Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Egungo aroa

Ipar Euskal Herria XIX. mendean

Baionako katedrala XVIII. mendeko grabatu batean.<br><br>

Frantziako Iraultzak errotik aldatu zituen gauzak Iparraldean. Ekonomia eta gizarte arrazoiek bultzatuta ?baina orobat erlijiozkoek eta kulturazkoek?, euskal herritar askok aurre egin zioten Iraultzari.

Gatazkak «iraultzaren beldurraren sindromea» utzi zuen ondaretzat Ipar Euskal Herrian, eta horren argitan ulertzen da lurralde horietako geroko politika kontserbatzailea. XIX. mendearen erdian Agosti Xaho nabarmentzen da, haren literatura eta suhartasuna; baita Bidasoaren alde bietako euskaldunak bilduko zituen batasun politikoaz egin zuen defentsa ere. Ekonomiaren ikuspegitik mende txarra izan zen XIX.a iparraldeko euskaldunentzat. Askok Ameriketara alde egin behar izan zuten miseriatik ihesi. Baina Luis Napoleon Bonaparterekin eta Bigarren Inperioarekin amaitu zen Ipar Euskal Herriaren bakartasuna.

Burdinbidea, turismoaren lehen urratsak, Hazparne, Maule eta Bokale inguruen industrializatzea, Baionako portua? prozesu berriztatzaile horren adierazpenak dira. Horri loturik, ordea, deusezten joan ziren pixkaka herrialdearen ezaugarri bereziak, gero, III. Errepublika garaian, gauzatuko zen kultura berdintze saioarekin batera.Ipar Euskal Herriak Bidasoa ibaiaren iparraldera dauden euskal lurraldeek osatua da ?Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa?; Hegoaldeko euskal lurraldeek baino biztanle gutxiago ditu, tamainaz txikiagoa da, eta behartsuagoa, eta XVI. mendeazgero beste estatu baten mende egon da, Frantziako estatuaren mende alegia. Horrek eragin handia izan du lurralde horien izaeran.

Frantziak mendeetan izan duen kutsu zentralista eta bateratzaileak, beste eragile batzurekin batera, euskal lurraldeen ezaugarribereziak desegin ditu, galiar kulturaren mesederako. Lurralde horien antzinako mugak ez dira errespetatu, eta gaur egun Ipar Euskal Herriak Biarnorekin batera Pirinio Atlantikoak departamendua osatzen du. Dena dela, euskal nortasunak eta kulturak bizirik jarraitzen dute, eta horiei eskerrak lurralde bakoitzak bere izaera gorde du, nahiz eta gorabehera askori aurre egin behar izan dien mendeetan.

 

Gaur egungo Iparraldearen jatorria: Iraultza eta Inperioa

XIX. eta XX. mendeetako Ipar Euskal Herria ulertzeko ezinbestekoa da 1789ko iraultza kontuan hartzea, hori izan baitzen gaur egungo Europaren mugarri. Iraultzak eten egin zuen Ipar Euskal Herriko historiaren bilakaera, eta galiar akulturazio prozesua hasi zuen; Iparraldeko antzinako erakundeak desagertarazi zituen eta mugak desegin.

Frantziako monarkia sendotzen ari bazen ere (prozesu horren ondorioz sortu zen Luis XIII.az geroztik Estatu absolutista), ez zen gauza izan finantza eta politika krisi larriari aurre egiteko. Krisi horrek iskanbila iraultzailea sortu zuen, ustekabeko eragina izango zuena: 1789ko Frantziako Iraultza.

Luis XV.aren gaitasun ezak, Estatua porrot ekonomikora eraman zuten finantza arazo gero eta ugariagoek, eta 1714az gero kanpo politikan Frantziak izan zituen porrotek, Koroaren izen ona galarazi zuten. Koroak, bestalde, behin eta berriro eutsi behar izan zion Parisko Parlamentuari errege ordenak kontrolatzeko egin zituen saioetan. Egoera horrek behartu zuen Luis XVI.a 1789. urtearen hasieran Estatu Orokorrak deitzera, izan ere, Parlamentuak balditza hori jarri zion erregeari Koroaren zerga berrikuntzak onartzea nahi bazuen.

Hirugarren Estatuko diputatuak, apaizgoa eta aitoren semeak deitu zituzten Estatu Orokorretara, eta hartarako Cahiers de doléances ospetsuak erredaktatu zituzten; bertan, beren kezkak eta erreibindikazioak adierazten zizkioten erregeari talde haiek.

Euskal diputatuek ere erredaktatu zituzten beren Cahiers-ak; horietan, monarkiako gainerako lurraldeetako eskariekin batera beren erakundeen berezitasuna defendatzen zuten. Frantsesez eta euskaraz idatzi ziren euskal diputatuen kezka koadernoek Iparraldean euskal izaeraren kontzientzia bazela erakusten dute. Lapurdiko koadernoek, esaterako, absolutismoak higatu zituen antzinako erakundeak berrezartzea eta Baionako apezpikuak euskaraz egitea eskatzen zuten; Zuberoakoek, berriz, beren eskaerak indartzen zituzten esanaz ?Zuberoako biztanleak askeak dira?. Nafarroa Behereak hasieran ez zuen diputaturik bidali Frantziako Estatu Orokorretara, beste erreinu bat osatzen zuela esaten baitzuen; baina, azkenean, ?erregearenganako diputazioa? osatu zuen erregeari kezka koadernoak erakusteko.

Koaderno horietan 1620ko Edit d´Union deuseztea eskatzen zen (Edit horren bidez Luis XIII.ak, protestanteek sortutako gatazkekin bukatzeko aitzakiarekin, Nafarroa Beherea Frantziako Koroari lotzea agindu zuen eta erakunde berriak jarri zituen bertan), baita Koroak indarrez kendutako eskubideak berrezartzea ere: erregeak Estatuen aurrean zin egitea, Nafarroako dirua, Luis XIII.ak kendutako Donapaleuko Kantzileritza berrezartzea, eta Nafarroako armarriaren ordez Frantziakoa jarri zen lekuetan berriz ere Nafarroakoa jartzea. Eskakizun horiek, ordea, ustel atera ziren.

Estatu Orokorrek, ekainaren 16az gero Biltzar Nazionalean bilduta, 1789ko abuztuaren 4an nobleziaren eta apaizgoarenpribilejioak deuseztearen alde eta monarkiako zenbait lekutan indarrean zirauten erakunde tradizionalak ezeztatzearen alde bozkatu zuten. Lapurdiko Biltzarrari eta Nafarroa Behereko eta Zuberoako Estatuei eragiten zien neurri horrek; euskal erakundeen berezitasunaren desagertzea adierazten zuen. Horrek guztiak haserrea eta protesta sortu zituen Iparraldean. Lapurdiko Biltzarrak memoria bat bidali zion Batzar Nazionalari Lapurdiko erakundeen alde eginez eta herri matxinada bat izango zela mehatxu eginez. Zuberoak, bestalde, bere diputatuak kendu zituen, eta Nafarroa Behereak mehatxu egin zuen bere nortasuna errespetatzen ez bazen, Frantziatik bereiziko zela. Nafarroa Behereko Biltzarrak Nafarroako Erregearen titulua kendu zion frantziar erregeari Koroarekin zituen harremanak eteteko asmotan. Hori guztia alferrikakoa gertatu zen, ordea.

Iraultzaren lanak hastea besterik ez zuen egin. 1789ko urrian Batzar Nazionalak Frantziako administrazioa berregituratzeari ekin zion. Estatua departamenduetan banatu zen, eta horiek aldi berean barruti eta udalerrietan.

1790eko urtarrilean sortu zen Behe Pirinioetako departamenduak administrazio barruti berean bildu zituen euskaldunak eta biarnotarrak (Biarno, Zuberoa, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Baiona hartzen zituen).

