Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Hormategiek eragindako erliebe formak

Hormategi batek sortutako ibarreko morrenen kokaera eta morrena motak.<br><br>Higakinen bolumena eta jarraitasuna berez direna baino handiago adierazi dira irudi honetan.<br><br>

Hormategiek erliebean duten eragina ondorengo mekanismoetan oinarritzen da: higadura, garraioa eta metatzea.

Izotzak eragiten duen higadura hormategiaren lodieraren eta bere higiduraren lastertasunaren araberakoa izaten da.

Hormategiek zatiki handiak nahiz txikiak garraiatzen dituzte, eta horiek hormategiaren hondotik gertu bilduta geratzen dira; zenbaitetan ordea zatiki batzuk hormategi gainera eror daitezke, eta finenak izotzaren barnera sartu.

Metatzea batik bat ablazio guneetan edo izotza urtzen den lekuetan gertatzen da, eta halakotan materiala nahasirik geratzen da.

Zenbaitetan, baldin eta izotza higakinez betetzen bada, eta hormategi azpia malkortsua baldin bada, materiala hormategiaren azpiko lurrean metatzen da zuzenean.

Hormategiek eragiten dituzten forma bereziak metatzearen edo higaduraren ondorio dira.

Inlandsisekin lotuak dauden higadura formak oso desberdinak izan daitezke: ildo sinpleenetatik hasita, gainalde osoaren berrantolaketaraino; halakoetan, guztiz desagertzen dira ibaiek lehendik eragindako arrastoak, eta hormategiak sortutako sakonguneetan aintzira eta padura asko eratzen dira, ur hustubideen sare konplexu eta nahasi batekin.

Hormategi alpinoek, zirkuak zulatuz mendien isurialdeetan, mendi gailurrak eratu dituzte; horrez gainera, lehendikako ibai haranak, U itxura emanez, zabaldu dituzte, eta ibar eskegi ikusgarriak sortu dituzte hormategi txikiak askoz ere sakonagoa den hormategi nagusiarekin elkartzen diren puntuan.

Metatze moduak zuzenak izan daitezke, batez ere geruzak osatu gabeko morrenak sorrarazten dituztenak, hormategiaren albo nahiz aurreko aldean; baina badira zeharkako metatze moduak ere.

Zeharkako metatze horiei hormategi-ibaiko ere esaten zaie, metatze geruzadunak edo sailkatuak dira, eta hormategiko izotzaren mugetatik kanpora garraiatu ditu fusiotik ateratako urak.

Hormategiek eragindako erliebearen formak dira lur azaleko egitura berrienak, faila berrienak eta sumendien jarduera alde batera utzita.

Oso eskualde handiak hartzen dituzte latitude garai eta ertainetan, Antartida osoa barne, eta gailur eta ibar ederrak eratu dituzte hormategi alpinoak egon ziren edo oraindik ere badauden lekuetan.

 

Higadura glaziarra

Hormategiak beti izan dira, eta badira, higaduraren eta materialen garraioaren eragile garrantzitsuak. Dirudienez, pleistozenoko hormategiak beren beheko aldeetan deiekzioz zamatu ziren; deiekzio horiek tamaina guztietako higakinak omen ziren, buztinetatik hasi eta harri handietaraino, gehienak hormategia igarotzen zen lekuetatik erauziak. Ez dago oraindik erabat argi gaur egungo hormategiek nola eragiten duten higadura, baina badirudi blokeak erauziz eta urraduraz gertatzen dela. Nolanahi ere, oso eraginkorra da hormategien higadura lana; hala, ibilgu harritsuetan, hormategien eragina ibaiek eragindako higadura baino hamar edo hogei aldiz handiagoa izaten da. Batez besteko higadura glaziarra, 0,05 eta 3,0 milimetro urteko (mm/ urte) bitartekoa da.

