Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Erdi aroa - Ekonomia

Hazkundearen azkena eta nekazaritzaren krisialdia (1250-1450)

Nekazariak artasoro batean otordua egiten, mende hasierako argaki batean (Gipuzkoako Agiritegi Orokorra).<br><br>

 

Hazkundearen mugak eta zailtasunen hasiera (1250-1347)

Jendeztatzeari buruzko atalean esan den bezala, Euskal Herriak hazkunde aldia bizi izan zuen IX. mendetik hasita, eta hazkunde horren adierazpen ikusgarrienetakoa lur landuen hedakuntza izan zen. Baina prozesu horren distirak ez gintuzke engainatu behar, feudalismoak sortarazitako hedakuntza eredu berberak baitzeraman, epe luzera, sistemaren krisialdirako hazia. Biztanleriaren hazkundea, heredatzekoan nekazari lurrak zatitzea, aspalditik kolonizatutako lurrak pixkanaka agortzen joatea (behar baino gehiago ustiatu eta atsedenaldiak laburtzeagatik), teknika maila apalak, eta egitura feudalak nekazariei ezartzen zizkien mugak (teknika aurrerapena eragotzi edo atzeratzen zutenak) zirela-eta, hazten ari zen biztanleria mantentzeko beharrezkoa zen produkzio hazkundea lortzeko modu bakarra luberrietara hedatzea izan zen. Beraz, geroz eta kalitate txarragoko lurrak lantzen hasten dira, larreak, txaradiak, zingira lurrak, aldapak, eta basoak, berritu gabeko tresneriak eta laborantza teknikak erabiliz.

Gainera, sail altuagoak lantzen dira (zailtasun orografikoak, lurzoru mehegoak, hozbero gogorragoak), eta geroz eta lan gehiago egin behar da produkzioa aterako bada (zingira lurrak lehortu, aldapetan txapaldak egin). Bien bitartean, lurrak geroz eta ahituagoak daude, atsedenaldiak laburtu direlako, abeltzaintza baztertu delako ?abere ongarri gutxiago?, eta landare ongarria ere gutxitu egin delako txaradiak landu izanaren kariaz.

Hazkunde eredu honek, ordea, baditu bere mugak. Muga horiek gainditzen direnean, nekazari lurrak neurri gabe zatitu,mozkinak urritu, eta geroz eta lan gehiago egin behar denez, laborantza lanaren emankortasunak behera egiten du, nahiz eta, oro har, produkzioa igo. Eta hori guztia, gehiegi jendeztatutako mundu batean gertatzen da. Hazkundeak esandako mugez gaindi jarraitzen duenean, lanaren errentagarritasuna galtzeaz gain, uzta txarrak ugaldu eta gose aldiak agertzen dira. XIII. mendearen azkenetan eta XIV.aren hastapenetan heltzen da fase hau.

Euskal Herriaren kasuan, Araba eta Nafarroaren erdi eta hegoaldeak eskaintzen dizkigute prozesu horren adibide hoberenak.

Arabaren hego-sortaldean, Urarte eta Markizko bizilagunek (692 m itsas mailaz gainetik) luberriak landu zituzten, eta baita auzune berriak sortu ere luberri horietan: Larrauri (?larre-uri?), Markizko San Joan (eliza 1226an amaitu zen) eta Beolarra (?behor-larre?, 840 m itsas mailaz gainetik, 1257az geroztik sortua). Auzune horiek denak, aurrez abere hazkuntzan erabilitako lurretan eratu ziren, Nafarroako Larraintzizekojendeak 1321ean ?malos logares? deitu tokietan, alegia. Nafarroako erreinuan, hain zuzen, informazio ugari aurkitu da, XIV. mendearen lehen erdialdeko nekazarien lur gosearen berri ematen diguna. Aipatzekoak dira, besteak beste: 1341ean Nafarroa Behereko jendeak erabiltzen ez ziren lurrak emateko eskatu izana; erregeren mendeko lurrak errentan hartzea; erregeren eskuko lurrak parrokia errenten truke aldatzea ?parrokia errentak erregearen esku geratzen zirela?; erreinuaren erdialdean eta Erriberan, ibai ertzeko arboladi eta sastrakadien kontrola zela-eta ?nahitaezkoak ziren horiek lanerako abereak bazkatuko baziren?, piztutako sesioak; Tuterako erriberan, ureztatzearen kontrolagatiko gatazkak; eta, mugetako herrietatik, erregearen mendeko lur sail handi erabili gabeetara egindako erasoen ondoren sortutako liskarrak. Datu horiek guztiek nekazari mundu agortu bat azaltzen digute, gehiegi jendeztatua, hazkunde gailurra harrapatua duena eta gehiago hedatzeko aukerarik gabea.Azken luberriei buruzko albiste horiekin batera, nekazaritza krisiaren lehen berriak agertzen dira: uzta txarrak, eta berorien derrigorrezko ondorioak, miseria eta gosea. Zorigaitz aldia, batez ere laborantzara eskainitako eremu guztietara hedatzen da.

