Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Erdi aroa - Gizartea

Feudalismoaren aurreko gizartea (VIII-XI. mendeak)

San Julian Astreakoaren ermita bisigotikoa, Zalduondo (Araba).<br><br>

Erdi Aroan gizarteak izan zuen bilakaera aztertzeko hiru atal bereizi dira gai honetan, denbora tarte aski luzea hartzen baitu. Lehenengo atalari dagokionez –feudalismo aurreko garaia– ez dago iturri asko, baina euskal gizarteak garai hartan Europan ziren azken Antzin Aroko gizarteen ezaugarri beretsuak dituela esan daiteke. XI. mendean garrantzi handiko aldaketa gertatu zen, iraultza feudal deritzona, eta aldaketa haren ondoren feudo-basailutzazko harremanetan oinarritu zen gizartea. XII. eta XIII. mendeetan gizarte hura sendotu zen, baina XIV. mendean gizarte harremanen krisia nagusitu zen. Feudalismoaren lehenengo krisia hark XIV. mede guztian eta XV. mende ia guztian iraun zuen, baina haren ondoren eraberriturik atera zen gizartea, feudalismo aurreratua edo zentralizatua edo Estatukoa deitzona sortu zen. Azterketa orokor honen baitan gertaera bereziago batzuk ere azaltzen dira, adibidez, Bandoen arteko liskarrak, Durangoko heresia, etab.Goi Erdi Aroko edozein adituk, Iberiako Penintsulako gizartearen eta espazio historikoen azterketa, eta, zehatzago, gaur egungo Hego Euskal Herria osatzen duten lurren azterketa egiterakoan, nahitaez, Alfontso III.aren Kronika delakoan ageri den lekukotasun garrantzitsua gogoratuz beharko du hasi. VIII. mendearen erdialdean Asturiasko errege Alfontso I.ak egin zituen gerra kanpainak aipatzen ditu kronika horrek: (errege hark), “bere armadari sarritan aurrera eginaraziz, gerraz hartu zituen hiri asko, hau da: Lugo, Tuy, Porto, Anegia, Braga metropolikoa, Viseu, Chaves, Ledesma, Salamanca, Numantzia, orain Zamora deritzana, Avila, Astorga, Leon, Simancas, Saldaña, Amaya, Segovia, Osma, Sepulveda, Arganza, Oca, Miranda, Revenga, Carbonarica, Abeica, Cenicero eta Alesanco, eta gazteluak beren hiribildu eta auzoekin, eta horrez gainera arabiarrak hil zituen ezpataz, eta berekin eraman zituen kristauak aberrira”.

Suntsiketa kanpaina horien ondoren, Kronika horrek berak adierazten digu nola garai hartan “jendeztatu ziren Asturias, Primorias, Liebana, Trasmiera, Sopuerta, Carranza, Barduliak, orain Gaztela deitzen direnak, eta Galiziako itsasaldea; izan ere, gauza jakina baita Araba, Bizkaia, Aizone (Araia) etaUrduña beren biztanleen esku egon direla beti, Iruñea eta Berrueza bezala”.

Bi kronika horiek, azken finean, gizarte eta lurralde desberdinez mintzatzen dira, baina halako lurralde izatasun bat, eta desberdintzat jotzen den izatasun oinarrizkooinarrizko bat, emanez; izan ere, eremu horiek, hala Trasmiera, geroago Enkartazioak izango zirenak eta Gaztela, “jendeztatu” egiten dira, eta beste batzuk berriz, hau da, Araba, Bizkaia, Aiara, Urduña, Iruñea eta Berrueza, “beren biztanleen esku egon dira beti”.

Ez dago ordea hain garbi errealitate horiek zer-nolakoak ziren VIII. mendearen hasiera aldetik IX. mendearen bukaera edo X.aren hasiera arteko bitartean; izan ere, badirudi X. mende inguruan aginpide politiko nafarra, astur-leondarra eta gaztelarra zein bere lurrak mugatzen hasten direla pixkana-pixkana. Eta ezjakintasun horren arrazoi dira, lehenbizi, eremu horiei, eta Erdi Aroko lehen mendeei dagokienez, eskura ditugun iturrien pobretasun eta eskasia, bigarren, parte batzuei eta besteei buruzko albisteen desoreka, eta, hirugarren, penintsulako iparraldean mamitzen ari ziren aginpide politikoek hartzen zituzten barrutien gorabeherak. Joan gaitezen beraz parteka.

 

Aginpide publikoak: erregeak, kondeak eta senioreak

Iruñeko aginpide politikoa, Javier Fortún eta Carmen Jusuéren arabera, ez zen erabat mamitu X. mendearen hasiera arte.

Hala ere, IX mendean jadanik egin ziren aginpide hori osatzeko behar ziren urratsak; izan ere, aitoren semeen leinu bat (Iñigo Aristarena) nabarmendu zen besteen gainetik: lurraldearen gobernua bere gain hartu zuen, uko egin zion karolingiar inperioaren mendeko izateari, eta Kordobako urruneko aginpidearen babesa onartu zuen, eta Kordobak, aldez aurretik fikaturiko zergak ordaintzearen truke, praktikan, aginpide politiko autonomoa eman zion.

