Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Kanpoaldeko planetak

Kanpoaldeko planeten multzoa asteroide eraztunetik harago dago, eta Jupiter, Saturno, Urano, Neptuno eta Pluton planetez dago osatua.

Planeta multzo hori nahiko heterogeneoa da tamainaz eta osaketaz.

Beraz, zehatzago sailkatu ohi dira: alde batetik, Jupiter eta Saturno, planeta erraldoiak; bestetik, Urano eta Neptuno, planeta urrunak; azkenik, Pluton planeta berezia da, astronomoek ez baitakite oraindik planeta ala satelitea den.

Jupiter eta Saturno dira Eguzki sistemako planeta handienak; Jupiterren diametroa lurrarena baino 11,2 aldiz handiagoa da (142.113 km), eta Saturnorena berriz 9,4 aldiz handiagoa (119.916 km). Hidrogeno molekularra dute osagai nagusia, eta hidrogeno hori hidrogeno atomiko eta metaliko bihurtzen da, planeta horietan zenbat eta gehiago barruratu. Presioa Lurraren gainaldean baino berrehun milioi aldiz handiagoa da.

Planeta horiek ez dute benetako gainalde gotorrik, harkaitzezko eta izotzezko erdigune bat besterik ez dute, bolumenez Lurra halako bi edo izango dena, eta masaz gutxienez Lurra baino hamar aldiz gehiago.

Hidrogenoa da elementu ugariena, eta helioa gero. Bi osagai nagusi horiek dituenez –horiek baitira unibertso osoaren osagai nagusiak–, uste izatekoa da lurrezko planetak esaten zaienak ez bezala, Jupiter eta Saturno oso gutxi aldatu direla eratu zirenez geroztik. Bi planeta horiek oso eremu magnetiko indartsua dute, Jupiterrek batez ere.

Orobat dira Eguzki sisteman satelite gehien dituzten planetak: hamasei Jupiterrek eta hamazazpi Saturnok.

 

Jupiter, planeta erraldoia

Jupiter da Eguzki sistemako planeta handiena.

Bolumenez Lurra baino 1130 aldiz handiagoa da; masa Lurrarena baino 318 aldiz handiagoa du, eta orobat du beste planeta guztien masak batu eta halako bi handiagoa.

Dentsitatea 1,33 gramokoa du zentimetro kuboko (gr/cm 3 ), eta horrek esan nahi du oso elementu arinez dagoela eratua, hidrogenoz eta helioz batez ere, gas edo isurkari tankeran. Pentsatzekoa da silikatoak eta metal zapalduak ere badituela erdigunean.

Lurretik distantzia handira dagoen arren, 740 milioi kilometro baino gehiagora, Artizarra baizik ez da hura baino argiagoa.

Jupiterrek 11,86 urte behar ditu bira bat egiteko Eguzkiaren inguruan, eta kanpoaldeko beste planetek bezala, oso bizkor egiten du errotazio ardatzaren inguruko bira, batez beste bederatzi ordu eta berrogeita bost minututan.

 

Jupiterren ageriko gainaldea

Jupiterren ageriko zatia oso berezia da.

Teleskopio normal baten bidez ikus daiteke; baditu hodei batzuk ekuatorearearen paraleloan zerrenda argi eta ilunezko sistema bat eratzen dutenak, eta horrez gainera badu orban gorri handi bat ere, duela hirurehun urtez geroztik ezagutzen dena.

Baliteke zerrenda gisako egitura hori errotazio lastertasun handiak eragiten duen Coriolisen indar handiak sortua izatea, hala non eguratsaren edozein mugimendu ekuatorearen paraleloan dabilen urakan bihurtzen baita berehala.

Amoniakoa kristal itxuran kondentsatzeak eratzen ditu zerrenda argiak (eremuak).

Hotzagoak dira eta zerrenda ilunen (eraztunen) gainean daude. Eremu eta eraztun horiek elkarren kontrako noranzkoan aritzen dira biraka, alisioek eta kontralisioek Lurrean egiten duten bezalaxe.Ekuatorearen hegoaldeko Orban Gorri Handia Robert Hookek ikusi zuen lehenengo aldiz 1664an. Gaur egun badakigu antizikloi handi-handi bat dela, eta erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan bira egiten duela sei orduro.