Baionako eskualdean, 1289, 1296, 1339, 1343 eta 1346an gertatzen dira uzta txarrak.

1301eko gosetea biziki larria izan zen Gaztelan.

1331-1333an eta 1343-1346an ere uzta ahulak jasotzen dira. 1343ko gose urteaz, Lope García de Salazar bizkaitar kronikariak lekukotasun gordina utzi digu: ?morio muchas gentes de fanbre, que andando por los camjnos se cayan muertas, deziendo, dadme pan?. Nafarroako erreinuan gorde da, etxe banako zerga errejistroetako dokumentazio ugariari esker, gai honi buruzko informazio gehien eta zehatzena. XIII. mendearen azkenerako hasten dira urrialdiak, eta artean goserik ez bazen ere, igoera gogorrak gertatzen dira laborearen prezioan.

1283-1284koak alde guztiak harrapatu bazituen, 1290-1294 eta 1297-1300ekoek Zangozan eta Amezkoa Garaian izan zuten eragin handiena. Mende berriak ere gosea ekarri zuen, lehen 47 urtetatik 25 gose urteak izan baitziren. Horietatik zortzi, biziki txarrak izan ziren (1305, 1309, 1311, 1313, 1315, 1328, 1335 eta 1336), hamabi ez hain larriak (1300, 1318, 1329, 1330, 1333, 1334, 1337, 1338, 1340, 1342, 1345 eta 1346), eta bost arinagoak (1314, 1316, 1319, 1339 eta 1341). Ikusten den bezala, urte biz bat gertatzen zen gari eskasia, nahiz eta eragindesberdina izaten zuten herri batetik bestera.

Urte txar kopurua 1etik 12ra aldatzen da herri batzuetatik besteetara, baina etxe banako zergapeko auzuneen %65ek 4tik 8ra uzta txar jasan zituzten. Batez beste, 10 urtez behin tokatzen zen gose urtea. Janari eskasia ohikoa zen, sarri gertatzen zena, eta ?gainerako Europan bezala?, uzta txar aldiekin batera etortzen zen. 1347an jotzen du gailurra prozesuak, izurria heldu bezperan, urte hartan agitu baitzen Europa hegoaldeko aro hartako goseterik gogorrena.

 

Nekazaritzaren krisialdia (1347-1450)

1347-1350eko demografia haustura ikaragarriak, beste ondorio askoren artean, sail landuen atzerakada nabarmena ekarri zuen, eta beraz, laborantza produkzioaren beherakada handia. Gertakari horren adierazpen ikusgarriena hustutako herriak dira. Herri hustutzeen arrazoien artean, izurriez eta errege edo jaunen interesez gainera, nekazarien beraien ekimena ere kontuan hartzekoa da, nekazaritzarako toki aldebresak zirelako utzi baitziren asko. Horrela, Araban, 1300go 570 herri eta auzunetatik 78 husten dira, %14 inguruko proportzioa, beraz. Biziki esanguratsua da hustutako herriek goratasunarekin duten lotura. Kontuan harturik lurraldearen batez besteko goratasuna 500-600 m bitartekoa dela, ikusten dugu 600 metrotik gora daudela hustutako biziguneen %68,5. Argi ikusten da nekazaritzarako toki okerrenetan izan zuela prozesuak eragin handiena. Nafarroan, hustutako biziguneetako datuez gainera, etxe banako zerga errejistroek emandako informazio osagarria dugu. Berorietan ikusten da, esandako zergak indarrean zeuden tokietan, heriotzagatik edo ustiatzaileak beste norabait joan zirelako, bertan behera utzitako lurren %82 ez zirela berriro landu.

