Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Erdi aroa - Ekonomia

XV. mendeko zuzperraldia eta nekazaritzaren hazkundea.

Laborantza sistemen berreraketa eta berrantolakuntza

Aztertutako lurraldean, Europa eta penintsulako gainerakoetan bezala, berehalaxe zuzpertu zen nekazaritza. Zenbait eskualderen gorakada azkarra eta iritsi ziren biztanleria gailurrak ezingo lirateke bestela ulertu. XIV. mendearen azken urteetan hasten dira nabaritzen berrindartzearen lehen zantzuak: elizak eraiki edo handitu, eta parrokia berriak bereizten dira; lurraldeengatiko auziak ?baserri auzoen artean, mendi edo herri sailengatik, edota, baserri auzo eta hiribildu edo hirien artean, luberriak liskarbide zituztela?; hustutako herrietara bizitzera joatea; hiribilduak haztea, aldiriak edo harresiez kanpoko auzoak sortzea, etab. Zantzu hauek egungo Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroan hedatzen dira lehen fasean, nahiz eta Nafarroan, XV. mendearen lehen urteetan hasitako demografia eta ekonomia hazkundea etenda gelditu, gerra zibila zela-eta. Beraz, egungo Autonomia Erkidegoko lurrak aztertuko ditugu lehenik, eta aurrerago arduratuko gara Nafarroaren kasuaz.

Arabako lurraldean, Kantauri aldeko ibarretan ?Aiara eta Aramaion?, eta Arabako Errioxan izan ezik, biztanleriaren hazkundeari emandako erantzuna ez zen nekazaritza teknika berriak sartuz edo lur lantzeak areagotuz gauzatu ?hau da, emankortasuna hobetuz?, baizik eta labore lurrak hedatuz, aurreko krisialdian bertan behera utzitako lurrak berriro okupatuz, alegia. Oro har, beraz, Arabaren kasuan esan daiteke, funtsean, aurreko hazkunde aldian garatu eta sendotutako laborantza sistema berreratu baizik ez zela egin.

Luberrietara hedatzea XV. mendearen lehen urteetan hasi zen Lautadaren ekialdean, baina 1450etik aurrera zabalduko zen.Azterketaren batean, hala nola Gasteizko barrutirako egindakoan ?J.L. Hernández Marcorekin elkar lanean idatzi nuen?, nabari geratu dira esandako mendeko nekazaritza berreraketaren ezaugarriak eta garrantzia.

Batez ere, hiri inguruko auzuneetako nekazariak izan ziren, zein banaka, zein taldeka ?zozketa bidez banatuz?, euren soroak hazi ?hedapenak? edo luberriak landu zituztenak. Hedapenetatik %50 inguru bideen gainean egin ziren, eta luberrien %60, aldiz, larre lurretan.

Kontuan hartzekoak dira nekazari bakoitzak lantzen zuen lur sailaren neurriak.

Dagokion koadroan ikus daitekeen bezala, soroen %80, golde lur bat (0,251 ha) baino txikiagoak ziren, eta luberri guztien %47 osatzen zuten. Aldiz, beste muturrean, 17 sorok soilik ?luberrien %5,5?, gainditzen zituzten lau golde lur (ha bat). Hedapen edo luberriak zertarako erabiltzen ziren ikusteak argi erakusten du zergatik hedatu behar izan ziren lur landuak: biztanleria hazi izanaren ondorioz, jaki eskari handiagoari erantzuteko premiagatik. Bi kasuetan, bi helburutarako erabiltzen ziren batik bat: baratzetarako eta garitarako. Azkeneko hori izan zen, barazkiak baino soro handiagoetan lantzen zenez, soro berrietako ekoizpen nagusia.