Beraz, ez zen aintzat hartu Lapurdiko Biltzarrak bere azken bilkuran egin zuen proposamena: hiru euskal probintziak federazio batean batzea, beraien artean ?ohitura eta lege berdintasuna? zegoela eta. Lapurdiko diputatuek, Garat anaiek, gogor egin zuten neurri haren kontra; baina, horrekin lortu zuten gauza bakarra Uztaritze barrutiko buru hautatzea izan zen, Baionarenkaltetan (dena dela, Baiona izan zen benetan barrutiko administrazioaren gune).

Iraultzaren lanak aurrera jarraitzen zuen, eta gero eta gorroto handiagoa zitzaion Iparraldean: maiorazko eskubidea deuseztu zen, eta ondorioz, lur sail txikietan banatutako lurraldea gehiago banatu zen; herri lurren erabilera kolektiboa baliogabetu zen, eta hura izan zen, hain zuzen, nekazarien gutxieneko ongizatearen oinarri mendeetan; apaizgoaren konstituzio zibilaren legeak asko mindu zituen euskaldunak; etab. Horrek guztiak Iraultzaren kontrako jarrera bizia sortu zuen Iparraldean. Apaizgoaren Konstituzio Zibilak eliz barruti berriak sortu zituen: eliz barrutiak eta departamenduak bat egin zuten. Horren arabera Behe Pirinioetako eliz barrutia sortu zen, egoitza Oloroen zuela. Sanadon beneditarra, Essai sur la noblesse des Basques liburuaren egilea, izendatu zuten bertako apezpiku. Baionako aurreko apezpikua, berriz, ?errefraktario? izateaz salatu zuten (hala esaten zitzaien 1791ko Konstituzioa zin egiten ez zuten apaizei), eta Nafarrora aldegin zuen. Apaiz errefraktario ugari izan zen Iparraldean, eta horietako askok Espainiara emigratu zuten.

Horrez gainera, Estatuan hizkuntza batasuna lortzeko ahaleginak egin zituen Iraultzak; patois hizkuntzak esetsi zituen, hau da, frantsesa ez ziren gainerako hizkuntzak, horien artean euskara. Ahalegin horrek eragin negatiboa izan zuen oso; hala eta guztiz ere, Konbentzioak ?1792ko irailean I.

Republika ezarri zenetik, 1795eko urria arte gobernatu zuenak? euskara erabili zuen informazio eta propaganda iraultzailearen bide gisa, ahalik eta jende gehienak jaso zezan Iraultzaren mezua.

Luis XVI.a gillotinan hil ondoren hasi zen Frantziaren eta Espainiaren arteko gerrak (1793) txartu egin zuen Iraultzaren irudia Iparraldean, bertatik etengabe igarotzen baitziren gudarosteak, eta eten egin baitziren Frantziak Espainiako erreinuarekin zituen harremanak. Montagnard Konbentzioak représentants en mission ?horien artean Monestier, Pinet eta Cavaignac nabarmendu ziren erabili zuten indarkeriagatik? bidali zituen muga babesteko, eta Mendebaleko Pirinioetako gudarosterako gizonak biltzeko.

Horrek Izua zabaldu zuen Iparraldera: susmagarriak epaitzeko eta kondenatzeko epaitegi bereziak osatu ziren, eta Baionan eta Donibane Lohizunen gillotina erabili zen. Soldadutzara derrigorrez joan beharrak Iparraldeko atsekabea areagotu egin zuen; hala ere, herri batzuek, Garazi eta Baigorrik esaterako, gogo onez babestu zuten muga, Ebroko ibarrarekin betidanik izan baitzituzten gatazkak.

Baigorriko Jean Isidore Harispe, adibidez, gudaroste iraultzaileko jeneral izatera iritsi zen; Napoleon Bonapartek Inperioko konde eta Ohorezko Lejioko ofizial nagusiizendatu zuen, eta Napoleon III.aren agintaldian Frantziako mariskal izan zen. Dominique Joseph Garat lapurtarra ere Iraultzaren aldekoa izan zen; Biltzar Konstituziogilean Lapurdiko Hirugarren Estatuko diputatu izan zen, eta Konbentzioko gobernuetan Justizia eta Gobernu ministro, hurrenez hurren. Garatek berak esan zion Luis XVI.ari heriotzara kondenatu zutela. Napoleonek senadore, konde eta Ohorezko Lejioko komendadore izendatu zuen Garat. 1803- 1809 urteen bitartean hainbat txosten bidali zizkion Napoleoni, eta txosten horietan adierazten zuen egokia litzatekeela euskal lurraldeak bereiztea Europako inperioaren barruan, mugaren alde bateko zein besteko euskal probintziak konfederazio batean bilduz.

Euskaldunak, oro har, Iraultzaren kontrakoak baziren ere, Iraultzaren alde egiteko prest zeuden taldeak ere izan ziren.

Parisko Jakobinoen Taldearen mendeko Herri Elkarteak, esaterako, ugariak izan ziren.

Elkarte horietako batzordeek zelatari lana egiten zuten, udalen kudeatzea kontrolatzen zuten eta susmagarriak salatzen zituzten. Elkarte gogorrenetako bat Donibane Lohizuneko Chauvin-Dragon Elkarte Iraultzailea izan zen, Fonrouge apaiza buru zuela. Elkarte horrek eskatu zuen Sarako biztanleak erbesteratzea ?Iraultzaren kontrako gune garrantzitsua izan zen Sara, eta bertako apaiz konstituzionala herritik bota zuten saratarrek?, ?herri honetan aristokrata besterik ez da bizi? salaketapean. Haren asmoa ez zen hutsean gelditu, eta 1794ko martxoaren 3an, Pinet eta Cavaignac représentants en mission-ek Sara, Itsasu eta Azkaineko biztanleak eta Ezpeleta, Zuraide, Ainhoa, Kanbo, Larresoro eta abarretako susmagarriak erbesteratzeko agindu zuen. 4.000 lagunetik gora eraman zituzten Landesera. Urte bereko irailaren 30eaneman zen dekretu baten ondoren beren herrietara itzuli zirenean, guztia lapurtuta eta ondasunak konfiskatuta zeuzkaten.

Izuaren gehiegikeriak asko gogortu zuen prozesu iraultzailea eta ondorioz iraultzaren kontrako aldia hasi zen, Thermidor Konbentzioak antolatuta. 1795eko irailean Konbentzioak, herriaren eraginaren beldur, jauntxoen gobernuari utzi zion lekua, Direktorioari alegia. Agintaldi horretan Napoleon Bonaparte korsikar militar gaztea nabarmentzen hasi zen. Zenbait politikari eta intelektualek gobernu berri eta sendo baten gogo sendoa zuten, 1789ko lorpen nagusiak ?gizonen askatasuna eta legearen babesa? gordeko zituena. Bonapartek, gogo hartaz oharturik, 1799ko urriaren 9an estatu kolpea jo eta boterea eskuratu zuen.

Zenbait garaipen militarrek indartuta, gobernu autoritarioa ezarri zuen. 1804an Frantziako Enperadore koroatu zuten. Napoleonen helburu nagusia Frantziaren nagusitasun militarra, politikoa eta ekonomikoa Europara hedatzea zen, eta gerraz baliatu zen hura iristeko.

1795-1813 bitartean Iparraldean ez baziren ere gerraren zuzeneko eraginak jasan, zeharkako ondorioak ugariak izan ziren: euskal ontzidia hondatu, arrantza suntsitu eta kostaldea hustu. Horrez gainera, Espainiako gerrara zihoazen gudarosteak bertatik igarotzea ?350.000 gizon 1807-1810 bitartean? zama astunegia izan zen nekazarientzat.

Dena dela, 1808. urtean Baionan ezarri zen zenbait hilabetez inperioaren gortea ?hilabete horietan, Napoleonek Espainiako Koroa eskuratu zuen, eta ondasun berriaren etorkizuna erabakitzeko Baionako Biltzarra osatu zuen?, eta horrek Baionako merkataritza berpiztu zuen. Baionan, Miarritzen eta Kanbon aritu zen Napoleon Grande Armée-ko soldaduentzat termen bila; hala ere, Napoleon Iparraldean egoteak ez zuen garrantzizko ondoriorik izan.