Horrek esan nahi du lantzen ziren sailen heren bat baino gehixeago laborantza produkziotik at geratu zela. Ehuneko horiek, bestalde, bat datoz hustutako biziguneekin, %33, gutxi gorabehera, eta kokapenari buruz, hemen ere, toki garaietan eragin handiagoa izan zuen gertakariak, Arabako kasuaren oso antzera. Gainerako lurraldeetarako oso informazio gutxi dugu. Bizkaian, Gipuzkoan eta Iparraldean gorde diren agiri urrietan, apenas egiten den hustutako herrien aipamenik ere.

Mendearen erdialdeko biztanle galera handiaren ondoren, nabarmenki arindu zen gizartearen lurraldearekiko presioa. Ez zen jada lur goserik. Nahikoa da 1433an Nafarroan egindako inkestako datuak ikustea?Lizarra eta Zangozako merindadeetako datuak besterik ez dira gorde?, esandakoa egiaztatzeko.

Horrela, Legariari buruz idatzi zuten: ?de tierra blanqua, tienen abundancia?, eta Asarta, Acedo eta Hiriberrin, ?han tanta tierra quanta pueden labrar con cada dos juntas de bueyes?. Zenbait kasutan ikusten da landu gabeko lurren proportzioa oso handia zela. Sorladan, Olexoan eta Okon bizi zen jendea, esate baterako, halako birentzako lain labore lur zuten: ?tienen pro tierra blanqua para labrar para eillos et para otros tantos?, eta Mendavian, berriz, hiru halakoa zen proportzioa: ?de tierra blanqua, tienen para tres tantos?.

Hala ere, labore lurrak hainbeste ugaldu arren ?proportzioan, biztanleria asko jaitsi baitzen?, elikadura arazoak ez ziren behin betiko konpondu, eta, aldizka, gose urteak izaten ziren Euskal Herrian, mendebaleko Europa osoan bezala, izurriarren aitzindari edota harekin batera. Hara non eta zein urtetan izan ziren uzta txarrak: Baionako eskualdean 1374an eta 1403-1404an; Gaztelan, 1374an ?Gipuzkoan zehazki?, 1418-1422an ?Lope García de Salazarrek kontatua?, eta 1438an ?urte honi buruz esaten digu bizkaitar kronikariak itsasoz alea erruz ekarri zelako salbatu zirela gosetik Bizkaia eta Gipuzkoa?. Orain artean bezala, Nafarroako dokumentazioan aurkitzen da Izurri Beltzaren ondorengo mendean nekazariek bizi izandako une larriei buruzko informazio xehekatuena. 1360- 1364an agertzen da berriro gosea ?izurriaren bigarren erasoaren aurretik eta batera?, eta 1367-1368, 1373-1376 ?erreinuaren hegoaldean izan zuen eragin handiena?, 1382- 1383, 1391-1395, 1401-1403, 1411-1413an, eta 1416-1417 eta 1417-1418ko negu gogorren ondoren, baita 1420-1423an ere ?Europa osoko gosetearekin batera?, eta orobat ?geroz eta toki jakinagoetan bada ere? , hogeita hamargarren hamarraldi osoan zehar. Informazio horiek Nafarroako erregearen mendeko ofizialen garaiko adierazpenak indartzera datoz: ?non pueden con que vivir los pocos que son?, eta aditzera ematen digute uzta txarren arazoa ?baita XIV. mendearen lehen erdian ere?, biztanleen eta baliabideen arteko desoreka soil bat baino zerbait sakonagoa zela.

Nafarroako 1433ko inkestetan, nekazarien beraien ahotan agertzen da, argi eta garbi, zein zen arazoa. Lehenik ikusten da emankortasun apala zuela lurrak, eta, bigarrenez, etekin gutxi ateratzen zela lanetik.