 

Jupiterreko eguratsa

Jupiter isurkariz eta gasez eratua dagoenez, zaila da muga garbi bat zehaztea planeta horren «gainaldearen» eta eguratsaren artean. Litekeena da isurkari egoeratik gas egoerarako iraganbidea lausoa izatea. Baina gauza ziurra da hodei trinkoek ez dituztela ikusten uzten eguratseko geruza sakonenak.

Jupiterreko eguratsa hidrogenoz eta helioz dago gehienbat eratua, bederatzi eta bateko proportzioan, eta horrez gainera baditu, kopuru txikian bada ere, amoniako, metano, sufrezko gai elkartuak, ura eta karbono monoxidoa.

 

Barne egitura eta osaketa

Jupiterreko zati barnekoena burdinazko, silikatozko eta izotzezko erdigune batez dago eratua; inguruan hidrogeno metaliko jariakarizko masa bat dauka helioarekin nahastua, eta, kanpoalderago hidrogeno molekular eta helio geruza bana ditu, planeta horren erdigunetik zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta harroagoak.

Hidrogeno metalikozko geruza eroale handi horrek eta errotazio bizkorrak eremu magnetiko indartsu bat sortzen dute Jupiterren, Lurrean baino lau bat mila aldiz handiagoa. Eremu magnetiko indartsu horren ondorioz, gertaera elektriko bortitzak izaten ditu bere eguratsean, tximistak eta egunsentiak, adibidez.

Horrekin batera, guztiz ere da aipagarria planeta horren bero irradatze berezia, Eguzki sisteman antzekorik ez duena, eta Eguzkitik iristen dena baino 1,6 aldiz handiagoa.

Gertaera hori, eta planeta horren errotaziozko higidura bizkorra izatea, eta tenperatura ia berdina izatea lurburuetan bezala ekuatorean ere, horren guztiaren eraginez, Jupiterreko eguratsa lurrezko planeten oso bestelakoa da.

 

Jupiterren eraztuna eta sateliteak

Jupiterrek eraztun oso mehe bikoitz bat du inguruan. Barruko eraztuna 1979an aurkitu zen, eta 5.200 kilometro da zabal; kanpoaldekoa, berriz, 1985ean aurkitu zen, eta 210.000 kilometro zabal da. Eraztun horiek eratzen dituzten zatikiak silikatoak dira ziur asko, eta oso ilunak baitira, ez dira batere erraz ikusten. Horrez gainera, Jupiterrek hamasei sateliteko sistema bat du. Lau handienak izan ezik, «Galileorenak» esaten zaienak (Io, Europa, Ganimede eta Kalisto), asteroideak dira Jupiterren gainerako satelite guztiak.

 

Saturno

Saturno da Jupiterren ondoren bigarren planeta erraldoia, tamainaz Jupiterren antzeko samarra. Haren masa Lurrarena halako 95 da, eta dentsitatea 0,67 gramo besterik ez zentimetro kuboko (gr/cm 3 ). Hidrogenoz eta helioz dago eratua, Jupiter bezala, baina barne egitura Jupiterrenaren oso bestelakoa du nolakotasunez.

1610ean Galileok telekospioz behatu zuen lehenengo aldiz; hura planeta hirukoitzazela uste izan zuen hark, baina geroago jakin zen Saturno eraztun sistema batez inguratua zegoela. Lurretik hiru eraztun baizik ezin daitezke ondo ikusi; bi oso dirdiratsuak dira, eta hirugarrena, 1848an aurkitu zena, askoz ere motelagoa da.

Saturno planetak 29,46 urte behar ditu Eguzkiaren inguruan bira egiteko; Jupiter bezain bizkor egiten du bira bere ardatzaren inguruan, eta errotazio osoa egiteko hamar ordu eta hogeita hamabi minutu behar ditu batez beste. Errotazioa hain bizkor egiten duelako da Saturno zapala, ekuatore aldean erradioa 60.000 kilometrokoa du, eta lurburuetan, berriz, 54.446 kilometrokoa.