Baina, baratzeei buruz egiten diren aipamen ugarietan nabarmen geratzen da produktu bat baino gehiago lantzen zela, eta, hori baino gehiago, bigarren mailako laboreak, lihoa, babak, porruak, etab. aipatzeak esan nahiko luke, hesitutako zenbait baratzetan behintzat ?«marzena» edo «herraen» deitzen zitzaien baratze hauei?, etengabe lantzen zutela lurra. Izan ere, garai hartako lur lantze sistemei buruzko aipamen bakanetan, ez dira lurgintza eta galtzu txandakatuakbaizik azaltzen: «la mitad de la cual esta aria e la otra meitad esta de cebada».

Aipatutako hedapen edo luberri hauetan, bestalde, ia ez dago mahastiei buruzko aipamenik.

Horrek, noski, indartu egiten du laboretarako lurrak mahastien bizkar hedatu zirelako hipotesia. Gasteizko kasuan, jasota dauden aipamen bakarrak hiri barruan edo hiritik hurbil zeuden «parral» zirelako batzuei buruzkoak dira; badira ordea mahasti izandakoak labore lur bihurtu izandako aipamen zehatzak ere.

Esandako prozesuaren hasiera ?dokumentuetan jasoa?, 1440 ondoko hamarraldian kokatu zen, 60 ondoko urteetan izan zuen indar handiena, eta ?erritmo ahulagoan bada ere?, 1482an artean jarraitzen zuen. Harreman estua dago, bestalde, esandako data horien eta Gasteizko azokan gariaren prezioek izandako bilakaeraren artean, eta biztanleriaren bilakaerarekin ere lotuak daude lehenengo biak. Azken batean, hiru faktore horien arteko kausa-efektu erreakzio katea baten aurrean egongo ginateke.

Azkenik, Araba erdialdeko lurgintzaren egiturari buruzko koadroan ikus daitezke nekazaritzaren berreraketak lortutako emaitzak.

Koadro hori, lurralde honetan eta aztertutako gainerakoetan hamarrenei buruz ezagutzen den lehen informazioaren bitartez egina ?1537-1541?, L.M. Bilbao eta E.

Fernández de Pinedok ateratako datuetan oinarritua dago. Bertan ikusten da gariak ehuneko handia hartzen zuela ekoizpen osoaren barruan. Era horretan, L.M. Bilbaoren hitzetan, «nekazaritzak bere burua mantentzeko adinako maila» iritsi zuen, eta ekoizpen handieneko eskualdeetako soberakinak ?Lautadakoak, batik bat?, Gasteizeta Aguraingo azoketan saltzeko aukera zuten, handik kostaldeko lurraldeetara igortzeko.

Erantzuna, beraz, XI-XIII. mendeetako nekazaritzaren hazkundekoan izandakoaren antzekoa izan zen. Ez zen teknika berririk sartu, eta etengabeko lur lantze saiakera moduko batzuk besterik ez ziren egin.

Jaunen interesek paper garrantzizkoa jokatu zuten arlo honetan, landare berriak sartzea eragotzi baitzuten. Hala gertatu zen, esate baterako, Gasteizko Kalonjeen kasuan, XVI. mendearen lehen laurdenean, ez baitzuten onartu ?kalitate txarrekoa zela argudiatuz?, gari valentziarrarekin ordaintzea, nahiz eta baldintza okerragoetan etortzen zen eta emankortasun handiagokoa izan.

Berriro ere kalitate eskaseko lurrak ustiatzen hasi ziren, handik urte batzutara bertan behera uzteko. Adibidez, aipatutako Kalonjeen jabetzako Zaldiarango San Bartolomen, Berroztegietako bi auzotarrek ?rompieron e labraron cerca de la dicha hermita ciertos pedaços de tierra espeçialmente el campo que estaba agora labrado? pero que no labraron el prado que agora han labrado? el qual vieron gran parte del estar gran matorral e muchos çiruelos e niesperos e matas e que lo labraron en dos o tres anuos e non mas e asy lo dexaron por quanto non traia pan?. Gasteizen, halaber, Santa Luzia ondoan, auzotar batek zioen ?que la dicha pechugada la dexaban de labrar porque esta tierra era delgada e puede aver veynte annos que el oyo que la dicha pechugada de la dicha pieça poco mas o menos que la labro Sancho el Capero que Dios aya e la dexo por que non traia pan e ahora Pedro de Salinas la labra en nombre de la mujer de Martin Martinez?.

