Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Deformazio plastikoak: tolesak

Leku aldatzearen norabidearen paraleloan ebaki «orekatuak» nola sortzen diren adierazten duen eskema.<br><br>Elkarren gainkako geruzak sortzen dira gai multzo bakanak utzirik. Toles aldi bakoitzean geruza bakoitzaren luzerak eta lodierak ziren bezala geratzen dira.<br><br>

Nolabait geruzetan antolaturik dauden haitzetan –beren egitura geruza meheetan edo orritan banaturik dutelako– gertatzen diren uhin edo izurrak dira tolesak. Deformazioa eragiten duten indarrei ematen zaien erantzun plastikoaren ondorioz, lur azal tolestuetan bi gune motaz osatutako segida bat izaten da: alde batetik, gune ganbilak edo antiklinalak, eta bestetik, gune ahur edo sinklinalak, elkarren jarraian.

Toles batean badira zenbait zati bereizgarri, tolesa ondo aztertzeko aurrez ongi ezagutu behar direnak. Tolesaren gontza geruza tolestuen inklinazioa aldatzen den gehieneko kurbatura guneari esaten zaio; gehieneko kurbatura puntuak elkarrekin lotzen dituen lerroari, berriz, tolesaren ardatza esaten zaio. Ardatz planoa geruza desberdinen ardatzak lotzen dituen planoa da; ez du zertan laua izan behar.

Ardatz planoak bertikalarekin eratzen duen angeluari bergentzia deitzen zaio. Gailurrak eta ildoak azal tolestuaren goreneko eta behereneko lerroak dira.

Tenka indarraren eragina gertatu baino lehen azal planotzat definitu den erreferentziazko azal bat gainazal kurbo bihurtzen denean, geruzak tolestu egin direla esaten da. Tolesak, bada, erreferentziazkotzat hartzen den gainazal baten kurbatze gisa adierazten dira, eta deformazio heterogeneo jarraiturik garrantzizkoenetakoak dira.

Erreferentziazko gainazal horien deformazioari esker jalkin harrien edo haitz metamorfikoen tolesteak ikusten dira.

Toles ohikoenak geruzen uhinak dira: antiklinal eta sinklinal deitzen dira. Antiklinala geruzek gorako bihurtzea, gune ganbil bat, dutenean esaten da; gune ganbil horretan bi malda bereizten dira, zeinek bere aldapa, inoiz bestearen kontrakoa, dutenak. Sinklinalean geruzen uhinak zulogune bat eratzen du, bi malda ongi bereizirekin, eta nukleoa material berrienek osatua izaten da.

 

Tolesen sailkapena

Irizpide askoren arabera sailkatzen dira tolesak, baina gainazal tolestuaren profila, ardatz planoak plano bertikalarekin eratzen duen angelua, eta tolesturik dagoen geruza bakoitzaren loditasunaren aldakuntzak dira irizpidea finkatzeko gehien baliatzen diren ezaugarriak.

Tolesaren profilari dagokionez, era askotako tolesak bereizten dira: toles irekiak, bi hegalek eratzen duten angelua kamutsa denean; isoklinalak, oso toles estuak, hegalak paralelo dituztenak; akordeoi gisakotolesak, gontza oso txikia eta hegalak zuzenak dituztenak; toles monoklinalak, bi hegalak zentzu berean etzanda dituztenak; abaniko gisako tolesak, bi gontza eta bi ardatz plano dituztenean elkarretatik urruntzen; kutxa edo azpil gisako tolesak, gontza ia planoa dutenak, eta hegalekin ia angelu zuzena eratzen dutenak.

Ardatz planoak plano bertikalarekin eratzen duen angelua ia 0 gradukoa izatetik ia 90 gradu izateraino handituz doan ahala, tolesak ere zuzenak, inklinatuak, itzuliak ala etzanak deitzen dira. Azkeneko biotan hegaletako bat iraulirik dago besteari buruz, beregai guztiekin, eta hala materialik zaharrenak berrienak baino gorago azaltzen dira.

Tolesa eratzeko mekanismoaren arabera ere toles mota asko bereizten dira. Lur azalaren muturretan presio eta tenperatura apal samarrak direnean, geruzak bihurrituz eratzen diren tolesak sortzen dira batzuetan.

Toleste hori eragin dezaketen mekanismo bat baino gehiago bada ere, geruzatzearen paraleloan ebakitzea da geruzatan ongi antolatuta dauden haitzetan maizenik gertatzen dena.

Geruza ebakitze hori geruzen artean elkarrekiko labain egitea da, jokorako karta multzoa tolesten denean gertatzen den bezalatsu.

Era horretara eratzen diren tolesei toles kontzentriko esaten zaie. Geruzen loditasuna tolesaren puntu batetik bestera aldatzen ez denez, toles isopako ere deitzen zaie.

Lur azalaren barrenerago, bertako tenperaturak eta presioak gora egin ohi duenez, materialak ere malguagoak izan ohi dira.

Geruzak elkarren kontra zapaltzen dira eta estu tolesten dira, eta era horretara antzeko tolesak eratzen dira. Mekanismo horretan ebaki plano sail bat azaltzen da, konpresio indarren paraleloan; plano horiek eskistotasun plano, edo eskistotasun, soilik, deitu ohi dira. Toles horiei toles anisopako ere esaten zaie, geruzak ez direlako loditasun berekoak alde guztietan, lodiagoak baitira gontzetan eta meheagoak hegaletan.

Bada toles faila bitarteko eraketa bat ere.

