Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Erdi aroa - Ekonomia

Hiribilduen sorkuntza prozesuak eta herri eraketa (XI-XV. mendeak)

 

Herrien berpizkundea Nafarroako erreinuan eta Lapurdin

Araba, Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Lapurdiko hiribilduen sorkuntza pizgarri garrantzitsua izan zen lurraldearentzat, ekonomiaren, gizartearen eta politikaren arloetan.

Lurraldean banatuta zeuden “jabetza” zaharrek garrantzia galdu zuten, eta, era berean, baita artean ugari ziren gazteluek ere. Horrekin batera, komunikabide batzuen balioak gora egiten zuen bitartean, beste batzuk ia galtzera etorri ziren. Egun, Espainiako Erdi Aroko gizartea aztertzera emanak gaudenok, nahiko zehatz ezagutzen ditugu errege eta jaunek, eremu geografiko jakin batzuetako biztanleei, eta kanpoko eskualdeetatik eremu horietara bizitzera zetozenei “foruak” emateko izan zituzten arrazoiak.

Arrazoi aukera zabala dago jokaera mota hori ulertzeko. Estrategia militarretatik hasi –eremu horiek erreinuaren mugetan zeudelako–, eta merkataritza estrategietan amaitzeraino –merkatariak pasatzen ziren puntuak zirelako, alegia–, edota, interes politiko soilagatik: erakundearen agintea eta nagusitza sendotzeko, beste gabe.

Batez ere, monarkien jokabidea izan zen azkeneko hau, jendeari eskubide bereziak ematean, udal autonomia handiagoa lortzearekin batera, administrazioaren zentralizatzerako oinarri berriak finkatu baitziren.

Baina horiek bezainbateko garrantzia izan zuten ekonomia eta zerga arrazoiek, sarritan, izan ere, aurreko produkzio egituren aldaketa ekartzen baitzuen egoera berriak, eta, horrekin batera, baita antzinako zerga mekanismoen berritzea ere. Eta, zer esanik ez, gizartearen arloan izan zuten eraginari buruz. Maila juridiko berriak ezarriziren orain biztanleekin, itxuraz, aurrekoak baino bigunagoak, nahiz eta hasierahasieratik nabaritzen diren gizarte estatus altuagoa duten taldeak. Hain zuzen ere, talde horiek izango dira etorkizuneko udal oligarkiaren oinarri.

Nafarroako erregeek nahiko goiz eman zioten hasiera toki jakin batzuen jendeztatzea indartzera zuzendutako politikari. Jurisdikzio estatutuaren hobekuntza izan zen esandako herribilduen etorkizuneko garapenerako giltzarrietako bat. Errege administrazioak, Santiago bidearen inguruan sortutako gizarte eta ekonomia berpizkundearen babesean, bultzada berezia eman zien Iruñea, Lizarra, Zangoza eta Garesko herribilduei, XI. mendearen azken urteetan eta XII. mende osoan zehar. Aldi honetan, Pirinioez bestaldeko jendea etorri zen herri hauetan bizitzera, eta euren ohiturak, hizkuntza, gurtzak eta tradizioak ekarri zituzten.

Jende horrentzat berariaz egindako foruak emanda finkatu zuten Nafarroako erregeek biztanle hauen bertakotzea. Halaber, XII. mendearen hasiera aldera gertatu zen Lapurdiko Baiona hiribilduari emandako hasierako bultzada. Handik urte batzuetara, 1170ean, Rikardo Lehoi Bihotzek berretsi egin zion herribildu honi Gilermo Akitaniako dukeak 1122 aldera emandako gutuna, eta 1215ean, Joan Lur Gabeak, Rouen frantses hiriaren ordenantzetatik abiatuta antolatu zuen Baionako udal bizitza.

Baina Nafarroako beste herri batzuek ere atera zituzten abantailak foru emate politika honetatik. Izan ere, interes asko eta oso desberdinak gurutzatu ziren XII. eta XIII. mendeetan. Aipatzekoak dira horien artean, ekonomia arlokoak (merkataritza, zergak), gizarte arlokoak (jurisdikzio egoera berria eta biztanleen gizarte produkzio aldaketak), erakunde arlokoak (administrazioaren zentralizatze sistema berria), edo estrategia militarraren arlokoak (mugako lurraldeak).

