Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Erdi aroa - Politika-administrazioak

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiaren antolamendu politiko administratiboa

Merindadeak eta korrejidoretza Bizkaian. Barne zatiketak.<br><br>

Erdi Aroan, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoa deritzon lurraldeko politikaren eta administrazioaren antolamenduan, alde handiak zeuden toki batetik bestera.

Eskualde batzuk erregearen eta haren gobernu organoen mende zeuden eta beste batzuk, berriz, zenbait etxe nobleren agintearen azpian: Mendoza, Velasco, Haro, Ayala, Guevara. Egoera hori, dena den, aldatuz joan zen Erdi Aroan zehar, lurraldeen garaian garaiko agintarien arabera eta, batez ere, Gaztelako koroan aginpidea eskuratzeko zerabiltzaten jokoaren arabera. Ez alferrik hiru euskal probintzia horiek ?Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa?, Gaztelaren mende baitzeuden. Hala bada, lurralde horiek politikaren eta administrazioaren antolamenduan zituzten aldeak kontuan izanda, banaka-banaka aztertzea komeni da.

 

Bizkaia

Gertaera batek markatu zuen lurraldearen historia ia Erdi Aro osoan: alegia, bertako etxe noble baten eskutik Gaztelako erregearen eskura igarotzea lurraldearen gaineko aginpidea. Bizkaiko probintzia Haroko etxeak Goi Erdi Aroaz geroztik inguru horretan zituen lurraldeez osatua zegoen, eta XIV. mendearen bukaera arte etxe horrek gobernatu zuen Bizkaia osoa, monarkiaren mendeko printzerri txiki baten gisa. Mendearen bukaerarako baina, Gaztelako errege-erreginen esku geratu zen lurraldea, Joan I.a Trastamarakoaren agindupean, hain zuzen. Bizkaiko Jaunaren zereginak betetzen zituen erregeak. Bizkaia hiru gunez osatua zegoen Goi Erdi Aroaz geroztik: Durangaldea, Jatorrizko Bizkaia eta Enkartazioak.

Bestalde, bi antolabide nagusi bereizten ziren: Hiribilduak eta Lur Zabala. Hogeita bat hiribildu zeuden guztira (ikusmapa: ?Bizkaiko hiribilduak Erdi Aroan?; eta koadroa: ?Hiribilduen sorrera Euskal Herrian?), Haroko etxeak sortuak gehienak.

Hiribilduen forua Gasteizkoan oinarritu zen gehienbat, baina Donostiakotik ere hartu zuen zerbait, itsas merkataritza bultzatzeko helburuaz. Hiribilduak sortuz, merkataritza trafikoa ?XII. mendeaz geroztik indartzen hasia?, sendotzea eta areagotzea zen Bizkaiko jaunen helburua. Gaztelako Koroak Europako beste herrialde eta eskualde batzuekin ?Frantzia, Flandria, Ipar Itsasoa?, zituen harremanez eta bizkaitar itsasgizonek merkatari garraiatzaile gisa egin zuten lanaz baliatuz, Lur Zabalek baino askatasun handiagoa lortu zuten Hiribilduek ?bai hiribilduetako gizabanakoek bai komunitateak oro har?, biztanleak erakartzeko asmoz.

Bizkaiko hiribilduak, hasieran, Jaunen mende egon ziren, baina haien garapenaren dinamikak eraginda, berehala bereizi ziren Jaunaren eta haren kargudunen administraziopetik,eta handik hara Iberiako iparraldeko beste hiribildu batzuen antzeko bilakaera izan zuten. Merkatari talde gero eta urriago baten mende geratu zen, beraz, hiribilduen gobernua. Bien bitartean, merkatari horien jarduera zabalduz joan zen: urrutiko merkataritza, salgaien garraioa, hiribilduko ondasun higiezinen erosketa, inguruko herrixketako lurren erosketa, eta abar. Oligarkia indartsu bat sortu zen horrela, eta talde ahaltsu horretako kideak Bizkaiko Erdi Aroko beste agintaritza taldekoekin ?Lur Zabaleko infantzoiekin alegia? lehiatu ziren agintea lortzeko. Bizkaiko hiribilduen artean berehala nabarmendu zen bat, Bilbo, 1300. urtean sortua. Izan ere, ingurune estrategiko batean izanik, Burgos- Gasteiz-Kosta bidean, gainerako hiribilduei nagusitu zitzaien.