Inperio Frantsesak galdu zuenean Espainian zuen nagusitasuna, Wellington jeneralaren gudarosteak Iparraldea hartu zuen. Gudaroste frantsesak atzera egin behar izan zuen poliki-poliki. 1813ko abuztuan Wellingtonek Errobi ibaia igaro eta Hiriburuko eta Mugerreko guduak irabazi zituen. Baiona, Thouvenot jeneralak babestua, 1814ko apirilaren 14an setiatu zuen Wellingtonek, eta martxoaren 31n, Parisen sartu ziren aliatuak. Angulemako dukea Donibane Lohizunetik sartu zen ofizialki Frantzian. Harrezkero, bakea izan zen berriz ere Iparraldean.

Iraultzak, eta Iraultzaren luzapen izan zen Inperioak, oroitzapen tristeak utzi zituen Iparraldean, eta ez bakarrik gerra izan zelako. Erakunde tradizionalak desagertzeak, euskara debekatzeak eta Iparraldeko lurraldeak beren nortasuna kontuan hartu gabe berregituratzeak, euskal eskubideakgalarazi zituen garaiaren irudi bihurtu zituzten urte haiek. Harrezkero, ?iraultzaren? beldurra nagusitu zen euskaldunengan, eta ondorioz, jarrera politiko kontserbadoreak sortu ziren; horregatik, ordena eta bakea mantenduko zituzten eskuineko alderdien alde egin zuten XIX. mendeko hauteskundeetan, salbuespen bat edo beste salbu.

 

XIX. mendeko lehen erdialdeko bizitza politikoa.

Agosti Xaho

Luis XVIII.arekin erregetza berriz ezarri zenetik (1814-1815) Bigarren Inperioa iritsi zen arte (1851), Iparraldeak ez zuen lekurik izan Frantziako politikan. Luis XVIII.ak, eskutitz baten bidez, ordezkarien gobernua ?Iraultzaren lorpen nagusietako bat? mantenduko zuela adierazi zion nazioari. Baina Luis XVIII.aren eta bere ondorengo Karlos X.aren garaiko errejimen zentsitarioak batetik, eta etengabeko krisiek sortu zuten behartasun egoerak bestetik, asko murriztu zituzten euskaldunen hauteskundeetan parte hartzeko aukerak. 1817ko hauteskunde legeak, ondasunen arabera, 100.000 laguneko hautesle kopurura zehazten zuen; beraz, lurjabeek osatzen zuten hautesleen gehiengoa. Dena dela, hautesle kopurua gutxitzearren, nahi bezala erabili zuten hamarraldi batez lege hura. 1829an, esaterako, 158 hautesle eta 14 hautagai besterik ez zeuden Iparraldean.

1830eko Iraultzaren ondoren, Luis Felipe Orlèanskoaren (?errege burgesa?) erreinaldia ezarri zenean ?errejimen liberalagoa jarri zuen, Parlamentuaren boterea gehitu zuen eta erregearena gutxitu?, gauzak ez ziren asko aldatu, nahiz eta hauteskunde lege berriak botoa emateko zergak 300 liberatik 200era beheratu zituen. Iparraldea, baliabideei dagokionez, lurralde pobrea zen eta ?biztanle aktibo? gutxi zituen hautesle edo hautagai izateko ordaindu behar zen diru kopurua ordaintzeko gai. Bestalde, Iparraldea bi hauteskunde barrutitan banatuta zegoenez (Baiona eta Maule), hautesle gehienak herribildu horietako burgesak eta negozio gizonak ziren. Herriak, hitzik gabe ere, bazuen oraindik bere interesen eta bizimoduaren alde egiteko beste baliabiderik, kale protesta esaterako. Hala, 1827an Code Forestier-ek herri lur gehienak konfiskatu zituenean eta herriari kendu zizkionean lur horiengan zituen eskubideak ?su egiteko eta eraikuntzarako egurra, transhumantzia igarotzeko baimena, bazka, etab.?, nahasmendua nagusitu zen Frantzian; handik urte batzuetara, 1848ko maiatzaren 9an,Atharratzen matxinada bat sortu zen, gudarosteak esku hartzerainokoa. Armendaritzen, Amikuzen eta Izuran ere izan ziren manifestazioak.

1848ko Iraultzak erabat aldatu zuen egoera hura. Aberastasunen banaketa okerrak, langileen miseria egoerak eta eskubide politikoen mugak, atsekabea sortu zuen herriarengan, eta 1848ko otsailean higikunde iraultzailea sortu zen; Luis Felipe Orlèanskoa abdikatzera behartu eta II. Errepublika ezarri zuen Iraultzak (1848-1851).

Bestalde, sufragio unibertsala ezarri zen gizonentzat.

250.000 hautesle izatetik 10 milioi izatera igaro zen bat-batean. Lehen aldia zen historian adin nagusitasuna zuen gizon orok botatzeko aukera zuena. Aldakuntza hori, ustez, demokraten aldekoa bazen ere, kontserbadoreek irabazi zituzten hauteskundeak. Kontserbadoreen propaganda sistema eta antolakuntza eraginkorragoak ziren, eta erakutsi zuten herriarengan eragin handia zutela. Iparraldea, ordea, salbuespena izan zen. 1848ko apirilean, Biltzar Konstituziogilea osatzeko hauteskundeetan, hautagai errepublikazaleek irabazi zuten Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Baionan; Lapurdin, aldiz, kontserbadoreak gertatu ziren garaile.Hala ere, 1849ko hauteskundeetan errepublikazaleen gainbehera etorri zen, kontserbadoreen mesedetan. Iparraldean, harrezkero, eskuina izan zen nagusi. Aukeraketa horren arrazoia Iraultzak berak azaltzen du: Iraultzaren indarkeriak ?1848an ere manifestaldiak eta barrikadak nagusitu ziren? eraman zituen euskaldunak ?ordena? gordeko zuten alderdietarantz. Errepublika itxaropenaz hartu bazen ere, Errepublikaren gehiegikeriak beldurra eta kontrako jarrera sortu zituzten herriarengan. Bestalde, kontserbadoreek joera demokrata-sozialistaren kontra egin zuten propagandak eragin handia izan zuen; jabetza pribatua, erlijio fedea eta familia arrisku larrian jartzen zituen joera gisa aurkeztu zuten.

II. Errepublikaren garaiko politikan zuberotar bat nabarmendu zen, Iparraldeko etorkizunean garrantzi handia izango zuena: Agosti Xaho idazle erromantikoa eta errepublikazalea, hain zuzen. Biltzar Konstituziogilea osatzeko 1848ko hauteskundeetan ospetsu egin ziren Agosti Xaho, hautagai errepublikazale erradikala, eta Michel Renaud. Michel Renaud Donibane Garazin jaio zen 1811n; errepublikazale erradikala zen, eta diputatu hautatu zuten 1848an, 1849an eta 1871n, eta senadore 1882an.

Agosti Xahok ez bazuen ere politikan haren maila iritsi, erraz gainditu zuten Xahoren pentsamenduak eta literatura lanek Renauden maila.

Xaho Atharratzen (Zuberoa) jaio zen 1811n, eta Oloroeko Apaizgaitegi txikian egin zituen lehen ikasketak. 19 urte zituela Parisa joan zen sortaldeko hizkuntzak ikastera.

Parisko areto erromantikoetara joaten zen, eta obra ugari idatzi zituen garai hartan.

1834an Paroles d´un voyant, Lamenaisen Paroles d´un croyant lanari erantzuten diona, eta Aztibegia idatzi zituen, azti liburuak biak. Pentsalari libre, antiklerikal eta errepublikazale erradikaltzat zuten guztiek; karlisten alde egin zuenean, ordea, bestelako irudia agertu zuen. Lehen karlistaldian Nafarroara joan zen eta karlismoaren alde borrokatu zen; 1838an Karlos erregegaiaren emazte Beira printzesari muga igarotzen lagundu zion. Parisa itzuli zenean Voyage en Navarre pendant l?insurrection des Basques lan ospetsua argitaratu zuen (1830- 1835).

