiera ere izaten dute. Gainazalean ezaugarri homogeneoak dituzten eremu ozeaniko edo kontinental zabalak luzaroan ukitu ondoren, eremu horien ezaugarriak bereganatzen dituzte; eremu horiei iturburu eskualde edo iturri deitzen zaie.

Aire masak osatzen dituzten klima elementuak homogeneoak izaten dira, batik bat tenperaturari eta hezetasunari dagokienez.

Gradiente termikoa, bestalde, estatikoa izaten da bertikalean.

Aire masek bolumen handia dutenez gero, eta gainera, aireak ez baitu eroamen handirik, arian-arian iristen du ezaugarrien homogeneotasun hori. Izan ere, aurretik, denboraldi batez, gainaldean ia inolako aldaketarik ez duten eskualde egonkorren gainean egoten dira geldirik, edo gehiegi higitu gabe behinik behin. Oso zaila da, beraz, latitude ertainetan aire masak sortzea, eguraldia etengabe aldatzen baita. Aitzitik, sistema barometriko ia egonkorrak dituztenak dira iturburu eskualderik onenak, hala nola eraztun subtropikala ?antizikloi gune indartsuak baitira bertan nagusi? eta Artiar eta Antartiar eskualdeak, azken horietan betiere presio handiak nagusi direnean.

Laburbilduz, lehen mailako aire masek zeinek bere sorlekuan bereganatu dituzten ezaugarriei eusten diete; azkar higitzen direnez, ezaugarri horiek berehala hedatzendituzte heltzen diren lekuetara. Poliki higitzen direnek, aldiz, iturburuaz bestelako eremuak ukitu ondoren, aldaketa handiak izaten dituzte eta beren ezaugarri bereizgarri guztiak galtzen dituzte: horrexegatik deitzen zaie bigarren mailako masa.

Aire masak sailkatzeko, bi irizpide hartzen dira kontuan, iturburu eskualdeen ezaugarriekin bat datozenak: batetik tenperatura, eta bestetik, kontinentea ala ozeanoa den jatorrizko eskualdea. Tenperatura latitudearen araberakoa izaten da, eta aire masa anitzak sorrarazten ditu: artiarrak, antartiarrak, polarrak, tropikalak eta ekuatorialak.

Bigarren irizpideak, lehen esan den bezala, jatorrizko eskualdea kontinentea ala ozeanoa den hartzen du kontuan: horren araberakoa izaten da airearen hezetasuna, eta, hortaz, kontinente masak eta itsas masak bereizten dira.

Iturburu eskualdeetan, aire masek egurats barotropikoa osatzen dute, presio eta tenperatura gainaldeak paraleloak baitira han. Baina, egurats zirkulazioaren ondorioz, handik aldentzen direnean, arian-arian aldatu egiten dira aire masen ezaugarriak ere, alde batetik, azpian egokitzen zaizkien eremuetako tenperaturaren eta hezetasunaren arabera, eta, bestetik, aire higidura bertikalen ondorioz. Ibilbidean zehar, behealdeko geruzak ere aldatu egiten dira, oso motel bada ere: berotu ala hoztu egiten dira, hezetasuna hartzen ala galtzen dute, egonkortasunak gorabeherak izaten ditu?, eta, era horretan, bigarren mailako aire masa bihurtzen dira. Airearen higitze lastertasuna eta kasuan kasuko eskualdearenezaugarri atmosferiko eta geografikoak dira aldaketa horien eragile nagusiak.

Aire masen hasierako ezaugarrietatik eta gerora izaten dituzten aldaketetatik abiatuta, jakin daiteke nolako eguraldia egingo duen azpian egokituko zaizkien eskualdeetan.

Gainean beti aire masak dituzten lurraldeetan, hala nola eremu tropikal eta polarretan, nahiko egonkorra izaten da eguraldia.

Aitzitik, iturburu eskualdeetatik kanpoko lurraldeetan, latitude ertainetan alegia, eguraldia etengabe aldatzen da bertatik igarotzen diren aire masa bero edo hotzen eraginez, eta baita masa horiek elkar jotzerakoan eragindako ondorioen arabera ere.

Artiar eta Antartiar eremuetako aire masak Lurburuetatik hurbil sortzen dira, Artiar ozeanoko ur izoztuen, eta Groenlandiako eta Antartiar lurretako izotz eremuen gainean.

