Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Ibaien higalanaren eraginez eraturiko erliebe motak

Yellowstone ibaia, higalan handikoa, bere goi ibilguan.<br><br>

Ibaiak erliebearen desegile eta egile dira aldi berean: batetik, ibarretan higalana eginez, malkarrak sortzen dituzte (degradazioa); eta bestetik, ibai jalkinak metatuz, eremu lauak eratzen dituzte (agradazioa).

Ibaien ur laster etengabe horrek materialak higatzen ditu eta ibarrak eratzen ditu, gero eta ibar zabalagoak, gainera, ibarreko maldak gutxituz baitoaz, tektonika prozesuek berdintze lana egiten ez duten bitartean, betiere.

Malda horiek –gero eta txikiagoak– ibaien arteko banalerroan elkar ebakitzen duten neurrian lurra zelaituz joaten da.

Pixkana-pixkana, beraz, ibaiaren higalanak lurralde lauak eratzen ditu; dena den, horretara bitartean era askotako erliebeak eratzen dira.

Ibaien higalanak maldak eratzen ditu, malda kurbatuak eta zuzenak, masen higiduraren eta ibaien higaduraren eragin bateratuaren ondorioz.

Teoria bat baino gehiago dago malda horiek nola eratzen diren eta aldatzen doazen azaltzeko.

Horietatik hedatuena beharbada maldaren atzera egite paraleloarena eta aldaketarena da.

Teoria horrek honela azaltzen du maldaren bilakaera: hasieran maldak atzera egiten du, jatorrizko maldaren paralelo; baina maldak atzera egin ahala, beste malda txikiago batzuek –gero eta apalagoek– higatzen dute eta hartzen dute haren lekua.

Hori guztia ibaiaren hondalan edo zulatze lanaren lastertasunaren arabera izaten da.Ibaiaren higalanak era dezakeen erliebe mota eratuko bada, tektonika gertaera batek eraldatu eta prestatu behar du aldez aurretik erliebea, erliebe mota hori ebaki ahal izango den erliebe potentziala lortzeko.

Altxaturiko lur azala itsas hondo zaharra bada, ibai berriak sortzen dira lurra azaleratzen den neurrian. Ibaien hondalana haien malda eta bolumena handitzen edo gutxitzen den neurrian bizkortzen da edo atzeratzen da.

Erliebea eratzean lur azala ez da beti berdin mugitzen: batzuetan, poliki hasten da, gero bizkortzen da, eta azkenean poliki mugitzen hasten da berriro; beste batzuetan, berriz, bizkor mugitzen hasten da,gero mantsotzen da, gelditzen da, eta berriro hasten da mugitzen. Mugimendu horiek, guztiek dute eragina ibai maldetan. Ibai baten bolumenean ere gorabeherak izan daitezke lur azala altxatu ahala. Beraz, bolumen eta malda gorabehera horiek ur laster desberdinak eta aldakorrak sortzen dituzte eta eragina dute orobat ibaiak bidea ebakitzeko moduan ere.

Epe luzean eratu diren ibar gehienen eraketan ibaiak hiru modutan egin dezake bere higalana: lastertasun konstantean, lastertasun azeleratuan, edo gero eta mantsoagoan.

Higalan mota horietako bakoitzak ondorio jakin bat du ibarraren eraketan.

Ibaiaren hondalanak ibarraren zeharkakoepaian zer nolako ondorioak dituen aztertzeko, ibaiak egiten duen higalana aztertuko da soilik, kontuan harturik harria eta haren egitura uniformeak direla eta klima eta landaredia berdintsuak.

Bidea lastertasun konstantean ebakiko bada, ibarraren maldetan desagertzen den masaren proportzioa eta mugitzen denarena orekan egon beharko dute. Hau da, masen higidurak ibaira eramaten duen material meteorizatu guztia garraiatzeko adina ahalmena izango du halakoetan ebakiak, eta sakondu ahala zabalduko da ibarra. Grabitateak prozesuotan gero eta eragin gutxiago duenez, masak gutxiago mugitzen dira malda gutxiko ibarretan malda handikoetan baino. Beraz, maldak txiki iraungo badu, higalanak ere apala izan behar du. Azpiko harkaitza beti berdina den bitartean, higalan uniformeak malda zuzen eta uniformeko ibarrak eratzen ditu. Malda handiagoa edo txikiagoa izatea higalanaren intentsitatearen araberakoa da: zenbat eta handiagoa higalana, orduan eta handiagoa malda.