Alabaina, Iruñeko erreinuak, erreinu gisa, Antso Gartzea I.ari (905-925) zor dio izatea; izan ere, hark “finkatu zuen, eta itzulbiderik gabe osatu, Iruñeko erregetza; lur euskarri egoki bat eman zion, 250 km luze, edo gehiago, zena (Errioxako mugetatik, erdialdeko Pirinioetaraino); eta Ebroren ibarraren erdialdea berreskuratzea eta egituratzea helburu zuen batasun politiko bat gauzatu zuen”, “Hispaniaren errekonkista eta berriz jendeztatzearen” egitarauaren kariaz. Asmo hori bera zuen, azken finean, astur-leondar monarkiak, gauza izan zelarik menderatzeko eta “berrantolatzeko”, Asturiastik abiatuta lehenbizi eta Leondik gero, Kantauri itsasoaren eta Duero ibaiaren arteko espazioa, hurrenez hurreneko aldietan, Duero ibaian muga finkatu zuen arte (912); Munio Nuñez kondeak jendeztatu zuen Osma, eta Gonzalo Fernandez kondeari berriz (geroko Fernan Gonzalezen aita bide zenari), egozten zaizkio Aza, Clunia eta San Esteban de Gormazeko plazen “jendeztatzea”, Annales Castellanos delakoan kontatzen denaren arabera.Astur-leondar eta iruindar monarkiak, dirudienez, bisigodoen tankerak beretuz osatu ziren, joera historiografiko berriak berreskuratzen saiatzen direnak (E. Pastor; J.J.

Larrea). Bisigodoen usadioen arabera, erregea buruzagi militarra da, fede kristauaren defenditzailea musulmanen kontra, eta justizia iturria. Erregearen aginpideak ez du gainekorik, eta aginpide hori aldi berean da gizonen gainekoa eta menderatzen duen lurren gainekoa, eta gizon kopuru txiki baten laguntza du horretarako: kondeak, baroiak eta jaunak dira; haien leinuek herentziazko aristokraziaren elitea osatzen dute, eta elite hori da lurraren jabe eta gerraren protagonista.

Eta eskema teoriko horretxen arabera ulertu behar da –frogatua baino areago ideala, gaurko eusko-nafar lurraldeei dagokienez–, une hartan eremu horretan interesik izan zuten bi monarkia hispaniar-kristauek jokatu zuten papera. Azken finean, Iruñeko erreinuaren lehen gune sortzailea, eremuz ez baitzen handia, ez zen konderritan banatu beharrik izan, Asturias-Leongo erreinuan gertatu zen bezala. Izan ere, eremu horretan, tamaina zela-eta, konderri gaztelau de facto “independente” bat sortu ahal izan zen X. mendearen lehen herenetik bertatik, herentziazkoa gainera Fernan Gonzalezen oinordeko gizonezkoen artean, azken oinordeko gizonezkoa hil zen arte (1029); erreinua orduan Antso III.a Handia nafar errege ahaltsuaren eraginpeko eremu bihurtu zen. Izan ere, Leongo erreinutik Pirinioetako konderrietaraino hedatzen zen Antso III.a Handiaren aginpidea eta eraginkortasuna.

Errege Europazalea zen, eta bere herentzia eztabaidatuan, Nafarroa, erreinuaren sorburua, seme nagusiaren esku utzi zuen (Gartzea); bigarren seme Fernandoren esku, Gaztelako konderria, laster erreinu bihurtuko zena; erreinu berri bat, Aragoiko koroaren buru izatera iritsiko zena, utzi zion sasiko seme Ramirori; eta Sobrarbe eta Ribagorza, Gonzalori.

Data hori arte (1029/1035), aski desorekatua da gaur egun Hego Euskal Herria izan zitezken lurraldeei buruz eskura daukagun informazioa. Horrela, Araban, IX. mendearen bigarren erdian Vigila Jiménez konde zela dio historiografia tradizionalak hainbat kroniketan kontatutakoan oinarriturik, baina historiatik desagertu eta bere oinordekoek ez zuten batere aginpiderik heredatu. Arabako konde titulu hori galdu egin zela dirudi, Munio Velazekin berriz agertzen den arte, behin bakarrik, Espejon egindako epaiketa baten berri ematerakoan.

Ez dakigu halere zenbat denboraz izan ote zen konderriko buru; izan ere, Albeldako Kartularioko nafar dokumentu batean (931), Alvaro Herramelliz aipatzen da Arabako konde gisa, eta hurrengo urtetik aurrera berriz Fernan Gonzalez aipatzen du dokumentazioak Gaztela eta Nafarroa osoko konde zelakoan (Martinez Diez).Alabaina, hainbat lur sailen batuketaren emaitza gisa ageri da egun Araba den lurraldea; egile batzuek, García de Cortázarrek adibidez, bost Araba bezala definitu dituzte sail horiek: Nerbioi ibaiaren ibarra, Baia ibaiaz mendebaleko Araba, geroko Trebiñoko konderria, Biasteriko lurra edo Arabako Errioxa, eta Lautadako Arabako edo hasierakoa. Nolanahi ere, ondorio soziopolitikoei dagokienez, bitara bil daitezke: hasierako Araba eta haren mendi inguruak, eta Errioxa arabarra, edo Araba gaztelaua.

