Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Metamorfismoa eta haitz metamorfikoak

Metamorfizazio prozesuak haitzen osaera eta ehundura baldintza berrietara egokitzeko gertatzen dira.

Baldintza berri horien arabera atomoen kokaleku kristalinoa eta beren arteko konbinazio modua aldatu egiten dira, eta prozesu horietan tipikoak diren mineral berriak sortzen.Haitz metamorfikoak lehenagotik existitzen ziren beste haitz batzuetatik sortzen dira, presioaren eta tenperaturaren igoeraren eraginez.

Presio eta tenperatura igoera horiek arrazoi desberdinek eraginak izan daitezke.

Aldaketa horiek mailaz mailakoak direnez eta eragileen ekintzak ?bakarka edo taldeka? asko direnez, horietatik sortzen diren emaitzak ere askotarikoak dira.

Horrexegatik, hain zuzen, haitz metamorfikoen azterketa aski korapilotsua da.

 

Metamorfismo kontzeptua

Materialak lur azaleko geruza sakonenetara hondoratzen direnean, gai horiek urtu eta bertako magma batean barnera daitezke. Hala ere, azken egoera hori ez da nahitaezkoa; materialek tarteko eraldatze multzo bat izaten dute, eta horien eraginez ehundura edo osaera aldatzen zaie.

Gaiak urtzeraino heldu aurreko transformazio multzo horri metamorfismoa deitzen zaio.

Metamorfismoa, beraz, haitz batek bere sorrerako baldintzak aldatzean duen prozesu multzoa da, prozesu horiek barne eragileek sortuak izaten dira, eta horietan haitzaren osagarriak ez dira ez desegiten ez disolbatzen, ez erabat eta ez aldez. Definizio horrek bi muga ditu. Lehenengo muga kanpo eragileek ez parte hartzea da, beraz meteorizazioa eta diagenesia ezin metamorfismo prozesutzat har daitezke. Bigarren muga da prozesu horien eraginez haitzaren osagairik ez desegitea eta ez disolbatzea; horrenbestez, metamorfismoak gorputz gotorrei dagozkie, eta horrexegatik hain zuzen baldintza jakin batzuetan baizik ezin daiteke gertatu.Metamorfismo prozesuak edozein haitz motatan gerta daitezke, baita aldez aurretik haitz metamorfikoak zirenetan ere, baldin eta lehendiko baldintzak aldatzen badira. Metamorfismoa baldintzak aldatu eta urtze baldintzetara hurbiltzen diren heinean gertatzen diren transformazioen katea da.

Beraz, metamorfismoak baditu goitik eta behetik baldintzatzen duten muga bana.

Tenperaturaren behe muga ehun eta berrogeita hamar gradu zentigradu ingurukoa da eta goi muga zazpiehun eta bederatziehun gradu artekoa. Goi muga presioaren eta haitza eratzen duten gaien fusio puntuaren mende dago.

 

Metamorfismoaren eragileak

Metamorfismoa hiru faktoreren mende dago: tenperaturaren mende, presioaren mende eta bertan kimikoki aktibo diren jariakariak izan ala ez izatearen mende. Hiru faktore horien eragin bateratuak baldintzatuko du emaitza.

Tenperatura, batetik, gradiente geotermikoaren mende dago. Gradiente geotermikohorrek, zenbat eta gehiago sakondu, kilometroko hiru gradu zentigradu egiten du gora. Beraz, material bat lurrean barruratu ahala, tenperaturek gora egiten dute. Bestetik, haitz masak albotik mugitzen direnean bero gehiago sortzen da, eta orduan materialen tenperatura igo egiten da leku batzuetan.

Tenperatura igoera honek bi ondorio ditu, haitza osatzen duten zatikien barne energia igotzen delako.

Alde batetik, errazago gertatzen dira gainerako gai elkartuekiko erreakzio kimikoak eta, beste aldetik, zatiki horiek egitura kristalino berri bat eratuz ordenatzen dira berriro. Presioa ere, lehen-lehenik behintzat, materiala dagoen sakontasunaren araberakoa da, berez. Gainean dituen materialen masak oinarrizko presioa edo presio litostatikoa eragiten du.

Zirrikitu arteko isurkariek ere jariakari presioa deitzen den presio osagarri bat sorrarazten dute. Presio mota horien baturari presio estutzaile deitzen zaio. Presio hori bar banakotan adierazten da, hots, kilogramo zentimetro koadroko (Kg/cm 2 ) banakoan.

Presio horri, batzuetan, presio dinamiko izenaz ezagutzen dena gehitu behar izaten zaio. Azken hori materialak lekualdatzearen eraginez sortzen da.