Lur Zabaleko biztanleak, berriz, norberaren estatutu juridikoaren arabera bereizi ziren: infantzoiak, batetik, eta laborariak, bestetik. Infantzoiak bertako noblezia txikiaren baitan sortu ziren, eta atxikimendu osoa zioten Bizkaiko Jaunari. Bizkaiko lurren parte handi baten jabe ziren, eta laborariek lur haiek lantzeagatik ordaintzen zieten errenta zen haien diru sarrera nagusia.

Noblezia txiki hori bere jaunei leial egon zen beti ?izan Haroko Etxekoak edo izan Trastamarakoak?, eta egindako zerbitzuaren truke zenbait opari eta mesede jaso zituen haiengandik. Haien ohiturak eta ahozko legeak idatzita jaso ziren Foru Zaharrean (1452). Gizarte talde abantailatsua ziren, beraz, infantzoiak, Lur Zabala gobernatzeko eta Lur Zabalaren eta Jaunaren arteko lotunea izateko ardura baitzuten. Garaian garaiko egoerara egokitzen jakin zuten, baita beste taldeen gainetik egoten asmatu ere.

Baina Hiribilduen eta Lur Zabalaren banaketa hori gorabehera, Bizkaia osoa pertsona baten gobernupean zegoen. Hark antolatzen zuen lurraldearen administrazioa gobernua hobetzeko, zuzenbidea emateko, zergak kobratzeko eta abar. Hiribilduetan ordezkari bana zuen Jaunak bere interesak babesteko: probestua. Jaunak berak izendatzen zuen, baina hautatu, hiribilduko gizaseme ahaltsuenek hautatzen zuten. Lur Zabalean, berriz, eskualdeka banatzen ziren jaunaren azpiko kargudunak, lurraldea merindadeetan banatuta baitzegoen: Busturia, Uribe, Arratia ?Bedia eta Zornotza?, eta Markina. Merioa edo ibar jauna arduratzen zen justiziaz eta Jaunaren ordezkaritza instituzionalaz, eta mailegatzailea, berriz, zerga arazoez. Bi kargu horiek, merioak eta mailegatzaileak, bizkaitar infantzoien artean hautatzen ziren, eta hala, infantzoiek beren eta beren ingurukoen mesederako baliatzen zituzten, karguaren hasierako izaera, zerbitzu eta ofizio publikoa izatekoa, galaraziz.

Kargu horiek Erdi Aro osoan iraun zuten, baina XIV. mendearen bukaerarako beste kargu bat nagusitu zitzaien horiei, bai Bizkaian bai Koroa osoan: erregearen korrejidorea.

Korrejidoreak ere ohiko hiru guneetan banatuta ?Durangaldea, Jatorrizko Bizkaia eta Enkartazioak?, antolatu zuen lurraldearen administrazioa (ikus mapa: ?Merindadeak eta korrejidoretza Bizkaian.

Barne zatiketak?). Koroak garaiko premietara egokitutako beste kargu batzuk sortu zituen gero, jadanik zaharkituak zeuden beste haien ordez, kargudunek errege-erreginen izenean goberna zezaten. Izaera bereziko lurralde autonomoa izanik, Alkate kargu berezi bat sortu zen Bizkaian, bizkaitarren auzien gorakoak jaso zitzan. Zerga berezi, espezifiko batzuk ere sortu ziren Bizkairako, petxeroek ?alegia, noble ez izanik, zerga ordaintzera behartuta zeuden biztanleak, bereziki nekazariak?, ordaintzeko: Hiribilduetako Zerga eta Lur Zabaleko Zerga.Bizkaiko lurraldea eta bizkaitarren bizimodua antolatzeko bide eta erakunde horiez aparte ?Hiribilduak, Lur Zabala, merioak, mailegatzaileak, korrejidoreak? beste batzuk sortu ziren geroago, XIII. mendeaz geroko arazoetarako. Izan ere, gaizkile eta lapur ugari zebilen bideetan, bidaiariek ez zuten babesik (arriskua benetakoa zen merkataritza trafiko handiko inguruetan, Bizkaian esate baterako, eta batez ere XIII.. endeaz gero, gizartearen beraren egiturazko kausak zirela-eta), eta konponbidea bilatu behar zitzaion nola edo hala arazoari.