Haziko emankortasuna, kalitate oneko lurretan, 1eko 4 edo 1eko 5ekoa zen, hala nola Azagran, ?la tierra de labor es assaz buena et les riende por Io, IIIIo o cinquo?, baina bateko hirura ere jaitsi daiteke, Allingo ibarrean bezala: ?rende I aynno con otro III rovos por uno et IIII rovos por uno?. Osokasu bakanetan harrapatzen dira 1eko 6 edo 1eko 7ko emankortasunak, baina hala gertatu zen Tiebasen, ?trae un cafiz de sembradura IIIIo o Vo cafices et cuando es bien apprellada la tierra es açiesta bien VI o VII cafices?. Zerekin erkatua izatearren, esan dezagun Arabako lautadan ?Gasteizen eskumeneko auzuneetan?, XVI. mendeko 70.. amarraldiko ohiko emankortasuna 1eko 7 izan ohi zela. Emankortasun apalaren eta landa laneko etekin urrien arrazoiak Nafarroako nekazariek zehazten dituzte.

1.? Aspalditik landu izandako lurrak agortu izana: 1346az aurretiko demografia bultzadaren eraginez, labore lurrak ugaldu eta lurraren atsedenaldiak laburtu egin ziren.

Berehalaxe nabaritu ziren ondorioak Kalitate txarreko lurretan. Adibidez, Andosillan, 1347an, lurrak aipatzean esaten da: ?eran canssadas de mucho labrar?. Izurriaren ondoren, bertan behera utzi ziren labore lur eskasenak, baina lehenagotik erabiltzen zirenei, ez zitzaien, itxuraz, atseden handirik eman, eta hala, 1433ko inkestan nekazariek beraiek adierazten dute lurrak ez zuela jada antzina ematen zuen bezainbat ematen. Lehen baino lan gehiago eginda lortzen da itxurazko emankortasunari eustea.

Tiebasen, adibidez, ?no han buena tierra de vino mas que an assaz buena tierra de pan, toda vez que la tierra es escuetida et faillescida de traer et render fruyto segunt solia, ni pan ni vino, et en especial pan; car mas de pan o al menos tanto pan plenarian doy L aynos con una yunta de bueyes como a present con dos yuntas et assi bien que tanto han la falta de hombres et de ganados granados et menudos que non pueden bien perellar la tierra?, edo Lizoaingo ibarrean: ?interrogados si han buena tierra fructifera de pan et de vino, dizen que es mentida et faillezida muy grandement de la que sollia?, edota Taxoaren: ?Item si han buena tierra froctifera de pan et de vino, diçen que han mas tierra de pan que de vino, mas que ha grandes mengoas et defectos segunt diçen los de Thieuas?.

2.? Lanerako abereen gabezia: laneko etekinak zerikusi zuzena zuen lanean erabilitako indarrarekin, eta indar horren zati handi bat laneko abereei esker lortzen zen, aurreko paragrafoan aipatutako Tiebasko testuan eta Lizoaingo ibarrekoan argi ikusten den bezala. Abereek ere, ordea, jasaten dituzte izurrite eta goseteak. Goseak abereak hiltzen ditu, edo hiltzera edo saltzera behartzen (jakia edo hazia lortzeko, edo zorrak ordaintzeko). Gainera, ibilkorrak izanik, osten ere errazak ziren ?batez ere, muga inguruan?, edo, beste gabe ?gizakiek lehentasuna zutelako, eta larreak soro bihurtu zirelako?, abereak elikatu ezinik geratzen ziren. Azienda larriak nekazari aberatsenen eskuetan geratzen dira, etxeko idipare bat baino gehiago izan dezaketen etxeetan. 1433an, Lizarrako merindadeko Sesma, Carcar, Mendavia, Baigorri, Villatuerta eta San Adrian herrietako 163 familiatatik, 29k ez zuten lanerako abererik, eta beste 34k bakarra zuten.

Hala ere, abere gehienak esku gutxitan pilatze hori are gogorragoa zen abere xeheen kasuan (artilea, esnea, haragia, ongarria).