Dirudienez, hormategietako izotza, plastikoa izaki, erregolito zatikien gainetik eta mantu harritsuko bloke askeen gainetik isurtzen da; eta hormategia lerratzen den neurrian, materiala altxatu egiten du, eta beherantz bultzatzen. Material erauziak, orduan, izotza igarotzen den gainazala urratzen du, eta, korrosioz, topografia biribil eta leuna sortzen du. Hormategiaren ekintza, hain zuzen, lixa paper oso lodi batek egiten duenaren antzekoa da, irregulartasun handienak leun-leunak geratzen direlako baina, era berean, zirrikitu txikiagoak, ildoak eta urradurak ere sortzen dira.

Hormategi batek eragiten duen higaduraren batez bestekoa hormategiaren izotzlodierarekin eta lerratze lastertasunarekin dago lotua, baina badira beste eragile batzuk ere kontuan hartu beharrekoak, hala higakinen nolakotasuna eta zenbatekoa, eta hormategi azpiko haitzaren erresistentzia.

Hala ere, oraindik ez dago argi zein faktore den garrantzitsuena, lodiera ala lastertasuna.

Nolanahi ere, ibar glaziar batzuk asko hondoratzen dira ibarraren beheko aldean, alegia, hormategiek bat egin zuten gunean, horren ondoriozko hormategiaren lodieraren eta isuri lastertasunaren gehitzearekin.

Hauek dira higadura glaziarraren prozesu orokorrenak: urradura, bloke erauztea, ibilguko harkaitzen apurtzea, fusioko uraren bidezko higadura eta higakinen garraiatzea.

Hormategietako paretetako harkaitzaren hausturetan elur ura sartzen denean abia daitezke mekanismo horiek. Ur hori izoztu egiten da, berriro kristaldu eta harkaitza puskatu egiten du, hormategiari eransten zaizkion zati txikitan. Azpitik, ordea, lehen esan bezala, izotza plastikotasunez mugitzen da, bloke diaklasadunak erauzten ditu eta birrindu egiten ditu, batzuetan txiki-txiki egin arte. Hormategiak birrindutako materia harritsuari haitz hautsa edo irina esaten zaio, eta horrek ematen die fusioko ura daramaten uharrei beren esne kolore berezia. Izotzean garraiatzen diren haitz zatiak neurri guztietakoak izaten dira, eta ibilgu harritsuan herrestan doazela, ingurua gastatu, azala zuritu eta ildokatu egiten dute. Prozesu horri urradura esaten zaio.

Antzinako ibar glaziarretako azal harritsu gogorrek hormategi ildo esaten zaienurratu gutxi-asko finak izaten dituzte, eta garraiatu diren harkaitz zatien ertz zorrotzak ibilgu harritsua igurtzi izanaren ondorioz sortuak dira.

Hormategietako fusioko ura kontuan hartu beharreko elementua da, higaduraren eragile garrantzitsua izaten baita izotz geruzen azpian eta ibar glaziarretan. Fusioko uraren isuriak, hormategiaren azpian, eragin handia izan dezake tuneletan barrena badoa, izan ere, presio hidrostatiko handia sorraraz dezake, korrosioz edo zulaketaz higatzeko gai dena, eta barrunbeak, hormategipeko haitzarteak, erretenak etab. ere eragin ditzake hormategiaren ibilguan. Bestalde, meteorizazioz eta hormategiaren hausturaz sortutako higakin asko garraia edo nahas dezake fusioko urak; prozesu hori oso eraginkorra da, sedimentu meheetan batez ere.

 

Hormategi garraioa

Materiala hormategiari eransten zaionean, hondoko partean garraiatzen da normalean.