Horrenbestez, eta Bizkaiko eskualde guztiak hartuko zituen jurisdikzo bat sortu beharrez ?ezarritako ordena defendatzeko eta gaizkileak zigortzeko?, Bizkaiko Hermandadea sortu zen 1394an. Hura baino lehen, Hermandade bat sortzeko ahalegin guztiek huts egin zuten, baina azkenean, Bizkaiko korrejidore Gonzalo Morok, Bizkaiko jaun Enrike III.aren mandatuz, Hermandadea sortzea lortu zuen. Hermandadearen gobernuan bizkaitarrek gizpuzkoarrek baino ordezkari gutxiago zuten: bina gizon merindade bakoitzeko, prokuradore bana hiribildu bakoitzeko eta gizon bana Lur Zabalean zeuden leinu nagusi bakoitzeko. Horiek zuten justiziaren ardura, eta, hala behar zenean, hiribildu eta herrixketako biztanleak deitzen zituzten gaizkileak jazartzeko.

Beste Hermandade batzuk bezala, beraz, Bizkaikoa ere krisialdi baten erdian sortu zen, merkataritza eta bizimodua aurrera aterako bazen, herria bakean mantendu beharrak eraginda alegia. Bizkaiko Hermandadeak, dena den, Gipuzkoakoak baino ahalmen gutxiago izan zuen Jaurerri barruan, bai gobernuan bai lurraldea ordezkatzeko orduan.

Erdi Aro osoan zehar Bizkaiak argi utzi zuen Gaztelako Koroaren barruko bestelurralde batzuek ez bezalako ezaugarriak zituela. Eta hala, inguruko beste jaurerri batzuk baino kategoria handiagoa izanik, eta Bizkaiko Jaunak ere ?izan Haroko Etxekoa izan Trastamara? ahalmen handiagoak izanik, Jaurerriko biztanleen eta Jaunaren arteko harremanak leialtasun pertsonalaren arabera egituratu ziren. Eta harreman mota horren ondorioetako bat Jaurerrian tarteko kargudunak izendatzea izan zen: alegia, Lur Zabaleko infantzoien leinuetako eta hiribilduetako etxe nagusietako kideen artean, eta leialtasunaren ordainetan, jaunaren kargudunak izendatzea. Jaunen batzuenganako begikotasuna, eta leialtasuna ordainetan ematea izan ziren hain zuzen Bizkaiko erakundeak ?lurralde osoaren ordezkariak gehienbat: Hermandadea, adibidez?, behar bezala funtzionatu ez izanaren arrazoietako batzuk. Aitzitik, gobernarien eta biztanleen artean harreman esturik izan ez zen lekuetan, Gipuzkoan adibidez, bestela gertatu zen, orain ikusiko den bezala.

 

Gipuzkoa

Hauxe izan zen aztertzen ari garen hiru lurraldeetan homogeneoena. 1200. urtea baino lehen ere ez zen ez oinetxe handirik ez garrantzizko monasteriorik inguruetan.

Lurralde bat baizik, gizatalde txiki batzuk han-hemenka, eta hiribildu handi bat, Donostia, 1180 inguruan Nafarroako erregeerreginek fundatua, eta besteetatik bereizten zuten ezaugarri berezi batzuk zituena.

Bai hiribilduaren zuzenbidea bera ?merkataritzari buruzko garrantzizko eranskinekin?, bai biztanleak ere, bereziak ziren, eta Gipuzkoa osoaren bilakaera markatu zuten.

Baionatik merkatari aberatsak iritsi ziren Donostiara eta hiriaren gobernuaz arduratu ziren Erdi Aro osoan zehar. Oso eremu zabala hartzen zuen, eta hiribildu gehiago sortu ziren haren barrutian hiriaren foru eredu berdina erabiliz. Horra Gipuzkoaren ezaugarri nagusietako bat Erdi Aroan: merkataritza jarduera babesteko forua ez ez ezik udal autonomia handia zuten errege hiribilduak sortzea.

Donostia fundatu zenetik, Erdi Aroa bukatu zen arte, hogeita sei hiribildu sortu ziren Gipuzkoan (ikus mapa: ?Gipuzkoako hiribilduak Erdi Aroan?; eta koadroa: ?Hiribilduen fundazioa Euskal Herrian?). Hiribilduen fundazioan bi aldi bereiz daitezke.