Esandako inkestan ikusten dugu 163 familiatatik 69 direla abere xeherik batere ez dutenak, eta 28 familia batetik bederatzi burura dituztenak. Bizkitartean, 9 etxe aberatsenen artean (%5), 7.170 buruen erdiak baino gehiago zituzten, 4 artalde 500 burukoak, bat 450ekoa, 330ekoa beste bat, bi 300ekoak eta bat 250ekoa. Ikusten den bezala, nekazari asko zegoen etxabereen lanerako indarrik gabe, eta haien ongarririk ere lortzen ez zuena. Familia gutxi batzuek kontrolatzen baitzituzten nola lanerako abereak hala giberriak.

3.? Giza baliabide falta: nekazaritza laneko bigarren elementua giza indarra zen, eta alde horretatik ere gabezia handiak zituzten etxe askotan. 1433ko testuek argi eta garbi adierazten dute eskasia hori, bai Tiebaskoan ?gorago aipatu den bezala?, bai Lizoain ibarrekoan: ?mas que han muy grant mengoa de gentes et de ganados por lo quoal non pueden labrar la tierra nin cugir fruitto segunt niçessario lis seria?. Alargun eta umezurtz etxeen proportzioa, 1330ean, %24,74koa bazen, 1352an %35eraino igotzen da, eta ondorengo urteetarako %26-30 bitartean geratzen, baina zenbait ibarretan %40 edo 50eraino ere heldu zen.

Alegia, familia guztien laurden batetik heren batera, gutxienez, nabarmen murriztuta geratu zen lanerako gaitasuna, ezkontide bat edo biak hil zirelako. Gainera, soldatapekolana egiten duten emakumeek ?etxeko ekonomiaren osagarri gisa?, lan berdina egiteagatik gizonezkoek jasotzen dutenaren erdia baino gutxiago jasotzen dute.

Bestalde, aldizka izurria eta gosea etortzeak ez zuen batere laguntzen baserritar familietako lan indarra lehenera zedin. Demografiaz hitz egin denean aipatu denez, funtsezko ezaugarriak besterik ez dira hemen gogoraraziko. Aldizka izurria eta gosea etortzeak eragin hondatzailea izaten zuen azken heriotzaldiaren ondoren jaiotakoengan.

Horrela, esandako 1433ko inkestako datuetan ikusten genuen Zangozako merindadeko 58 familiatan %37,4 hamar urtez azpitikoa dela, eta %4,08 besterik ez 10etik 19 urtera bitarteko nerabeak; Lizarrako merindadeko 176 etxetako erakuskariak adierazten digu, %25etik 31ra haurrak zirela eta %5,9tik 7,25era nerabeak, eta kopurua gutxitzen zihoan adina igo ahala.

Hazkunde demografikoa atzeratzen zuen prozesu berberak eragin kaltegarriak sortzen zituen baserritarren etxeko ekonomiarako.

Izan ere, seme-alabak lanean hasteko adinera heldu aurretik desagertzen baitziren.

Aldi berean, demografiari buruzko atalean aipatu genuen bezala, biztanleria geroz eta zaharragoa zen, eta kasu askotan, lanerako gauza ez ziren pertsonez gainezka zeuden nekazari familiak: haur eta zahar asko, eta lanerako adinekoak falta.

Badira adibideak errealitate gordin haien erakusgarri, hala nola 1433ko Azagrako familia hau: ?Pero Ruiz, de LXV aynnos, casado et ha I fijo de III aynnos et otra fija de medio aynno et deve trigo XI robos, cevada VI robos, dineros X sueldos VIII dineros, no ha jugo et dize que no ha sembrado este aynno sino un quartal de favas et un quartal de trigo et ha mas I baca et no otro ganado, et es pobre?. Aurrez aipatutako Azagrako emankortasun mailarekin, Pedro Ruizek ?agurea, lanerako abererik gabe eta bi haurtxorekin?, ez zuen bilduko anerdi bat gari pasatxo eta beste anerdi bat baba baino gehiago, eta hori ez zuen nahikoa, noski, ez erregeari petxa ordaintzeko ?11 anerdi gari?, ez bere familia mantentzeko, urtean eta pertsonako 18 anerdi behar direla kalkulatzen baita.