Esandako bi lekukotasunek zera uzten dute agerian: kasu askotan, hala-holako kalitatekoak izaten zirela luberriak, eta nekazariak jakinaren gainean zeudela, zenbait urteren buruan bertan behera utzi baitzituzten.

Hala ere, denboran aurrera egin ahala, uzta batzuk kendu ondoren, ?ogirik ematen ez zutelako? bertan behera utzitako lurrak berriro landu eta errentan jartzen dituzte jabeek. Lehen aldian, beraz, azaletik landu zituzten luberriak, baina biztanleriaren bultzada gogortu ahala, eta laboreen prezioak eraginda, berriro lur haiek landu beharrean gertatu ziren.

Aztertutako eremuaren hegoaldeko gertakaririk azpimarragarriena ?Arabako Errioxaz ari gara?, eskualde arteko desberdintasunak gorabehera, ardoetan bereiztea izan zen. Arabako erdialdean bezala, nekazaritza sistemaren berreraketaren aurrean geundeke, baina hemen, XV. mendean zehar, mahastiak lekua irabazten jarraitu zuen luberri eta labore lurren bizkarretik. Garaitsuhonetan hasi zen egungo Arabako Errioxak ardoaren arloan lortuko zuen bereizkuntza; ordu arte, Nafarroako beste zenbait ardo eremuren lehia jasan behar izan zuen, ez baitzen alferrik 1464 arte Nafarroako erresumakoa izan. Inguru honetako ardo ekoizpena nabarmenki igo bide zen aldi hartan ?Biasteriren kasuan, adibidez?, erdialdeko eta hiribildu industriatsuetako azoketara ?Gipuzkoakoetara bereziki?, nahiko ardoa bidaliko bazuten. Ebro ibaiaren handiko aldean bezala, nekazarien ekimenak eta eskualdeko jaunen interesak bat egin zuten mahastiak ugaltzeko orduan, eta beraz, hazkunde nabarmena izan bide zuen aipatutako ustiapen motak.

XV. mendeko zuzperraldian, ikusgarriak izan ziren eskualde honek ardo arloko bereizkuntzan lortutako emaitzak. Hala eta guztiz ere, sistema berreratzekoan, lehen helburua biztanleriaren premiak asetzea izan zen, etengabe hazten ari baitzen denboraldi hartan. Horrekin batera, baina bigarren mailan, nekazaritza ekoizpenaren orientazio berria eragin zuten merkatuaren eta eskariaren aldaketek, nahiz eta, inoiz aipatu den bezala, horrek ez duen esan nahi mahatsa besterik lantzen ez zenik. Oso garrantzitsua bihurtu arren, elikadurarako ekoizpen desberdinak lantzen jarraitu zen hegoaldeko eremu honetan.

Aztertutako lurraldearen erdi eta hegoaldean XV. mendeko zuzperraldiak eremu horietako nekazaritza sistemaren berreraketa ekarri bazuen, eremu hezeetan ?Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Kantauri aldeko haranetan?, nekazaritza sistemaren berrantolatze moduko bat aurkitzen dugu. Berrantolakuntza horretan laborantzak toki dezente irabazi zuen abere hazkuntzaren aldean.

Segur aski, aurreko hazkunde garaiannekazaritzak hemen izandako garapen eskasak asko mugatu zuen XV. mendeko zuzperraldia, baina, badirudi orduan hasitako nekazaritza hazkundea ez zela eten XIV.. endeko krisialdi garaian, aurrez aipatu den bezala, nekazaritza krisiaren ondorioak ez baitziren barnealdean bezain gogorrak izan itsasaldeko lurraldeotan.