XIII. mendearen bukaera arte Gaztelako errege-erreginen merkataritza interesen arabera fundatu ziren hiribilduak. Izan ere, Koroak merkataritzarako irtenbide bat nahi zuen itsasertzean, bai eta sartu-irtenbide egokia eta segurua Burgosko salgaientzat, hala nola gizatalde bat garraioaz arduratzeko; Gipuzkoak baldintza guztiak betetzen zituen. XIII. mendearen bukaeraz geroztik, berriz, merkataritza interesen eta bestelako batzuen arabera fundatu ziren hiribilduak: alegia, mugaldeko borroketatik babestu beharrak, nekazaritzarekin bakarrik ezin-eta bizimodua bilatzera herritik irten beharrak, herrixketatik inguruko hiribilduetara migratu izanak eta abarrek eraginda. Horiek eta beste arrazoi batzuk zirela medio sortu ziren, bada, Gipuzkoako hiribilduak. Lehenago merkataritza hiribilduei utzitako barrutietako batzuk ere bereizi egin ziren hiribildu nagusitik beste hiribildu batzuk sortzeko (ikus mapa: ?Donostiako barrutiaren bereizketak?). Lurralde barneko berbanaketa horrek Erdi Aro osoan iraun zuen.

Ez baitzegoen ia biztanlegunerik, errege-erreginek (Alfontso VIII.arengandik hasita), tarteko aginte guneak sortu zituzten beren eskuko lurretan, eta hori da agian Gipuzkoako hiribilduak garai hartan ugaldu izanaren arrazoi nagusietako bat, zeren politika horrek aukera eman baitzien errege-erreginei monarkiarekin guztiz bat zetorren oligarkia sendo bat haietan ezartzeko.

Salerosketatik eta garraiotik bizi zen burgesiaren eta errege-erreginen arteko aliantzak arrakasta handia izan zuen, eta mende askotan, gainera; ez bakarrik Erdi Aroan.

Eta, hala, lurralde osoa geratu zen hiri antolamendu horren barruan: salbu eta interes ekonomiko eta biztanle kopuru urriko gune batzuk mendialdean, eta gero Arabaren mende geratu zen jaurerri bat, probintziaren hegoaldean. (Ikus mapa: ?Gipuzkoa 1474an. Lurraldearen antolamendua?).

Hirien eraketa antzekoa izan zen leku guztietan. Inguruko herrixkak hiribilduen mende geratu ziren. Batzuen eta besteen artean liskar gogorrak izan ziren hurrengo mendeetan, are gogorragoak XV. mendean, Koroaren barruko edo Europako beste lurralde askotan bezala. Herrixkek, hirikogobernuan hitza eta botoa emateko eskubidea izan arren, oso indar gutxi zuten praktikan, eta askotan, hiribilduko agintarien presioa zela-eta, beren interesen kontra jardun zuten. Hiriko ahaltsuek jabetza handiak zituzten herrixketan eta beren interesen arabera jokatu zuten beti, bai ekonomian ?baliabideen ustiapena?, bai finantzetan.

Kontzejuko errejidore edo zinegotziak hiribilduko leinu nagusietako kideen artean hautatzen ziren, urtero-urtero. Errejidoreak hiriaren gobernuaz arduratzen ziren. Gipuzkoako hiribilduek, bestalde, erregearen eta haren interesen ordezkari bat zuten, denborarekin hiribilduetako merkatari oligarkien ordezkari bilakatu zena. Kargudunak urtez urte hautatzen ziren kontzejuetan.

Probestuaren kargua semeak aitarengandik jasotzen zuen bizi guztirako. Probestuak ahalmen handiak zituen justizian, eta garrantzi handiko papera bete zuen hiribilduen gobernuan. Are gehiago, haren inguruan mugitzen zen hiribilduko oligarkia.

Baina hiribilduek, txikiak eta pisu gutxikoak izanik, oinarri sendo baten beharra zeukaten Koroaren barruan indar egin ahal izateko. Eta hala, XIV. mendearen bukaeran, Hiribilduen Hermandade bat sortu zuten.

Eta sortu ere, foruei esker gobernu autonomia handia zutelako, bakarka aritzea baino bat eginda hobeto zela jabetu zirelako, eta oligarkiek helburu berdintsuak zituztelako, sortu ahal izan zuten. Erregearen eskuko lurralde osoa, zeinean ez baitzen erregearen kargudunik (non eta beharbeharrezkoa ez zen, eta orduan korrejidore bat etortzen zen Bizkaitik), Hermandade batera bildu zen 1370ean Enrike II.a erregearen mandatuz: Hermandadeak Hermandad General de las Villas y Alcaldíasde la Tierra de Guipúzcoa zuen izen ofiziala.

Sortu ere, bere burua gaizkileen bidegabekerietatik babesteko sortu zen Gipuzkoako Hermandadea ?Bizkaikoa bezalaxe?, baina kontzejuaz gainetiko erakunde baten gune bihurtu zen. Errege-erreginek erakunde horren eskuetan utzi zuten lurraldearen gobernua.