4.? Jaunen presioaren areagotzea: hazkunde garaian ere oso elementu garrantzitsua izana zen, ikusi genuen bezala, jaunei ordaindu beharreko zergak zirela-eta, nekazariek ez baitzuten soberakinak metatzeko aukerarik, eta horrek berrikuntza teknikoak eragotzi eta luberrietara hedatzea bultzatu zuen. Krisialdikoan ere garrantzi berezia izango du jaun feudalen presioak.

Izurriak sortutako heriotzen ondoren, petxa orokorren sistemapean zeuden erkidego haien zamak bikoiztu egin ziren, foruetan idatziak zeuden kargek lehenean iraun zuten bitartean, zergak ordaindu behar zituzten etxeak ia erdira jaitsi zirelako. Biztanleriaren ondorengo jaitsierak ?astiro baina etengabe jaisten jarraitu baitzuen, laborantzara emandako eremuetan, batik bat?, eta errege zerga sistema abian jartzeak ?1342an Gaztelan, eta 1355ean Nafarroan?, arazoa larriagotu baino ez zuten egin. Zerga sistema berriaren eraginez ?hasieran apartekoa, baina berehala modu arautuan kobratzen hasi zena?, batez beste, erkidegoek ordaindu behar zutena bikoiztu egin baitzen. Alegia, hamar urte baino gutxiagoan, famila bakoitzaren zamak bi alditan bikoiztu bide ziren.

Orain ere, Nafarroako informazioak dira egoera hobekien zehazten digutenak. Nahiz eta erregeari eskaera asko egin zitzaion zergak jaitsi zitzan, oso nekez ametitu zituen esandako jaitsierak. Oso salbuespenezko kasuetan ?biztanleen ihes egiteko mehatxuak zerga desagertzeko zorian jartzen zuenean?, soilik onartu zuen errege administrazioak petxak jaistea. Baina jaitsiera horiek ez ziren inoiz garrantzizkoak izan. Hala, 1377ko kontuetan, zerga jaitsierak,guztira hartuta, ondokoak izan ziren: diru sarreretan %1,20ko jaitsiera, garitan %11,80koa, eta olo eta garagarretan %6koa.

Zenbait tokitan oso igoera gogorrak izan zituzten. Zangozako merindadeko 15 erkidegotan ?Lizoain eta Arriasgoitiko ibarrak, Aranguren, Ilundain, Taxoare, Zuhatzu eta Lakidain?, Izurri Beltzaren aurretik, batez beste, 6 anerdi gari ordaintzen bazuten etxeko, 1368an 17 anerdira igotzen da zerga, 1377an 20 anerdiraino ?izurriaren aurretik baino hiru halako baino gehiago?, eta 1430ean 14 anerdira jaitsi zen arren, XIV.. endearen lehen erdian ordaintzen zena halako bi baino gehiagoan mantendu zen (bitartean, esandako erkidegoetako biztanleria 425 etxetik 39ra jaitsi zen). Sesmako hiribilduan (Lizarrako merindadean), oraindik ere igoera handiagoak jasan zituzten.

1330ean 242 etxe ziren Sesman zerga ordaintzen zutenak, eta urtean 400 cafiz ordaintzen zioten erregeari: batez beste, 6 anerdi eta 2 cuartal su bakoitzak. Izurri Beltzaren eraginez, 1350ean 61era jaisten da su kopurua eta etxe bakoitzak ordaindu beharreko zerga, aldiz, urteko 26 anerdira igotzen da. 1427an, Sesmako biztanleria 33 etxetaraino jaitsi da, eta zamak, aldiz, hazten jarraitu dute, nahiz eta petxa orokorra ?1400ez geroztik? 280 cafiz-etara murriztu, batez beste, 34 anerdi ordaintzen baitute etxeko, 1350ean baino ere astunagoa, alegia. Baina horrez gainera, aparteko errege zerga ere ordaindu beharra zeukaten sesmatarrek, 1355etik abian jarria baitzegoen.

1427an, 112 florin urre ordaindu behar zuten guztira, azken kontzeptu horretan, hau da, 3 florin baino gehixeago etxeko ?garitan, 12 anerdi inguru?. Beraz, guztira, 47 anerdi gari ordaindu behar zuen urtean etxe bakoitzak, Izurri Beltzaren aurretik baino zazpi aldiz gehiago, alegia.