Hormategi gaineko geruzetan, gehienetan, ez da higakinik izaten; baina hormategi alpinoen goiko partean aurki daiteke materialen bat, zeren harkaitzek, izozteen ondorioz, meteorizazioa izan baitezakete eta ibarraren alboetako hormetatik izotzaren gainera eror baitaitezke; era berean, material finena ere izotzeraino herrestan eramana gerta daiteke. Hormategiek berdin-berdin garraiatzen dituzte zatiki handiak nahiz txikiak, izotzaren likatasunari eta bolumen handiari esker. Hori dela-eta, hau esan daiteke izotzaren likatasunari buruz: gorputz gotor baten likatasuna, eragiten dioten indarren pean gorputz horrek hautsi gabe moldatzeko duen erraztasuna da. Hormategi batean, ezaugarri horri esker, izotzak, hautsi gabe, bidean aurkitzen duen edozein objektu ingura dezake.

 

Metatze glaziarra

Hormategiek beren zama zuzenean metatzen dute, ablazio edo kolmatazio bidez, edota zeharka, hormategitik datozen ur lasterren bidez. Ablazioa batez beste hormategiaren mugimenduaren parekoa baldin bada, higakinak hormategiaren ertzetan metatzen dira. Ablazioak hormategiaren mugimendua gainditzen badu, ordea, hormategiaren aurreko aldeak atzeraka egiten du, eta atzean uzten du izotzaren fusiotik ateratako urak ezin garraia dezakeen materiala. Kolmatazioa ere metatze zuzena da. Hormategiek higakin kopuru handiak badaramatzate azpialdean, izotzak aurrera egin ahala higakin horien geruzak hormategi azpiko lurrean gera daitezke harrapatuta. Metatze zuzenen kasuan, materialaren sailkapenik ez da batere gertatzen; materiala, hortaz, batere mailakatu gabe, neurri desberdineko zatikien nahasketaz osatua izaten da gehienetan.

Izotzaren fusioko urak hormategitik urruti eramandako materiala geruzatan metaturik geratzen da, hormategiaren parean edo jatorria hormategian duten ibaien ibilguetan zehar.

 

Hormategien ekintzak eragindako erliebearen formak

Hormategiek, higaduraz ala metatzez jardun, erliebe forma desberdinak sorrarazten dituzte. Hala ere, ibaien edota itsasoaren higadurak aldez aurretik eragindako egiturak moldatu baizik ez ditu egiten askotan hormategien eraginak. Higadura glaziarra oso nabarmena da ingurune menditsuetan, izotzaren isuria, mendi garaien tarte estuetatik bideratua, aski lasterra izan zelako; baina halakoetan ere, argi ikusten da ibaiek lehenagotik sorturiko higadura. Erliebe apaleko lekuetan, aitzitik,izotz geruzek eragindako higadura gainaldeko parteetan baino ez da nabaritzen, eta, hala, ibarrak leunduak, eta punturik zorrotzenak biribilduak ageri dira.

Bestalde, metatzeen zenbatekoa asko aldatzen da leku batetik bestera. Izan ere, leku batzuetan higakinen geruza finegia da erliebearen jatorrizko edo hasierako formak estaltzeko; beste batzuetan, ordea, lodia izanik, bere forma topografiko berezia taxutu ahal izan du.

 

Inlandsisen higaduraren ondorioak

Hormategi kontinentalek edo inlandsisek, poliki eta lurra erabat estaliz mugitzen baitira, erregolitoa (edo material harritsu zatitua) eta mantu harritsu gotorraren zati bat erauzi eta birrindu zuten, atzean gainazal leun eta lauak utziz. Mendiak, bestalde, muino biribildu eta leun bihurtu ziren, edo harkaitz hutsez osatuak; eta ibarrak, berriz, ireki eta zabaldu egin ziren, alboetako oztopoak suntsitzen ziren neurrian. Eremu batean zein bestean, hormategien higadurak muino asimetrikoak sorrarazi zituen, alde batean isurialde leun eta lauak eta, bestean, isurialde aldapatsu eta zorrotzak dituztenak. Isurialde leunetako muinoak, edo stoss-ak, aurre egiten baitzieten hormategiaren norabideari, lautu egin ziren igurtziaren ondorioz, eta kontrako isurialdeak berriz, edo lee-ak, malkartsuak geratu ziren, hormategiak haitzak erauzi zituelako.