XIX. mendeko erromantizismoaren araberako idealista izan zen Xaho. Kapitalismoaren kontrako, sozialista, iraultzaile, antiklerikal, igarle?, adjektibo horiek guztiak, hala ere, ez dira nahikoak Xaho definitzeko.

Haren garrantzia, ordea, bere pentsamendu politikoaren orijinaltasunean oinarritzen da batez ere. Bi liburutan adierazi zuen pentsamendu hori: Voyage en Navarre pendant l?insurrection des Basques (1836) eta Paroles d´un Biscaien aux Liberaux de la reine Christine (1834). Aurrenetakoaizan zen euskal nazioaren alde egiten eta Bidasoaren bi aldeetako euskaldunen batasun politikoa eskatzen; haren ustetan, bi alde horien arteko muga artifiziala zen erabat. Euskal nazionalismoaren aitzindaria izan zela esan daiteke. Euskal kulturaz arduraturik, euskararen linguistika aztertu zuen; hizkuntzetan zaharrena eta perfektuena zen haren iritziz euskara. Antoine d´Abbadierekin batera Études grammaticales sur la langue basque idatzi zuen, eta zazpi herrialdeetako euskaldunei eskaini zien lana (?Zazpi Uskal Herritako Uskalduner?).

1844an Ariel egunkaria sortu zuen, euskaraz idatzitako eranskina zuena (Uscal- Herrico Gaseta). Hura izan zen, hain zuzen, euskal kazetaritza idatziaren lehen urratsa.

1838an Okzitaniako Tolosara joan zen Xaho eta La Revue des Voyants aldizkaria sortu zuen han ?Les Voyants sekta misteriotsuaren gidaritzat zuen bere burua, berak asmatua seguru asko?. 1844an Baionan hartu zuen bizilekua, Lespès irarlearen etxean. Lespèsek berak fundatu zuen albistarian parte hartzera gonbidatu zuen Xaho.

Xahok, ordea, nahiago izan zuen Ariel egunkaria argitaratu; bertan, eztabaida handia sortu zuten artikuluak idatzi zituen Parisko jende ospetsuari buruz. Euskaldunei buruzko hainbat ikerketa ere argitaratu zituen bere egunkarian. Baionako Udal Kontseiluko eta Goardia Nazionaleko kide izan zen, baita Behe Pirinioetako Kontseilu Orokorreko kide ere. Biltzar Konstituziogilerako hauteskundeetara aurkeztu zen, baina 21.000 boto lortu bazituen ere, ez zuten diputatu aukeratu. 1849an Biltzar Legegilerako aurkeztu zen, baina istripu bat izan zuen hauteskunde ekinaldian eta 127 botoko aldeagatik ez zen gertatu garaile. Luis Napoleon Bonaparteren estatu kolpearen (1851) ondorioz Ariel ixtera behartu zuten eta Xahok erbestera ihes egin behar izan zuen. Belgikara joan zen lehenik, Belgikak ez zion babesik eman, ordea, eta Gasteiza joan zen ondoren. Gazteizen urtebete egin zuen, eta han zela Lettres d´un exilé lana idatzi zuen. Aita hil ondoren Baionara itzuli eta idazten jardun zuen buru-belarri.

1856an euskara-frantsesa-gaztelania-latina hiztegiaren lehen zatia argitaratu zuen (La guerre des alphabets); hiztegi hori, dena dela, amaitu gabe gelditu zen. 1858an hil zen Xaho 47 urte zituela.

 

Migrazioak

Iraultzako eta Inperioko gerrak igaro ondoren, Iparraldeak arazo berriei aurre egin behar izan zien XIX. mendearen hasieratik beretik. 1816-1817 urteetatik aurrera hainbat krisi izan ziren nekazaritzan eta eskulangintzan, hainbat arrazoik sortuak:salneurrien bat-bateko igoera, laboreak garestitzea, uzta txarrak biltzea, hainbat izurritek nekazaritza jotzea, gosea eta eskulangintzaren urritzea. 1848an 900 zapatari zeuden Hazparneko erroldan, horietatik 870 lanik gabe. 1847an ikaragarrizko gorapena izan zuen bihiaren prezioak. ?Patataren gaixotasunak? galera handiak ekarri zituen 1845-1854 urteen bitartean; oidio izurriak (1852) eta filoxerakoak (1869) erabat hondatu zituzten mahastiak. Nekazariak, krisiak zirela-eta, erabat pobreturik eta zorrez beterik zeuden, eta askok hirietara eta Ameriketara aldegin zuten herria utzita.

1830. urteaz gero ozeanoaz haraindiko emigrazioak masa fenomeno bihurtu ziren ?ezin zenbatuzko emigrante kopurua, asko klandestinoak baitziren?. Hego Euskal Herrian baino emigrante gehiago izan zen Iparraldean.

1825-1900 urteen bitartean Ameriketara 100.000 euskaldun eta biarnotar inguruk emigratu zutela uste da. Mauleko barrutian izan zen emigrazio gehien: 4.311 lagun 1832-1841 urteen bitartean; Baionan, aldiz, 2.312 lagun izan ziren, eta Paben 44.

Behe Pirinioetako departamenduak 400.000 biztanle zituen 1821ean, eta 1846-1872 urteen bitartean 39.160 biztanle gutxiago, %9 gutxiago alegia; horietatik 21.000 inguru 1846-1856 urteetan joanak.

Lapurtarrek, zuberotarrek eta behe nafartarrek arrazoi ugari zituzten Mundu Berrira joateko: Iraultza eta Inperioko gerrek sortutako merkataritza krisia eta Lapurdiko kostaldearen hondamena; lurraren jabegoa galtzea eta herri lurrak desagertzea; soldaduska luze eta gogorra egin beharra gudaroste frantsesean ?Iraultzaz gero derrigorrezkoa?; nekazaritzaren egoera larria, eta biztanle kopurua asko handitu izana 1830- 1856 urteen bitartean; helmuga herrialdeek beren lurretan bizitzeagatik eskaintzen zituzten erraztasunak lur sailak eskuratzeko, etab. Euskal familiaren egiturak, bestalde, asko errazten zituen migrazio mugimenduak.

Familiaren etxea oinordeari zegokionez gero, gainerako senideek emigratu egin behar zuten ezkondu eta familia berri bat osatu nahi bazuten. Etxe bakoitzean oinordeko bakarra zegoenez gero, eta familia bakoitzean lau edo bost senide zirenez gero, etxeko hiru edo lau lagun zeuden emigratzeko gai. Euskal Herrian, beraz, aspaldikoa zen emigratzeko ?ohitura?; XIX. mendean, ordea, ezin pentsatuzko maila iritsi zuen ohitura horrek.

Inmigrazio ajentziek garrantzi handiko lana egin zuten garai hartako migrazioetan.

Hiru ajentzia izan ziren Bordelen, eta bi Iparraldean; horiez gainera, legez kanpoko emigrante biltzaile ugari sortu zen. Bordelen zen Argentinako kontsulak eta nabigazio konpainiek ere emigratzera bultzatzen zuten. Haientzat negozio handia zen hura, beren gehiegikeriak zuritzeko ezin hobea?20 libera irabazten zituzten biltzen zuten langileko; bidaia txartelekin espekulazioan aritzen ziren??. Euskaldun Ona-ko iragarkietan ajentziek eskaintzen zituzten gauza miragarriak Mundu Berrirako bidean itsasontziratu bezain laster desagertzen ziren.