Martínez Díezentzat, Baia eta Nerbioi ibaietatik Deba eta Urola ibaien banalerroraino hedatzen zen Fernan Gonzalezen Araba, eta Kantauri itsasotik Ebro eta Toloñoko mendietaraino. Hortik kanpo geratzen ziren Arabar Errioxa eta Lantarongo konderria.

Azken hori, Fernan Gonzalezek bateratu zituelarik usadiozko jabetza guztiak, Gaztelakoaren barne zen; Nerbioi, Kadagua eta Baia ibaien urak ziren bi konderrien arteko mugak.

Egile horrek berak dioenez, “Fernan Gonzalezen aurreko Araba (932), haren eta haren ondorengoen bidez Gaztelako konderriari loturiko Arabako konderria zenez gero, ulertu behar da, Errekonkistaren lehen lau mendeetan, itsasoraino heltzen den Araba baten modura, Araba bera, Durangaldea eta Deba ibaiaren arroko mendebaleko Gipuzkoa denak batera hartzen zituena”.

Hala ere, X. mendearen azken bi hamarraldietan jadanik antzematen da Nafarroak hasierako Araban zuen eragina. Donemiliagako liburutegian gorde den auzi bat da horren lekuko; San Bizenteko Akostakoari dagokio, eta 984. urtean Iruñeko erregeak ebatzi zuen; idazki horretan hari ezagutzen zaio, besteak beste, lurralde horien gaineko aginpide politikoa: Regnante Sancio rex in Pampilona, comite Lupe Sarrazinez in Divina, Aurovita Didacoz in Estivaliz, Alvaro Sarraziniz in Murielles, saione de comite Murio Balza…, comite Garcia Fredinandiz in Castella. Gerta daiteke, García de Cortázarrek adierazi zuen bezala, nafarren eragina zabaltzea, bitxia badirudi ere, Fernan Gonzalez Gaztelako eta Arabako konde zen garaian (970 arte), izan ere, bi nafar infantekin ezkondu baitzen hura.

Zailago gertatzen zaio Martínez Díezi arabar konderriak Nafarroarekin Gipuzkoako partetik zituen mugak zehaztea, ez baitago 1025. urtea baino lehenagoko lekukotasun sinesgarririk. Une horietan ordea, Antso Handiak, de facto, zabaldua zuen bere inperioa Pisuerga ibairaino, eta ez zuen askorik falta Gaztelako konderria Nafarroako monarkiarekin biltzeko (1029). Nolanahi dela ere, 1025ean sartzen da Gipuzkoa historian, eta, dirudienez, Nafarroako aginpidearen eremuari loturik, Olazabalgo San Salbadorko monasterioarenoparia San Juan de la Peñakoari egin zitzaioneko dokumentuetan ageri denez: Sancio rex regnans in Pampilona et sub imperio senior Garcia Acenariz de Ipuscoa.

Dokumentu falta berbera dago, VIII.. endearen erdialdetik 1051 arte, Bizkairako, alde batera uzten baditugu hainbat elezahar, hala nola Jaun Zuriarena edo Momoren existentziarena, hau da, X. mendearen lehen laurdenean Bizkaiko konde izan zenarena. Don Iñigo edo Eneko Lopez da ordea Bizkaiko lehen konde historikoa; bere emazte Todarekin batera, Busturiako Axpeko Santa Mariaren monasterioaren gozamenaren opari egin zion Arabako gotzainari, baldin eta bera hiltzean Donemiliaga Kukulako monasterioari ematen bazitzaion.

Badirudi, garai hartan, Bizkaiko Eneko Lopez kondea nafar erreinuko pertsona nagusi bat zela; izan ere, Gartzea Naxerakoaren aginpide politikoa aipatzen baita bere oparian, rex in Pampilona, in Castella Vetula et in Alava delakoan, eta modu berean, Bizkaiari dagozkion garai bereko lekukotasunetan, Gartzea regnante in Pampilona et in Alava et in Bizcaia gisa ezagutzen da, eta Eneko Lopez kondea berriz rector in illa patria que dicitur Vizcaia et Durango moduan.

Ikus daitekeenez, Arabaren gainean Nafarroak zuen eragina Arabako lur guztietara hedatu zen pixkana-pixkana. Antso III.a Handiaren heriotzekoan argi ageri da eragin hori, Naxerako Gartzea seme nagusiaren esku utzi baitzuen Iruñea eta Naxera, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, eta Burgosko mendien parte baten (itsasoraino), gobernu zuzena.