Tenperaturak apalak izaten dira, eta oso hezetasun gutxi izaten da, 0,05 eta 2 g/ kg (gramo kilogramoko) bitartekoa; beraz, ia ez da lainorik sortzen, ezta euririk ere, jakina. Aire masa horiek oso egonkorrak dira. Latitude apalagoetara hurbildu ahala, azpian egokitzen zaizkien eremuen ezaugarrien araberako aldaketak izaten dituzte.

Hona adibide bat: neguaren bukaeran edo udaberriaren hasieran, sarritan, Artiar eremuko aire masak heltzen dira mendebaleko Europara. Ozeano Atlantikora igarotzerakoan egonkortasuna galtzen dutenez gero, elurte handiak eta oso tenperatura hotzak, ez ohikoak, ekartzen dituzte.

Izan ere, Artiar lurraldeko airea, latitude apalagoetara heltzen denean, oso azkar higitzen da, eta gorago esan den bezala, kazkabarraldiak eta elurteak sortzen dira latitude ertainetan, eguratsak egonkortasuna galdu izanaren ondorioz, hain zuzen. Ipar Hemisferioan urtarrilean eta otsailean izaten dira, batik bat, horrelako hotz boladak, Artiar lurraldeko aireak tenperaturak izugarri jaitsarazten baititu; Hego Hemisferioan, berriz, uztailean eta abuztuan izaten dituzte hotz boladak, orduantxe heltzen baitzaie Artiar lurraldeko airea. Hego Hemisferioan, gainera, Antartiar lurraldeko aire masak Artiar lurraldekoak baino askoz ere indartsuagoak dira, urtaroek ere ez baitiete askorik eragiten.

Ildo horretatik, kontuan izan behar da inlandsisa dela Antartiar lurraldeko airearen iturburua: kontinente izoztu itzel horrek 13 milioi kilometro koadroko hedadura du, eta bi mila metrokoa da han izotzaren lodiera.

Izena gorabehera, aire masa polarren iturburu eskualdeak poloetatik urruti daude, 55° eta 70° bitarteko latitudeetan, alegia.

Kontinenteen gaineko aire masa horiek hotzak, lehorrak eta geruza egonkorrekoak dira, Asiako erdialdeko eta Kanadako presio handiko lurraldeetan sortzen baitira. Aire masa hauek neguan izaten dute hedadurarik handiena, orduan ez baitute antizikloi kontinentalek eragin handirik izaten; udan, aldiz,Asian eta Ipar Ameriketan tenperaturak gora egiten duenez, erruz murrizten da aire masa polarren hedadura. Hego Hemisferioan, ozeanoa hain zabala izanik, ez dago iturburu eskualderik. Aire masek iturburua utzi eta hegoaldera jotzen dutenean, latitude beroagoetara alegia, berotu egiten dira eta, hortaz, egonkortasuna galtzen dute: kumuluak sortzen dira horrela, hedadura handikoak batzuetan; baina ez da prezipitaziorik izaten, ordea, hezetasunak bere horretan irauten baitu, ia inolako aldaketarik gabe. Aitzitik, aire masek, mendebalak eramanda Atlantikoaren edo Ozeano Barearen gainetik igarotzen direnean, aldaketa handiak izaten dituzte: aire lehorra itsas aire polar bihurtzen da batzuetan. Ur hotzak ukitzen dituztela, lainogune edo estratu antzeko hodei multzoak sortzen dira, eta, horren ondorioz, euri pixka bat ere egin dezake. Lurralde beroagoetan, berriz, beheko geruzak arian-arian berotu ondoren, konbekziozko higidurak eta turbulentziak sortzen dira aire masen barruan, sarritan ekaitzak dakartzatenak.

Itsas aire polarra Ozeano Atlantiko eta Bareko ipar latitudeetan eta Hego Hemisferioko ozeano eremu hotzetan sortzen da, eta, azken horietan, eraztun iraunkor bat sortzen du Antartidaren inguruan. Aire masa hotz hezeek, latitude txikiagoetako eremu beroetara higitzen direnean, egonkortasuna galtzen dute, eta, era horretan, joera bertikaleko hodeiak eta prezipitazioak sorrarazten dituzte. Alabaina, lur hotzen gainean higitzen direnean ?adibidez, neguan Eurasian edo Ipar Ameriketan sartzen direnean?, eguraldia, oinarritik hasita, egonkortu egiten da arian-arian eta, azkenean, klima kontinentala nagusitzen da.Latitude tropikaletako bi hemisferioak inguratzen dituzten presio handiko gune ozeanikoak eta kontinentalak dira, hain zuzen, aire masa tropikalen iturburu eskualdeak.