Hala, ezin okerragoak izaten ziren bidaia baldintzak. Lehen hamar edo hamabost urteetako emigrante gehienak 18 urtetik beherako gizon eta emakumeak izan ziren, haiek ez baitzuten derrigorrez pasaporterik eraman behar. Gehiegikeria horiek guztiak behartu zituzten agintariak eta Eliza herritarren begiak zabaltzera. 1853an Messager de Bayonne-k ?Montebideoco Berriac? olerkia argitaratu zuen; Ameriketarako emigrazioaren kontra egiten zuen bertan, eta huraxe izan zen, hain zuzen, urte hartan bertan Urruñan antolatu zen olerkigintza lehiaketarako gaia. Iturbidek Plaintes d´un Basque a Montevideo idatzi zuen 1857an, eta Elissamburuk Xori berriketari 1871n.

Guztiek salatzen zituzten euskaldunek Ameriketan jasaten zituzten zorigaitzak: miseria, erlijio eza, lapurretak, prostituzioa? Baina ahalegin haiek guztiak ez ziren nahikoak izan migrazioen goraldia geldiarazteko.

?La Platako herrialdeak? ?Argentina, Paraguai eta Uruguai?, Mexiko eta Txile izan ziren helburu nagusiak. Hasieran Txile izan zen helburu nagusia, gainerako La Platako herrialdeek, ordea, berehala hartu zuten haren lekua. 1842an, esaterako, 12.000 frantses bizi ziren Buenos Airesen eta 14.000 Montevideon, horietarik gehienak euskaldunak eta biarnotarrak. La Platako gobernuek, beren herrialdeak jendeztatzeko irrikitan, lur sailak eskaintzen zizkieten kolonoei, eta hura izan zen, hain zuzen, emigrante asko hara joateko arrazoia. 1832-1884 urteen bitartean 64.000 lagunetik gora itsasontziratu ziren Baionan La Platarako bidean, horietarik herena euskaldunak. Argentina zuten helburu gustukoen. Eta behin Argentinan Pampan hartu zuten bizilekua gehienek; artilea landu zuten eta behiak hazi zituzten, oro har. Euskaldunen bizilekuak nekazari kolonia garrantzitsuak bihurtu ziren, eta euskal izen ugari agertu ziren Argentinako leku izenen artean. Koloniak ezin osatu zituzten emigranteak lan ugaritan aritu ziren: abeltzaintzan, gazitze lantegietan ?gazitegi ospetsuak?, ardiei ilea mozten, larrua ontzen, esnea saltzen eta esnekiak egiten, edo, beranduago, izozte lantegietan. Beste batzuk garraioan, egurraren edo ikatzaren salerosketan, edo ostalari aritu ziren. Garai hartako euskal ostatu asko estalpe eta aldi berean lan ajentzia izan ziren. Lur jabe edo industria gizon ospetsu izatera ere iritsi ziren batzuk. Lur jabe haien ondorengoek baldintza ekonomiko ezin hobeak jaso zituzten, eta garrantzi handiko kargu publikoak izan zituzten beren esku.1850. urteaz gero euskal emigranteen helburu nagusia Estatu Batuetako mendebaleko kostaldea izan zen ??urrearen sukarrak? erakarrita gehienbat?, eta XX. mendea arte izan zuten euskaldunek gustukoen helburu hura. Emigrante haiek ez ziren bakarrik Frantziatik joanak, Mexikotik eta Txiletik ere euskaldun asko joan ziren Estatu Batuetara. Urrearen sukarrak, ordea, jarduera ekonomiko egonkorragoei utzi zien lekua berehala: abere hazkuntza eta abeltzaintza (arkumeak batez ere) eta ostalaritza.

Ameriketara joandako euskaldunek bizirik eutsi zieten beren sustraiei; jaioterrira itzultzeko zuten grinak erreferentzia kulturalak gordetzera bultzatzen zituen, egunen batean haietara itzultzeko itxaropena baitzuten.

Inguru berrira ondo egokitu baziren ere, elkarri laguntzeko eta babesteko, beren nortasuna gordetzeko eta beren ohiturak berpizteko, elkarteetan bildu ziren.

Hala, euskal elkarteak sortu zituzten. Elkarte horiek Hego Euskal Herriko emigranteen elkarteak baino berriagoak eta gutxiago baziren ere, garrantzi handia izan zuten.

Aipagarria izan zen Buenos Airesko Etxe euskaldun-frantsesa, 1895eko apirilaren 1ean zabaldua. Aldizkariak ere sortu zituzten: Los Angelesko Eskualdun Gazeta (1885), Kaliforniako Eskual Herria (1893), esaterako.

 

Bigarren Inperioa eta industrializazioaren hasiera

II. Errepublikaren garaian, burgesek, katolikoek eta nekazariek Luis Napoleonen ?Napoleon Bonaparteren hiloba? aldeko botoa eman zuten, ezker iraultzailearen gehiegikerien beldur baitziren. Hala, 1848ko abenduaren 10ean Errepublikako lehendakari izendatu zuten Luis Napoleon. Burokrazia, armada eta Eliza alde izan zituenean, Estatu kolpea eman zuen (1851ko abenduaren 9an). Erregezaleen eta errepublikazale erradikalen kontrako estatu kolpea izan bazen ere, errepublikazaleen kontrakoa zirudien, izan ere, horiek izan ziren aurre egin zioten bakarrak. Konstituzio berri bat jarri zuen, eta, Senatuaren laguntzarekin eta botoen %97 lortu zuen plebiszito baten ondoren, oinordekotza Inperioa ezarri zuen 1852ko abenduaren 2an (Austerlitzeko guduaren urteurrena).

?Iraultzaren aldiari amaiera ematea? zen Napoleon III.aren helburu nagusia: horretarako, gobernua despolitizatu eta Frantziako ekonomia eta gizartea berrituko zituen botere eragile sendoa eta iraunkorra osatu beharra zuen. Biztanleek, hasieran, begionez ikusi zuten Errejimen berria (plebiszito bidez ezarritako diktadura), sozialistek nahasmendua eragingo zuten beldur baitziren (?beldur gorria? esan zitzaion). Estatu kolpearen legezkotasuna lortu nahian abenduaren 20-21ean antolatu zen plebiszitoaren arabera, Iparraldeko biztanleak errejimen berriaren aldekoak ziren, erabat: guztira 87.827 boto emaile ziren, eta horietatik 83.474 lagunek eman zuten baietza. Baiona izan zen gehiengoa errepublikazalea izan zuen bakarra. 1852ko hauteskunde legegileetan bonapartismoaren arrakasta erabatekoa izan zen: 94.523 bototik, baiezkoak 93.510 izan ziren. Jean Baptiste Etcheverryk, hautagai ofizialak, 24.000 boto inguru lortu zituen; 1857 eta 1863. urteetako hauteskundeetan ere aukeratu zuten.

1869ko hausteskundeetan hasi ziren errepublikazaleak botoak irabazten; Charles d´Abbadie hautagaiak sufragioen %49 lortu zuen Baionan. Dena dela, Baionako alkate zen Jules Labat hautagai ofiziala irten zen garaile. Errepublikazaleek Iparraldean izan zuten zuzperraldia, ordea, ez zen inolaz ere Pariskoaren adinakoa izan: 77.000 gobernuaren alde, eta 234.000 oposizioaren alde. Bonaparteren errejimena, lehen urteetan batez ere, egonkortasun politikoak eta ekonomiaren goraldiak sendotu zuten. Enperadoreak, ?gizartearen salbatzaileak?, aberatsen laguntza izateaz gainera, nekazariak eta langileak izan zituen aldeko; izan ere, nekazarientzat eta langileentzat oso erakargarriak ziren Bonaparteren inguruko elezaharrak eta enperadoreak pobreenganako erakusten zuen errukia.

Bigarren Inperioan aurreko errejimenean baino adostasun handiagoa izan zen gizartean. 1860. urteaz gero, behin ordena berrezarri zenean, hainbat berrikuntza egin ziren errejimenaren liberalizazioaren bidetik errejimenak babes handiagoa izan zezan ?errepublikazaleen amnistia, Parlamentuari garrantzi handiagoa eman, grebak legeztatu, etab.?. Berrikuntza horiek, ordea, oposizioaren indartzea ekarri zuten. Hala erakusten dute 1869ko hauteskundeetako emaitzek, baita Iparraldekoek ere. Baina, ?izu gorria? zabaldu zen berriz. Napoleon II.ak 1870ean ?Inperio liberala? baieztatzeko beste plebiszito batera deitu zuen, 1860az geroko berrikuntzak onartzen ziren galdetuz; biztanleek erabateko adostasuna adierazi zuten: Ipar Euskal Herrian %93ak baietz esan zuen, eta %83ak Frantzian.