 

Metamorfismo motak

Metamorfismoan parte hartzen duten eragileen, materialen eta prozesua gertatzen den moduaren arabera, hainbat metamorfismo mota desberdin bereizten dira.

Metamorfismoaren eragile bakarra tenperatura denean, presioaren eragin adierazgarririk ez denean alegia, metamorfismo termiko deitzen zaio. Metamorfismo mota hori intrusio igneoetan gertatu ohi da, intrusio horiek inguruko eremuko tenperaturak igoarazten baititu. Arrazoi horregatik ukitze metamorfismo ere deitzen zaio.

Metamorfismoaren eragile bakar edo nagusia presioa denean, aldiz, bi motako metamorfismoak gerta daitezke. Zama metamorfismo deitua, gaineko materialen masaren eraginez sortutako metamorfismoa.

Dinamometamorfismoa, berriz, bloke hautsiak higitzean sortutako tentsioak eragindako presioz sorturiko metamorfismoa adierazten du; metamorfismo mota horri presio metamorfismoa edo metamorfismo kataklastikoa ere esaten zaio.

Tenperaturak eta presioak batera eragiten dutenean, azkenik, metamorfismo dinamotermikoa edo eskualdeko metamorfismoa gertatzen da. Metamorfismo mota honek eskualde zabaletan izan ohi du eragina; horregatik ematen zaio, hain zuzen ere, eskualde metamorfismo izena. Orogenia prozesuekin batera agertzen da gehienetan.

Prozesua gertatzeko eraren arabera, metamorfismo progresibo, autometamorfismo eta erretrometamorfismo izeneko prozesu jarraituak bereizten dira. Lehenengoa, metamorfismo progresiboa, da ohikoena eta metamorfismo horretan partediren faktoreen intentsitatea handituz doanean gertatzen da. Bigarrena, autometamorfismoa, aldiz, masa igneo bat hozten ari den bitartean gertatzen da, masa igneoaren hondar jariakorren eraginez. Hirugarrena, erretrometamorfismoa, azkenik, faktoreen intentsitatea jaisten doanean gertatzen da. Honen eraginez, materialek forma berriak har ditzakete.

Materialek metamorfismo prozesu bakarra izaten dutenean, monometamorfismoa deitzen zaio prozesu horri; metamorfismo prozesu bat baino gehiago izaten dutenean, aldiz, polimetamorfismoa dela esaten da. Azkenik, metamorfismoa izan duten haitzek inguruko haitzetako materialik bereganatzen ez dutenean, prozesu isokimikoa izan dela esaten da eta kanpoko materiala bereganatzen dutenean, aldiz, metasomatismoa.

 

Metamorfismoa

Metamorfismoa harriaren mineralen, aldatu den baldintzaren eta baldintza aldaketak gertatu diren moduaren araberako prozesu progresiboa da. Tenperaturari dagokionez,hirurehun gradu zentigradutatik behera ez da metamorfizazio prozesurik gertatzen, molekulek ez baitute behar besteko erreakzio gaitasunik. Tenperatura horretatik gora, zenbat eta gorago orduan eta gehiago eragiten die tenperaturak haitza osatzen duten mineralei, eta geroagoko aldietan, metamorfismoz sortutako mineraletan beretan ere eragin dezake tenperaturak.

Presioari dagokionez, materialak beste era batera antolatzeaz gainera, zirrikituetako daitezkeen jariakariak kanporatzea da presioak duen eraginik garrantzitsuena.

Jaraiakari horiek, kanpora bidean, osagai jakin batzuk herrestan eraman ditzakete, eta horrela, prozesu hori gertatzen den haitza osagai horiez pobretzen eta osagai horiek beste toki batean pilatzen dira.

Kasu batean zein bestean, badira muga jakinak metamorfizazio prozesuak gertatu ahal izateko. Baldintzak gutxieneko mugaren ingurukoak direnean, mineral batzuk baino ez dira eraldatuko, eta behe mugatik zenbat eta gehiago urrundu, hainbat eta mineral gehiagok izango du metamorfizazioa.

 

Haitz metamorfikoen sailkapena

Haitz metamorfikoen sailkapenerako irizpide klasikoek ?gaur egun ere hauek dira nagusi? haitza bera sortu deneko haitzaren arabera sailkatzen dituzte haitz metamorfikoak.

Horri jarraituz, bost talde nagusi bereizten dira, jatorrizko haitzak buztinak, konglomeratuak, sedimentu karbonatodunak, haitz igneo azidoak ala haitz igneo basikoak diren.

Talde horietako bakoitzak baditu bere azpi sailkapenak ere, bere sorrerarako gertatu den metamorfismo prozesuaren arabera.

Haitzak izan duen metamorfismo prozesu horrek berak ezaugarritzen du haitzaren ehundura.