Izotzaldietan higatu ziren haitzak harribiribilduak dira. Erregolitoa ez da eraldatu, edo oso gutxi, izotzak higatu berri dituen egitura horien gainean. Oraindik ere ikus daitezke hozkak eta ildoak izotz masaren eraginpean egon ziren harkaitzen gainean, harri biribilduen gainean hormategiak gogor eutsitako haitz sendo eta zorrotzek grabatuak.

Hormategi kontinentalek eragindako higadurak zeharo aldatu zituen lehenagotik zeuden uraren hustubide sareak. Ibaiek sortutako ibar zahar batzuk, hormategien eraginpean, sakonago bihurtu ziren, edota hormategi higakinez erdi beteak geratu ziren.

Geruza harritsua ahula zen edo pitzadurak zeuzkan lekuetan, izotzak erauzi eta higatu egin zuen, eta arro itxiak sortu ziren ibarren hondoan, geroago, hormategiak urtu zirenean, aintzira bilakatu zirenak. Ibarretako hondoen desnibelek bilakaera desberdinak izan zituzten: arro sail bat sortu zen, edota, bertako metatze eta higadura baldintzen arabera, lau edota malkartsu bihurtu ziren. Hormategiak urtzean, hormategiek eratutako malden egiturara moldatu behar izan zuten ibaiek. Malda horietan gertatutako haustura malkartsuek edo desnibelen inbertsioek ur hustubideen sare nahasi bat eratu zuten, zingirek, aintzirek, ur lasterrek eta ur-jauziek baino eteten ez zutena.

Forma irregularreko eta neurri desberdineko aintzira kopuru handi bat da, hain zuzen ere, hormategiek higatu izan dituzten inguruneen ezaugarri fisiko bereizgarria.

Beraz, hormategi kontinentalek edo inlandsisek eragindako higadurak eremu garaiak biribildu eta higatu zituen, ibarrak zabaldu, aintzirek hartzen zituzten arro harritsuak zulatu, eta aurreko hustubide sistema aldatu zuen.

 

Hormategi alpinoen higaduraren ondorioak

Hormategi alpinoen higadurak asko aldatu du mendi sistema garai gehienen itxura, nahiz eta aldez aurreko ibai egiturak hormategiaren isuria bideratu. Jakina da hormategi garrantzitsuenak ibar zabalenetan egoten zirela, eta hormategi horiei txikiagoak elkartzen zitzaizkiela; sistema hori ere izotzaldiaren aurreko drenaje sistemaren emaitza da. Izotzak ibarrak bete zituen,harik eta geruza aski lodi bat osatu arte.

Masak, isuri ahala, ibarreko isurialdeak eta hondoa zulatzen eta suntsitzen zituen, eta, horrela, hasieran V forma zena (ibarrean), pixkana-pixkana U forma bihurtu zen. Ibarraren U formako sekzio zeharkako hori, neurri batean, hormategiaren higadura izotzaren lodieraren mendeko izatearen ondorioz sortu zen. Higadurarik garrantzitsuena ibaiek sortutako ibarraren hondoan gertatu zen, izotz masa askoz ere sakonagoa zen lekuetan. Higadura gutxiagotu egin zen, ordea, ibarreko isurialdeen goialdean, izotz geruza finagoa zen lekuetan.

Izotzaren bolumena eta isuriaren lastertasuna, gehienetan, handiagoak izan ziren hormategi nagusian adarretan baino; ibarnagusia, beraz, lehenago higatu zen inguruko ibarrak, edo ibar-adarrak, baino. Hortaz, ibar nagusiko hondoa baino askoz ere gorago geratu ziren ibar-adarren alboetako hormak. Izotza urtzean, beraz, ibar esekiak agertu ziren, alegia, esekita daudela diruditenak, ez baitaude ibar nagusiaren maila berean, eta, oro har, ur-jauziak izaten dituzte.