 

Saturnoren ageriko gainaldea

Saturnoren ageriko gainaldea Jupiterrenaren antzekoa da oro har. Baditu hodeiak,ez Jupiterrenak bezain nabarmenak, aldizka argiak eta aldizka ilunak, eta konbekziozko mugimenduak dituztenak.

Orbanak ikusi izan dira orobat Jupiterren bezala.

Saturnoren gainaldeko gertaerak Jupiterrekoen antzekoak dira, baina ez hain indar handikoak, eta badituzte ezaugarri berezi batzuk. Haizeen norabideak, adibidez, ez du erlaziorik zerrendekin, ia korronte guztiak ekialderantz mugitzen baitira, eta indar handiagoz ekuatorean, han bostehun kilometroko indarra izaten baitute segundoko (km/sg).

 

Saturnoko eguratsa

Saturnoko eguratsa ustez Jupiterrekoaren antzekoa da egituraz eta osaketaz.

%85 hidrogenoz eratua du, eta helioa, amoniakoa, metanoa, etanoa eta beste gai elkartu organikoz eratua du gainontzekoa.Eguratsaren egitura mailaz mailakoa da, Jupiterrekoa bezala. Troposfera dago lehenik, haren goialdeko mugak edo tropopausak 85 °K-eko tenperatura du, eta 400 °K-raino iristen da. Eguratsaz harago eraztun itxurako hodei handi-handi bat dago planeta hori ekuatorearen mailan inguratzen duena, eta hidrogeno atomikoz eta, agian, hidrogeno molekularraz eratua. Jakintsu batzuen ustez, eraztun hori Saturnoren satelite nagusi Titaneko eguratsak galduriko hidrogenoak eratua da.

Eta, beraz, Saturnoko eguratsa eraztunen sistema baino harago dago.

 

Saturnoren barne egitura eta osaketa

Barrualdean, eta kanpoaldetik barrualderantz, geruza bat dago 30.000 kilometro lodi dena, eta %93 hidrogenoz eta %7 helioz eratua dagoena. Haren azpian bost mila kilometro lodi den geruza bat dauka hidrogeno metalikoz osatua, haren barruan helio tantak eratzen dira eta planetaren erdigunerantz erortzen dira. Uste izatekoa da grabitaziozko «euri» horrek sortzen duen energiaren eraginez Saturnok Eguzkitik hartzen duena baino bizpahiru aldiz energia gehiago askatzen duela; gainaldean berriz tenperatura ez da ehun gradu °K-ra iristen. Barrurago hamar edo hamabi mila kilometro lodi den geruza bat dago, hidrogeno metalikoz eta helioz eratua.

Azkenik, hamabost mila kilometroko erradioa duen erdigune bat du, silikatoz, metalez eta, agian, baita helioz ere eratua.

 

Saturnoren eraztunak

Saturnoren eraztunak milaka milioi izotz zatiki txikiz daude eratuta; diametro askotakoak dira, mikra batekoak txikienak, eta kilometro batekoak handienak, eta milaka eraztun zentrokidetan daude bilduta. Oso zabalak dira, ehundaka milioi kilometro; lodieraz berriz ehundaka metro besterik ez.

Eraztunaren masa osoa oso txikia da, ehun kilometroko diametroko satelite batek izango lukeena gutxi gorabehera.