Egoera desberdin hauen adibide dira Nafarroako erregeek ondorengo hiribilduei emandako foruak: Gasteiz, Biasteri,Trebiño, Argantzun, Antoñana, Bernedo, Labraza, Urantzia, Tutera, Viana, etab.). Hala ere, hiribildu hauetan bilatzen zena ez zen soilik etorkin atzerritarrak bertakotzea, baizik eta, beste ezeren aurretik, batez ere, inguruko eskualdeetatik eta erreinutik bertatik etorritako jendez osatutako herriak sendotzea.

Laburbilduz, “Frantses bidea” deituaren inguruan sortutako ekonomia berpizkundea, alde batetik, eta nafarrek gaztelauekin eta aragoitarrekin izandako lehia politikomilitarrak, bestetik, izango lirateke Nafarroako erreinuan XI. mendetik XIII.era bitartean gertatutako herrien gorakadaren abiagunea. Gorakada horren beste ezaugarri batzuk ondorengo hauek izango lirateke: aipatutako hiribilduen –edo burgu jaio berrien–, harresitzea, une horretatik aurrera gehienek jokatu zuten politika zentralizatzailea, foru propioak edukitzea, eskulangintza eta merkataritza jardueren pisu handiagoa, eta, hiribildu batzuetan, judu auzoak izatea.

XIV. mendean, ez zen hain zuzenekoa eta argia izan nafar erregeek herrien jendeztatzearen eraketan eta eraldaketan izandako eragina, nahiz eta ez diren adibideak falta, ez Pirinioez haraindik (Bastida), ez hemendik (Etxarri-Aranatz, Arakil-Uharte).

Hiribildua sortzeak zekartzan arazoen erakusgarri interesgarri bat, Arakil-Uharteren sorkuntza izan zen. Gipuzkoarekin mugan dagoen eremu honetako biztanleak sakabanatuak bizi ziren, eta, elizaz, Zamartzeko Donamarian zuten egoitza zentrala, haren mende baitzeuden eliza eta ermita gehienak, eta orobat, aipaturiko hamabi auzuneetako biztanle gehientsuak.

1355ean, Luis infanteak –Nafarroako errege administrazioak alegia–, hiru hiribildu berri sortzea erabaki zuen, Burundan bi, eta Arakil ibarrean bat, Nafarroako Erreinuak sartaldetik Gaztelarekin (Gipuzkoa eta Arabarekin) zituen mugak sendotzearren, nahiz eta, hitzez, gaizkile eta lapurren aurka babesteko izan. Horretarako, hartzaile bat eta bi komisario izendatu zituen Luisinfanteak, eta horien esku utzi zituen hiru hiribildu berrien antolakuntza eta administrazioa: Villadefensa eta Villafuerte Burundan, eta Arakil-Uharte, Arakilen.

Arakil-Uharteko hiribildua sortzeko ekimena, ordea, auzuneetako biztanle askoren interesen aurka egin zen. Auzotarrek, lehen unean, onartu egin zituzten Infantearen ordenantzak, baina gero, trabak jartzen hasi ziren hiribildua sortzeko prozesuari.

Kontuan hartu behar da auzune horiek ongi mugatutako sailak eta labore lurrak zituztela, euren etxe, etxeorde, larrain, baratze, mendi eta gurtza guneekin (ermitak edo elizak), eta ez zitzaiela hobekuntza nabarmenik eskaintzen egoera berriarekin. Bestalde, bat-batean eta derrigorrean onartu behar izan zuten neurri politiko berria, eta beraz, auzotarren erantzuna, oro har, hiribilduaren sortzea errefusatzea izan zen, nahiz eta esandako hiribildua, ustez, muga sendotzeko eta auzotar horiek gaizkileetatik eta gaztelauen osteetatik defenditzeko sortu izan.

Azkenik, hiribildua sorrera gauzatuko bazen, hitzarmen bat egin behar izan zuen Luis infanteak Iruñeko Txantrearekin 1359ko ekainean, handik hilabetera Iruñekogotzainak eta kapituluak berretsiko zutena.