Ibar glaziarrak, askotan, anfiteatro sakonen modura egituratu ziren beren alde altuenetan, albo garai eta maldatsuekin, eta arro harritsuko hondo zabalarekin. Zirkuak dira, eta bertan elurra metatzen da, eta izotz bilakatzen; zirku horiek mendietako isurialdeetan eratu bide dira, zein eragileren jardun bateratuaren ondorioz: masaren mugimendua, hormategien higadura eta gelifrakzioa (haitzaren haustura prozesua, haitz horren poroak eta pitzadurak betetzen duen uraren aldizkako izozte-urtzeen ondoriozkoa).

Elurraren eta elurtegiaren azpian ura behin eta berriro izozten eta urtzen delarik, mendietako alboetako zati harritsuak erauzten dira. Zati horiek maldan behera garraiatzen dira elur pikortsuaren eta gainazal harritsuaren tartean, eta pixkana-pixkana eransten zaizkio hormategiari.

Handitzen ari den zirkutik hormategia kanporantz isurtzen den neurrian, higatu eta erauzi egiten du zirkuko zorua, eta horrela, denborarekin, arro harritsu bat sortzen da.

Hormategiek eragindako higadura etengabeak forma fisiko desberdin asko sortzen ditu mendi alboetan. Mendi bakar bateko hainbat isurialdetan era eta higa ditzakete zirkuak. Zirkuak taxutzen diren bitartean, beren isurialdeak gurutzatu egiten dira eta piramide formako gailur malkartsuak sortzen dira, izotzaldi alpinoa izan duten mendietan ohiko irudi izaten direnak. Zirkuen arteko harkaitz malkartsuetan, askotan, gelifrakzioaren ondorioz, gailur puntazorrotzak, eta koskadunak sortzen dira. Gainera, askotan, zirkuak oso higaturik geratzen dira, beren arteko muga, aldez, desagertu egiten da, eta tarte estu bat sortzen da, col esaten zaiona; sakongune baten antzeko profila izaten du tarte horrek.

Izotzaldi alpinoak paisajean duen eragina bikoitza da. Izotz azpian geratu ziren erliebearen formak, igurtziak eta marruskatuak, biribilduak gertatu dira; izotzaren gainetik geratutakoak, berriz, egitura zorrotzak bihurtu dira. Erliebeak, beraz, nongoa den, alde handiak izaten ditu: ibarren beheko isurialdeak eta hondoak lauak dira, eta haitz eta gailur gorenak zorrotzak eta malkartsuak. Areago, egitura naturaletan, hormategi alpinoek higatutako mendiak izaten dira, paisajearen ikuspegitik, ikusgarrienetakoak.

 

Inlandsisen metatzearen ondorioak Haitzartea

Metatze glaziarrak, edo driftak, bi eratakoak izaten dira, batez ere: tillak eta higakin glaziar geruzatuak. Tilla hormategiek eragindako metatze zuzena da, neurri guztietako harri pusken nahasketaz osatua, geruzarik eratu gabe. Higakin glaziar geruzatuak, bestalde, ibaiek utzitako sedimentuak dira, izotzaren fusioko urak edo izotzaldiaren ertzeko noizbehinkako aintzirak eratuak. Zeharkako metatze horiek legarrez, hondarrez, lohiaz edo buztinez osatutako geruzak dira, sailkatuak eta geruzatuak.

Hormategi alpinoek eta kontinentalek antzeko metatze moduak eratzen dituzte; alabaina, hormategi kontinentalen metatzeak askoz ere zabalagoak izaten dira, eta, era berean, askoz ere handiagoak izaten dira askotan agradazio glaziarrez sorturiko formak (jatorri kontinentaleko, edo kasu honetan hormategiko jatorriko materialen metatzeaz sortu direnak). Horregatik, garrantzi handiagoa dute gaur egungo paisajean hormategi kontinentalen edo inlandsisen metatzeek, hormategi alpinoen metatzeek baino.