Azter dezagun orain ibaiaren higalan azeleratuaren kasua; hobeto ulertzeko, eman dezagun higalanaren indarra aldirik aldi handitzen dela eta aldi bakoitzean higalana berdina dela. Lehenengo aldian, hondalanaren intentsitatea dela eta, ibarreko maldak ez dira oso handiak. Pixkanaka, ibaiak bere bidea sakondu ahala malda handiagoak eratzen dira. Hirugarren aldian, murrizte lastertasuna handitzean, are malda handiagoak eratzen dira. Ibar horiek, beraz, oso malda handiak dituzte hondoan, baina zenbat eta gorago egon, orduan eta txikiagoak izaten dira.

Ibaiak ibarra sakondu ahala maldak handituz doaz, harik eta gehiago zulatzerik ez duen harria topatzen duen arte azpian.

Handik aurrera maldak ez dira handitzen gehiago, eta ibarreko alboak atzeratu ahala gainerako malda guztiak ordezten dituzte.

Bai hondalan uniformeak bai azeleratuak V formako ibarrak eratzen dituzte, baina maldatsuagoak bigarrenak. Azkenerako,ibarreko maldak pikoak eta zuzenak dira ibarraren hondoa eta ibaien arteko banalerroaren gailurra bitartean.

Ibaiak bere bidea gero eta lastertasun mantsoagoan ebakitzen duen kasua aztertzean, kontuan izan behar da mantsotze hori ez dela bat-batean gertatzen, hainbat alditan baizik. Lehenengo aldian, higaduraren intentsitatea dela eta, ibarra maldatsu samarra izaten da. Hurrengo aldietan, baina, ibarrak zulatze lan gutxiago egiten du, eta maldak ere txikiagoak izaten dira alditik aldira. Horrek guztiak ahur itxurako maldak eratzen ditu. Ibarraren zulatze lana konstantea denean edo handituz doanean, masen higidurak du zeregin nagusia ibarreko maldetako erregolitoen lekualdatzean.

Baina zulatze lana gutxitzen bada, lur eta harri koskorrak ez dira mugitzen malda gutxiko lekuetan; halakoetan, maldan behera datorren ur meharra da erregolitoak mugiarazteko modurik hoberena. Hori guztia hala da, batetik, grabitateak ez duelako hainbeste eraginik malda txikietan, eta, bestetik, euri urak bolumen handiagoa eramaten duelako maldetan; horrek materiala gutxiago marruskatzen du, eta ur lasterraren lastertasuna handitzen du, malda txikiagoa izanda ere.

Ibaiaren hondalan uniformeak luzaro irauten badu, oreka dinamikozko egoera teoriko bat sortzen da lurraren moldatzeari dagokionez. Oreka dinamikozko egoera batean lurraldearen elementu guztiak neurri berean higatzen dira ibaiaren eraginez eta masen higiduraren eraginez. Sistemen teoriaren arabera, materia (ura eta haitz mineralizatua) eta energia kopuru uniformeak igaro liratekeen sistema ireki baten adibidea litzateke oreka dinamikoan dagoen lurralde bat. Denbora igaro ahala, ur lasterraren bolumena aldatzen bada, ibaiaren ebakitze lanaren proportzioa aldatzen da, eta, beraz, oreka aldatzen da. Halakoetan, ibaiaren higalana eta masen higidura denborarekin beste oreka egoera bat iristen ahaleginduko dira.Tektonika prozesuek azkar altxatzen dutenean lur azala, malda handiak eratzen dira eta ibaiek azkar zulatzen dituzte ibarrak.

Ibarraren sakontasuna –hau da, tokiko erliebea deitzen dena– ibaiaren higalanaren azkartasunaren araberakoa ez ezik erliebe potentzialaren hedaduraren araberakoa ere izango da; ibarra sakon zulatuko bada, hasierako erliebeak garaia izan behar du.

Erliebearen forma eta itxura, hau da, ibaiaren higalanez eraturiko muinoak eta mendiak, tokiko erliebeak sortzen dituzten eragile guztien ezaugarri berezien mende daude. Hala ere, denbora izaten da eragile nagusia, non eta ez den mugimendu sismiko gehiago gertatzen eta ondorioz lur azala altxatzen. Pixkana-pixkana ibaiaren malda gutxituz doa, higaduraren proportzioa ere gutxitu egiten da, eta masen higidurak egiten duen higalanak mendi sistema handienak ere zelaitzen ditu.Ibaiak utzita pilatzen diren jalkinei –meheei zein lodiei– alubioi esaten zaie.

Non metatzen diren, hiru alubioi mota bereizten dira: a) Muino edo mendi barrenean –batez ere lurralde lehorretakoetan– metatzen direnak alubioi konoak dira; b) Ibarren erdialdean eta behealdean, ibai ertzean metatzen direnak alubio ordekak dira; c) Ibaiak ur masa bare batean isuririk ibai bokalean metatzen direnak deltak dira.