Hitzarmenaren indarrez, Infanteak Txantreari ordaindu behar zizkion auzune horietako zergak, petxak eta beste zenbait eskubide galtzetik zetozkion galerak. Litekeena da Txantrea, hasieratik, esandako egitasmo politikoarekin bat ez etortzea, aldaketa horiek zirela-eta, bere errentak eta eskubideak galtzeko beldurrez. Ez dago zalantzarik, jarrera hori egon bazen, auzotarren aurkakotasuna indartzeko lagungarri izango zela, nahiz eta hauen arrazoiak beste batzuk izan. Azkenean, foru bat eman zitzaien Arakil-Uharteko biztanleei, eta bertan idatzi ziren erregeak biztanleei emandako pribilejioak, baina, tamalez, ez dugu testua ezagutzen.

Burundan sortu nahi ziren beste bi hiribilduek ez zuten aurrera egin. Defentsa eta militar arrazoiak erabakigarriak izan ziren Arakil-Uharteko hiribilduaren sorkuntzan –horrela ulertzen da antzeko beste prozesuen ondoan izan zuen berankortasuna–, baina, aldi berean, bat-bateko eraginak izan zituen inguruko biztanleengan.

Azkenean, aurrez aipatutako 12 auzuneetako biztanleek men egin behar izan zioten Nafarroako aginte politikoaren larderiari.

 

Herrien berpizkundea Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian

Arabako lehen herrien sorkuntza Nafarroako erregeek zuzendu zuten XII. mende osoan zehar. Gipuzkoan ere antzeko zerbait gertatu zen –Donostiako hiribilduaren sorkuntza 1180an–, eta orobat Bizkaian, Balmasedaren sorkuntzarekin (1199). Herrigune hauen sorreran eta garapenean arrazoi asko nahasten dira: erregearen borondatea; biztanleek jokatu beharreko paper berria bereganatzea, mugak defenditzea, administrazio eta politika zentralismo berri baten eraketa, ekonomia eta merkataritza bultzatzea, etab. Kasu horietan guztietan, sistema bakarra erabili zuen monarkiak: foruak –edo foru-gutunak– ematea hiribildu horietako biztanleei eta berorietara bizitzera zihoazen biztanle berriei. Sarritan, hiribilduaren jurisdikzio eremua auzune mordoxka baten gain hedatzen zen.

XII. mendearen azkena arte Araba eta Trebiñoko zortzi herriri eman zitzaizkien foruak. Batez ere, merkataritza izaerakopribilejioak jasotzen dira foru horietan. Urte bertsuetan sortzen dira halaber, Donostia –Gaskoiniako biztanleekin–, eta Balmaseda, eta merkataritza eskubide garrantzitsuak ematen zaizkie horiei ere. Merkataritza harremanen garapenean ulertu behar da azken bi hiribildu hauen sorkuntza. Baina, horretaz aparte, Gasteizen, Biasterin, Bernedon, Antoñanan, Gesaltzan eta Trebiñon –Araban– eta Balmasedan –Bizkaian–, judu auzoak izateak erakusten du merkataritza mugimendu handia zegoela herri hauetan, nola barne ekoizpenaren aldetik, hala kanpotik zuten eskariagatik. Ez da ahaztu behar, Nafarroa, Errioxa eta Burgos euskal itsasertzarekin lotzen zituen bideetan kokatuta zeudela esandako hiribilduak. Donostiaren kasuan, berriz, Nafarroak Frantzia eta Ingalaterrako portuekin izan zitzakeen merkataritza harremanak zeuden jokoan.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herrien bigarren aurrerakada garrantzitsua XIII.. endean gertatu zen, Gaztelako erregeen zuzendaritza eta bultzadapean. Gaztelako erregeek 1200ean –Arabako “senior”-en laguntzarekin–, Gipuzkoa eta “jatorrizko Araba” konkistatu izanak, beste eragin batzuen artean, erregeren mendeko hiri berrien sorkuntza prozesua etetea ekarri zuen Arabarako.

1242 arte ez du Gaztelak herrialde honetan beste herri forurik emango, data horretan eman baitzien forua Fernando III.ak Bastidako biztanleei, Harotarren leinuarekin izandako lehia moduko batean.

Herri hau Nafarroako mugan zegoen, eta, halaber, Arabako Errioxa Arabarekin eta Gasteizekin lotzen zuen bidean. Baina Gipuzkoan, Alfontso VIII.a Gaztelakoak, inportazio eta esportazioei mesede egin nahian, eta, beharbada, arrantza indartu nahian ere bai, Hondarribia (1203), Getaria (1209) eta Mutrikuko (1209) hiribilduak sortu zituen. Halaber, Fernando III.ak Zarautz sortu zuen 1237an. Guztietan Donostiako forua hartu zen eredutzat. Bizkaiko jaunek Urduña (1227), Bermeo (1214-1236) eta Otxandio (1236-1254) fundatu zituzten.