 

Hormategien metatze zuzena

Metatze glaziar zuzenaren nolakotasunak adierazten du sistema glaziarraren egoera. Sistema oreka dinamikozko egoeran dagoenean, izotzaren ertzen inguruan metatzen dira higakinak. Sistemak oreka galtzen duenean, ordea, materiala hormategiaren azpian metatzen da, aurre nahiz atzera egiten duenean. Izotzaren higidura proportzioa eta ablazio proportzioa (alegia, urtzen den izotz edo elur kopurua guztira) orekatzen direnean, hormategiaren aurreko aldea orekatuta mantentzen da; baina materiala etengabe bultzatzen du aurrerantz, eta hormategiaren aurrealdean zehar metatzen da.

Higakin heterogeneo horiek izotz geldian metatzen dira, eta hormategiak atzera egiten duenean lurraren gainean azaltzen dira nahasirik; metatze horri morrena esaten zaio. Hormategiaren zati zabaleneko morrenari azken morrena esaten zaio. Hormategiaren aurrealdeak atzeraka egitean gertatzen diren etenaldietan berriz, atzeranzko azken morrenak direlakoak sortzen dira.

Izotza desagertzen denean, muino txikiak eta barrunbeak dituzten zerrenden antza hartzen dute morrenek, topografia malkartsua duten girlanden itxuran zabaldurik.Morrenen artean geratzen den eremua izotzaren azpian metatutako till geruzek estaltzen dute askotan, zelai glaziarra deritzana sortu arte. Kontuan izan beharrekoa da, gainera, mugitzen ari zen izotzaren behereneko zatiak deiekzioz zamatuegiak geratu zirenean metatu zirela higakin horiek, hainbeste non izotzak urtu eta atzeraka egiten zuenean metatu baitzen zama hori. Metatze prozesu desberdin horren ondorioz zelai glaziarren gainaldeak, oro har, leunak eta lauak izaten dira, goragune zabal apalak eta sakongune txiki zabalak dituztenak.

Hormategiaren aurretik erliebea nabarmena izan zen gainaldeetan edo higakinen mantua mehea den lekuetan, oraindik ere antzematen zaio ingurunearen jatorrizko itxurari; baina beste leku batzuetan, morrena muinoek eta metatzeek guztiz estaltzen dute hormategia baino lehen inguruneak zuen itxura.

Zelai glaziar batzuetan muino lauez osatutako multzoak agertzen dira, baleen bizkarraldeen antza dutenak; drumlin esaten zaie, eta, oro har, azken morrenaren edo atzeranzko morrenaren atzealdean egoten dira. Ia kilometro bete luze, ehundaka metro batzuk eta hamabost-hogeita hamar metro garai izaten dira drumlinak. Gehienetan ehun muinoko multzoak, edo handiagoak, izaten dira, eta modu berezian egoten dira lerrokatuak; izan ere, drumlin bakoitzaren isurialde maldatsua izotz masa isurtzen zen norabidearen aurrez aurre egoten da, eta muinoaren ardatza norabide horrekiko paralelo. Drumlinak izotz geruzen ertzen azpian metatu ziren, eta, dirudienez, hormategiak eragin baino lehenago gainazalean zegoen irregulartasunen baten gainean sortu ziren higakin glaziarren metatzeak finkaturik geratu zirenean.