Ardatz planoa oso inklinatua denean, gerta daiteke hegal itzulikatuko geruzaren ijeztatze edo xaflatze bat ere, mehetuaren mehetuz.

Era horretara toles horrek faila itzulikatu bat eratzen du, faila planoa ardatz planoaren zentzu berean inklinaturik duena.

Horrelakoetan toles faila deitzen zaio egitura horri. Toles faila hauek oso plano inklinatua duten faila itzulikatuek eratzen dituzten gainkatzeen antzekoak eratzen dituzte batzuetan beren bilakaeran.

Lehen ere aipatu diren arren, tolesen alderdi geometriko eta morfologikoen beste ezaugarri batzuk aipatzea komeni da.

Hauek dira hurrenez hurren: ardatz planoa tolesaren plano erdikaria da; hegalen aldapa angelua berdina denean ardatz planoa bertikala izaten da; bestela, berriz, inklinatua izaten da, eta, izan, horizontala ere izan daiteke. Tolesaren ardatza geruza tolestuaren eta bere ardatz gainaldearen ebakitze lerroa da. Kurbatura gehieneko puntuen leku geometrikoa ere bada. Kurbatura erradiorik txikiena duen tolesaren aldeari gontza esaten zaio; inklinazioa aldatzen den gainalde zatia da, hain zuzen. Tolesa bertikala denean, geruzaren goreneko puntuan egoten da gontza, gailurrean, alegia; baina tolesa bertikala ez denean, gailurra eta gontza ez dira berdinak izaten. Hegalak kurbatura erradioa handiena duten tolesaren guneak dira; ardatz planoaren alde banatara egoten dira.

 

Gainkatzeak, gainkatze geruzak eta egitura diapirikoak

Lurraren azaleko material estratifikatuetan egiturarik ohikoenak tolesak eta etenak badira ere, badira beste egitura mota batzuk, tamaina handikoak eta interes berezia dutenak; horien artean aipatzekoak dira gainkatzeak, gainkatze geruzak eta egitura diapirikoak.

Gainkatzeak ez dira oso egitura tektoniko handiak izaten. Ardatzez sustraiturik egon ohi dira, eta horregatik jarraitasun bat izaten da gainka jarri den geruzaren eta azpian hartuaren artean.

Gainkatze geruzak askoz ere egitura tektoniko handiagoak dira, ehun kilometrotaraino ere iritsi baitaitezke inoiz. Jatorrian elkarren ondoz ondo egondako bi material multzo handitatik bat bestearen gainean jartzean eratuak dira; gainkatze geruzak ez daude, ordea, ardatzez sustraituak, eta horrexegatik ezin izaten da asmatu jatorrizko geruzaren eta kanpotikoaren arteko jarraitasuna nolakoa zen.

Itsaso barrenean masa handien leku aldatzea eragiten duen prozesua tenka indarukitzaileen eta grabitate indarraren eragin bateratuak abiarazten duen gainkatze edo faila alderantzizkatu bat izaten da. Egitura hori izan dadin, plastikotasun handiko geruza maila bat behar izaten da, urradura maila, antzinagoko azpiko materialak gaineko berriagoetatik bereizten dituena. Prozesu horiek izaten dituzten materialak itsasotik kanpora azaltzen direnean, higadura prozesuak pairatzen dituzte, eta orduan elementu hauek bereizten dira: ? Gaineko geruzak bere leku aldatzean iritsi duen punturik aurreratuenari dagokion frontea.

? Sustrai aldea, geruzaren jatorria den aldean; sustrai edo erroa bera, ordea, ez da agerian egoten normalean, gaineko geruzak estalia egoten baita, edo higadurak janik, bestela.

? Gerta daiteke higadurak gaineko geruzaren puska batzuk han eta hemen bakandurik uztea, azpiko geruzaren gainean muino testiguak balira bezala. Gaineko geruzaren fronte nagusia baino aurrerago dauden ezkata horiei uharte tektoniko edo klippe ere esaten zaie.

? Beste batzuetan, higadurak gaineko geruza higatzen duelarik, hura desegiten du leku jakin batzuetan, eta orduan lehen zegoen geruza puska puska berriaren azpitikazaleratzen da. Gertaera horri leiho tektoniko esaten zaio.

? Gerta daiteke, orobat, gainkatze geruza batek, bere aurreratzean, jatorrizko geruzaren zatiak garraiatzea; zati horiei garraio ezkatak esaten zaie.

Egitura diapirikoek zerikusi handia dute ebaporitekin (gatza, anhidrita eta igeltsuak batez ere); horiek, hain zuzen, dentsitate erlatibo apaleko eta plastikotasun handiko gaiak baitira, eta mugikortasun handia izaten dute eragiten zaien presioa handitzen denean. Era askotako egitura diapirikoak daude; gehien agertzen direnak, toles kontzentriko, arin eta tamainaz ez oso handiak dira; egitura horietan txertaketak edo etentxo batzuk izaten dira, gaiak jalki ahala gorako mugimendu bertikala salatzen dutenak.

Beste alde batetik, badira forma landuagoak, perretxiko tolesak adibidez: hegalak itzulikaturik izaten dituzten gangak zapalak, eta inoiz failaren baten eraginez jausirik, hegaletan faila normalak daudelako ildo periferiko subsidenteak dituztela. Horiez gainera, badira beste era batzuetako egitura diapirikoak ere, hala nola azpiko geruzetatik azalera agertzen diren gai plastikozko jarioak; azaleratze hori gai plastikoak tolesaren gunea zulatu duelako edo pitzatuetatik kanpora irteten delako gerta daiteke.