Era berean, merkataritza bideen kontrola eta itsasertzerako irteerak Bizkaiko Jaurgoaren interes bereziak ziren.

Alfontso X.aren garaiko errege administrazioak, modu berezian bultzatu zituen foru berrien emateak edo herribildu berrien sorkuntzak Arabako probintzian. Nafarroarekiko mugak sendotzeaz gainera, Gaztelak Kantauri aldeko portuekin eta Europarekin (Frantzia, Flandria, etab.) zituen merkataritza harremanak indartu nahi ziren horrela.

Dinamika honen barruan, 1256an, erregeak Salvatierra izeneko hiribildu berri bat sortzeko agindu zuen Agurain auzunea oinarri harturik, eta zegokion forua eman zion horretarako. Merkataritzaren indarberritze hau oso ondo zetorren Gasteizentzat ere.

Hain zuzen, hiri horretako foru eredua zabalduzen urte haietan Araban (Salvatierra –Agurain–, Artziniega –Bizkaiaren eraginez–, eta Kontrasta), Gipuzkoan (Mondragon [1260] –Arrasate–, Villanueva de Vergara [1268] –Bergara–, eta Itziar [1294, Antso IV.ak] Deba ibaiaren arroan; eta Villafranca de Ordicia [1256] –Ordizia–, Segura [1256] eta Tolosa [1256] Oriaren arroan) eta Bizkaian (Urduña). Garai honetan, Bizkaiko jaunek Lanestosa (1287) –Isasti–, Durango (1290?), Ermua (1290?) eta Plentziako (1299) hiribilduak besterik ez zuten sortu. Jaurgoaren kezka bereziak ziren artean, kostaldea, eta portuetatik sartzen edo irteten ziren salerosgaiak.

Herrien loratze hau, dena den, Gaztelako merkataritzaren garapenarekin eta Gasteizen gorakadarekin estu lotua dago.

Esandako komunikabideak ardatz zituztela eratutako herri sare honi esker garatu ziren, alde batetik, Gaztelako artilearen Flandriarako esportazioa –1273an sortu zen “Honrado Concejo de la Mesta” delakoa–, eta, bestetik, 1282an hasita, Kantauriko udal partzuergoen eraketa, merkataritza hori kontrolatzeko. Azkenik, 1296an “Las villas de la marina de Castilla” direlakoak (Santander, Laredo, Castro Urdiales, Bermeo, Getaria, Donostia eta Hondarribia) Gasteizekin anaitzen dira. XIV. mendearen erdialdera arte, gutxienez, Gipuzkoako kostako portuek mozkin politak atera zituzten Gaztelako artilearen esportazio merkataritza horretatik, Gipuzkoako burdinarenetik, eta orobat, Flandriatik –batez ere– erosten ziren ehun landuen merkataritzatik. Arabako merkataritzaren azpiegitura ongi sendotuta zegoen, eta Gasteizek ateratzen zion abantailarik handiena egoera horri. XIV. mendearen azkenaldera eta XV. mendean, ordea, Arabaren sartaldetik bideratu zen, batik bat, aurrez aipatutako hegotik iparrerako –eta alderantzizko– merkataritza (Burgos, Urduña, Bilbo).

XIV. mendearen hasieratik 1338ra bitartean gauzatzen da hiribilduen garapenaren hirugarren fasea. XII eta XIII. mendeetan zehar, Arabako gizartea ekonomia hazkundearen dinamikan sartua zegoen, gaur hedatze aldia deituko genukeen horietako batean, alegia. Ekonomia goraka zihoan garaian gertatu ziren lehenago aztertu diren biztanleriaren aldaketak. Baina gizarte feudalaren hazkunde ereduak bazituen bere mugak, eta haiek gaindituz gero, ekonomiak porrot egiteko arriskua zegoen. Eta halaxe gertatu zen: krisialdi sakona etorri zen Espainia eta Arabako gizarte feudalera.

Agintean zeudenek ez zuten jakin izan ekonomia modu eraginkorragoan antolatzen.