Dagoen dokumentazio urria aztertu ondoren ateratzen diren ondorio sendoenak dira, lehenik, nabarmen hazi zirela lur landu edo soroak, larre, mendi eta basoen kaltetan ?azken aipatutako horiek izan baitziren ordu arte abere hazkuntzan eta burdinoletan oinarritzen zen ekonomiaren euskarri?, eta, bigarren, landutako lurren dedikazioa aldatu egin zela ?gariaren prezioak etengabe gora egiten zuelako?, laboreen mesedetan. Adibide ezagunena Ziortzako abetetxekoa da, izan ere, XV. mendearen hasieratik, belardi ugari eman baitzituen errentan «so çiertas condiçiones para faser casería e ganar mançanales para si e para el dicho monasterio», errentaren ordainketa garitan eskatzen zuelarik. Gainera, 1500etik aurrera, monasterioek ordu arte zituzten errenta zaharrak ?sagar irabaziak erdi bana zen ohikoa? aldatzen hasten dira, eta kontratu berriak indarrean sartzen direnetik garitan ordaindu beharko dute nekazariek.

Hala, XV. mendean zehar, Ziortzak bikoiztu egin zituen gari errentak.

Azken urteotan Gipuzkoa eta Bizkaiko zenbait hiribildutako dokumentazioa argitaratu izanak bide eman du Fdez. de Pinedok, Bilbaok, eta García de Cortázarrek irudikatutako nekazaritza berrantolakuntza egiaztatzen duten adibideak biderkatzeko, historialari horiek, izan ere, Ziortzako datuak gainerako lurraldeetara estrapolatuz osatu baitzituzten euren hipotesiak. Bildutakoinformazioa, zenbait alditan, barnealdean aurkitutakoaren oso antzekoa da, arrazoi berdintsuak izan baitziren aipatutako agiriak idazteko: herri sailei kendutako soroak inbentariatzea, eta ondoren, saltzea. Bestalde, luberrien kronologia ere beretsua da, bi kasuetan XV. mendearen bigarren erdialdeko biztanle hazkundearekin batera gertatu baitzen. Baina, gainerako guztiaren gainetik, aipatutako berrantolakuntza egiaztatzeko balio izan du esandako dokumentazioak.

Horrela, esate baterako, hiribilduen eta elizateen artean herri sailak zirela-eta izandako auziek, albiste ugari ematen digute landutako lurren hedakuntzari buruz. Badirudi, delako hedakuntza hasi zenean, eta zenbait tokitako aberedunen aurkakotasun bortitza zela medio, behin betiko soro bihurtu baino gehiago, aldi batean lantzeko hartu zituztela baso eta mendi lurrak. Seguran, adibidez, hiribildu honen eta XIV.. endean eransten joan zitzaizkion auzuneen artean izandako auzian, lekukoek zioten, zenbait luberri aipatuz, etengabe lantzen zituztela XV. mendeko 30. hamarralditik hasita, eta abere hazleek hesiak bota eta soro eta uztak hondatzen zizkietela behin eta berriro: ? e aun solia ver que guando alguna vez los de Legazpia hazian alguna sembradura en los seles donde las vacas solían albergar que no se lo consentían los de Çegama e Çerain e les talaban et destraian los panes porque non tomasen posesión de los dichos terminos e montes comunes e ansí solia ver que nan les consentian hazer sembradias nin rromper en los seles porque los dexasen libres para los sus ganados??.

50 ondoko urteetatik aurrera, ordea ?berandu bazen ere?, udalbatzek eurek banatzen dituzte herri sailak edo hustutako auzuneetako lurrak auzotarren artean, kasu batzuetan urteko errenta baten truke, edota aurreko urteetan auzotarren ekimenez hartu eta landutako lurrak legeztatzen dituztela.