Egia da lurralde horietako parte handi bat galduko zuela Nafarroako erreinuak Atapuercako galeraren ondorioz, 1054an, Iruñeko erregea bere anaia Fernandok, orduan Gaztelako errege zenak, hil zuenean.

Era berean, beste anaiarteko borrokaldi batek, Peñalengoak (1076), garai hartako erreinu hispaniar kristau ahaltsuenaren desagertzea ekarri zuen (1076), Iruñeko monarkia guztiz barreiatua geratu zelarik. Haren ondorioz, Ebro ibaiaren iparraldeko Nafarroa Aragoiko erreinuaren mende geratu zen, eta Errioxa, Gipuzkoa, Bizkaia etaAraba Gaztelako erreinuaren baitan txertaturik.

Baina, ororen aurretik, zer dakigu gaurko Hego Euskal Herriari dagokien lurralde horien gobernuari buruz, garai haietan han gertatzen zenaz? Egia esatera, gutxi, baldin eta ez baditugu beste eremuetara zabaltzen berez nafarra besterik ez den eremuaren gainean egin diren ikerketak (J.J. Larrea), Nafarroako dokumentazioari esker, edo Errioxako kasuaz egin direnak.

Izan ere, García de Cortázarrek bere garaian adierazi zuen bezala, Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako gobernuaz gutxi dakigula esatea, lehen aldi nafar honi dagokionez, gehiegizkoa litzateke. Zeren eta, oso gutxi baitakigu. Konde tituluko pertsona multzo txiki bat, dirudienez, izan zen lur horien buru, Iruñeko eta Naxerako erregearen ordezkari gisa, haiek izan baitziren 1076 arte Nafarroako erreinuko bi hiriburuak. Eta haien azpitik, baziren tenente, senior eta dominante zeritzanak, nonbait, lurrak menderatzeko leku estrategikoetan kokatuak.

Horixe da Eneko Lopez kondearen kasua, hasierako Bizkaiari eta Durangaldeari dagokienez; García Azenariz senior-arena Gipuzkoarentzat; eta Munio Gonzalez comes-arena, Fortun Iñiguez senior-arena edota Munio Muñoz Alavense comite-arena Arabarentzat.

Era berean, ikus daiteke badirela Nafarroan bertan edota Errioxan, aginpide publikoa duten ordezkari horiek, erregearenari buruz hierarkizaturik, X. mendearen bigarren hamarralditik aurrera. Horixe da Iñigo Sanz edota Fortun Galindezen kasua Naxeran, eta Kardiel Blaskonesenea Usunen; Gartzia Lopezena Ruestan, Fortun Blaskorena Funesen, Ximeno Gartzesena Sosen, Ximeno Galindezena Nabaskoizen, Gartzia Ortizena Leguinen, Ximeno Ennekonesena Uharten, Lope Ennekonesena Marañonen, Fortun Sanzena Arlasen, Fortun Oxoizean Meltrian edo Fortun Sanzena Etxaurin, XI. mendearen lehen hamarralditik aurrera.

Alabaina, nola osatu ziren aginte horiek? Nafarroari dagokionez, J.J. Larrearen iritziz, zenbait eskubide eta ondasun publikori esker, zerbitzu eta zerga jakin batzuen ordainketari esker eta justizia banatzeari esker gauzatu ziren aginpide publikoaren oinarri materialak; eta ez da ahaztu behar bazela horren atzetik monarkia iraunkor eta sendo bat, erregearen gizon leial batzuek eusten zutena. Errege hori, Nafarroako kasuan behintzat, gai zen dirudienez, ondare publikoen gaineko ahalmenak zituelarik, lurraldearen gobernuan eta kontrolpean bere ordezkariak bere nahierara izendatu edo postutik kentzeko, auzietan epaile eta bitartekari gisa aritzeko, gerrako protagonista nagusi eta bakearen bermatzaile izateko, eta, elizari zegokionez, eskuzabala eta babes emailea izateko.

 

Aginpide publikoaren eta justiziaren oinarri materialak

Baina, dudarik gabe, monarkiaren indarra, eta haren ahalmena ekarri zuten zutabeetako bat, erregeak, jabe gisa, eskura zituen lur eta azienda ondarea zen, erreinuko lur guztietan barrena barreiaturik zegoena, baina historialarioi, gorde diren iturrien kalitatea eta jatorria dela-eta, zail gertatzen zaiguna zehazten. Hala ere, lekukotasun horien arabera, badirudi lur sail, mahasti, etxe, jauregi, monasterio eta eliza, baso, animaliez… osatua zela, hiriez, edo hirien parteez, eta haietan bizi ziren, lantzen eta balioa ematen zieten homines-ez. Azken finean, gizonez eta lurrez. Ahaztu gabe, eskubideen multzoan, batzuen zein besteen eginkizunak eta zergak, bestearen nagusitasunaren ezagutza gisa bete beharrekoak.