Giro honen barruan, hiribildu berriak jaiotzen dira Araban (San Vicente de Arana –Done Bikendi Harana–, Villarreal, Monreal de Zuya –Zuia–, Alegria Dulanci –Dulantzi– eta Elburgo –Burgelu–).Bestalde, Gipuzkoan, XIV. mendearen hasieratik erdialdea bitarteko aldi horretan bertan, 10 hiribildu berri sortu ziren (Salvatierra de Azpeitia –Azpetia–, Villanueva de Oiarso –Errenteria, 1320–, San Martín de Iraurgui –Azkoitia–, Salinas de Léniz –Leintz Gatzaga–, Elgeta, Monreal de Deva –Deba–, Placenzia de Soraluze –Soraluze–, Villanueva de San Andrés –Eibar–, Villamayor de Marquina –Elgoibar– eta Villagrana de Zumaya –Zumaia–). Errenteria eta Zumaia salbuetsita –Donostiaren foru eredukoak–, gainerako guztiei Logroño eta Gasteizko foru eredua eman zitzaien. Bizkaiko jaunek bost hiribildu berri fundatu zituzten garaitsu honetan, kostaldean gehienak: Bilbo, Portugalete, Lekeitio, Ondarroa eta Villaro –Areatza–. Herri hauen sorkuntza Europako mendebal osoa hartu zuen krisialdiaren erdian gertatu zen, baina kokapenari eta izan zuten garapen azkarrari begiratzen badiogu, distantzia luzeko merkataritzaren garapena iragartzen dutela pentsa liteke, eta, zalantzarik gabe, kontuan hartu beharreko zerbait da hori, esandako hirien sorkuntza behar bezala ulertu nahi bada.

Euskal Herriko hiribilduen sorkuntza prozesuaren barruan laugarren etapa bat bereiz genezake Gipuzkoan eta Bizkaian.

Azken lurralde honetan, XIV. mendearen erdialdetik aurrera 8 hiribildu berri sortu ziren: Markina, Elorrio, Gernika, Gerrikaitz, Miravalles –Ugao–, Mungia, Larrabetzu eta Errigoiti. Herri horien foru gutunak irakurrita argi ikusten da, krisialdi garaian sortu zirela, edota, gutxienez, herri horietako biztanleak defenditzeko modu bat zirela, beharbada, Bizkaiko nobleen krisialdi sakonetik eta berorien eraso bortitzetatik babesteko.

Halaber, XIV. mendearen azken herenean, bost hiribildu fundatu ziren Gipuzkoan (Belmonte de Usúrbil –Usurbil–, Villarreal de San Nicolás de Orio –Orio–, Hernani, Santa Cruz de Cestona –Zestoa–, eta Villarreal de Urrechua –Urretxu–). Herri hauen sorkuntzaren atzetik biztanleriaren berrantolakuntza prozesu bat legoke.

Pixkanaka, geroz eta jende gehiago metatzen da herri harresidunetan. Horren arrazoiak ekonomiaren eta demografiaren hazkundean bilatu behar dira –ez zeuden alferrik Frantzia eta Flandriara zihoazen (edo zetozen) merkatarien pasabidean–. Baina, zenbait kasutan batez ere, biztanleen segurtasuna zen arrazoi nagusia, nola barne arazoetatik babesteko (ahaide nagusien arteko borrokak), hala kanpokoetatik (Gaztelaren eta Nafarroaren arteko gerrak). Oiartzun 1453an eratu zen hiribildu gisa, data horretan banandu baitzen Errenteriatik.

Lurraldearen eta biztanleriaren antolakuntza berri bat ekarri zuen oro har hiribilduen sorkuntzak. Baina Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, erritmo desberdinetan gertatu zela ikusi dugu. Bestalde, kostaldeko portu hiriak –Bizkaikoak bereziki: Bermeo, Bilbo, Portugalete, Ondarroa eta Lekeitio– geroz eta garrantzi handiagoa hartzen joan ziren XIV eta XV. mendeetan zehar, hegotik iparrerako –eta alderantzizko– merkataritza ardatza indartu ahala. Ez da beraz harritzekoa hain zuzen ere bizkaitarrak izatea euskaldun ezagunenak Europaren Atlantiko aldean bezala (Flandria, Ingalaterra, Frantzia), baita Mediterraneo aldean ere (Italia, Aragoiko koroa).