Galileok 1610ean Saturnoren inguruan bi «luzakin» zeudela sumatu zuen, baina ezin izan zituen interpretatu. Huygensek 1655an planeta hartatik bereizita zegoen disko bat aurkitu zuen, baina hark ere ezin izan zuen esplikatu. 1675ean J.D. Cassinik zerrenda ilun bat aurkitu zuen eraztunetan, materiarik ez egoteak sortua zela uste izan zuen, eta «Cassiniren tartea» esan zitzaion zerrenda hari; Cassinik orobat aurkeztu zuen eraztunak satelite txiki askoz eratuta daudelako hipotesia. J.C. Maxwellek1857an egin zituen kalkuluek eta Keelerrek 1895ean egin zituen behaketek hipotesi horiek egiaztatu zituzten. Keelerren kalkuluek frogatu zutenez, eraztun horiek elkarrengandik bereiz aritzen dira biraka. 1911n, H. Poincarék kalkulatu eta frogatu zuen elkar jotzen duten zatikien sistema bat disko mehe baten itxuran lautu daitekeela. 1980ko hamarraldiaren hasieran, Voyager izeneko Estatu Batuetako zundei esker jakin ahal izan zen Saturno planeta inguratzen zuten eraztunak oso konplexuak direla. Lurretik ez dira bost eraztun nagusiak baizik ikusten.

 

Saturnoren sateliteak

Saturnok hogeita bat satelite ezagun ditu, baina horietatik lau hipotetikoak dira, behin baizik ez baitira ikusi. Horien artean handiena, Titan, da Eguzki sistema osoan eguratsa egonkorra duen satelite bakarra.

%85 hidrogenoa du, %12 argoia, eta metano pixka bat. Gainaldean tenperatura -109 °C da, eta horri esker badira metanozko itsasoak eta baita metanozko euri eta elurteak ere. Gainaldea estaltzen duten hodeiak hidrokarburo batez daude ziur asko osatuak; hidrokarburo hori Eguzkiaren argiak metanoa deskonposatzean sortzen da.

Estatu Batuetako Voyager bi zundak 1977an bidali zituzten espaziora, eta haiei esker ordu arte ezagutzen ez ziren gauza asko jakin ahal izan ziren Eguzki sistemako planeta erraldoiei buruz. Bi zunda horiek Jupiterren eta Saturnoren gainean ari izan ziren hegan. Voyager 2 Uranora 1986an hurbildu zen eta Neptunora 1989an. Espazioan barrena ibili ziren, eta argibide ugari eta askotarikoak eman zituzten planeten arteko inguruneaz. Zunda bakoitzak tona bateko pisua zuen; neurtzeko hamaika tresna zituen, horietako batzuk plataforma orientagarri baten gainean. 3,7 metroko diametroa zuen antena paraboliko bati esker komunikatu ahal izan zen Lurrarekin.

 

Data nagusiak

1610 Galileo Galilei italiarrak Jupiterren lau satelite nagusiak aurkitu zituen: Io, Europa, Ganimede eta Kalisto (Galileoren sateliteak).

1655 C. Huygens nederlandarrak Saturnoren lehenengo satelitea aurkitu zuen: Titan.

1787 W. Herschel britainiarrak Uranoren bi sateliteak aurkitu zituen: Titania eta Oberon.

1846 W. Lassell britainiarrak Neptunoren lehenengo satelitea aurkitu zuen: Triton.

1851 W. Lassell britainiarrak Uranoren bi sateliteak aurkitu zituen: Ariel eta Umbriel.

1877 Estatu Batuetako A. Hallek Marteren bi sateliteak aurkitu zituen: Phobos eta Deimos.

1892 Estatu Batuetako E. Barnardek Jupiterren satelite bat aurkitu zuen: Amaltea.

1948 Estatu Batuetako G. P. Kuiperrek Uranoren satelite bat aurkitu zuen: Miranda.

1949 Estatu Batuetako G. P. Kuiperrek Neptunoren satelite bat aurkitu zuen: Nereida.

1978 Estatu Batuetako J.W. Christyk Plutonen satelite bat aurkitu zuen: Caronte.

1979-1980 Estatu Batuetako Voyager zundek Jupiterren hiru satelite aurkitu zituzten: Adrastea, Metis, Tebas.

1980-1982 Estatu Batuetako Voyager zundek Saturnoren 14 satelite aurkitu zituzten.

1986 Estatu Batuetako Voyager 2 zundak Uranoren 10 satelite aurkitu zituen.

1989 Estatu Batuetako Voyager 2 zundak Neptunoren 6 satelite aurkitu zituen.