Horien ondoan, kontuan hartu behar dira orobat beste ondasun eta eskubide batzuk, berez, aginpide publikoaren banatzeari lotuak diruditenak. Horiek dira, besteak beste, espazio agortu edo lugorrien gaineko eskubidea, edota mendi, baso, belardi, egur, uren gainekoak, eta, jakina, espazio horien erabiltzetik edota haien ustiaketatik letorzkeen errentak, erreinuko leku guztietan: ezkur, belar, larre eta egurren gaineko lizentziak… Buruzagi militar nagusi gisa, eta bakearen bermatzaile zenez gero, soldaduen deia ere erregeak egiten zuen, eta bai zuzenean, bai lurralde gobernuko ordezkarien bidez, gaztelu edo gotorlekuen defentsaz eta zaintzaz arduratzen zen, eta orobat soldadu ez joatearen ordez, beren baldintza soziojuridikoen arabera betetzera behartuta zeudenek eman beharreko zerbitzu, banakako zerga, eta zerga orokorrez: vigilias, facenderas, fonsados, anubdas, huestes… Bakearen bermatzaile, eta epaile eta auzietan bitartekari zenez gero, justiziaren banatzetik sortutako eskubideetan parte hartzen du erregeak, eta, horrez gainera, concilia edo biltzar nagusien buru ere izaten zen, baroi, gotzain, abade eta errege familiako kideen lehendakari gisa. Abatetxe handien arteko auziak bideratzen zituen, eta orobat jaun eta laiko, errege eta apezpiku, eta nekazari taldeen artekoak.

Eta, onura handiak zerkartzaten eskubide horiekin denekin batera, ezin dira ahaztu, beren transzendentziagatik, batez ere erreinua urbanizatzeko ahaleginen ondoren, hainbat bide publikoren kontroletik zetozkion diru sarrerak, hala nola trafikoaren eta gizon eta salgaien joan-etorrien gaineko zergak, portazgo, teloneo, merkatu eta beste.

 

Aristokrazia eta aristokraziaren oinarri ekonomikoa

Aristokrazia, J.J. Larreak adierazten duen bezala, talde txiki bat da –ondo ezagutzen ez dena–, erregearen ondoan, haren ingurua osatuz, agertu ohi dena, eta, itxuraz, erregearengandik sorturiko potestas-en parte hartzen duena. Tratu sozial berezia zor zaien pertsona batzuek osatzen dute aristokrazia, tratuak halako noblezia kutsu bat emango balie bezala: princeps, potestas, viro nobile, senior, domna edo dominus etab. dira. Bereizkuntza tratua da, errege familiako kide direnekin lotua ageri ohi dena, eta orobat administrazioan karguak dituztenekin, gobernu eta zuzenbideko karguak dituztenekin, edota odol nobleziako halako kontzientzia duten pertsonekin lotua. Nobleziarena zehazten zaila den kontzeptua baldin bada ere, iragan erromatar bisigodoan izan ditzake sustraiak, eta kargu gorenak betetzeari loturik egon; izan ere, astur-leondar erreinuaren kasuaz ari dela S. de Moxók seinalatzen duen bezala, gobernuan eta administrazioan parte hartzea zen nobleen taldearen garapenaren arrazoietako bat.

Aristokrazia, era berean, kohesioa soberano baten mendekotasunean oinarritua duen talde soziala da (eta soberano horren aginpidea gorena eta eztabaidaezina da), eta, hein handi batean, baita errege familiaren inguruan sorturiko gizarte eta ahaidetasun harremanen jokoan ere.Zailago da zehazten, gure iturrien kalitatea eta sorburua dela-eta –monasterioetako dokumentuak dira batez ere–, zein zen, eta nolakoa, aristokrazia horren oinarri ekonomikoa eta materiala; badirudi nobleek aski aginpide handia zutela ondasun eta pertsonen gainean, eta orobat, erreinuko barruti eta gazteluetan, erregearen aginpide publikoaren ordezkari eta zaindari moduan.

Antso III.a Handiaren erreinaldia arte dagoen dokumentu falta gorabehera, aristokraziaren jabetza, dirudienez, lur ondasun bakan eta barreiatuek osatzen zuten, zenbaitetan oso sakabanatuak zirela, agian herentziaren banaketa jarraituengatik. Hala ere, ikuspuntu hori eztabaidatu egiten dute zuzenbideko espezialistek, era askotako eskubideak baitziren, desberdinak lekuen eta aldien arabera (oinordekotza eskubideak, familia eta ahaideen eskubideak, etorkizuneko maiorazkoa, etab.).

Ondasun horiez gainera, zeinak transferentzia egitean eta besterentzen direnean –gutxitan– agertzen baitira historia iturrietan, etxeak, domo-ak eta jauregiak badirela ere ikus daiteke. Horietxek bide ziren bizilekua, eta ondasun sakabanatu haien –lurrak, sailak, mahastiak, baratzeak, errotak…–, ustiaketa gunea, eta artzaintzan eta basogintzan erabilitako espazioen gainean erabakiak hartzeko lekua (gure dokumentuetan izen hauekin agertzen direla: montes, fontes, pratos, pardinas, bustos, dehesas, etab…). Azken espazio horiek, guztiz interesgarriak aristokraziarentzat, oso estu zeuden lotuak, ikerketa lan askok eta askok frogatu dutenez, artzaintzarekin eta espazio handietan eta erreinu osoan barrena ziren transhumantziako bideekin.