Bigarren Inperioan Iparraldeak nolabaiteko garrantzi politiko-soziala hartu zuen, eta bertako ekonomia indartzen hasi zen.

Napoleon III.ak eta bere emazte Eugenia de Montijok (bizkaitarra jaiotzez) Miarritze aukeratu zuten udako oporraldietarako.

Enperatrizak jauregi bat eraikiarazi zuen itsas ertzean, Eugenia jauregia; han eman zituzten 1853-1868 bitarteko udak. Miarritze,beraz, zenbait hilabetez Frantziako ?hiriburu? eta gorte bihurtzen zen, eta Estatu buruak, printzipeak eta Europako hainbat eta hainbat aristokrata bildu ziren bertara.

Burdinbidea 1854an iritsi zen Baionara, Paris-Burdeos bidearen luzapenaren bidez, eta 1864an Hendaiara; asko indartu zuen horrek kostaldeko turismoa.

Burdinbideak amaiera eman zion Iparraldeak bizi izan zuen bakartasunari, ordu arte Landesek erabat isolatzen baitzuten Frantziako gainerako lurraldeetatik. Mailaz maila luzatu zen burdinbidea: Baionatik Donibane Garazira, eta ondoren Baigorrira (1899), eta Puyootik Maulera eta Donapaleura.

Turismoarekin batera kostaldea urbanizatu eta hiriak bainuez, ostatuez, kasinoez, eta abarrez hornitu zituzten; horrek guztiak biztanle kopurua asko haztea ekarri zuen: 1836an 35.000 lagun bizi ziren kostaldean, 1876an, aldiz, 58.000 lagun.

1851n, Miarritzen, 2.048 lagun inguru bizi ziren, 1856an 5.507 eta 1911n 18.620. Ipar Euskal Herriaren barrualdean, berriz, biztanle kopuruaren beherakada handia izan zen, izan ere, hirietara eta Ameriketara emigratzen zuten barrualdeko biztanleek. Nafarroa Behereak, Zuberoak eta Lapurdiko Ekialdeak 1876-1975 urteen bitartean, esaterako, biztanleen %42 galdu zuten. 1870ean Bigarren Inperioaren amaiera gertatu zenean, Miarritzek ez zion turismo gune garrantzitsua izateari utzi; ondorengo berrogeita hamar urteetan 20.000 biztanle izatera iritsi zen ia. Garai hartako jende ospetsuak Miarritze aukeratzen zuen oporraldietarako, Donostiaren kaltetan: Ingalaterrako Victoria erregina, Austriako Isabel enperatriza, Espainiako Alfontso XIII.a? 1893an ur gaziko termak eraiki ziren, eta garrantzizko bainuetxe gune bihurtu zen Miarritze.

XIX. mendearen bigarren erdialdean aldaketa erabakigarriak izan ziren Iparraldean.

Industrializazioa iritsi zen; tailerrak lantegiari utzi zion lekua, eta artisauak langileari.

Hiru industria gune garrantzitsu eraiki ziren: Hazparnen, Maulen eta Bokalen.

Hazparnen, larru ontzaile tradizionalen ordez, zapata industria jarri zen (1852-1898 urteen bitartean mekanizatu eta elektrifikatu zuten); 3.000 langiletik gora zeuden 1904an. Maulen ere zapata industria nagusitu zen, sandalian espezializatua; dena den, ez zen Hazparnen adinakoa izan. Bokalen, berriz, labe garaiak eraiki ziren 1882an; burdin mea Bizkaia, Lesaka eta Beratik eramaten zuten eta ikatz mea Galestik. Forges de l´Adour-ek mende erdiz gorakada handia izan zuten, Compagnie du Midi-ren burdinbide sarerako errailak bertan egiten baitzituzten. Baina, XX. mendean Hegoekialdeko burdinbidea osatu zenean, Bokaleko siderurgiak poliki-poliki behera egin zuen.Industriaren bilakaeraren eraginez, Baionako portua, denbora luzeko beheraldi baten ondoren, zuzpertu egin zen. Burdinbidearen ibilbideak ?portua herrialdearen barrualdearekin eta industria guneekin lotzen zituena?, burdin eta ikatz mearen inportazioak, eta Landetako basoetatik meategietarako hagen esportazioak Baionako portuaren goraldia eta horniduren berritzea eragin zuten. Aipatutako Landetako basoa Bigarren Inperioan sortu zen, ?Landetako basamortua? pinuz estali zutenean.

Baionako portuaren gorakada ikaragarrizkoa izan zen: 1882an 21.600 tona igaro ziren portutik, eta 1890ean 600.000, eta gora eta gora jarraitu zuen XX. mendean zehar.

Baionako portua ez zen aldatu zen bakarra izan, gainerako euskal portuak ere espezializatu egin ziren; Baiona eta Aturri merkataritzan oinarritu ziren, Donibane Lohizune eta Ziburu, aldiz, arrantzan, eta Miarritze eta Hendaia turismoan.

XIX. mendearen lehen erdialdean Iparraldearen itxura ez zen ia aldatu ?artzaintza baitzen jarduera nagusia?, mendearen bigarren erdialdean, ordea, burdinbideak eta industrializazioak erabateko itxura aldaketa eragin zuten. Aldaketa horiek, bestalde, areagotu egin zituzten Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko desberdintasunak.

Hego Euskal Herriko industrializazioa (XIX.. endearen bigarren erdialdean hori ere) Iparraldekoa baino garrantzitsuagoa eta bizkorragoa izan zen, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere. Burdinbide eta errepide sarea Iparraldekoa baino ahulagoa bazen ere, langile gehiago zituen Hegoaldeak; horrez gainera, Bizkaian burdin meategi aberatsak zeuden eta Gipuzkoak energia hidroelektrikorako aukera zuen, ahula bazen ere, nahikoa garai hartarako. Bestalde, bertako banka indartsua izatea garrantzizkoa izan zen. Iparraldeak ez zuen halako baliabiderik, eta atzerriko diruaren mende egon zen.

Beraz, Iparraldeko industriaren bilakaera motelagoa izan zen, eta erdi mailako urbanizazioa izan zuen. Garai hartan, Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean sortu ziren desberdintasunak areagotu egin ziren urteak joan ahala.

Industrializazioa, turismoa eta urbanizazioa gorabehera ?batez ere kostaldean?, nekazaritza zen Iparraldeko ekonomiaren oinarria.

Dena den, XX. mendearen amaiera arte ez zen aldaketa handirik izan nekazaritzan.

Aldaketa horien artean nagusia nekazari sindikatuak eratzea izan zen (1838ko ekaina). 1827ko uztailaren 18ko lege batek, esaterako, baimena ematen zien udalerrei sindikatu batzorde bat eratzeko beren lurren ustiatzea kudeatu ahal izateko, baldin eta lur horiek beste udalerri batekin edo beste batzuekin banatuta bazituzten; batzorde horretan, bestalde, udal kontseiluetako ordezkariak biltzen ziren. 1838an bost sindikatu eratu ziren: Zuberoako Sindikatua, Maule-Lextarreko eta Atharratze-Sorholüzeko kantoietako udalerriak eta Donapaleuko kantoiko zortzi barruti biltzen zituena; Baigorriko Sindikatua, Errobi ibarreko zortzi udalerri biltzen zituena; Amikuzeko Sindikatua, Donapaleuko kantoiko udalerri gehienak hartzen zituena; Oztibarreko Sindikatua, Iholdiko kantoiko udalerriek osatua, Suhuskune ezik; eta Garaziko Sindikatua, Donibane Garaziko kantoiko udalerriak eta Sorholüze biltzen dituena. Gaur egun, oraindik ere, sindikatuak dira Iparraldeko lurjabe nagusiak. Euskal mendialde ia guztia haiena da, baita ibarretako baserrietarako larreak ere.