Azken finean, XII-XIV mende bitartean sortutako hiribildu hauek, zein bere eskualdearen zentro ekonomiko eta distantzia luzeko merkataritzaren gune bihurtzeaz gainera, epe ertainera, espazio hierarkiaren gorenean kokatu ziren. Begien bistakoa da auzuneek, eta gainerako bizigune motek, hiribilduei buruz zuten mendekotza. Azken hauek markatzen baitzituzten, azken batean, bai politika eta bai ekonomia arloko ildo nagusiak. Arrazoi horiek zirela eta, hiribilduekin auzitan ibili ziren zenbait auzune eta elizate. Esandako guztiaren eraginez, nekazari asko landa lurrak utzi eta hiribilduetara joan ziren bizitzera.

 

Erdi Aroko hirigintza Euskal Herrian

Erdi Aroko hirien ohiko elementutzat hartzen diren guztiak ez dira beti agertzen Euskal Herriko hiribilduetan, nahiz eta, oro har, ezaugarri beretsuak dituzten. Hona hemen horietako batzuk: hesia, trazatu erregularra, eliza bat edo gehiago harresi barruan; herri batzuek barnean gazteluak, dorretxeak edo jauregiak izaten zituzten bezala, baina beste batzuek ez zuten mota horretako eraikinik. Halaber, etxe eta orubeen jabetza nahiko orekatua zegoen hiribildu hauetako lehen biztanleen artean.

Herriaren kokalekua eta plano motak oso erabilgarriak dira hirigintzaren ikuspegitik hiribilduak euren artean bereizteko: mendi hegalean edo aldapan kokatuak dauden, tontorrean edo goi ordokian, ibar barreneko ibai ertzean, bide bat edo itsas portua inguratuz, edo ordokian eraikiak. Era berean, hiribilduen kokalekua zehazteko garrantzitsuak izan ziren eskualdearen erdian egotea ala ez, topografia aldetik toki gailenean egotea, edo komunikabide nagusietatik hurbil izatea. Inoiz edo behin jatorrizko kokalekutik aldatu ere egin ziren (Azkoitia, Itziar-Deba, Segura eta Usurbil).

Planoak erabat irregularrak direnean esan nahi da hiribildu horretako hirigintza berez eratu zela –Gesaltza, esate baterako–.

Planoa erregularra denean, aldiz, edota irregulartasunatopografiara egokitzearen ondorio denean (obala edo lauki-zuzena, biribila, triangelu itxurakoa), aurrez pentsatutako hirigintza den seinale. Hiribilduaren sorkuntza “ex nihilo” izan bada herri homogeneoa izan ohi da, hasi eta bukatu eraikitakoa, orubeak erregearenak zirelako eta modu orekatuan banatuak zeudelako.

Harresi barrua urbanizatzeak eta biztanleei orube berdin samarrak eman izanak argi uzten dute “gizaki libreen erkidego” bat sortzeko interesa, esan nahi baita, arau berberen mendean zeudela denak –foruaren mende, alegia–, eta hiribildua sortu zenean ez zela desberdintasunik izan biztanle bakoitzari izendatu zitzaion hiriko espazioari zegokionean.

Hiribilduen barruan, ordea, komeni da eremu publikoak eta pribatuak bereiztea; hau da, alde batetik kale, enparantza eta toki publikoak (azokak, elizak, saltegiak, biltegiak, gartzela, harategiak, pikota, herriko etxea –nahiz eta hiribildu guztiek ez zuten azken hori–), eta bestetik, etxeak egiteko orubeak eta gainerako espazio pribatuak.

Denbora joan ahala, hiribilduan islatzen joan ziren gizarte desberdintasunak: dorretxeak eta jauregiak eraikitzen dira eta gainerako etxeek baino orube zabalagoak hartzen dituzte gainera. Lehenengoen egitura guztiz militarra eta defentsarakoa zen: harresi apalez eta saieterez hornituak egon ohi ziren, baina azkenekoak –XV. mendean ugaldu ziren jauretxe zirelako hauek–, askoz eraikin handiagoak eta dotoreagoak ziren dorretxe soilak baino. Jatorri nobleko jendea hiribilduan finkatzearen adierazpen dira dorretxeak, eta Gipuzkoan zehazki, “ahaide nagusiak” herrietara bildu izanaren seinale.