Aristokraziaren ondarea nola osatu zen ikusteko, frogatutako kasu batzuk, denboran tartekatuak, gogoratzea da egokiena.

Horietatik, lau aipatuko ditugu: Arroncius jaunarena, Diego Portzelos kondearena, Oveko Diazena, Eneko Lopez bizkaitar kondearena eta Oriol Iñigez senior-arena.

Arroncius jaunak bide zeukan jabetza, bere ahaide taldearekin batera (Tello semearekin, dompno Vitulo ilobarekin, dompna Octavia dompno Bivere gotzainaren amarekin…), Akostako San Bizenteko monasterioaren alde 871. urtean, hasierako Araban, egin zuen opariari esker ezagutzen dugu. Monasterio horri eman zizkioten opariz, kide gisa, Santa Grazia eta San Martingo elizak Estabeluko hirian, beren aitona-amonen jabetza ziren leku eta ondasunekin; horiez gainera beste hamasei eliza, zein bere ondasunekin (Argantzungo Santa Maria de Hoz, Gaunakoa, Letonakoa cum exitus et agros, molinos, ortales; eta San Salbador, eta San Ziprian eta San Roman cum pertinencio… eta Santa Ageda eta San Azisklo, eta San Emeterio eta Zeledonio… cumsuas hereditates). Hori guztia adierazpen ageriko batez, seniores et prinicipes terre et omnes populi; bestalde, monasterioa era honetan azaltzen zuten “itun eta betekizun orotik aske eta libre, ez baitio eman behar ezer inori, ez bada erregeari eta lurraren kondeari”.

Izan ere, sarritan aipatzen dira bi aginpide politiko horiek garai hartako dokumentuen onespenezko ataletan, baina hala ere zaila da jabetza pertsonalaren osagai guztiak eta jabetza horren zenbatekoa zehaztea.

Nolanahi ere, zenbait interes ekonomikorekin lotu behar dira, hala adibidez Diego Porcelos kondearen kasuan; izan ere, hark, IX. mendearen azken herenean, monasterio asko afiliatu zituen Aiarako bailaran Okako San Salbadorren alde, haren zorrak espreski barkatuz (decimos, id est, CC.LX.VIII 0 baccas, X l. III a equas, LXXXV porcos et LXXX.III capras, XVI cavallos et VII mulos et uno asino per ad equas, eta horrez gainera, baita silvas eta dehesas ere).

Era berean, Okako mendien bazkalekuen eta egurren baliatzearen opari egiten du, eta bederatzi bacarizas sive de porcos sive per oves sive per baccas ematen ditu. Eskortak edo tegiak ziren horiek, ganadua biltzeko, Goi Aragoin zirenen antzekoak.

Aristokraziako jabetzak osatzen zituzten osagaien beste adibide adierazgarri bat da Diego Beilazek, 952. urtean, Donemiliagako Errioxako monasterioaren alde egin zuen emaitza, han hilobia aukeratuz, eta, bere anai-arreben artean, berari zegokion partea emanez: emaitza orokorra da, in sernas, in terras, in vineas, in ecclesias, in manzanares, in ortos, in pratos, in montibus et fontes…, erantsiz, Araban, bere homines guztien emaitza egiten dutela, oso-osorik. Guztira, 41 izen desberdin dira, etxeei loturiko pertsonenak, eta Arabako hamar bat auzoetan banatuak (Angelu, Urbina, Cogahan, Loriga, Beguhera, Erentana, Urna, Uribarri, Lekere eta Nazere). Homines horiek, zenbaitetan casatos modura ageri dira, eta, XII.. endean dokumentua berridatzi zuen Donemiliagako eskribauaren arabera, collazostzat hartu behar dira.

Eta Diego Beilazek Arabako lurretan gizonen eta ondasun jakinen gainean duen ahalmen horrekin batera, era berean jasotzen ditu emaitzak Gaztelako beste ondasun batzuk ere, elizen gaineko eskubidea eta bere laurdena Salinasen, divisa duela mendi, belardi, iturri, sarrera eta irteeren gainean. “Libre eta aske” ematen dizkio ondasun eta eskubide horiek, menderen mendetan, Donemiliaga Kukulari.

Badira beste datu batzuk, aristokraziaren ondarearen sorrerari buruzkoak, XI.. endean, eta, milagarren urtearen muga igarota, horren berri ematen digu Eneko Lopez bizkaitar kondeak dituen ondasun eta eskubideen zerrendak. Zehatz-mehatz, kondeak,bere emazte Todarekin batera, 1051.. rtean Arabako apezpikuaren alde egin zuen emaitza da, itsasoaren ondoan dagoen monasterio baten gozamena eskaintzen zuena: Busturiako Axpeko Santa Maria, bere lur eremuarekin (Baretzi zuen izena), eta Busturiako hamarrenarekin, hala nola “berak, bere seme-alabek eta bere ilobek Busturian irabaz zezaketenarekin”, bera hildakoan, hori dena Donemiliagako monasterioaren zerbitzura jartzeko baldintzarekin.