Garai hartan egindako herri sailen banaketen adibide esanguratsuetako batzuk Durangon egindakoak dira, Etxarango auzotarren artean, edota udalbatzak Markinako auzotar guztien artean egindako Otaolabaso mendiaren banaketa. Era berean, ugariak dira errenta truke emandako lur sailen kasuak ere ?gehienetan betirako?, nola soroak lantzeko, hala etxe edo herrixkak eraikitzeko: «para faser una casa e casería en dicho lugar».

Baina gertakariak izandako prozesuaren ezaugarri bereziek eraginda, barnealdekoaren antzeko dokumentazioa sortu zen eremu hezean ere. XV. mendearen azken laurdenean zehar udalbatzek egoera kontrolatu nahi izanaren ondorioz idatzi ziren esandako agiriak. Izan ere, aurreko urteetanegindako lur okupazioak legeztatu egin zituzten, nekazariei saldu zizkieten eta arautu egin zituzten etorkizuneko herri sail okupazioak auzotarren aldetik. Prozesu honen adibide esanguratsu bat, zeinak XV. mendeko zuzperraldiaren irudia osatzen laguntzen baitigu, Gipuzkoa barneko hiribildu batek ematen digu, Arrasatek, hain zuzen, 1475etik 1482ra bitartean, herri inguruan okupatuak zeuden 74 alor saldu baitzizkien auzotarrei.

Lehenik bururatzen den ondorioa da baserritar familien produkzioa gehitzea zelalur landuak ugaltzearen helburu nagusia.

Salmenten %60 baino gehiago jatorrizko sailen hedatze kasuak dira, eta %20tan, gainera, berariaz adierazten da «etxe ondoan» egin dela okupazioa. Badirudi, beraz, ehuneko handi batean behintzat, adierazten diren leku izenen inguruko baserritarrak zirela okupazioen arduradun, denak Arrasatetik hurbilekoak. Kasuren batean, gainera, bat datoz leku izena eta eroslearen abizena (Muzibar, Mendigoen).

Agirietan ez da argi adierazten zertarako erabili ziren esandako lur sailak. «Lur», «lurzati» edo «lur alor» bezalako aipamen orokorrak ez dago labore lurren baliokidetzat hartzerik.

Gehienetan ez da aipatzen ekoizpen berria eta hala gertatzen denean, aipamenak sobera ilunak dira. Kasu batzuetan esaten da «que tenia plantados fasta çient e diez e seys manzanos en uno con los otros manzanos que ende tenia» ; beste batzuetan «empachado una tierra sembradla e çercada de setos e setenta castaños dentro»; edota sagarren alboan bazela «çierta labor sembrado e çercado de setos». Baiezta daiteke, beraz, Arrasate inguruko baserritarrek batik bat sagarrak eta gaztainak lantzen jarraitu zutela euren jabetzetara gehitzen joan ziren sailetan, nahiz eta, nire ustez, ezin daitekeen baztertu haien alboan laborea edo beste zerbait lantzen ez zenik.

Esandako urte horietan aipamen ugari egiten dira udalak herri sailtzat dauzkan lurretan legez kanpo egindako arbola landaketak saldu izanari buruz ?sagarrak, gaztainak, haritzak, intxaurrak, lizarrak, gereziak, etab.?: «por razon que a nuestra notiçia es venido que algunos nuestros vezinos han tomado e ocupado çiertos campos e montes de los exidos comunes de nos el dicho conçejo e los tienen así poniendo e plantando mançanos e otros arboles de diversas maneras?». Sagarren eta gaztainen kasuan, milaka dira aldatutako landareak, nahiz eta ez den erraza kopurua zehazten, askotan «sagastiak» aipatzen baitira, beste gabe, eta beste zenbaitetan ?gutxiagotan? «gaztainadiak».