 

Krisialdiari erantzuna eta nekazari gutxi batzuen sendotzea

Baldin eta hazkunde garaian, luberrien mesedetan, abere zaintza baztertu bazen, laborantza krisiari nekazariek eman zioten erantzuna, hain zuzen, abeltzaintza berrindartzea izan zen, baita Erriberako eremuetan ere. Baina familia guztiak ez ziren gai izan izurri ondoko lur ugaritasunari probetxu ateratzeko. Gordetako dokumentazioan ikusten denez, nekazari batzuk baizik ez ziren indartu egoera berrian. Eta nekazari horien abantaila, hain zuzen, laborantza lanak utzi gabe abere zaintzan saiatzea izan zen. 1433an Lizarrako merindadeko 6herritan ?Sesma, Carcar, Mendavia, Baigorri, Villatuerta eta San Adrianen?, egindako inkestan garbi ikusten dira nekazarien arteko desberdintasun itzelak. Ekonomiaren hierarkian behetik gora abiatuz, 29 familia aurkitzen dira oinarrian (erakuskariaren %18), ez lanerako abererik ez azienda xeherik dutenak, miseria gorrian, alegia. Erdiko taldea ?gehiengoa?, 112 etxek osatzen dute (%68,5), eta 252 lanerako abereren (%72) eta 2.003 giberriren (%28) jabe dira.

Talde horretakoak laborantzan jarduten diren familiak dira batez ere, eta, batez beste, idi pare bat dute etxeko, nahiz eta horretan ere desberdintasunak badiren, 34 familiatan abere bakarra baitute lanerako, 40k ez dute giberri edo azienda xeherik, eta beste 28k 1etik 9ra giberri besterik ez dute. Gailurrean, 22 familia daude (%13,5), eta 97 lanerako abere (suko bi idi pare baino gehiago), eta 5.167 giberri (%72) dituzte jabetzan. Horien artean 9 familia besterik ez dira (6 herritako su guztien %5), guztira 7.170 giberri diren erdiak baino gehiagoren jabe. Ikusten den bezala, nekazari aberatsenek, lanerako abere gehiago izateaz gainera, batez ere, ardi kopuru handiagoak dituzte. Ekonomia askotarikoa zutenez, errazago gainditzen zituzten uzta txarrak, eta bestalde, bertan behera utzitako soroak larretarako aprobetxatzen zituzten, asko ugaldu eta merkatu baitziren hauek demografia hausturaren ondoren.

Emaitzak hiribilduko azokan saltzen ziren (artilea, larrua, haragia, esnekiak). Eta kontuan hartzekoa da Ebrotik oso hurbileko eskualdeetan gertatu zela hori guztia, batez ere laborantzako egokiak jotzen diren eremuetan. Laborantzako beste zenbait lurraldetan ere gertatu zen abeltzaintzarako joera, hala nola Arabako sortaldeko lautadan, auzitan ibili baitziren XIV. mendeko azken urteetan eta XV.eko lehenengoetan, hustutako herrietako larreez nor baliatuko.

Baina komeni da behar bezala azpimarratzea, Lizarrako merindadeko 6 erkidegoetako 1433ko datuetan ikusi den bezala, aurrez aipatutako gertakari garrantzizkoa: desberdintasun handiak zeudela, alegia, nekazarien artean, azienden jabetzari zegokionez.

Eta ez laborantzan jarduten ziren eremuetan soilik, orobat gertatzen zen abeltzaintzara eskainitakoetan ere. Erronkarin, esate baterako, hara zer idazten duten Bidankozeko bizilagunek 1428an: ?los qui no han ganado partiendose de la vaill et yendo a otras partes adalogarse e busquar que comer car en la dicha vaill en manera alguna se podrian sostener por quoanto no han en que labrar ni cugen pan para quatro meses solament?. Mendiko haran honetan ere, nahiz eta ekonomia abere hazkuntzan oinarritzen zen, badira abere jabe ez diren nekazariak, eta derrigortuak daude lan indarra soldatapean saltzera.