Hala ere, apezpikua bizi zen artean, eskubide izango zuen bere lur, arrantza leku eta fruitu arbolak bere nahierara erabiltzeko.

Horren truke, apezpikuak ematen zizkion Santa Mariako monasterioari Udai Balzaga, Lumo, Gernika, Gorritiz, Bermeo, Mundaka eta Busturiako tercias direlakoak. Besterentze horren lekuko eta onesle izan ziren Naxerako Gartzea erregea, Iruñeko eta Naxerako apezpikuak, Mungia, Bolibar eta Abadiñoko abadeak, eta Arratia, Barakaldo, Berango eta Etxebarriako jaunak diruditenak.

Azpimarratu beharreko azken adibide bat Juan José Larreak Oriol Iñigiz eta haren emaztearen testamentuaren gainean egindako azterketari esker ezagutzen dugu.

Hauxe da nafar lurretan ezagutzen den lehen testamentua, 1059. urtekoa, erreinu berriko eliteko kide aragoitar bati dagokiona; kide horren esku egon ziren 1042 eta 1068 artean Siresa, Aguero, Murillo eta Senegueko jabetzak. Ondare hori, seguraski, Antso III.aren garaian osatu zen, nafar monarkiaren mende zegoenean Aragoi.Ondare hori ondasun higigarri guztiz aberatsez osatua zegoen (urre andalusi eta bizantziarrezko diruak, zilarrezko edalontziak, Sortaldeko sedazko estalkiak, tapizak, brodatuak, zilarrezko gerrikoak… eta hornigai militar asko), bi edo hiru egoitzetan banaturik, eta hainbat lurrez, Jacako inguruetan, Erronkari eta Longidako nafar ibarretan eta Agueron banaturik. Horixe izan zen bere jabetzen administrazio gunea, han baitzituen bost etxe. Horrez gainera, bazituen mahastiak, Olatzen eta Asieson, etxeak eta lurrak Artajo, Burgi eta Eskaberrin, eta abereak ere bazituen.

Azken finean, alde batetik, 30 km-ko erradioko eremu batean, eta, bestetik, Nafarroa eta Aragoiko mugaren artean sakabanaturik dauden ondasunak dira, zailak neurtzen eta balioztatzen; bestalde, askotan zatikatu ziren ondasun hauek, San Joan de la Peña eta Urdaspalgo San Salbadorren alde egindako herentzia banaketak eta opariak zirela-eta; hala ere, erraz asmatuko da izango zituela irabazi fiskalak eta baita judizialak ere, aginpide publikoan esku hartzeagatik zegozkionak.

Aipaturiko bost adibideek balioko digute, behintzat, aristokraziaren interes ekonomikoei buruzko ideia bat izateko, eta haren ondareen osagai batzuei buruzkoa. Hala ere, oso zaila gertatzen da garai hartako fortuna laikoen, haien osakera, tamaina eta ustiaketa sistemen ezagutza iristea.

Nolanahi ere, datu asko ematen ahal dizkigu elizaren jabetza eta jaurerrien osakera eta sendotzeari buruz dugun ezagutza historiografikoak; izan ere, pentsa daiteke aristokrazia laikoak hobeto jokatu zuela eliz aristokraziak baino. Nolanahi ere, ustiaketa sistema horiek zehazteko egin diren zenbait saiok eskaini digute emaitzarik, eta argigarri gertatu zaizkigu fortuna laiko horietako batzuen osakeraz eman diren adibideak, homines, collazos, casatos… aipatzen dituztenak. Eta, jakina, espezialisten arteko eztabaida bizi batera garamatza horrek: izan ote zen, ala ez, nekazarien esklabotasunik, joputasunik edota mendekotasunik.

Gai hori dela-eta, 812. urtean Alfontso II.a asturiar erregeak Oviedoko katedralari egindako oparia aipatzen da beti; esklabo talde baten oparia da, eta izenek euskal jatorrikoak dirudite: Eneco, Galindo, Centullo, García…; dokumentu hori bai kristauak joputasunean sartu ahal zitezkeela, bai astur erreinuak baskoi lurraldeetan eragina bazuela frogatu nahi dutenek aipatzen dute, batez ere. Eta hori, iparraldeko herrien eta mendiko gizonen ustezko independentzia gorabehera.

Alabaina, gauza da, lekukotasun hori izan ezik, eta bazter utzita Diego Beilazek Donemiliagari X. mendearen erdialdean oparitutako 41 casato arabarrak, ez dagoela eusko-nafar eta gaztelar lurretan esklaboakbazirela adierazten duen dokumentuzko lekukotasunik, P. Bonanassiek gehiegikeriaz pentsatu duen bezala.