1397. urterako ondo zehaztuta zeuden erakunde berriaren funtzioak. Lurralde osoa jurisdikzio baten barruan geratu zen, hiribildu nagusien ordezkariek osatzen zuten Hermandade Junta baten gobernupean.

Epaitze lanetarako kargu berri bat sortu zen, Hermandade alkatea. Zazpi alkate ziren guztira, txandaka hiribilduen artean hautatuak eta bizilagunek beraiek lagunduak.

Hermandadeak hura osatzen zuten kide guztien ?alegia, Gipuzkoako biztanle guztien? zergez finantziatzen zuen bere burua (ikus mapa: ?Gipuzkoako Hermandadea?).

XV. mendean zehar, pixkana-pixkana, gero eta eskumen handiagoak eskuratu zituen Hermandadeak, jurisdikzioa handitu zuen, eta Koroaren eta hiribilduen arteko bitartekari nagusi bilakatu zen. Jarduera horren eraginez, XVI. mendearen hasieran, Gipuzkoako Aldundia sortu zen. Argi dago Gipuzkoako Hermandadeak Bizkaikoak eta Arabakoak baino askoz ere arrakasta handiagoa izan zuela. Zergatik? Beharbada Gipuzkoako hiribilduetako gobernariek helburu komun batzuk jarri zituztelako eta, gainera, helburu horiei eman zietelako lehentasuna.

Erdi Aroan zehar ez baitzen istilurik izan hiribilduen artean; Hermandadeak berak konpondu zituen guztiak. Hala beraz, erakunde batua eta bateratzailea izan zen Gipuzkoako Hermandadea, gipuzkoarren interesen alde saiatu zena beti.

Bizkaitarrek eta arabarrek, berriz, ezin izan zuten horrelakorik egin.

 

Araba

1200. urtea baino lehen lurraldea bi aldetan banatua zegoen: alde bat bertako noblezia txikiaren eskuetan zegoen ?hurrengo 150 urteetan alde horretako zati batek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen Koroaren barruan, eta haren ardatz nagusietako bat bihurtu zen azkenean?; beste aldea, berriz, errege-erreginen mendean zegoen, eta 1181. urterako bazen han hiribildu bat, Vitoria, Gasteiz izeneko herriaren gainean sortua. Arabako Lur Zabala kofradia edo anaidia baten eskuetan zegoen, Arriagako Kofradiaren eskuetan hain zuzen. Inguru horretan jabetzak zituzten nobleez osatua zegoen kofradia, kideen eskubideak defendatzeko eta ahal zen neurrian oraindik gehiago handitzeko (gobernu abantailak, errege baimenak, eta abar).

Gaztelako errege-erreginen eta Kofradiaren arteko aliantzak XIII. mendearen erdialdea arte iraun zuen. Alfontso X.aren politikak, aurreratua erreinatu zuen garairako, ituna haustarazi zuen. Hurrengo ehun urteetan Lur Zabaleko nobleziako leinu gehienek indarra galdu zuten, eta, aitzitik, errege-erreginek indarrak bildu eta ahalak handitu zituzten.

XIV. mendearen erdialdeaz gero baina, alderantzizko prozesua hasi zen, eta hala, handik hara, eta Erdi Aroa bukatu arte, aurreko aldian bizirik irten zuten etxe nobleen ahalak etengabe handitu ziren, errege-erreginen ahalmenaren kaltetan.

Azter dezagun gai hau polikiago. Alfontso X.ak eta haren ondorengoek, itsasozko merkataritza bideetara loturiko garraiobideak hobetzean interesaturik, hiribildu asko sortu zituzten ehun urtez Arabako lurretan, eta asko indartu zuten ere Gasteiz bera (ikus mapa: ?Arabako hiribilduak Erdi Aroan?; eta koadroa: ?Hiribilduen fundazioa Euskal Herrian?). Hiribilduak fundatzeko, Gasteiz fundatzeko bezala, Logroñoko forua erabili zen, berritua. Iberiako penintsulako iparralde osoan zehar bezala, Araban ere hiribildu asko sortu ziren: merkataritza eta merkataritzarako garraiobideak sendotzeko hasieran, eta landa ingurunea sendotzeko gero, XIV. mendearen bukaera aldean, nekazaritza krisian zenean. Arabak, gainera, badu ezaugarri bat atal honetan aztertzen diren beste bi probintzietatik bereizten duena: Nafarroako erreinuarekin muga egitea.