XIX. mendean euskal nekazaritzan gertatu zen aldaketa nagusia, eta bakarrenetakoa, sindikatuen sorrera izan zen. Hala ere, bada beste aldaketa aipagarri bat: larreek hartu zuten garrantzia, lur landuen kaltetan. 1830-1914 urteen bitartean landa lurren eremua handitu egin zen Iparraldean, Miarritzen ezik, han urbanizazio prozesuan baitzeuden; mahastien eta lur landuen eremua gutxitu egin zen, eta larreak, berriz, ugaritu egin ziren.

 

III. Errepublika

XIX. mendeko Frantziako historia egonkortasun politikoaren bilatzea izan zen batez ere. Egonkortasun hori III. Errepublikarekin iritsi zen, Estatu sendo eta zentralizatua ezarri zenean. 1870eko irailaren 4an, errepublikazaleek Bonaparteren errejimenaren kontrako ?kanpo politikagatik ospea ahuldua, eta irailaren 1eko Sedango guduan zauritua? estatu kolpe bat eman eta III. Errepublika ezarri zuten (1870-1914).

Bigarren Inperioko hauteskunde eta plebiszitoetan ezker errepublikazaleak behin eta berriro galtzaile gertatu baziren ere, III. Errepublika ezarri eta sufragio unibertsala jarri zenean, errepublikazaleak garaile irten ziren. Hautagai errepublikazaleek (Michel Renaud eta Jaureguiberry almirantea) botoen gehiengoa lortu zuten 1871.. rteko otsaileko hauteskundeetan. Hauteskunde haiek gerran jarraitu behar zen ala ez erabakitzeko egin ziren; Frantzian ?nekazari inguruetan, batez ere?, hautagai erregezaleak izan ziren irabazle, bakearen alde apustu egin zutenak alegia. Iparraldeak, ordea, kontrako joera adierazi zuen. Dena dela, berehala joera hura alboratu eta XIX.. ende hasieratik nagusi zen tradizio kontserbadorera itzuli ziren. Ordukoan ere iraultzari zitzaion beldurra nabarmendu zen; martxoko herri matxinada sozialistaren ondoren ?Paris gudaroste alemaniarren esku zegoela? ordena eta bakea ezarriko zituen errejimenaren beharra sortu zen. Parisko komuna eta kale borroka latza izan zirenmatxinada haren ondorioak; astebete behar izan zen istiluak menderatzeko, eta hortik datorkio ?aste odoltsua? izena. Errepublika kontserbadore ezarri berriak, Thiers buru zuela, ordena eta bakea ezarriko zituen errejimenaren ametsak bete zituen; gainera, Thiersen ondorengo Mac-Mahonek dimititu zuenean Errepulika kontserbadorea sendotu egin zen. Salbuespenak salbu, harrezkero izan ziren hauteskundeetan kontserbadoreak izan ziren garaile Iparraldean, lehenagoko garaietan bezala; 1876-1932 bitartean izan ziren hauteskundeetan eskuinak 30 garaipen lortu zituen eta ezkerrak 13.

Frantziako III.aren Errepublika ezarri zenean etengabeko borroka eta eztabaida ideologikoak sortu ziren Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Eztabaida horiek eta Estatuko politikaren egoera nahasiak arreta ernatu zuten biztanleengan; literatura lan ugari idatzi ziren eta prentsak garrantzia hartu zuen. 1886an Le Réveil Basque, errepublikazaleen adierazpen bidea, argitaratzen hasi zen, eta handik urtebetera Eskualduna egunkari kontserbadorea, Etcheberry bonapartezaleak Baionan sortua.

Eztabaida politikoak ugaritu egin ziren, eta euskaldunen sozializazio politikoa eta publikoa ekarri zuen horrek; euskaldunak Estatuan eta bertako erakundeetan gehiago parte hartzea ere eztabaida haren ondorio izan ziren.

III. Errepublikak kultura eta hizkuntza berdintasuna lortzeko egin zuen lanak, Iparraldeko nortasuna ahultzen lagundu zuen; eskoletan euskara erabiltzea debekatu zuten, eta esetsi gainera, salaketa bezalako metodoen bidez. Hiriarten edo Jaurès sozialistaren protestek, ordea, ez zuten askorako balio izan. Euskararen kontrako neurrieketena sortu zuten eskolaren eta familiaren artean: eskolan frantsesa erabiltzen zen, eta senitartean euskara. Gainera, etxeetan frantsesa sartzen hasia zen, nahiz eta Antoine d´Abbadie d´Arrats eta beste hainbatek ahaleginak egin zituzten euskararen erabilpena bultzatzeko. Antoine d´Abbadie Euskal Jaien (1853an sortuak) aitzindari izan zen; Jaietan lehiaketak antolatzen ziren eta idazle, olerkari eta bardoek parte hartzen zuten. 1901ean, bestalde, Euskalzaleen Biltzarra elkarte kulturala sortu zen Hendaian, euskara gordetzeko eta zabaltzeko xedearekin.

III. Errepublikak iraun zuen urteetan Iparraldea gero eta gehiago sartu zen Frantziaren barruan. Inork ez zuen zalantzan jartzen horrek hala izan behar zuenik. Euskalzaletasuna kontserbadurismoaren babeseko bihurtu zen, eta 30eko hamarraldia arte baztertu egin zen joera politiko hori.

 

Kultura: euskararen gainbehera XIX.. endean eta euskalaritza

1789ko Iraultzak, baliabide faltan, ezin izan zuen bete bere helburuetako bat: Frantzian erabiltzen ziren ?patois?-ak, euskara besteak beste, menderatzea. Inperioak, eta ondorengo errejimen politikoek, helburu horri ekin zioten. 1802an Mauleko suprefetak eskola bat eraikitzea onartu zuen ?ohitura, zibilizazio eta hizkuntzagatik atzeratuta zeuden euskaldunak frantsesteko inguru handi bat? sortzeko. Ekuazioa errazazen: frantsesak zibilizazioa esan nahi zuen, euskaldunen ezjakintasunak, aldiz, basakeria.

Euskararen ordez frantsesa erabiltzea izan behar zen eskolen helburu nagusia.

Bestalde, herri batzordeak sortu ziren, herriko buruzagiek osatuta, frantsesaren erabilpena kontrolatzeko. Donapaleuko Lehen Mailako Instrukzioko Batzordeak debekatu egin zuen euskal liburuak erabiltzea ?nahiz eta, ez zegoen frantsesezko lanik? eta eskolako umeak euskaraz aritzea; eskola tarteetan ere, frantsesez aritu behar zutela zioen Batzordeak. Batzorde guztiak, ordea, ez ziren Donapaleukoaren iritzi berekoak.

Beltzuntzeko bizkondeak, 1842an Hazparneko kantoiko herri eskolak ikuskatzeko arduradun zenak, ikusi zuen eskola horietan ikasleek buruz ikasten zituztela irakaslearen erantzunak frantsesez, esanahia ulertu gabe, eta lehen mailako eskoletan euskara erabiltzeko debekuaren kontra egin zuen.

Euskararen kontrako erasoak ugariak izan arren, berehala sortu ziren euskaldunen artean euskararen aldekoak, apaizak nahiz laikoak: Hiriart, Beltzuntze eta Salaberry, esaterako. Iparraldeko apaizek kristau ikasbidea euskaraz izatea defendatu zuten; hura zen, hain zuzen, biztanleengana iristeko bide bakarra. Hori dela eta, 1830 ondoko hamarraldian, debekua debeku, erlijiozko liburu ugari zeuden euskaraz eskoletan: Kristau Ikasbidea, Imitatio Iesus Christiren euskal itzulpena, Testamentu berrico historioa, Exercici Ispirituala, etab.