Segur aski inor ez da harrituko esan den honetaz, baina horrek ez du esan nahi azpimarratzekoa ez denik. Gainera, oso lotua dator beste bi gertakarirekin. Lehenik, lurraldearen ezaugarri ekologikoekin, ez baitira biziro egokiak laborantzarako, baina, batez ere, aurrez aztertu diren bi lurraldeetan baino ekonomia egitura aberats eta garatuagoa izatea litzateke arrazoi nagusia.

Aipatutako zuhaitz landaketek, etengabe hazten ari zen biztanleriaren elikadura premiak asetzeko balio izateaz gainera ?sagarrak (sagardoa), gaztainak eta intxaurrak oinarrizkoak ziren eremu hezeko jendearen hazkurrirako?, nahitaezko lehengaiak ematen zituzten industriaren garapenerako: gaztaina eta haritza burdinoletarako ikatza egiteko erabiltzen ziren, baina, lizarrarekin eta intxaurrarekin batera, etxeen eraikuntzarako habeak, itsasontzietarako mastak, eta beste zenbait lanbidetarako ?zurgin, aztagile, eta abarretarako?, lehengaiak ateratzeko ere onak ziren. Hain zuzen, aipatutako lanbide horietakoak ziren, zenbait kasutan, esandako legez kanpoko zuhaitz aldaketak egiten zituztenak.

Eremu hezeko lurgintza egiturari buruzko koadroan islatzen da nekazaritza berrantolakuntzaren azken emaitza. Horikusten da garrantzi erabakigarria zuela gariak, eta, ehunekoak kontuan hartuta, aztertutako beste bi eremuetan baino ere pisu handiagoa zuela. Gainerako eremuetan bezala, ezinezkoa gertatzen da gariaren gorakada doi neurtzea, baina, dauden aipamenetatik ondorioztatzen da batez ere produktu horretan oinarritu zela ?gainerako laboreetan baino areago?, eremu hezeko nekazaritza berrantolakuntza. Hala ere, ez zen behar adina ekoizten eta ohiko tokietatik ?Lautada, Bureba, Tierra de Campos?, jarraitu zuten garia erosten. Zenbait kasutan, irrikaraino ere heltzen zen gari nahia, eta badira kontratuak, ordainketa garitan eskatzeaz gainera, uztarik izaten ez zen urteetakoa ere bermatzen saiatzen zirenak: «sy por caso non oviere en alguno de los dichos anuos venideros trigo casero o de Castilla, vencida por tierra, e obieredes de pagar trigo venido por mar de Andulazia o de otra parte, el tal trigo dedes e paguedes e seades obligados a pagar las dichas quatro funegos e media de trigo medidas con la medida mayor de la mar que se miden e se a acostumbrado medir en las villas de la costa de la mar».

Era berean, kontuan hartzekoa da sagar emaitza ere. Guztiz ezaguna da sagastien garrantzia kostaldeko lurraldeetan, ez soilik aztertutako aldian, ondotxoz geroago ere bai. Beraz, Arrasateko agiriek egiaztatu baizik ez dute egiten fruitu honek hazkunde garaian izan zuen pisua. Hala eta guztiz, segur aski, sagastiek atzera egin bide zuten gari gehiago ekoiztearren. Hori ondoriozta daiteke Ziortzako agirietatik, non, sagar irabaziak erdi banatzen ziren kontratuetatik, errenta garitan ordaindu beharrekoetara aldatzen baita. 1550etik aurrera nabarmentzen da gertakari hori, esandako urtetik hasita, Fdez. de Pinedok adierazi duen bezala, abatetxeko sagardo ekoizpenak behera egiten baitu ogiaren mesedetan.