Arabako hiribildu gehienen planoak, hamabi hiribildu guztira, –beti ere, Eugenia Cuestaren artikuluan eskainitako datuen arabera–, ipar-hego norabidea dute eta kaleen alde banatan eraikitako etxeek –etxe aurreek, hobeto esan– zeharka ebakitzen dute planoa. Era horretan, hobeto babesten ziren iparretiko haize hotzetatik. Gipuzkoako hiribildu guztiek, aldiz, –Hondarribia salbu, honek ere ipar-hego norabidea baitu– sortalde-sartalde norabidea dute.

Bizkaiko hiribilduen norabide nagusia ere, sortaldetik-sartalderakoa da. Euskal Herriko alde honetako klima gozoagoa delako –ozeanikoa– gertatzen da hau, zalantzarik gabe, eta ipar haizeak ez direlako Araban bezain indartsuak eta hotzak.

Hiribildu batzuek, jendetsuenak hain zuzen, eliza bat baino gehiago izan ohi dute (Biasteri, Agurain, Gasteiz, Iruñea, Lizarra, Viana, Bilbo, Donostia, e.a.). Ez dira falta eliza harresiaren kontra eraikitako kasuak ere, horrela sendotu egiten baitzen hiribilduko murrua (Agurain, Gasteiz, Biasteri, etab.). Hiribilduetako harresiak, eraso militarrenaurkako defentsa ona izateaz gainera, batez ere, nekazari herriekin alderatuta, hiribilduek zituzten berezitasun juridikopolitikoen ezaugarri gorena ziren. Gerra garaian –ahaide nagusien artekoak ala erresumen artekoak izan–, hiribilduetan babestu ohi ziren nekazariak.

Baina, horrez gainera, landa zabalean sortutako suteen aurkako euskarritzat ere balio zezaketen, –Mungian, esate baterako–.

Horrela, 1485ean, elgoibartarrek, jasandako sute batean herria erraustua geratu ondoren, baimena eskatu zioten erregeari hiribilduaren barruan suaren aurkako hesi bat egiteko.

Zehazki, harri eta karezko horma bat eraiki nahi zuten erdi-erditik hiria zeharkatuko zuena, beste suteren bat gertatuta ere, gutxienez herriaren erdia salba zedin.

Izan ere, oso denbora laburrean jan zitzakeen suak garai hartako hiribilduak, etxeen egiturak zurezkoak izan baitziren XV. mendearen azkenaldea arte. Oso gutxi ziren harriz, edo lurrez eta karez, eraikitako etxeak. Zenbait udalbatzak eta pertsona partikularrek, XV. mendearen azkenaldera, harrizko etxeak eraikitzea gomendatzen zuten, suteek (kasu batzuetan nahita piztuak) sortutako galera ikaragarriak nolabait murriztearren. Horrela, tokiko hezetasun handiak eragindako zurezko materialen alferrik galtzea ere eragozten zen. Harresiko ateen kopurua desberdina izan ohi zen hiribildu batetik bestera. Sei ate zituzten Urduñak eta Durangok, bi Ermuak, zazpi Bermeok, hiru Markinak, etab. Edozein moduz ere, Euskal Herriko hiribildu askotan ikus daitezke oraindik Erdi Aroko harresi, dorre, gotorleku edo ateak, osorik ez bada ere, bai behintzat hondakinak. “Itxura militarreko arkitektura” deituko genioke.

Portugaletek balio lezake garai hartako euskal hiribilduetan gertatutako berrikuntza saioen adibidetzat. XIV. mendetik XVI.aren hasiera arte, hobekuntzak egin zituzten hiribilduetan, bizigunea edertzea eta bizitza eta osasun baldintzak hobetzea helburu zituztela. Zoladura eta eraikuntza sistema berriak gauzatu zituzten eta, kasu batzuetan, aurretiko zenbait egitura urbano zahar desegin beharrean gertatu ziren.

Aldi berean, udalbatzek eta harresi barruan bizi ziren gehienek, harresi barruko gunearen lehentasuna defenditu zuten, aldirien hazkundearen eta hiribilduaren lege-eskumeneko beste zenbait eremuren aurka. Iturria eraikitzea, urak sartu eta irteteko zorrotenak egitea, kaleak harriztatzea, Andre Mariaren elizako obrak, erruki etxe berria, eta erloju bat jartzea, Portugaleten gertatutako hiri berrikuntzaren froga argiak dira.

Hirigintza xumea da, apala, batez ere praktikoa, hiribildu txiki bati dagokion bezala.

Urte haietan, artean, udalbatzak ez zuen bere etxe propiorik bilerak eta biltzarrak egiteko.