Izan ere, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko muga oso menditsua den bezala, Arabaren eta Nafarroaren artekoa, berriz, guztiz zabala eta irekia da. Horrek muga babestu beharra zekarren, eta militar aireko hiribilduak fundatu ziren, beraz, mugaldean.

Hurrengo urteetan Arabako lurraldearen eta gizonen gaineko nagusitasuna kendu zioten hiribilduek Lur Zabaleko nobleziari.

Baina XIV. mendearen erdialdean alderantzizgertatu zen: hiribilduetako asko nobleziari eman zitzaizkion opari, eta hala, hiribildu horiek etxe noble handientzat sorturiko jaurerri berrien mende geratu ziren (ikus mapa: ?Erregeren eta jaunen eskuko lurrak Araban?).

Erregearen eskuko lurraldea ?oso murriztua nobleziari hiribilduak eskaini eta gero?, Koroaren mendeko beste lurralde aztertu berrien antzera antolatu zen. Gasteizek errege ordezkari bat zuen kontzejuan ?korrejidorea?, eta hirirako bakarrik, gainera, Gipuzkoan edo Bizkaian ez bezala.

Erregearen eskuko Arabako lurralde guztia Allendebroko Merindadearen barruan zegoen. Erregearen mendeko lurretan, bestalde, Hermandadeak zeuden, baina ez ziren 1463. urtea arte sendotu. Izan ere, Hermandadeen aurka zeuden Arabako jaunak ?ez baitzuten beren lurrak jurisdikzio zabalago eta arduradun nagusi erregea zuen baten barruan geratzerik nahi?, Hermandadeek ez zuten eraginik izan Erdi Aro osoan zehar. Handik hara baina, Gasteizek bakerako eta defentsarako Hermandade bat sortu zuen bere eragin eremuan arabar nobleen botereari aurre egin ahal izateko.

Arabako Hermandadeak, beraz, ezin dira Bizkaiko eta are gutxiago Gipuzkoako Hermandadeen pare jarri.

Aldi berean, bi aldi etorri ziren bata bestearen ondotik Lur Zabalean bizi ziren leinuen bilakaeran, beheraldia eta goraldia hurrenez hurren. Lur Zabalaren eta hiribilduen historiak paretsu joan ziren, harik eta bat egin zuten arte, XIV. mendearen bigarren erdian.

Erregeak ahalak eta lurrak murrizten ari zitzaizkien Arriagako Kofradiako kapareei.

Erregeen boterea Arabako jaun txikiena baino handiagoa zen, noski, baina aldi berean erregeek beren ondoan nahi zituzten noblezia zaharkitu hartako kide nagusiak.

Batzuen eta besteen arteko tirabira horri irtenbide bat eman nahirik, Arriagako Kofradia desegin egin zen 1332an, eta handik aurrera Kofradiako kideak eta ondasunak erregearen esku geratu ziren. Batzuek eta besteek, handiek eta txikiek, begi desberdinez ikusi zuten irtenbidea.

Arabako aitoren seme ahaltsuenak Koroaren botere egitura berrietan sartu ziren.

Noblezia zaharra XIV. mendearen krisian sorturiko beste noblezia berri baten parte bihurtu zen, eta harentzat, Trastamarako erregeekin bete beharko zituen funtzio berrien ordainetan ematen zuen ordainsaria zen jaurerriak Koroaren esku uztea. Kontuan eduki behar da aldaketa hori, Arabako botere egitura zaharrak nola desagertu ziren ulertu ahal izateko.

Trastamarek agintea lortu eta lurraldearen antolamenduaren aldaketa burutu zutelarik, Arabako lurraldea zatitua zegoen berriz ere: batetik, erregearen eskuko lurrak?erregearen eta errege ordezkarien administraziopean, eta hiribilduetan antolatuta?, eta, bestetik, arabar jatorriko goi nobleziaren mendeko lurralde gero eta zabalago batzuk. Nolanahi ere, eta erregeek XIII. mendearen bukaeran hasi eta XIV.aren hasieran bukatu zuten lurraldearen antolamendu berriaren ondoren, lurralde horiez gainera erregeak emandako jaurerriak ere ?hiribilduak, herrixkak eta guzti?, bazituen nobleziak. Jaurerriez gainera beste opari asko jaso zituen Arabako nobleziak erregeengandik: jaurerri gehiago Koroaren mendeko beste lurralde batzuetan, errentak, karguak, merkataritza abantailak, eta abar.