Sagastiak, gainera, bakantzen joan ziren pixkanaka, ardoa sartzen hasi baitzen sagardoaren ordez. Kostaldean, bertako ardoak ordezkatu zuen: egiten ziren 24.510 pegarrak bertan eta inguruetan kontsumitzen ziren, eta, kopuru txikia izan arren, segur aski, erdialdean egiten zena baino handiagoa zen. Baina, batez ere, Errioxa eta Nafarroako ardoak bete zuen sagardoaren lekua, Gasteiz eta Aguraingo azoketatik heltzen baitzen lurralde hezeetako barnealdeko hiribilduetara.

Azkenik, Nafarroan, aurretik esan bezala, Karlos Vianako Printzearen aldekoen eta Joan II.a Aragoikoaren aldekoen artean piztutako anai arteko gerrak zapuztu zuen, XV.. endeko 30. hamarraldia arte ?gainerako eremuetan bezala?, garatzen hasita zegoen nekazaritzaren eta biztanleriaren zuzperraldia.

Egun, ez dago oraindik erresuma osorikhartuta gertakaria aztertu duen ikerketa lanik.

Baina badaude azterketak Leire, Iratxe eta Olivako monasterioez eta Orreagako kolejiataz, eta berorietan argi geratzen dira krisiaren ondorengo berpizkundea eta gerrak sortarazitako zailtasunen gainditzea.

Horrela, Leiren, 1462tik aurrera, nabarmen igotzen dira monasterioaren errentak, lur dezente errentapean betiko jarri ondoren.

Monasterioen errenta hazkunde honek lur berriak alokatzea dakar, eta, Luis J. Fortúnen iritziz, biztanleria hazi izanaren ondorioz hazi zen lur berrien eskaria ere.

Ernesto García Fernándezek dio ?berak aztertu du Iratxeko monasterioa?, XV. mendearen bigarren laurdenetik XVI. mendearen hasiera arte, ekonomiaren beheraldi nabarmena izan zela, eta XVI. mendeko lehen hamarraldietan labore ekoizpen handiagoa eskuratu zutela Iratxeren mendeko eliz lurretan XV. mendearean azken urteetan baino. Autoreak luberrigintzari egozten dio labore produkzioaren hazkundea.

Olivako monasterioaren kasuan, José A.

Munitak adierazten duenez, 1480 arte luzatu ziren krisialdiaren eraginak, izan ere, anai arteko gerratekoan agramondarren alde atera zenez monasterioa, ia ondare guztia galdu baitzuen. Esandako data horretatik aurrera, ordea, hobera egin zuten nabarmen Olivako ondasunek, Leiren bezala, ordu arte fraideek landutako edota, monasterioaren jabetzakoak izanik, landu gabe zeuden lur asko eman baitzuten errentan.

Monasterioen ikuspegitik begiratuta, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian ikusitakoen antzekoak dira Nafarroako zuzperraldiaren ezaugarriak. Erreinuaren erdialdeko ?Leire eta Iratxeko monasterioak? hazkundearen protagonista gari ekoizpena den bitartean, hegoaldean ?Olivako jabetzak dauden tokian, alegia?, Arabako Errioxan edo Errioxa Garaian bezala, batez ere, ardoetan bereizten dira. José Antonio Munitak erakutsitakoari jarraiki, 1480tik aurrera hainbeste ugaldu ziren partikularrei egindako betirako kontratuei esker, non monasterioak ardo politika programatua garatzeko aukera izan baitzuen, eta antzinako labore lurretan mahatsondoak eta fruitu arbolak aldatzeari ekin zion, emaitzak Erriberako hiribilduetako azoketan saltzeko.

Azken ondorio gisa, Nafarroako prozesuari politika faktoreek ezarritako baldintzak alde batera utzita, esan daiteke XV.. endeko nekazaritza zuzperraldia eta hazkundea, aztertu diren eremu guztietan, aurreko hazkunde aldian garatutako nekazaritza sistemen berreraikuntzan eta berrantolakuntzan oinarritu zela batez ere, nahiz eta oraingoan labore ekoizpen handiagoak eta mahats ardo produkzioan bereiztea eta sendotzea lortu.