Are gehiago, J.J. Larreak adierazi duen bezala, Nafarroan esklabotasunari buruz gorde diren dokumentuek zeharka ukitzen dute gaia; izan ere, gortearekin loturik zeuden esklabo domestikoez baitihardute, alegia, konkubinez eta eunukoez.

Bizkaia eta Gipuzkoako kasuetan ordea, ez dago esklaboak izan zirela frogatzen duen lekukotasunik; bestalde, lurralde horietan dokumentaturik dauden maila sozialak, latin terminologiaren arabera, condes, seniores, milites, homines eta collazos delakoetara mugatzen direla dirudi. Eta, Arabako kasurako, dokumentuetan ageri diren casatos horien balioa behar bezala mugatzeaz gainera, ezin da ahaztu X. mendearen erdialdean ez zirela oso ugariak maila sozialak; izan ere, jaun handiak besterik ez dira ageri Baia ibaiaren mendebalean, hala Gaztela eta Arabako kondeak eta Valpuesta eta Arabako apezpikuak, abade batzuk, presbiteroak eta gasalianes direlakoak; hasierako Araban berriz, aldi horretaraino, “seniores et populus” orokor bat ageri da beti, eta horiei, denborak aurrera egin ahala, erantsiko zaizkie casatos, collazos, eta beste pertsona batzuk, kalifikazio sozialik gabeak.

Eta maila sozial berri horietxek dira, hain zuzen ere, oro har eta bazter utzita maila bakoitzaren jatorrien arteko desberdintasunak, mendeko izatera igaroko diren gizonak, gero eta lotuagoak lurrari eta egoitza edo etxeari, haietan hartuko baitute bizilekua, arau eta betebehar feudalak gauzatu ahala; eta mendeko gizon horien gainera joango da ondasunen ustiaketaren eta zerga berrien zama, azken finean Diego Beilazen emaitzak nolabait ere aditzera ematen duen bezala.

Errege, konde, jaun, homines, collazos eta casatos horien bitartez marraztu dugu oraino Goi Erdi Aroko piramide soziala.

Baina, feudalismoaren aurreko gizarte horretan,baina hierarkizaturik, ez al zegoen nekazari librerik, baratze, labore edo mahasti sail txikien, eta etxe edo familiaren egoitzaren jabe?

 

Nekazari libreak

Funtsean, azken hori litzateke garai hartan Gaztelako lurren parte ziren Araba mendebalean bizi ziren gizonen nolakotasuna.

Biztanle horiek dira iturriek honela definitzen dituztenak: “Gizonak eta emakumeak, zaharrak eta gazteak, handiak eta txikiak”, komunitate baten parte direlako kontzientzia dutenak, eta ordezkaritza eta gobernu erakunde bat badutenak, concilium-a, eta interes komunak, komunitate horretako kide ez direnen aurrean defenditu beharrekoak, dituztenak.

Egoera hori oso ondo argitzen digu Berbea, Barrio eta San Zadornilgo kontzilioak (mila urtearen inguruan egin zen); hango biztanleek, bilau eta infantzoi, denek batera adierazten dute Gaztelako kondeen, Valpuestako apezpikuaren eta beste gizon zintzo batzuen aurrean, salbuetsiak direla homizidio, haragikeria, calda eta errege sayonik edo merinorik komunitatearen barrutian sartu izanagatik zerga ordaintzetik; bestalde, hango auzoak libre zeuden gauzak indarrez eskatzera etorri ohi zen homiciero edo potestatem delakoaren sarreratik.

Seguraski, egoera hori bera, edo antzekoa, adierazten du 1025eko dokumentu famatuak (“La Reja de San Millán” izenaz ezagutzen den dokumentuak); dokumentu horrek dioenez, Arabako erdialdean baziren hirurehun gune jendeztatu baino gehiago, hogeita bi barrutitan multzokaturik. Espezialista askok aztertu dute dokumentu hau, bakarra baita mota horretakoa, alegia, auzo eta hiriez beteriko mundu batez mintzatzen zaiguna, eta XI. menderako jadanik osatua zegoen biztanle sare batez. Bestalde, J.J. Larrearen ikerketen arabera, lotua dago Nafarroako dokumentuetan ageri direnekin.

Hala bada, biztanleriaren eta nekazarien bizimoduaren oinarrizko guneak dira hiriak eta auzoak; bestalde, hirien jatorri askotarikoak, aldi berean, askotariko bizitza, produkzio eta ustiaketa espazio antolamenduak sorrarazi zituen, eta harreman, solidaritate eta inposizio espazio bat gauzatu zuten, horietxek baitira erreinuko administrazio antolamenduaren oinarrizko unitateak.

Horiek dira beraz nekazari libretzat har genitzakeen gizonak mugitzen diren espazioak, dokumentuetan era desberdinez izendaturak ageri direnak, eta bizi baldintzak aginpide feudalaren erritmo desberdinek gauzatuak dituztenak, leku eta garai desberdinen arabera.