Arabako jaurerri berri horiek (gaur egungo probintziaren %80 gutxi gorabehera), Koroako beste leku askotan sortu zirenen antzekoak ziren. Jaunek esku handia zuten biztanleen, lurren eta zergen gainean, baita justiziako eta administrazioko karguak izendatzeko ahalmena ere batzuetan. Jaurerriak erregeren eskuko lurraldeen garapenetik aparte geratu ziren, hau da, Arabako gainerako lurraldeen errealitatetik aparte.

Arabako nobleziaren parte horrek, hobeto egokitu zenez Europan sortzen ari ziren botere egitura berriei, aise gainditu zituen garai hartako krisialdiko aldaketa haiek guztiak. Trastamaren garaian jaurerriak indartzeak eragin nabarmena izan zuen Arabako lurraldean. Arriagako Kofradia desagertzean pribilejioak galdu uste izan zituen noblezia txikiaren mesederako izan zen gehienbat jaunen eta monarkiaren arteko ituna eta leinu handien gorakada.

Noblezia txikia jaun handien hiribilduetako gobernua antolatzeaz arduratu zen, eta azkenean gero eta inguruarekin lokabeago zen goi noblezia haren ordezkari bilakatu zen. Kapare txikiak ongi integratu ziren hiribildu sortu berrietan, eta ongi eutsi zioten beren mailari, baita hartaz baliatu ere hiribildu txikietako gobernua kontrolatzeko, krisiak pobretutako nekazarien lurrak erosteko, bidegabekeriak egiteko eta nekazariak aspaldiko morrontzetan edukitzeko, zerga jadanik zaharkituak ezartzeko adibidez (diru gutxi eman arren haien gailentasuna erakusteko balio zuten).

Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako lurraldearen antolamenduan, toki batetik bestera zeuden aldeak ikusi ondoren, azter ditzagun orain Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru probintzia horien ezaugarri komunak.

Lurraldearen parte handi bat hiribilduetan antolatua zegoen. Eskaintzen zituen askatasunak zirela eta, hiribildu guztiek zuten ?frankoen zuzenbidea? delakoa. Hiri hiribilduetan ?ez estatutu juridiko pribilejiatua izan baina herrixka soilak ziren horietan, Nafarroarekin muga egiten zutenetako asko, adibidez?, XIV. mendearen bukaeran, bi bando sortu ziren oligarkiako kideen artean, hiribilduen gobernuaren kontrola lortzeko helburuarekin. Karguak berdintasunez banatu ziren bandoen artean.

Bizkaiko hiribilduetan eta Donostiakoa bezalako forua zuten Gipuzkoakoetan, berriz, leinu bat nabarmentzen zen besteen gainetik, eta horrek eskuratzen zuen probestu kargua. Hau da, leinu hori izaten zen errege edo jaunaren ordezkaria hiribilduan, nahiz eta, ordurako, karguak lehentasuna galdua zuen, eta gehiago zen hiribilduko gobernuaren botere bat.

Langile multzo handi bat jarduera ?protoindustrialetan? eta garraioan ari zenez lanean, Gipuzkoa eta Bizkaia, handik hara, geroago eta jarduera horien mendeago egon ziren bizimodua aurrera ateratzeko. Erregeek abantailak eman zizkieten jarduera horiei, eta jurisdikzio berezi bat sortu zuten burdina langileentzat. 1328an eman zen aurreneko ?Burdinola Forua?, eta 1338an eta 1440an hurrenak. Olagizonei eta burdina lantzen zuten langile guztiei foru berezi bat zegokien; foruak abantailak ematen zizkien hornidurarako eta garraiorako. Burdinoletako nagusiak ?hiribilduetako oligarkiako kideak gehienetan?, ziren negozio emankor harekin zerikusia zuten gizonen eta tokien onuradunak.

Erdi Aroan, kostaldean, garrantzi handiko beste jurisdikzio bat sortu zen: arrantzaleen eta nabigatzaileen (hau da, garraiatzaile eta ontzigileen) kofradiak, itsasoko lanetan zebiltzan guztiez arduratzeko, hiribildu horietako biztanle gehienez beraz.

Kofradia horien jurisdikzioak eta barne gobernuak eragin handia izan zuten kostaldeko biztanleen banaketa politiko eta administratiboan.

Hiru probintzien ezaugarri komunen azterketan Araba aparte gelditu da oraingoz.

Eta argi dago zergatik. Araba jaurerrien lurralde bat zelako batez ere. Lurraldearen parte handi bat, hiribilduak eta biztanleak barne, nobleen jurisdikzioaren azpian zegoen.