Aire masa kontinentalak antizikloi subsidentziak sortutako eremu mortu zabaletatik datoz: lehorrak, egonkorrak eta epelak dira, beraz. Udan lurretik bero handia ateratzen denez, hareazko zurrunbiloak eta ekaitzak sortzen dira (Australian eta Saharan maiz gertatzen dira horrelakoak), baina, hala ere, airearen goraldiak mugatuak izaten dira, egonkortasun falta eguratseko goiko geruzetan besterik ez baita nagusitzen. Dena den, aire masa horiekkontinentea utzi eta itsasora heltzen direnean, hezetasunez bete eta egonkortasuna galtzen dute berehala. Horrela, Afrikako iparraldetik datorren airea Mediterraneo gainetik igarotzen denean, ur epelak ukituz, lurrun asko xurgatzen du, eta konbekziozko egonkortasun faltaren aldera egiten du. Horren ondorioz, zaparrada ekaiztsuak sortzen dira, eta, baldin eta troposferako geruza ertainetan tanta hotzak egokitzen badira, oso bortitzak izaten dira. Aire masa kontinentalek basamortuko hautsa ere eramaten dute askotan, eta, azkenean, lohizko euria sortzen da. Fenomeno hori aski ezaguna da Iberiako Penintsulan, Saharatikdatorren aireak ekartzen duen gandu berezi hori dela-eta.

Aurrekoa ez bezala, itsasoko aire tropikala oso hezea da. Horrela, mendebal haizeak eramanda, latitude garaiagoetara iristen denean, gainaldea hotzagoa izanik, adbekziozko lainoak sortzen dira, hau da, estratu moduko hodei garaiera gutxikoak, eta, noizean behin, baita euri ahulak ere.

Aireak Ekuatorerako bidea hartzen duenean, berriz, oso bestelakoak izan ohi dira eguraldiaren ezaugarriak: alisiorik gabeko lurraldeetatik urrundu ahala, egonkortasuna galdu egiten da, eta gradiente bertikala ere aldatu egiten denez, arian-arian, konbekziozko hodeiak eta zaparrada ekaiztsuak sortzen dira.

Aire masa ekuatorialei dagokienez, latitude apaletan oso txikiak izaten dira desberdintasun termikoak, eta, hori delaeta, aire masatzat ere ezin daitezke hartu, ohiko irizpideei jarraiki behinik behin. Aire masa ekuatorialek ezaugarri bereizgarri hauek izaten dituzte: tenperatura garaiak, hezetasun handia eta, batik bat, egonkortasun eza. Azken ezaugarri horretan bereizten dira, hain zuzen, aire masa tropikaletatik.

Horren guztiaren ondorioz, goranzko haize lasterrak sortzen dira, hedadura bertikal handikoak, kumuluak eta kumuluninboak, euri zaparrada handiak sorrarazten dituztenak, oso handia baita aire epelak daukan hezetasun absolutua.

 

Fronteak Fronte polarra

Jakina denez, dentsitate desberdineko bi jariakari elkartzen direnean, ez dira bateratzen.Horixe bera gertatzen da tenperatura eta dentsitate desberdineko bi aire masak topo egiten dutenean ere. Izan ere, aire masen mugak oso zehatzak dira, masa hotza masa beroaren azpitik igarotzen da beti, eta bien artean banaketa eremu bat edo eten bat geratzen da, fronte esaten zaiona. Hauek dira fronteen egituren ezaugarri nagusiak: ? Fronteak ez dira berez gainalde geometrikoak, trantsizioko eremuak baitira.

Kilometro bateko edo biko lodiera izaten dute goi-behean, aire masen arteko kontrastearen arabera (zenbat eta handiagoa izan kontrastea, orduan eta meheagoa).

Zabalera, ordea, handiagoa izan ohi da lur azalarekiko elkargunean: 80 eta 320 kilometro bitarteko hedadura hartzen dute, fronteek malda leun bat izaten dutelako, hain zuzen.

? Fronte eskualdea oso baroklinoa da, eta tenperatura gradientea handia izan ohi da, elkarren ondoan dauden bi masen arteko tenperatura diferentziaren araberakoa hain zuzen.