Sailkapenerako beste irizpide bat, Albert Streckeisenek 1964an proposaturikoa da.

Sailkapen hori haitzak osagai batzuetatik ?kasu honetan aluminio, burdina, kaltzio eta sodio oxidoak? duen proportzioan dago oinarrituta.

Gaur egun haitz metamorfikoak sailkatzerakoan, ahal dela, paragenesia ere ?mineralak zein ordenatan agertzen diren eta nola taldekatzen diren? kontuan hartzen da.

Horrela, material jakin batzuen multzoak (facies deituak) definitzen dira. Horretarako oinarrizko abiapuntutzat hartzen da, jakina,antzeko materialek antzeko baldintzetan jarriz gero antzeko emaitzak ematen dituztela.

1915ean Finlandiako Petrologia Eskolak honela definitu zuen bezala, facies metamorfikoa mineral jakin batzuk izateak ezaugarritzen duen haitz multzoa da. Eskolak ezarritako bederatzi facies metamorfikoetako bakoitza, baldintzen aldakuntza tarte batek bereizten du. Aldakuntza tarte horiek metamorfismo mota jakin batekin, eta orobat nagusi den haitz mota batekin erlazionatuta daude.

 

Haitz metamorfikoen ehundurak

Haitz metamorfikoen ehundura bereziki nahasi eta korapilotsua da, jatorrizko haitzek berek ere jatorrizko ehundura bereizgarria baitute. Batzuetan, jatorrizko ehundura haitz metamorfizatuan galtzen ez denean, hondar ehundura deitzen zaio.

Hala ere, metamorfizazio prozesuak ere eragina izaten du, eta ehundura bereizgarriak sortzen ditu. Ehundura horiek metamorfizazio prozesuan zehar sortzen direnean, tipomorfo esaten zaie. Eta azkenik, metamorfismoaren ondoren ere sor daitezke gehigarrizko ehundura bereizgarriak, tenkadura tektonikoen ondorioz normalean.

 

Formazio metamorfikoak

Metamorfizazio prozesu garrantzitsuenak, bai beren hedapenagatik eta bai sorturiko mineral berrien kopuruagatik, eskualde metamorfismoak dira, eremu orogenikoetan gertatzen direnak. Eremu orogeniko horietan, presioa eta tenperatura mailaz maila eta modu nabarmenean aldatzen dira; baldintza horien ondorioz materialetan sortutako aldaketek ez dute uzten jatorrizko haitza zein den ezagutzen.

Metamorfizazio prozesuetan hiru aldi bereizten dira, elkarren ondoz ondokoak: metamorfizazio apala, metamorfizazio ertaina eta metamorfizazio bizia. Aldi horiek hiru presio eta tenperatura mailari dagozkie.

Dudarik gabe, presio eta tenperatura maila horien arabera, mineral bat ala beste bat agertzen dira.

Eskualde metamorfismoa askotan mendikate handien ardatz aldean agertzen denez, mendikate horiek higadurak jaten dituenean eta presio isostatikoak jasotzen dituenean geruza metamorfikoen zerrendak azaleratzen dira. Haitz metamorfikozko segida horiek zerrenda gisa agertzen dira ordenatuta; zientzialariek errazago aztertu ahal izaten dituzte horrela.

Ukimenezko metamorfismoak edo termometamorfismoak ere antzeko egiturak sorrarazten ditu, baina ez dira beste horiek bezain hedatuak, eta haiek ez bezalako materialez eratuak dira gainera. Kasu honetan, gorputz intrusiboaren inguruan zisku edo uztai metamorfiko bat sortzen da. Uztai horretan, intrusiora hurbildu ahala, metamorfismo maila ere neurri berean handitzen da. Uztai horren handitasuna edo loditasuna masa intrusiboaren tamainaren eta tenperaturaren, eta material ostalariaren konposizioaren mende dago. Kasu honetan ere, higaduraren eraginez material metamorfikoen segida agerian azal daiteke, eta era horretara aztergarri izan.

Azkenik, dinamometamorfismoak presio eragilearen eraginez tentsio handiko egitura metamorfikoak sorraraziko ditu.

Kataklasi edo zartatze esaten zaion prozesu honen eraginez sortutako formazioek aldaketak izango dituzte jatorrizko ehunduran.

Jatorrizko materiala gogorra denean, granitoa esaterako, metamorfizatu ez ezik, birrindu ere egiten da; eta gai plastikoa denean, aldiz, buztina adibidez, tolestu egingo da, zertxobait zartaturik. Materialen higidura horiek material multzo handitan gertatzen direnez, metamorfismoaren eragina eremu aski zabaletan gertatzen da, kasu honetan ere, higidura orogenikoekin lotuta.