Gipuzkoan berriz ez zen horrelakorik, eta Bizkaiko Jaurerriak ere ?Haroko etxearen mende lehenbizi eta Koroaren mende gero?, oso ezaugarri bereziak izan zituen. Ezaugarri horiek kontuan harturik, Arabak antz handiagoa zuen Koroako beste lurralde batzuekin bi probintzia horiekin baino. Gasteiz ?Arabako Erdi Aroko gune nagusia?, eta beste hiribildu txiki batzuk dira erregeren eskuko euskal lurrekin parekotasunik duten gune bakarrak.

XV. mendean garrantzi handiko gertaera bat izan zen Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren eraketan. Orduan sortu ziren, Hermandadeen ekimenez, gaur egungo Batzar Nagusiak eta Diputazioak. Izan ere, Hermandadeak sendotu eta, gainera (eta honek sekulako garrantzia izan zuen), erregearenboterearen ordezko gobernu erakundeak bihurtu ziren orduan, zein bere lurraldean.

Gertaera hori baina ez zen lurralde guztietan batera eta indar berdinez gertatu.

Bizkaia, Jaurerriak Erdi Aroan zuen antolamendua zela-eta, atzeratua ibili zen horretan. Hermandadea 1394an sortu zen, baina ez zegoen soilik bertako biztanleez osatua, Bizkaiko etxe noble nagusiek ere parte hartzen zuten, mendean zituzten gizonen ordezkari gisa. Feudoak eta basailuak izatea oztopo zen lurraldearen administraziorako.

Bizkaia, gainera, hiru eskualde berezitan banatua zegoen, eta horrek zaildu egiten zuen lurralde osoa interes bereko entidade batera biltzea. Bizkaiak beharbeharrezkoa zuen lurraldearen batasun politikoa, baina ez zuen XVI. mendeak aurrera egin arte lortu, alegia hiribilduen boterea Lur Zabaleko leinuena ezkutatzeraino handitu zen arte. Bizkaiko Hermandadea Gipuzkoa eta Arabakoa baino beranduago sortu zen, baina antzeko ahalak izan zituen. Bi aurrekari garrantzitsu izan zituen: Chinchillako kapitulazioa (1487) eta Foru Berria (1526-1527). Izan ere, handik hara leinu ordezkariak ez baizik eta lurralde ordezkariak joan ziren Jaurerriko Batzarretara.

Araban eta Gipuzkoan Bizkaian baino lehenago sortu ziren lurralde osorako gobernu egiturak. Baina Batzar Nagusiak eta Diputazioak sortzeko baldintza bat bete behar zen nahitaez: tokian tokiko erakundeak kontrolatuko zituen gizarte talde homogeneo bat egotea. Hiribilduak, bai erregearen eskukoak ?Gipuzkoaren eta Gasteizenkasuan?, bai jaunen mendekoak ?Arabako gehienak?, eta batez ere hiribilduetako eliteak, izan ziren Batzarren eta Diputazioen antolatzaile nagusiak. Gipuzkoan 1397an eta Araban 1463an eratu ziren Hermandadeak.

Bai batzuetan bai besteetan agintetik baztertu ziren hiribilduen gobernuaz kanpo zeuden guztiak. Araban nola Gipuzkoan, eskualde guztiek, hiribilduek eta herrixkek, zein bere barrutiko ordezkariak hautatzen zituzten: alkate bat, ordenaz eta segurtasunaz arduratzeko, eta prokuradore bat edo bi, Hermandade Batzerretan parte hartzeko. Lurralde osoko biztanle guztien interes komunak gobernatzea eta babestea zen haien zeregina.

Handik hara, Batzar Nagusiak arduratu ziren legeak egiteaz errege-erreginen izenean; beren ordeztuen eta gobernu organo zentralen arteko bitartekari bihurtu ziren.

XV. mendearen bukaeraz gero, azkar handitu ziren erakundearen ahalak, bai lege kontuan, bai justizian, zerga politikan eta are, inoiz, nazioarteko politikan ere.

Batzarretatik gobernu organo mugatu bat sortu zen gobernuaz arduratzeko Batzarrik gabeko aldietan. Eta horrela eratu ziren Arabako eta Gipuzkoako Diputazioak, hiribilduetako eta herrixka multzoetako prokuradoreen artean hautatutako Diputatu Nagusi baten lehendakaritzapean.

XVI. mendearen hasieran Diputazioak eta Batzar Nagusiak batera gobernatzen zuten bi probintzia horien bizimodua. Bizkaia urte batzuk geroago gehitu zitzaion gobernuaren lurralde antolamendu horri.