? Fronte eremua mugatzen duten bi ertzen artean, 700-800 hPa-tik gora, aire mihi hondoratu oso lehor bat izaten da, ziur aski, behe estratosferan sortua.

Masen higiduraren arabera, bestalde, hainbat fronte mota bereizten dira: hotzak, beroak, oklusiozkoak eta geldiak.

Fronte hotzetan, aire masa hotzak beroari bultza eginez egiten du aurrera.

Masa hotza trinkoagoa denez gero, lur gainean geratzen da, eta masa beroak banaketa azalaren maldan gora egiten du. Airea batbatean igotzen da, bortizki. Kumulu etakumuluninbo erako hodeiak eratzen dira, zaparradak eta ekaitzak eragiten dituztenak, eguraldi txarreko zerrenda txiki batean.

Fronte beroetan, berriz, aire masa beroak masa hotza baztertu eta aurrera egiten du. Fronteak oso malda txikia osatzen du, eta aire beroak, hain trinkoa ez izanik, berriz ere maldan gora egiten du. Estratu moduko oso hodei zabalak eratzen dira, batzuetan mila kilometroko hedadura baino gehiago ere hartzen baitute frontearen beraren aurretik, lurraren ondoan. Hamar mila kilometroko garaieratik lur azaleraino, geruza sail gero eta trinkoago bat eratzen da: zirruak, zirroestratuak, altroestatuak eta ninboestratuak.

Fronte hauetan eguraldi txarrak hotzetan baino eremu handiagoa hartzen du, eta prezipitazioak etengabeak izaten dira.

Fronte hotza beroari gainjartzen zaionean, oklusiozko frontea sortzen da.

Fronte hotzak beroak baino azkarrago higitzen dira. Biak batera leku berean egokitzen direnean, fronte hotzak beroa harrapatzen du, eta oklusiozko frontea sortzen da: masa beroa lur gainetik gora joan ondoren, hodei kumuliformeak eta zaparradak sortzen dira. Oklusioa hotza ala beroa izan daiteke, elkar ukitzen duten bi aire masen arteko tenperatura desberdintasunen arabera; fronte hotzaren ondorengo airea fronte beroaren aurrekoa baino beroagoa izanez gero, oklusio hotza sortuko da, eta, alderantziz gertatuz gero, oklusio beroa.

Fronte geldian, bi aire masen arteko banaketa eremua geldirik egoten da, masek ez baitute elkar bultzatzen. Higitzen hasten badira, ordea, fronte hotz ala fronte bero bihurtzen dira, zeinek zeini bultza egiten dion.Europa 40 eta 60 gradu bitarteko latitudean dago, eta, tarte horretan, hain zuzen, bat egiten dute konbekzio gune (airearen goranzko higidura) polarrek eta azpitropikalek. Tarte horretan, halaber, latitude beheretatik igotzen diren aire-lasterrek ekialderako norabidea hartzen dute; Lurburutik jaisten direnak, aldiz, mendebalerantz abiatzen dira. Aire-laster horien bilguneari fronte polarra deitzen zaio. Bertan, aire-lasterrek norabide desberdinak hartzeaz gainera, tenperatura desberdintasunak ere sortzen dira, Lurburutik datorren airea hotza baita eta bestea, berriz, beroa. Horrela, lehenengoa berotu egiten da eta hezetasun erlatiboa murrizten zaio; bigarrena, berriz, hoztu egiten da eta hezetasun erlatiboa handitzen zaio. Baina hau da benetan garrantzitsua: banaketa azaleko oszilazioak tropiko arteko konbergentzia eremukoen oso antzekoak direla. Aipatutako oszilazioek gorabeherak eragin ditzakete airelasterren higiduran. Izan ere, fronte polarretako bi aldeen artean lastertasun desberdintasunak egon ohi dira, eta, hori dela-eta, zizailadura eremuak (indar tangentzialen eraginez, gorputz batean gertatzen den deformazio mekanikoa) sortzen dira: aire masak biraka hasten dira, eta behealdekoak goialdean sartzen. Aire masa horiek, inguruko giroa baino beroagoak direnez, luze samar irauten duten uhin ekaitzak sorrarazten dituzte.

Horrelakoetan, airea hezea izaten da gainera eta, hoztu ahala, euria hasten du.

Fronte polarrak, hortaz, mendebaletik ekialderako norabidean, euri asko ekartzen du Europa osora.