 

Hormategien zeharkako metatzea

Higakin glaziar geruzatuak, askotan metatze glaziar-ibaikoa ere esaten zaienak,beren egituraren, osaeraren eta hormategiaren aurrealdeari buruz duten posizioaren arabera sailkatzen dira. Oso urruti, ordea, morrenak baino haruntzago, zelai glaziaribaikoak ager daitezke, isurialde lau eta leunekoak, eta legar eta hondarrezko pilaketa zakar geruzatuez osatuak. Zelai horiek oso zabalak dira, ia alubioizko konoak adina, izotzetik datozen higakinek osatzen dituzte eta fusioko urak garraiatzen ditu. Batzuetan pertza formako zulo edo barrunbeak aurki daitezke bertan, kettle holes deituak, zenbaitetan aintzira bihurtuak.

Hormategi nagusiak atzera egin zuenean bertan geratu ziren izotz bloke geldien posizioa adierazten dute sakongune horiek; eta izotzezko bloke geldi hori urtu zenean, zulo edo sakongune bat geratu zen izotzaren lekuan, lehen aipaturiko kettle holea.Kameak eta kame terrazak hormategiaren ertzetan zehar metatu diren bestelako higakin geruzatuak dira. Kame terrazak hondarrez eta legarrez osatutako metatzeak dira, hormategiaren eta alboko ibarraren isurialdearen artean ibaiek utziak.

Izotza desagertzen denean ibarretako isurialdeetan terraza moduan agertzen dira.

Kame horiek hasieran delta modukoak eratzen dituzte, edo hormategiaren alboaren kontra dauden alubioizko kono aldapatsuak; izotzak atzera egiten duenean metatze horiek, denborarekin, erori egiten dira, eta mendixka irregularrak sortzen dituzte.

Izotzaren zulo edo sakonguneetan ere bil daitezke kameek eratzen dituzten metatzeak, eta hormategiak, atzera egiten duenean, lurrean uzten ditu.

Higakin glaziar geruzatuak azal daitezke esker izeneko legar eta hondarrezko muino luze eta bihurgunetsutan ere. Egitura hauen jatorria behin behineko ibaietako fusioko urak eragindako metatzea izandaiteke, ibaiok hormategiaren azpialdean, tuneletan zehar, isurtzen zirenean. Esker batzuek, zenbait kilometro luze ere izan arren, ez dute aldaketarik izanaren markarik ia, eta, hori dela-eta, pentsa daiteke urtuz zihoan izotz geldiaren edo hilaren azpian metatu zirela, eta gerora ere, ez zirela batere mugitu.

Denboraldi batez baino irauten ez zuten aintzira glaziarren hondoan, higakin glaziarrez osatutako zenbait metatzea ondo geruzatuak geratu ziren, eta, era horretan, aintzira horiek desagertu zirenean, aintzira glaziarren ordokiak sortu ziren. Aintzira glaziar horiek leku jakinetan sortu ziren, lurra hormategiaren aurrealdearen parean jaisten zen lekuetan; era horretan, arro itxi bat sortu zen hormategiaren ertzaren eta lur makurraren artean, edota hormategiaren aurrealdearen eta erliebeak ezarritako hesiaren artean ura pilatua geratzen zen lekuetan. Fusioko urak sedimentu fin asko ipini zuen aintzira hauen hondoan, lohizko eta buztinezko egitura geruzatuetan metaturik. Ehundura fineko geruza horiei barbe esaten zaie, eta, aldizkatuak baitauzkate geruza argiak eta ilunak, itxura orritsua izaten dute. Geruza horietako bakoitza sedimentazio urte bati dagokiola pentsatzen da. Udan, ura aski indartsu datorrenez gero, material lodiko geruza argiak baino ezin meta daitezke, eta neguan, ordea, aintzira izoztua baitago, buztinezko geruza iluna sedimentatzen da. Ezaugarri hori delaeta, Eskandinavia eta beste zenbait lekutako aintzira glaziarretako sedimentazioa datatzeko erabili izan dira barbe horiek. Lohi eta buztinaren sedimentazioak, geruzaz geruza, ordoki glaziarren gainalde uniformea sortu zuen aintzira horien hondoan.