Frantsesaren erabilpenean egin ziren aurrerapenak ez zuen gobernuak finkaturiko helburuak iristen. 1833an lehen mailako irakaskuntzari buruzko galdeketa baten arabera, alkateen erdiak baino gehiagok ez zekiten frantsesez eta zenbait irakaslek euskaraz baino ez zuten irakurtzen. Hori kontuan hartuta, 1841ean Irakaskuntza Publikoko Errege Batzordeak euskal udalerrietan euskarazko eta frantsesezko itzulpenak egiteko baimena eman zuen, ordu erdiz goizean eta arratsaldean. 1852an eta 1882an itzulpen horien beharra aitortu zen berriz ere. Vaucher ikuskatzaileak, elebitasunaren aldeko aitzindarietako batek, 1840 ondoko hamarraldian esan zuen beharrezko zela irakaskuntzan frantsesa eta euskara batera erabiltzea.

Argi zegoen frantses hutsezko irakaskuntzak emaitza ezin txarragoak zituela.

Frantsesa, buruz ikasten zen eskolako hizkuntza, berehala ahazten zuten denbora laburrez eskolara joan zirenek, baserriko lanetara itzultzen zirenean. Gainera, nahiz eta Iparraldean eskola ugari egon ?1813an Mauleko barrutia 136 udalerrik osatzen zuten, eta 120 eskola zeuden guztira?, analfabetismo maila oso garaia zen; 1848an Iparraldeko biztanleriaren %80 analfabetoa zen.

Hala ere, Estatuak lortu nahi zuen hizkuntzabatasunaren proiektuarekin aurrera jarraitu zuen eta euskararen zapalkuntza gogortu egin zen III. Errepublikaren garaian; irakaskuntzan erabat debekatu zen euskara eta eskolatik kanpora ere gogor egin zitzaion kontra. Alfabetizazio eta eskolatze mailak gora egin ahala, euskararen erabilpenak behera egin zuen.

Baina, Iraultza eta Inperioaz gero euskara debekatu egin bazen ere, patois gisa hartu eta frantsesaren mende jarri bazen ere, erromantizismoaren eta ikerketa zientifikoen aurrerakuntzaren ondorioz atzerriko hainbat lanen eta hizkuntzalari ospetsuen ?Guillermo de Humboldt, adibidez? ikerketa gai bihurtu zen euskara. Ikerketa horiek bultzatuta, euskaldun asko metodo zientifiko berriak hartu eta beren hizkuntza ikertzen eta literatura jenero guztiak lantzen hasi ziren.

Erlijiozko lanez gainera ?horien artean Martin Duhalderen Meditacioneac gei premiatsuen gaineran (1809) edo Inchauspe abadearen lanak dira nagusiak?, XIX. mendean euskaraz idatzi ziren literatura lanetan aipagarriak dira: Martin Hiribarrenen Euskaldunac poema ?Euskal Herriaren eta bertako agintarien erretratu barregarria? eta Montebideoko berriac ?Ameriketarako emigrazioaren kontrako idazkia? 1853an idatziak; Duvoisinen Laborantzako liburua (1858); J.B. Dasconaguerren Atheka gaitzeko oinartzunak eleberria ?frantsesezko jatorrizkoa Les Echos du Pas de Roland izenburuaz argitaratua?, Don Carlosen emazte Beira printsesak Frantzian barrena egindako ezkutuko bidaia kontantzen duena; Jean Baptiste Elissambururen Piarres Adames kontakizun laburren bilduma (1828-1891) eta Antoine d´Abbadiek antolatutako lehiaketetara aurkeztutako olerkiak; Pierres Topeten (Etxahun izengoitiz) olerkiak (1786-1862); etab.

Euskararen inguruan egin ziren Iparraldean filologiazko ikerketen aitzindari Darrigol abadea izan zen; 1827an Darrigolek Frantziako Akademiaren Volney lehiaketa irabazi zuen Dissertation critique et apologétique sur la langue basque lanari esker.

Xahoren ikerketek ?Etudes Grammaticales, Introduction à la langue française eta à la langue basque, Dictionnaire?, bestalde, gehiegizko irudimen erromantikoa dute (euskararen eta sanskritoaren arteko lotura aipatu zuen). 1826az gero Toulouse Fleury Lèclusek (Urhesigarria izengoitiz) euskararen inguruko hainbat ikerketa idatzi zituen; 1847an Francisque-Michelen Le Pays Basque argitaratu zen, euskal kulturari buruzko lan garrantzitsua. Julien Vinsonek (1843- 1926) Folklore Basque idatzi zuen, hainbat testu zahar berrargitartu zituen zientifikotasun handiz eta Bibliographie de la Langue Basque idatzi zuen; euskalari askok onetsi zuten azken lan horregatik.Baina, euskarak liluratu zituenen artean aipatzekoa da Louis Lucien Bonaparte (1813-1881), Napoleonen hiloba; bere handitasunagatik eta bere lan kopuruagatik eta bere lanen garrantziagatik aipagarri. Linguistikak eta hizkuntza txikiek erakarrita, euskara ikasten hasi zen; liburutegi garrantzitsua osatu zuen euskal gaiaz, garai hartako garrantzitsuena. Bere lehengusu Napoleon III.ak printze titulua eman zion eta Inperioko senadore izendatu zuen, 130.000 liberako lansariarekin; diru horrekin ikasten jardun zuen. 1856-1869 bitartean bost bidaia egin zituen Hego Euskal Herrira euskara hobetzeko asmotan. Zortzi euskalki bereizi zituen: bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, hegoaldeko goi-nafarrera, iparraldeko goi-nafarrera, ekialdeko behe-nafarrera, mendebaleko behe-nafarrera eta zuberoera.

1863an euskalkien mapa ospetsua argitaratu zuen Londresen. Bibliaren hainbat pasarte hainbat euskalkitara itzultzea eskatu zuen; Inchauspe, Archu, Salaberry, Duvoisin, Echenique, Minondo, Hualde? izan ziren, besteak beste, itzultzaileak. Garai hartako euskalari guztiak izan ziren Bonaparteren laguntzaile, eta horietatik Duvoisin izan zen nagusia. Euskararen inguruko hainbat ikerketa ordaindu zituen, esaterako, Inchausperen Verbe basque edo Lizarragaren lan argitaratu gabeak. Berak argitaratu zituen Verbe basque en tableaux eta hainbat artikulu euskara finlandierarekin, zelta, sardiniera eta Italiako eta Korsikako dialektoekin konparatzen zituztenak. Bonapartek euskal ikerketei garrantzizko bultzada eman zien eta euskararen ardura sorrazi zuen atzerritar hizkuntzalariengan.

Atzerritar hizkuntzalarien artean aipagarriak dira: Wenworth Webster (1828-1914) ingeles artzain protestantea, Basque legends eta Loisirs d´un étranger au Pays Basque; Jan Van Eys (1825-1914), euskara-frantses hiztegi baten eta Euskalkien Gramatika baten egile, eta Hugo Schuchardt (1842-1927).

Schuchardt, latin zalea eta Leipzig, Halle eta Graz-eko unibertsitateetako irakaslea zen, eta Saran euskara ikasi ondoren Genèse des formes de relation du verbe basque, Basque et lanques romanes, Déclinaison ibérique, Primitiae linguae vasconum eta beste hainbat lan idatzi zituen.

XIX. mendean euskarak atzera egin bazuen ere, Iparraldean euskarak bizirik iraun zuen hizkuntza honekin liluratu ziren zientzialari, bidaiari, apaiz eta idazleen ahaleginei esker. 1930-1940 urte bitartean higikunde euskalzaleek gizartea ?berreuskalduntzearen? eta euskal kultura bultzatzearen beharraz ohartu ziren, eta garai horretan euskararen ofizialtasuna onartzearen aldeko iritziak sortu ziren. Bestalde, euskaltzaletasunaren Iparraldeko lehen loraldia eta XIX. mendean nagusi izan zen akulturizazio galiarraren amaiera gertatu ziren garai hartan.